Orokorra
Testigantza: Segunda Etxebarria Etxebarria

Ispasterko Iruta baserrian jaio zen, herrigunetik ordu erdi batera oinez, non Ea gertuago zuten etxetik, Ispaster baino. Gerra garaian bizitakoaz gutxi jaso zuen, baina haren ondorioak bai bizi izan zituen. Aita, ezagutu bazuen ere, ez zuen ezagutzeko abagune gehiegi izan. HIlario Etxebarria, kartzelaratu egin zuten gerran edo gerra ostean. Bertan, bizitako balditza txarrek, zein bizi behar izan zuenaren ondorioz, hezurretako gaisotasunak jota kartzelatik atera ondoren ospitala eta etxearen artean bizi izan zen. Gaiso, aurre egin ezin eta hil egin zen, Segundak 8 urte zituela.
Eskola eta errazionamendua gertuagotik bizi izan zituen. Gogoan du nola joan behar izaten zuen Ispasterko udala dagoen eraikinera, bertan, zegokion partea hartzera; txusko batzuk eta zerbait gehiago, harekin bizi behar. Eskolan berriz, Ean ibili zen. Mutilak alde batetik eta neskak bestetik. Irakasleak erdaldunak izanik, orduan ikasi zuen gaztelera. Nola ez, garaiko errezu eta “cara al sol” abestiekin batera.
Eskolak bukatuta, zerbitzari joan zen Olatzera (Mutriku), han, gari hirina eta arto hirina lortzeko egin beharrak transmititu dizkigu testigantzen, 1952 inguru hartan, debekatua baitzegoen nahi adina hirin egitea. Mendarora zein ahal zen errotetara joateko zer nolakoak egiten zituzten gogoan du. Gerora, Imintxola nagusira (Etxebarria) ezkondu eta han bizi da. Bertako kontuen artean, entzuna du nola Julian Iriondo Larrañaga, Imintxola txiki baserrikoa gerran hil zen.
Testigantza: Lorenza Urrutibeaskoa Lauzirika

Sufrimendua gogor pairatu zuen Amoroto herriak gerra garaian. Kartzelaldi, errepresio, zigor eta isunen gainetik, deigarria da herriko 16 gazte frontean hil izana, eta gogorra benetan lau hilabetez alkate izateagatik Pedro Mari Gabiola Bermeosolo fusilatua izatea. Gainera 1937ko martxoaren 4an hegazkin batek botatako bonbak Amoroton hil zuen Juan Domingo Arriola Eguren, Berriatuako alkatea.
Gertaera guzti hauen berri kontatu digu Bolunburuko Lorenza Urrutibeaskoa Lauzirikak, hainbat pasarte eta detaile aipatuaz. Argibide aberatsak eskaini dizkigu, baita zerrenda desberdinetan kontutan hartuta egon ez diren hildako batzuen inguruko argibideak eta zerrenda horietan okerretara hildakotzat hartuta dauden kasuak, tartean bere lehengusu Bittor Urrutibeaskoa Leniz.
Baina bereziak izan dira hurbiletik bizi izandako galerak, Franzisko neba eta lagun-mina zuen Abitxa baserriko Antonio Ikaran Foruria gerran hildakoenak.
“Izquierda Republicana”ko Zabalbide batailoiko gudaria zen Franzisko. Amoroto, frontearen atzealdean geratu zenetik ez zuten bere berririk izan eta halako batean Burgosko ospitale batetan oso larri zegoela jakin zuten. Aita eta ahizpa bi Burgosera abiatu ziren baina iritsi orduko zendu zen, Burgosko hilerrian lurperatuz.
Gazteago izanik, Franziskon heriotza suertatu baino beranduago eraman zuten gerrara bere lagun-mina zen Antonio, etxetik atera eta 6 hilabetetara hil zen Segreko frentean.
Txalogarria Lorentzaren jarrera eta borondatea, oroimena lantzeko baliogarria izango dugun altxorra. Aipatzen ditugun gai hauetaz gain, bideo honetan Bolunburura Berriatuatik errefuxiatuta etorritakoen berri, Rufino nebaren gudaldiko kontuak, Franzisko eta Antonioren hezurrak “Valle de los Caidos”era eramanak izan zirela eta beste pasarte batzuk aurkituko dituzue.
