1936
Jesus Erkiaga Gabiola (Lekeitio, 1917-2019)

Denboratxo bat pasatu da Jesus ezagutu genuenetik, harrezkero berarekin egon garen aldi oro, argibide berriak, pasarte interesgarriak eta bere indarra jaso ditugu, beti lagun bezala hartu gaitu.
Eta gezurra badirudi ere 102 urte betetzear izan denean, zur eta lur utzi gaitu bere heriotzaren bapateko albisteak. Azkenaldian ibilpidea ez bezala, jarioz, memoriaz, argitasunez, lehen bestean aurkitu izan dugu; berriro elkartzeko zita ere egina genuen.
Agur eta Ohore Jesus.
Udaletxean lanpostu “lasai” bat izatetik, faxisten matxinadari aurre egiteko asmoarekin Lekeitioko herri erakundeen eta Errepublikaren babesteko konpromisoak hartu zenituen 1936 hartan. Matxinoak frontea gainditu eta Lekeitiora sartzear zirenean, itsasoz Plentzia eta Bilborako bidea hartu zenuen eta alderdiaren esanetara jarri. Ondorioz EAE-ANVko Azkatasuna batailoian lerrokatu eta defentsa lantean parte hartu zuen, Lemoatxeko esaterako, non zeregin horietan Colindresera arte jarraituaz.
Itsasontzi batean Lekeitiora itzuli eta lur hartu bezain pronto salatu zuten, kartzelaratuaz. Kartzelatik atera eta Frankistekin Ebroko frontera borrokatzera joateko aginduari muzin eginez, ihes egitea erabaki zuen. Luzaro gordeta egon ondoren Hondarribian, Bidasoa biluzik zeharkatu eta Hendaian finkatu ondoren, bertan harrapatu zuen Bigarren Mundu Gerrak.
Eusko Jaurlaritzako deiari kasu eginaz, Frantziako ejerzituan lerrokatu eta Kepa Ordokin agindupean Lannemezango armategian lanean aritu jardun zuen. Alemanek Frantzia osoa bereganatu zutenean eta partisanoekin izandako harremanagatik, ingurukoen atxiloketen ondoren, Bidasoa beste norabidean gurutzatzea beste irtenbiderik ezean, zigorrezko soldaduska egin eta Venezuelako bidea hartzea hobetsi zuen, bertan enpresa txiki baten jabe izanda Lekeitiora baldintza onean itzultzeko aukera izatea lortu arte.
Garai desberdinetan eta muturreko egoeretan bizi izandako hori irudika ezina egiten zaigu erosotasun hutseko bizimoduan murgildu garen ondorengo belaunaldikoentzat. Eskuzabaltasun osoz zuk kontatutakoak, gerra garaiko gogortasunak ezagutzeko balio izateaz gain, historia gordin haietako aktore izandakoak hartutako erabaki eta norabideak ulertzeko eta hizki larriz idatzitako historia ondorengoei helarazi ahal izateko eredu izan zara.
Zure memoria gure historiaren zutabe da.
Bejon deizula Jesus Erkiaga.
Hemen duzue bere testigantza (pasarte laburra eta testigantza osoa jasotzen dituen bideoak):
Testigantza: Juan Kaltzakorta Sololuze

Juan Kaltzakorta Sololuze, Xemeingo Larruskain auzoan, Egurrola baserrian jaio zen. 7 urte zituen gerra iritsi zenean; Egurrolan bertan harrapatu zuen bere familiarekin batera. Miliziano eta gudarien lehen mugimenduak etxe inguruan bizi izan zituen. Bere testigantzan kontatzen duen moduan, Etxebarriko Gandixa Errota baserriko Felix Urkidi, miliziano jantzita Egurrolara etortzen gogoratzen da. Garai hartatik aurrera, tiro hotsa eta kainoikadak ugaritu egin ziren; frankistek inguruko posizioak finkatu eta frontea egonkortu zenean.
Kamioi blindatuetan etortzen ziren milizianoak Egurrolara. Janaria hartu eta joaten ziren. Ezin giro horretan bizi eta ebakuatu egin behar izan zuten. Markinara joan ziren eta han igaro zituzten fronteak iraun zituen hilabeteak, 1937ko apirilaren 26 arteko egunak. Olabarriren etxean, pisuan hartu zuten babes. Markinako alde zaharreko kanpai torrearen azpian zegoen babeslekuan gordetzen ziren, arriskuaren kanpaiak entzuten zituztenean; behin, gu bizi ginen etxea eta Joxe Alderen taberna, bizardegiaren tartean sartu zen obus bat, baina ez zuen eztandarik egin, «orduko bonbek baina, ez zuten beti eztanda egiten, bestela, Markina apurtuta utziko zuten».
