Xemein
“Herri Ibilbidea”: Zapolako defentsa guneak zein hauek eraikitzeko egindako bideen memoria
Alpino Mendigoizale taldearekin eta Euskal Mendizale Federazioarekin batera, eta Markina-Xemeingo Udalaren babesarekin “SL” mailako Herri Ibilbide bat antolatzen ari gara Zapolako bunker, lubaki eta hauek eraikitzeko egindako bideetatik zehar.
Ibilbidea eta argibideak emateko euskarriak aurtengo urrian aurkeztu nahi ditugu, horregatik egunotan prestaketa lanetan murgilduta gaude.

Ibilbidearen izena “MX-2 Markina-Xemeingo bigarren guda lerroko memoriaren ibilbidea” da eta Eusko Jaurlaritzaren Gogora Institutuak bultzatzen duen “Memoriaren Ibilbideak” egitasmoaren barruan txertatuko dugu. “SL” mailakoa izanik, ibilbidea margo zuri eta berdez markatuko dugu.
Defentsa posizio hauetarako bideen eraikitze lanen zehaztazunak dokumentazio lan ezberdieni esker jazo ahal izan dugu izan agiriak zein lekukotzak. Horregatik, dokumentu eta informe desberdinetan gerra lan hauen inguruko aipamenak ageri dira baina horrez gain, inguruetako herritarren testigantzen bitartez ere hainbat argibide jaso ditugu, non artikulu honetan jasotako testigantza batzuen pasarteekin guzti honen testuingura kokatzen laguntzen diguten:

Bestetik, urrian, ibilbidearen aurkezpenarekin batera, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV-EHU) arkeologo talde batek gerra aztarnak katalogatzeko “GUDA-OTSAK: Estudio arqueologico-patrimonial del frente exterior de la Guerra Civil en el Pais Vasco” proiektuak gure inguruan eta bereziki Zapolako defentsa gunean jasoko duena aurkeztuko dugu.
Egunotan proiektuaren arduradun diren Josu Santamarina eta Xabier Herrero arkeologoen esku utzi dugu guda posizioetaz dugun informazioa, katalogazio ahalbideratuz, babes neurriak hartzeko bidea izan dezagun.
Azkenik, Ibilbidearen nondik norakoak, eta zehaztazunak dituzue Wikiloc aplikaziorako loturan zein azalpenetan:
Ibilbidearen abiapuntua Markina-Xemeingo Atxondoa Polikiroldegian kokatzen dugu, bertatik saihesbide azpiko igarobidetik zehar Ugarte dorretxearen albotik Zapolarako bide zuzen zaharretik gora eginez kanterako goiko semaforoan Urregaraiko zelairako bidearekin bat eginez, ibilbidea Igotzeko bunkerraren albotik doa. Olabetik gora, Urregaraiko zelaira doan bide hau da Igotzeko bunkerra eraikitzeko erabili zutena.
Bunkerra atzean utzita, Igotz baserri ondotik jarraituta, Larruz eta Itxurritxu artean dagoen bidegurutzean Lekoiztik Urregaraiko zelaitik zehar Zapolako bunkerrera gerratean egindako bidearekin bat eginez Itxurritxu igaro ondoren ezkerretara sartu eta 50 metrotara Zapolako bunkerrera doan trintxera luzetik aurrera eginez, pinudi bat, pagadi bat eta artadi baten zehar doan trintxeraren bukaera aurretik babesleko izandako gune bat igaro eta metro gutxira Zapolako bunkerrera iritxiko gara.
Bunkerrera sartzen den lubakiaren ezkerraldetik gora eginez, artadia eta pagadia igaroz, Zapola mendi gailurrera igota ibilbidearen punturik garaiena zapalduko dugu, 562 metro.
Zapolarako bide normaletik jeisten hasi eta Fermineneko baserriaren arrastoak dauden tokira desbideratuz izango dugun bide zabalaren bukaeran txarakan zehar jaisten hasita Zapolazpia bunkerrera iritsiko gara, aparteko ikuspegia duen tokia.
Zapolazpia bunkerra egin eta hornitu ahal izateko euskal milizianoek bide bat eraiki zuten Meabe auzotik txarakan zehar. Hasieran bidea zabala da, burdi-bidea eta une baten zamaketa gune bat dago, burdietan garraiatutakoak bildu eta asto zein mando gainetan aldapatsuagoa den zatian zehar Zapolazpia bunkerrerarte eramateko.
