Max

1936ko errefuxiatuak, bizileku hobe baten bila Errotabarrin (Etxebarria)

Posted on Actualizado enn

Koro Munduate Gastesi (1940, Alegia,Gipuzkoa) Villabonan, 2017ko abuztuaren 3an egindako elkarrizketan

Filomena Gastesi Zaldunbere eta Angel Munduate Urdanpiletak, familia bat osatu zuten. Alegiakoak ziren eta han, gerrak harrapatu eta nonbaitera jo behar izan zuten. (Ikusi bideoa hemen)

Angelen aita, Mikeletea zen eta lan destinoaren ondorioz, seme alaba bakoitza, leku batean jaioa da. Kasu honetan, Angel Munduate, Oñatin jaio zen, 1910ean. Filomena berriz Tolosarra zen; gaitzak jota, gurasoak hil eta umezutz geratu ziren; horregatik, neba arrebak sakabanatu egin zituzten, Gastesitarrek hartu zituzten, Filomena beraz, Alegian bizi izan zen.

Filomena eta Angelek, Alegian osatu zuten familia: Angel, paper fabrikako langilea zen (lehenengo Alegian zegoen, gero Tolosara eramango zuten paper fabrika) eta amak etxeko ardura eta beharrak aurrera eramaten egiten zuen lan. Ezkondu eta seme bat ere izan zuten, Pedro, zein urte beterekin hil egin zen (1934 edo 1935ean) Alegian.

Paper fabrika itxita eta gerra Gipuzkoan barrena, Tolosaldera gerturatzen zela, herriko jaiak (karmenak) eta gero, Santiagoetan alde egin zuten herritik.  Elgoibarrera iritsi eta bikoteak, bakoitzak, ibilbide bat hartu behar izan zuen.

Angel Munduate, frontera deitu eta eraman egin zuten, Kalamuako faxistei aurre egiten ibiliko zen geroago, STVko San Andres batailoi abertzalean. Filomena berriz, haurdun ordurako, Elgobartik, Etxebarriako Errotabarri baserrian errefuxiatu zen.

Pentsa daiteke, Elgoibarren, azoka egun batean ezagutu zuela Josefa Baskaran (Errotabarrin ezkonduta zegoen, Patxi Arrietarekin, baina jaiotzez Illaispekoa zen, Barinagakoa). Ez dago argi nola baina horrela jaso edo gogoratzen du Koro Munduate Gastesik (Alegia, 1941), Angel eta Filomenaren alabak, eta horrela kontatu zigun bere testigantzan.

Errotabarri baserria. Altzaa auzoa (Etxebarria) 1980 inguran. (Argazkia: Asun Arrieta)

Angel, Max-Kalamuan borrokan eta Filomena Errotabarrin, ardura, eta egoerari, egunerokoari aurre egiten. Tartean, Filomenak, Bilbora bidaiarik ere egin zuen. Errotabarriko tribulixen Josefa Baskarani laguntzera joan zen egun batez. Izan ere, Illaispeko Francisco Bascaran (Markinako zinegotzia zen, Monarkikoa, Tradicionalista) Bilboko Angeles Custodiosos komentuan zegoen kartzelan eta Illaispeko morroia (Ramon Zuazo) berriz, Larrinagako kartzelan, Bilbon. Josefak gazteleraz ez zekiela eta, Filomenak egin zituen itzultzaile lanak bitartekoekin. Seguruena, neba bisitatzera joango zen Josefa, eta “atera nazazue hemendik” hitzak ondo gogoratzen ditu Korok, bere amak hori garbi kontatzen baitzuen.

1937ko urtarrilean jaio zen haien bigarren semea, Luis; Errotabarrin. Dirudienez, Angel Max-Kalamuatik jeitsi eta, haurra ezagutu ahal izan zuen, baina jaio eta bederatzi egunetara hil egin zen; 1937ko urtarrilaren 14an Errotabarrin. Korok, etxean entzun izan du, Luis, une horretan, gerraren ondorioz, frontean zegoen kutsaduraz, tetanos gaisotasunaz hil omen zela.

Bizileku hobeagoaren bila, anabasa eta gerratik ihesi egin arren, anabasak eta gerraren itzal beltzak hartua zuen, beste familia askorena bezala, Angel eta Filomenaren ibilbidea. Errefuxiatu, babestu baziren ere, ez zen baretu egonezina.

Etxebarriko hilerrian lurperatu zuten, umetxoa; gauez. Filomena, ama, Errotabarrin geratu zen. Umearen hil kutxatxoa, astoan eraman zuten, Errotabarritik hilerrira. Une horretan, bidean, tiroketa bat izan zen eta sakabanatu egin behar izan zuten. Baliteke bidean, argiren bat edo ikusi izana eta gertuko fronteko posizioetatik tirokatzea.