1937ko apirilaren 26an, miliziano eta gudariak erretaguardiara atzeratu zirenean, Bilborantz zihoazela, faxistak aurrez aurre aurkituko zituztenaren berria jaso zuten, horregatik, desbideratu egin behar izan ziren.
Egurrolara bueltan, apurtuta, erreta aurkitu zuten etxea, ez zen izan bakarra ordea. Olazar ere erre egin zuten, hura mendekuz erre zuten faxistek. Olazarko Julian Etxaniz, Itxas-Alde batailoian kapitaina izan zen, eta lehen mugimenduetan, Larruskaingo «Manuel Larruskain» atxilotzen ahalegindu zen. Gertaera honengatik eta bere pentsakera politikoagatik, mendekua izan zen Olazar erretzea.
80 urtetik gora igaro arren, Juanek testigantzan kontatu duen moduan, gogoan du oraindik orain, bere anaia frontera nola joan zen. Memoria, bizipenen kabi bizia den erakusle.
102 urte beteko zituen gaur Miguel Elordi berritxuarrak
Berritxun era bat errotuta bizi izan da Miguel. Baserritarra ogibidez, Gasturu baserrira eta herrira lotutako bizitza izan dute berak eta bere familiak. Aita EAE-ANVko zinegotzia izan zen errepublika garaiko Berriatuako udaletxean eta gerra ondorengo alkatea, 30 urtez.
Hogei urte zituen gerra gure inguruetara bete-betean etorri zenean eta Gasturu inguruan zuzeneko borrokarik bizi ez bazuen ere, laster pairatuko zuen bere bizitza osoko pasarterik gogorrenetarikoa.
Beharrezko adina izanik, aginduz, soldaduzkan zen Doroteo Elordi anaia. Istripu bat tarteko, etxean zegoen zauriak sendatzen. 1936ko urriaren 4ean gerra lerroak finkatu egin ziren, matxinoek Ondarroa eskuratu zuten eta, lerroen artean, Gasturu baserria matxinoen eremuan geratu. Egoera horretan bizimoduarekin jarraitzeko premia zutenez, goiz batean Doroteo eta biak Gasturuko basoetara joan ziren garbiketa lanak egitera.
Mendien babesean, arriskutik kanpo zirelakoan zeuden, baina Larruskaindik Ondarroarako biltegietara ura garraiatzeko hoditeria kaltetzeko asmoarekin errepublikazaleen hegazkin batek jaurtitako bonbek bete-betean harrapatu eta txikitu zuten Doroteo anaia, 1936ko urriaren 26an.
Laurogei urtetik gora pasatu badira ere, testigantza jasotzerakoan erabat unkitu zen Miguel.
Umorez betea, baina oroitzapenak gogoan, herriko hainbat gertaera eta gerraren ondorioz hildako berriatuarren inguruko zehaztasunak kontatu zizkigun; baita anaia hilda izan arren, Doroteoren kintada bukatu arte ezin izan zela libratu gerrara joatetik. Infanterian egin zuen gerra eta behin bere taldea inguratuta, preso hartu ondoren ausardiaz bete eta ordu batzuetara ihes egitea lortu zuela.
Berak testigantza gogoan hartzekoa delakoan, bideo honetan testigantza jasotzerakoan kontatutako pasarte batzuk aurkituko dituzue.
1936ko gerra: Argazki Erakusketa Markina-Xemeingo denda eta tabernetan.
Markinaldeko sektorea deitu zioten gure ingurua barne hartzen zuen 1936ko gerra sektoreari. Testuinguru honetan ateratako argazki edo eta gerra haren gertaerek gure inguruarekin lotura duten argazki bilduma bat osatu dugu, irail osoan zehar ikusgai egongo delarik. Argazkiak, zuri beltzean eta jatorrizko, zein garaiari dagokion bezala, kalitate eta neurri ezberdinekoak izango dira.
Erakusketa, gune ezberdinek osatuko dute. Hain zuzen, Markina-Xemeingo hogei komertzio eta tabernetan ikusgai egongo dira, erakusleiho bakoitzerako egokitutako panel banatan.
Erakusketa bisitatu eta argazkiak ikusteko, irailaren 1etik 30era egongo da ikusgai. Establezimendu bakoitzaren ordutegian (panela barruan badago) eta edozein ordutan erakusleihoan kokatuta badago.
Egitasmo honen barne, neurri handiko argazki bat erantsiko da Markina-Xemeingo Zehar kaleko erakusleihoan (Kukubiltxu arropa denda aurrean) gertaera haien memoria bizirik izan asmoz, argazki hau iraunkor mantenduz.
Honekin batera, erakusketa osatu asmoz, 2014-2016 artean, Zelaietaburuko (Etxebarria) memoria gunean egindako lan eta deshobiraketen inguruko argazkiak Uhagon Kultur Gunean erakusgai egongo dira.