Bunkerrean aurkitzen garen honetan, aipatutako bide hau jeitsierako norabidean eginez Meabera iritsiko gara eta autoen bideran gora jarraituz, metro batzuetara Bekoetxebarriko bidean zehar Usatorre eta Larruskain baserrietara joko dugu, industrialdea dagoen ingurura. Meabetik Usatorrera doan bide hau gerra garaian zabaldu zen, frentea herrira iritsi ezkero Aulestirako bidegurutzea itxita egongo zenez, Malax eta Aulestirako bidea ziurtatzeko.
Industrialdean erromesek erabiltzen duten Done Jakue bidea itzulerako norabidean eginez abiapuntuan MX-2 Markina-Xemeingo bigarren guda lerroko memoriaren ibilbidearen bukaera izango genuke.
Geldialdiak kontutan hartu gabe, bi ordu eta erdiko iraupeneko ibilbidea dugu hau.
Testigantza: Juan Kaltzakorta Sololuze

Juan Kaltzakorta Sololuze, Xemeingo Larruskain auzoan, Egurrola baserrian jaio zen. 7 urte zituen gerra iritsi zenean; Egurrolan bertan harrapatu zuen bere familiarekin batera. Miliziano eta gudarien lehen mugimenduak etxe inguruan bizi izan zituen. Bere testigantzan kontatzen duen moduan, Etxebarriko Gandixa Errota baserriko Felix Urkidi, miliziano jantzita Egurrolara etortzen gogoratzen da. Garai hartatik aurrera, tiro hotsa eta kainoikadak ugaritu egin ziren; frankistek inguruko posizioak finkatu eta frontea egonkortu zenean.
Kamioi blindatuetan etortzen ziren milizianoak Egurrolara. Janaria hartu eta joaten ziren. Ezin giro horretan bizi eta ebakuatu egin behar izan zuten. Markinara joan ziren eta han igaro zituzten fronteak iraun zituen hilabeteak, 1937ko apirilaren 26 arteko egunak. Olabarriren etxean, pisuan hartu zuten babes. Markinako alde zaharreko kanpai torrearen azpian zegoen babeslekuan gordetzen ziren, arriskuaren kanpaiak entzuten zituztenean; behin, gu bizi ginen etxea eta Joxe Alderen taberna, bizardegiaren tartean sartu zen obus bat, baina ez zuen eztandarik egin, “orduko bonbek baina, ez zuten beti eztanda egiten, bestela, Markina apurtuta utziko zuten”.
1937ko apirilaren 26an, miliziano eta gudariak erretaguardiara atzeratu zirenean, Bilborantz zihoazela, faxistak aurrez aurre aurkituko zituztenaren berria jaso zuten, horregatik, desbideratu egin behar izan ziren.
Egurrolara bueltan, apurtuta, erreta aurkitu zuten etxea, ez zen izan bakarra ordea. Olazar ere erre egin zuten, hura mendekuz erre zuten faxistek. Olazarko Julian Etxaniz, Itxas-Alde batailoian kapitaina izan zen, eta lehen mugimenduetan, Larruskaingo “Manuel Larruskain” atxilotzen ahalegindu zen. Gertaera honengatik eta bere pentsakera politikoagatik, mendekua izan zen Olazar erretzea.
80 urtetik gora igaro arren, Juanek testigantzan kontatu duen moduan, gogoan du oraindik orain, bere anaia frontera nola joan zen. Memoria, bizipenen kabi bizia den erakusle.
Zapolako gerra gunea eta garbiketa lanak aurkeztu ditugu: herritarron ondarea
Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean aurkeztu ditugu, domeka honetan, Zapolako gainean aurrera eramango ditugun lanen nondik norakoak eta 1936ko gerran, inguru horretan eraikitako lubaki eta metrailadore habien ezaugarriak.
Fronteak egonkortzearekin batera, lehen lerroko defentsaz gain, bigarren defentsa lerroa osatu zuten faxismoaren aurkako indarrek. Zapolako gune hau, erretagoardiako gune altuenetariko bat izanik, gerra frontearentzat behatoki paregabea da.
Domeka honetan, goizeko 8etan ezarri dugu zita Markina-Xemeingo Arkupean. Handik Zapolara igo eta 9etan lanak astea da asmoa. Lubakiak eta gerra egiturak ez dira ukituko, eta lanak, inguruok garbitzean oinarrituko dira (adarrak jaso, larrak moztu…).
Honekin, inguru hau berreskuratzeko lanean jardun nahi dugu Markina-Xemeingo udalarekin batera. Inguruotan, gerra instalazioez gain, Elur zulo, mea zuloak, zein natur ingurune paregabeak duen balioa, balorean jarriz, herri ondarea balioesteko ekarpena egin nahian.