Eskerrik asko Lorenza.
1936ko gerra, eskola curriculumean
Bekobentako (Markina BHI) DBH 4.mailakoek, martxoa eta maiatza artean, 1936ko gerraren inguruan jardungo dute. Gerra haren nondik norakoak ezagutzeaz gain, gerrarekin lotura duten eremu ezberdinekin osatzen ari dira proiektua. Diziplina ezberdinak uztartuz, aprendizaia prosezua aberastu nahi dute. Esaterako, Joseba Sarrionaindiaren “Kolosala izango da” eleberria irakurri dute, edo “Los niños de la guerra” dokumentala ikusi, “Gernika” artelanaren inguruko hausnarketa eta lanketan ere jardun dute. Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak, Zelaietaburuko deshobiraketaren aritik sortutako erakusketa eta Markinako dendari elkartearekin batera sortutakoa ere, baliatu dituzte aipatutako proiektuan, eskolako pasabideetan ikusgai jarriz. Orain, opor aldiaren ostean, Patxi Juaristiren hitzaldia, edo fronteko lubaki eta kokapenetara bisitaldiak izango dituzte besteak beste.
Argazki batzuk lotura honetan: https://www.flickr.com/photos/148091062@N05/albums/72157690948505573
Francisco “Paco” Perez Lusarreta: ongizate eta jendarte justu baten defendatzaile, nazien aurka, lehen, zein orain

Erronkariko Jaurrieta jaioterritik bizitzako lehen urteak egin ondoren, Irunen bizi izan zen bere familiarekin. Hamabost urterekin, 1936ko matxinatuen gerrak, han harrapatu zituen.
Bere aita eta anai nagusia fronte ezberdinetara eraman zituzten eta Pacok, gogoan du haien itzulera eta gerra garaiko haien ibileren kontakizuna. Anaia, soldaduzkan zela, frankistekin eraman zuten, hark kontatu zion Oiartzunen, zein baserri inguruko posizioetatietan jardun zuen, eta nola sartu ziren, Agiñatik, Paco egun bizi den Berara. Anaia zauritu egin zen eta lehen borrokaldi haietan. Ospitalera bidean, errepublikazaleek bera eta beste bi errekete eta emakume bat atxilotu zituztenean, tartean ezagun bat izateak libratu zuen faxisten hatzaparretatik. Ordutik, mugimendu errepublikazalera batu zen aitarekin batera.
Frontearekin batera aurrera jarraitu zuten. Santanderko frontera arte. Gero baina, atxilotu eta kartzelan eman zituen bi urte terdi Bilbon, aitak eta Santoñan anaia. Askatu zituztenean elkartu ziren guztiak.
Irungo harrobian eta Hendaiako arma fabrika batean egin zuen lan, amak maisuki egindako azukre zaku ondokinezko jantziekin eta eskalapoiekin joaten zen lanera, duin.
Soldaduzka egokitzean, hango diziplina eta soldaduei krimenaren eta ankerkeriaren irakasle zirela ikusirik, erabateko desadostasunaz jabetuta, aparatu kriminal hartetik, baimen batean ihes egin zuen. Ez zen, soldaduzkara itzuli.

Zelatan zituztela jabetuta, muga zeharkatzea hobetsi zuen, han, Frantzian, pentsaera antzekoek antolatzen ari zirenaren jakitun. Pacok, EAE-ANV kide gisa izango zuen informazioa, eta abertzeleek Pauen antolatzen ari zirenarekin bat egin zuen bertan. Aquilino laguna eta biak joan ziren, furgonetan batean gordeta, izkutatuta.
Kepa Ordokirenkin (Irun, 1913 – Baiona, 1993) egin zuten bat Paben, gero haien komandantea izango zena Gernika Batailoian. Lagun arteko giroa, borrokarako gogo sutsua eta elkarri laguntzeko edo egin behar zena egiteko moduan gogoratzen ditu batailoi hartako lagun eta kideekin bizitako uneak. Latzak haietako asko. Bidean kide asko.