Filomenak baina, ez zuen etsi; familiarekin arduratuta, bi seme galduta (azkena ihesean) senarra galtzeren beldurraz eta arduraz, esku hartzea erabaki zuen. Berrogei egun oraindik igaro gabe, berak, eskura zituen baliabide eta aukerak baliatuz Angel, frontetik aldentzea zuen asmo.  Bazekien, Eusko Jaurlaritzako arduradunak, Bilbon, mezatara nora joaten ziren, eta nola Telesforo Monzonen emaztea (Maria Josefa Ganuza) ezagutzen zuen, zerbait egin behar zuela pentsatu zuen. Haiengana jo eta senarraren berri eman zion, Max-Kalamuako borroketatik alden zezan eskatuz.

Telesmoro Monzon, sortu berria zen Eusko Jaurlaritzako sailburua zen eta berari egokitu zitzaion, (Herri Zaintza sailaren arduraduna zenez gero) Ertzaña sortu eta antolatzea. Horrela, Filomenak eta Josefa Ganuzak hitz egindakoaren ondoren, Angel Munduate, Ertzañetara bidali zuten; Bilbora.

Frankistek Bilbo okupatzean, Soldadu Langileen Diziplina batailoietara behartu zuten. Cangas de Narceatik, Peñiscolarako bidea egin zuen, behartuta, tartean, neguan Terueltik igarota. Libre utzi zituztenean ahal zuten moduan itzuli zen Alegiara, 1939an, zorriz eta gainontzekoez kutsatuta.

Alegiako errefuxiatuak, Bilboko (Deustu, Gardoki kalean) etxe huts batean elkartu zituzten; horrela, Filomenak beste senide errefuxiatu batzuekin eta herrikideekin elkartzeko aukera izan zuen. Bizkaia faxistek okupatzen zihoaztela ikusita, ihes egin behar izan zuten berriro. Alegiakoa ez zen albaitari bat bizi zen, Alegiatarrekin Deustuko etxe honetan eta haren bidez, Santoñara joan ziren. Itsasontzia hartu eta Frantziako bidea hartuz eta Nimesen babestu ziren, beste euskaldun batzuen gisan. Bukaera, ihesalditik hiru urtera izango zuen zorigaitzeko bidaia hark. Hendaiara trenez iritsi zen, aerodromoan, dokumentazio gabeko errefuxiatuentzako gunea jarri zuten eta haren bila joan zen Filomenaren aitaginarreba (Mikeletea); 1939an bueltatu ahal izan zuen Alegiara.

Ezerezetik hasi behar izan zuten egunerokoa antolatzen, Alegian. Etxea hustuta aurkitu zuten, haien gauzak faltan, lapurtuta, paper fabrika itxita… Baina ez ziren kikildu, Andoiango harrobian hasi zen Angel, senideen laguntzaz, Filomena haurdun, 1940k martxoan jaio zen Koro, eta haien familia, etxea osatu ahal izan zuten, halako batean.

Urteak geroago, itzuli ziren Errotabarriko senideengana. Filomenak asko estimatzen zuen Josefa, eta beti izan zituen gogoan. Francisco eta Josefa bizi ziren artean bereziki, haiek emandako babesa, berotasuna ez baitzen itzali Munduate Gastesitarrenean.

 

Anuncios

Jose Mari Muguruza Ibarzabal, testigantza

Posted on

p1120908
Jose Mari Muguruza Ibarzabal (1929-2015)

1929an jaio zen Barinaga auzoko Azkonabieta baserrian. Max barrenean, 7 urte zituen etxe inguruak gudari eta milizianoz beteta ezagutu zituenean.

Etxe inguru guztian posizioak izan arren, ez zuten etxetik alde egin, baina egoeraren larritasunaz jabetuta, inguruko baserrietan (Ertzil, Baskaran Errota..) babes hartu zuten behin baino gehiagotan. Fronteko bi lerroetatik bertan, arriskua egunerokoa izan arren, eguneroko bizimoduarekin jarraitu behar izan zuten; inguruko baserrietako lagunekin haiek, baserriko lanetan nagusiagoek. Esaterako, aita, txabolan zen ganaduekin, izeba Benantzia janaria eramatera joan zenean. Etxetik txabolarako bidean, bala batek zauritu eta 1936ko abenduaren 22an hil zen Bilboko Basurtuko ospitalean.

benantziamuguruzuagudariekinmaxen
Benantzia Muguruza, gudariekin Azkonabietan.