1936ko gerra: Argazki Erakusketa Markina-Xemeingo denda eta tabernetan.
Markinaldeko sektorea deitu zioten gure ingurua barne hartzen zuen 1936ko gerra sektoreari. Testuinguru honetan ateratako argazki edo eta gerra haren gertaerek gure inguruarekin lotura duten argazki bilduma bat osatu dugu, irail osoan zehar ikusgai egongo delarik. Argazkiak, zuri beltzean eta jatorrizko, zein garaiari dagokion bezala, kalitate eta neurri ezberdinekoak izango dira.
Erakusketa, gune ezberdinek osatuko dute. Hain zuzen, Markina-Xemeingo hogei komertzio eta tabernetan ikusgai egongo dira, erakusleiho bakoitzerako egokitutako panel banatan.
Erakusketa bisitatu eta argazkiak ikusteko, irailaren 1etik 30era egongo da ikusgai. Establezimendu bakoitzaren ordutegian (panela barruan badago) eta edozein ordutan erakusleihoan kokatuta badago.
Egitasmo honen barne, neurri handiko argazki bat erantsiko da Markina-Xemeingo Zehar kaleko erakusleihoan (Kukubiltxu arropa denda aurrean) gertaera haien memoria bizirik izan asmoz, argazki hau iraunkor mantenduz.
Honekin batera, erakusketa osatu asmoz, 2014-2016 artean, Zelaietaburuko (Etxebarria) memoria gunean egindako lan eta deshobiraketen inguruko argazkiak Uhagon Kultur Gunean erakusgai egongo dira.
1936ko gerra eta haren ondorioez jabetu eta memoria ariketa kolektibo hau aurrera eramateko, herritarrengandik gertukoak diren, egunerokoak diren, espazioak erabili nahi izan ditugu.
Erakusketa honekin, gertukoak izan arren ezezagunak diren hainbat argazki erakusgai jarri nahi dira. Bestetik erakusketa honek gertuko komertzioa indartzeko helburua ere badu bere baitan, herriko komertzioa, memoriarako espazio biurtuz.
Argazki erakusketa hau Markina-Xemeingo udalaren laguntzarekin eta “Hemen Be Bai” merkataritza elkartearekin elkarlanean antolatu dugu; 2017 urte hasieratik lanean jardun duen Lan Taldearen jarduerarekin batera, eta 2017ko irailaren 9an gerra garaian erantzukizun zibiletan aritzeagatik errepresaliak jasandakoei Udalak egingo duen adierazpen eta eskainiko zaien aitortza eta omenaldi ekitaldiaren parte da.
Juanita Zelaia Balenziaga
Juanita Zelaia Xemeingo Azkurrina Goiko baserrian jaio zen 1918an. Aspiltzako eskolan ibil zen 7 urtetik 13 arte. Bertan, errepublika aldarrikatu eta ezarri zen garaian bukatu zituen eskolak eta gogoan du erregeak alde egin eta eskolan bandera nola aldatu zuten.
1935ean Ondarrura joan zen krixeda eta han zegoela harrapatu zuen gerra zibilak. Errepublikaren defentsan zebiltzan komunista eta abertzaleen mugimenduak bizi izan zituen Ondarroan, komunistak elizarekin zituzten ezberdintasunak markatuak ziren eta gogoan du erreketeen etorrera zela eta zegoen kezka eta beldurra herrian. Ez zekiten “erreketeak” zer ziren baina zurrumurruak izugarriak ziren eta gero eta gertuago zetozen erreketeen beldurra haundia zen.
Miliziano eta abertzaleak Asterrikan zeudela, Gipuzkoatik zeotzen errefuxatuak igarotzen ikusi zituen eta gehienak Lekeition (Asterrika-kalamendi lerrotik atzera) hartu zuten babes.
1936ko irailaren 29an errepublikaren defendatzaileek erretiradan, Ondarroatik atera eta zubiak apurtu zituzten, zeinaren ondorioz berak lan egiten zuen etxean argirik gabe eta urik gabe geratu ziren.
Erreketeak sartu zirenean (1936/10/04) Santa Kurutz ermitan behera ikusi zituen eta geroago Ondarroan beraien bizimodua egiten zuten Tolosar, Leitzar… ezagutu zituen. Herriko dendak errekisatzen ikusi zituen eta 7 hilabetetan ez zuen etxekoen inongo berririk ezagutu. Bera ahizpak frantziara ihes egitea lortu zuen baina bera Ondarroan geratu zen 7 hilabete hoietan.