Point de Grave ko lurmuturreko borrokaldian ondo gotortuta gogoratzen ditu nazi alemanak. Fusil amtrailadore haietakoekin gotortuta, min handia egin arren, garaipen handia izan zen, gudari antifaxista abertzaleentzat.Gernika Batailoia, frantziar ejertzitoari atxikitako taldea izan zen, eta Pointe de Grave inguru horretan, 40 kota deituriko mendixkatik garaitu zituzten indar naziak, Soulac herritik, laku guzti haiek pasa eta aurrez aurreko borroka izan zuten.
Parisera eraman zituzten gero. Han, inoiz ikusitako armarik onenak eskuan, talde berezi bat prestatzen hasi ziren. Entrenamendu bereziak ziren, eta han entrenatu zituzten. Asmoa, azken asmoa, Franko eraisteko talde berezia sortzea izango zen. Frantziak atzera egitean baina, bertan behera geratu zen guztia.

Frankismoak gizartean ezarri zuen injustizia estrukturalaz jabetuta, behar zen guztietan, muga igarotzen zuen, etxekoei eta lagunei laguntzeko. Horrela, frankistak atzetik zituzten jendea mugatik igarotzen edo mezulari ere jardun zuen besteak beste. Honek, ondorio latzak ekarri zion, hain zuzen, atxilotu eta torturatu egin baitzuten, hamar egunez jarraian. Meliton Manzanasen galdeketa eta torturak barru barrutik bizi izan zituen, eta honek, deseginda utzi zuen.
Guzti hau, gogotsu kontatzen du Pacok. Beregana bisitan doazenenkin gustora. Bere bizipenak entzun eta aintzat hartzen duen oro estimuan hartuz. Bizitzan zehar egindakoaz harro, ezer baztertu gabe, bizitzarako izaera eta nortasun bizi, ekimentsua aldarrikatzen du, bere 96 urteekin.

No hay que arrinconar nada. Hay que estar con el espiritu vivo con lo que has hecho.
Francisco Perez Lusarreta
Argazki zaharrak berri
Biblioteca Nacional de Españak, Biblioteca Digital Hispánica-n 1936tik aurrerako gerrako 11000 argazki digitalizatu eta sarean eskuragai jarri ditu. Fronte desberdinetakoak dira, espainiako gerraren irudi zaharrak, baina baita, gerrak gure inguruetan utzitako uneak, argazki gehienak argitaratu gabeak dira.
Bizkaiko fronteko hainbat argazki daude, Gernikako bonbardaketaren ondorioak, matxinoak Bilboratz Bizkaian barrena (Zornotza, Galdakao…), Bilbon sartzen, errefuxiatuak, zaurituak, fronteetako posizioak, eta tartean gure eskualdeko argazkiak.
Lekeitioko Odol Ospitalaren egoitza izandako Uribarren (Zita enperatriza) jauregia hondatuta agertzen da hainbat argazkitan, Mendexako Karraspioko Oruen txaleta apurtuta, Marokoko umeak Falangeak antolatutako kanpamentuetan Zubietako jauregian eta Ondarroako zubi zaharra apurtuta edo Ondarruko zubiak, behin-behineko konponketekin.
Lea-Artibaikoak jarri ditugu eskuragarri galerian.
102 urte beteko zituen gaur Miguel Elordi berritxuarrak
Berritxun era bat errotuta bizi izan da Miguel. Baserritarra ogibidez, Gasturu baserrira eta herrira lotutako bizitza izan dute berak eta bere familiak. Aita EAE-ANVko zinegotzia izan zen errepublika garaiko Berriatuako udaletxean eta gerra ondorengo alkatea, 30 urtez.
Hogei urte zituen gerra gure inguruetara bete-betean etorri zenean eta Gasturu inguruan zuzeneko borrokarik bizi ez bazuen ere, laster pairatuko zuen bere bizitza osoko pasarterik gogorrenetarikoa.
Beharrezko adina izanik, aginduz, soldaduzkan zen Doroteo Elordi anaia. Istripu bat tarteko, etxean zegoen zauriak sendatzen. 1936ko urriaren 4ean gerra lerroak finkatu egin ziren, matxinoek Ondarroa eskuratu zuten eta, lerroen artean, Gasturu baserria matxinoen eremuan geratu. Egoera horretan bizimoduarekin jarraitzeko premia zutenez, goiz batean Doroteo eta biak Gasturuko basoetara joan ziren garbiketa lanak egitera.