1936ko gerra eta haren ondorioez jabetu eta memoria ariketa kolektibo hau aurrera eramateko, herritarrengandik gertukoak diren, egunerokoak diren, espazioak erabili nahi izan ditugu.
Erakusketa honekin, gertukoak izan arren ezezagunak diren hainbat argazki erakusgai jarri nahi dira. Bestetik erakusketa honek gertuko komertzioa indartzeko helburua ere badu bere baitan, herriko komertzioa, memoriarako espazio biurtuz.
Argazki erakusketa hau Markina-Xemeingo udalaren laguntzarekin eta “Hemen Be Bai” merkataritza elkartearekin elkarlanean antolatu dugu; 2017 urte hasieratik lanean jardun duen Lan Taldearen jarduerarekin batera, eta 2017ko irailaren 9an gerra garaian erantzukizun zibiletan aritzeagatik errepresaliak jasandakoei Udalak egingo duen adierazpen eta eskainiko zaien aitortza eta omenaldi ekitaldiaren parte da.
Azpeitian, Sasetaren komandantzian
Gaur Azpeitian izan gara, bertan, Javi Buces buru, Azpeitiko udala eta Aranzadik elkarlanean argitaratu duten liburuaren aurkezpenean. Abagunea baliatuz, Azpeitiko komandantziaren buru eta espiritua izan zen Kandido Saseta komandantea omendu da.
Komandantzia hau, Loiolan antolatu zen, indar abertzaleek ( EAE-ANV, EAJ, ELA-STV eta Euskal Nekazarien Batzarra eta Jagi-jagi) 1936ko abuztuaren 5ean adostuta. Aurretik borrokan ari ziren miliziei, 1300 inguru gazte, abertzale bildu zitzaizkien lehenengo gudaroste itxurako antolaketan. Irailera arte eutsi eta aurre egin ahal izan zieten, ekialdetik zetozten faxistei.
Gero, Saseta buru, indar abertzaleak, Bizkaiko kostaldera erretiratu behar izan zuten. Aginte lekua Saturraranen kokatuz lehenengo eta gero Lekeition.
Bi urteko ikerketaren ondoren argitaratu da liburua, 1277 gudariren zerrendak osatzen zuen 1936an Loiolako komandantzia eta hauetatik 569 boluntarioren informazio zehatza jaso ahal izan dute eta EAE-ANVko 259rena ere bati.
Liburua eskuratu nahi duenak uztailaren 7 eta 8an Berria egunkariarekin salgai egongo da.
Sabino Gabiola Plaza (Amoroto), EAE-ANVko guradi ohia

Sabino Gabiola Plaza, Amorotoko Etxebarria baserrian jaio zen 1918an. Bertan harrapatu zuen 1936ko gerrak eta udazkenetik egonkortuta zegoen gerra frontea apurtu zenean, 1937ko apirilean, Bilbora joan zen eta han faxisten aurkako indarrekin bat egin zuen.
EAE-ANVk antolatutako Azkatasuna batailoiko lehenengo konpainian, zulatzailen taldean jardun zuen; bere kideek su egiteko hainbat metro zulatuko zituen Sabinok hilabeteetan. 1937ko apirilaren bukaeran sortu zuten batailoi hau eta Bizkaiko hainbat herritan jardun zuten borrokan. Sabinok ere gogoratzen ditu leku hoiek; Galdakaoko eskoletan izan zen, han baitzuen Azkatasunak koartela, gero etorriko ziren Zugaztieta, Lemoa, Urkullu, Gaztelumendi…
Santoñan atxilotu zuten faxistek. Italiarrak gogoan ditu, eta baita estrainekoz, makarroiak zer ziren ezagutu zuenekoa, non eta Santoñan. Preso, Bilboko Areatzako zubira eraman zituzten eta bertan utzi.
Faxisten eskuetan, Logroñoko kuartelera eraman zuten beste hainbatekin batera. Terueleko frontera eraman zituzten eta hango lerroak uztera eraman zituen gerra estrategiak. Askatasunetik urruti, «gorriek» egindako indar erakustaldiari aurre egitera Extremadurara bidali zituzten, 6. Batailoiko America 23an infanterian. Carrascalejo (Caceres) herrian, fronte bietako indarren borrokak, han ikusitako tankea eta faxistek egindako hilketa eta sarraskiak bizirik ditu memorian.
Ciudad Realen izan zuen gerraren azken geltokia. Bukatu zen ondoeza, faxistak gainditzean, etxera bueltatu ahal izan zuen.
Berak bizitako pasarteez gain, Amoroto inguruko hainbat pasarte eskaintzen ditu.
Anoninatuan, 80 urtez gorde du memoria historikoaren alea barnean. Eskuzabal eta eskaini digu memoria kolektiboaren aberasgarri.
- 1
- 2
- …
- 5
- Siguiente →