Behin frentea aurrera joan zenean, ama joan zitzaion Ondarroara eta horrela izan zuen etxekoen berri, Azkurrinan ere, Akarregiko eta Agarreko posizioak bertan zituzen eta etxekoek miliziano eta gudariei janaria prestatzen zieten eta hauek ordaindu egiten zieten.
Gerra bukatu eta ondorengo urteetan, razionamendua sufritu zuten eta behin urte batzuk igarota, Etxebarriko Ibarlotxara ezkondu zen Bartolome Ezenarrorekin, zein urte askotan herriko alkate izango zena.
Markinako Frontea liburuaren aurkezpena Udalean
Ostiralean (Urtarrilak 20) aurkeztu zuen herritarren aurrean Patxi Juaristik Markinako Frontea liburua. Abenduan Durangoko azokan aurkeztu zuen aurrena, (irakurri orduan egin genion elkarrizketa hemen). Ostirako aurkezpenean, Markina-Xemeingo udalaren babesa izan zuen izan ere Josune Baskaran Markina-Xemeingo udaleko zinegotziak egin zituen aurkezpen lanak, ondoren Gidor Bilbaok hartu zuen hitza, EHUren izenean liburua argitaratzeko arrazoiak defendatuz. Patxi Juaristik burutu zuen aurkezpenaren atal nagusia, eta liburuaren ildoak azaltzeaz gain, lan hau nola egin zuen azaldu eta zehaztu zuen.
Pleno aretoa beteta zegoen, aretoa, herritarrengana hurbildu zen; bertaratu zen jendetza ikusita eta bestetik liburuaren letra eta pasarte ezberdinen atzean dauden herritarren izen eta abizene oroimena pleno areto horretara ekartzean.
Gaiak herritarren artean zerbait mugitzen duela somatu zen, iritzien tartean ikusi ahal izan zen moduan. Galdera eta iritzien tarteak parte hartze haundia izan zuen; bai eskerrak emateko, egindako lanari babesa erakusteko zein goraipatzeko eta liburuaren atzean zegoen lana zein oroimen historikoa landu (garatzeko) dagoen beharra transmititzeko.
Hala ere, oraindik zer egina dagoela begi bistan geratu zen. Interbentzio eta iritzi ezberdinek, erreparazio justu eta duin bat egin gabe dagoela mahai gainean jartzen dute. Frankismoaren ondorioz, memoria egia eta erreparazioa ezin izan dira egin. Zapalduek, errepresioa jasan dutenek, duintasunez gorde behar izan dute egia eta oraindik zalantzak ugariak dira.
Heldutasunez, seriotasunez, arduraz, hurrengo generazioei dagokigu, memoria lantzea. Gure eskuetan dago memoria, justizia eta egia osoa lantzea. Honetarako, gizarte eragile, instituzio zein norbanako eta gainontzekoen elkarlana beharrezkoa delarik. Bakoitzak dagokion lekutik eraginez, bakoitzari dagokion arduraz jokatuz.
Garaian aldizkariaren 47.aleak Gerra Zibila du gai nagusi
Markina-Xemeingo GARAIAN KULTUR ELKARTEAK, Garaian aldizkariaren 47.zenbakia aurkeztu du gaur UHAGON kulturgunean. Gerra Zibila du gai nagusi aldizkariaren ale honek, “izan ere, 75 urte betetzen dira gerra hasi zela eta garrantzitsua iruditu zaigu gai hau jorratzea. Gerrako frentea oso gertu egon zen gure herritik eta garaiko markinarrek eta xemeindarrek oso modu intentsuan bizi izan zuten gerra garaia”.
47.ale honetan, Gerra zibileko hainbat argazki eta protagonistaren nondik norakoak aurki ditzakezue, Bittori Muniozgureni (Etxebarria,1918) egindako elkarrizketa, Iñaki Goiogana, Mikel Errazkin eta Patxi Juaristirekin solasaldia Memoria Historikoa eta gerra zibilaren inguruan, Markinako eta Xemeingo emakumeak gerra zibliean (Patxi Juaristi) artikulua eta beste hainbat kontu.
Gainera, eguna osatzeko, “Gerra Zibila, jendea da hila” Musika eta Olerki emankizuna ikusgai izan da Karmengo elixan, Garaian elkarteak antolatuta, Xemeingo Abesbatzak eta Abarka antzerki taldeak lagunduta.
- 1
- 2
- Siguiente →