Mendien babesean, arriskutik kanpo zirelakoan zeuden, baina Larruskaindik Ondarroarako biltegietara ura garraiatzeko hoditeria kaltetzeko asmoarekin errepublikazaleen hegazkin batek jaurtitako bonbek bete-betean harrapatu eta txikitu zuten Doroteo anaia, 1936ko urriaren 26an.
Laurogei urtetik gora pasatu badira ere, testigantza jasotzerakoan erabat unkitu zen Miguel.
Umorez betea, baina oroitzapenak gogoan, herriko hainbat gertaera eta gerraren ondorioz hildako berriatuarren inguruko zehaztasunak kontatu zizkigun; baita anaia hilda izan arren, Doroteoren kintada bukatu arte ezin izan zela libratu gerrara joatetik. Infanterian egin zuen gerra eta behin bere taldea inguratuta, preso hartu ondoren ausardiaz bete eta ordu batzuetara ihes egitea lortu zuela.
Berak testigantza gogoan hartzekoa delakoan, bideo honetan testigantza jasotzerakoan kontatutako pasarte batzuk aurkituko dituzue.
Inmakulada Bilbaoren Gernika
Pablo eta Juliana, Morgako (Bizkaia) Zabale eta Ubille baserrikoak ziren Inmakulada Bilbao Olean gurasoak. Hala ere, Gernikara joan ziren familia osatzera, bertan kokatu eta sei seme-alaba izan ondoren etorkizun oparoa izango zutelakoan zeuden.
1937ko apirilaren 26ko Gernikaren aurkako bonbardaketa eta anabasak hankaz gora jarri zituen familia honen proiektu eta itxaropenak. Etorkizuna bideratuta izatetik esku hutsik izaterako urratsak, lau ordu iraun zituen; maltzurkeria zital baten ondorioa izan zen.
Bat-batean etxerik gabe, jabegorik gabe, babesik gabe, izututa, baliabiderik gabe eta deserrira bultzatuak, erroak hautsita, nora ezean ziren.
Gerraren lehen lerrotik ihesi Muxikan (Bizkaia) hartu zuten babes. Handik, ahal izan zuten bezala Julianaren osaba baten Morgako Erroteta baserrira jo zuten. Bertan baina, gerrak, Bizkargiko borrokaldiak bizi eta pairatzera eraman zituzten.
Batetik, Bizkargin izandako borroken ondorioz bertako urak kutsatu eta Inmakuladaren bi ahizpak tifusaz gaixotu ziren. Bestetik berriz, borrokak bukatu eta egunetara, 1937ko maiatzaren 28an Bizkargin zentinela bezala ziarduen faxisten soldadu batek, Luciano Olea Mandaluniz (Julianaren aita), 71 urteko gizona, tiro batez hil zuen etxetik orturako bidean.
Familiak ez zuen aurrera egiteko aukerarik Morgan, ondorioz, Deriorako bidea hartu zuten. Pablok, Derio eta Zamudion kokatuta zegoen “Esperanza y Cia” arma lantegian lan egiteko aukera izan zuen. Bizitokirik ez zutenez Enpresako burua zen Castor Uriarteren koinatu baten (abadea) etxean egon ziren apopilo.
Jatorriz Markinan sortu zuten “Esperanza y Cia” arma fabrika eta gerra kontuak medio urte batzuk Txorierrin egin ondoren, lantegia berriro Markinara itzuli zenean Inmakuladaren familiak ere Markina-Xemeinerako bidea hartu zuen, bertan bizimodua eginez.
Baina Inmakuladak ezin ditu ahaztu bere sustraiak, ezin du ahaztu erroak zauritu zizkion bonbardaketan bizitakoa eta sarri gogoratzen bada ere, ezin omen du horretaz berbarik egin azaldatu gabe. Era berean, memoriak duen garrantzia sentimenduekin uztartuz hitz egiten du bere testigantzan; Inmakuladak pena baitu, bonbadaketan bizitakoaren ondoren bere memorian gordeta duena galtzen hasi baita; berarentzat ezinbestekoa baita memoria, ondorengoei gertatutakoa transmitutu ahal izateko.
Artikulu honetan bere testigantzaren zati txiki bat agertzen dugu, Inmakuladak bizi izandakoa agerian uzten duen pasarte gordina.
- ← Anterior
- 1
- 2
- 3
- …
- 21
- Siguiente →