Ertzilen zuten aginte postua fronteko sektore honetan, eta bertan ezagutu zituen Kepa Ordoki eta beste hainbat. Aipatzekoa da, Ertzilen egun, Jaime Urkijo, Rosa Luxenburgoko agintariak oparitutako gramofonoa gordetzen dutela.

Gero, Eibarko Txabola-Pagolara ezkondu zen. Arrikurutz (Akondia) eta Garagoiti barrenera. Gain haietatik egiten zuten tiro Max, Azkonabieta eta inguruko posizioetara. Jaiotetxe inguruan bezala, geroko bizileku inguruan ere lubaki eta gerra aztarna ugari ezagutu zituen. Urte asko igaro arren, etxe inguruan, baso eta lur sailetan gerraren ondorioz “galdutako” bonba eta abarren arriskua luze ezagutuz.

 

1936ko abenduaren 26an Kalamuako borrokaldia, 80 urtera

Posted on Actualizado enn

1936ko udan, kolpea eman ondoren, lehen mugimenduak irailaren bukaeran iritsi ziren markinaldeko sektorea deiturikora. Lehen egunetako borrokaldiei, ondoren eman ziren borrokaldi gogorragoak gehitu zitzaizkien; Akarregi-Egixarrekoa urriaren 21ean eta Kalamuakoa abenduaren 26an adibidez.

Frontea egonkortu zenean, frankistek, mendi gain altuenak okupatu zituzten. Aurretik zuten gaitasun militarrari abantailazko kokapenak izatea gehitu behar zaio. Hala ere, gudari eta milizianoek tinko eusteko ausardia eta gaitasuna erakutsi zuten, fronteak egonkor iraun zuen zazpi hilabeteetan gogor borrokatuz.

p1300384_6001936ko gabon inguruan, fronteak izandako lasaitasun uneak jasotzen dituzte garaiko artikuluek; alde bien arteko elkarrizketak eta Akondia inguruan egunkariak aldatzeko aukera izan zutela ere aipatzen dute.

Herritarrek, haiei jasotako testigantzetan, 1936/12/26ko borrokaldiko pasarteak eskaini zizkizguten: kainoikaden oihartzunek etxeko leihoetan eragiten zuten dardara, etxeko ganbaran zauritu eta hildakoak hartatzen jardun zutenak, Munitibar ingurutik borrokaldi hau nola entzuten zen etab… Gaurko aurkezpenean, Markina-Xemeinen izan dira, borrokaldi honen lekuko izandako Josefa Egidazu eta Tomas Gerrikagoitiaren semea. Josefak, bertaratutakoei kontatu die gaurko egunez, duela 80 urte ikusi eta bizi izan zuena.

Borrokaldiaren protagonistak izan zirenek ere tartea izan dute hitzaldian. Kepa Ordoki, gudarien kapitaina zen Kalamuan egon zenean. 1936ko abenduaren 26ko borrokaldiaren nondik norakoak jasota utzi zituen, San Andresekoek, Sasetakoek eta Celtako anarkistek egun horretan bizi izandakoa.

Hain zuzen, Celtakoekin hildako bi gazte galiziarren senideek eskainitako testigantzak itxi du hitzaldia. Familia hau, Markinaraino gerturatu zen, zerbait argitu nahian, haien osabak nola hil ziren jakin nahian. Abenduaren 26ko borrokaldi honetan hil baziren ere, oraindik orain, Aguetetarrek ez dakite non dauden beraien osaba biak.

Gaurko egunean hitzaldi hau eskaintzea garrantzitsua iruditu zaigu. Efemerideaz gain, gabon giro honetan, duela 80 urte gure herrietan, herritarrek bizi behar izan zutena oso gogorra izan zelakoan gaude; baita, faxistei aurre egiten ziarduten gudari eta milizianoen senideak ere. Hainbat etxetan ez zen gabonik izan. Beste hainbatetan, ez dira gabonak ospakizun izan harrezkero; senide baten heriotza datak ospakizunetako aukerak zapuztu baitzituen.

Gazte haien omenez

Posted on Actualizado enn

barinaga-omenaldia1000

1936ko udan, kolpe militarraren ondorioz altxamendua hartzen ari zen indarrari aurre egin nahian, herrietan miliziano ugari antolatu ziren aurre egiteko. Gipuzkoan, herriz herri, jende askok jardun zuen borrokan. Baina frankistak herri hoiek okupatu ahala, bertakoek alde egin beharra zuten.

Batzuk babestu egin ziren ahal zuten lekuetan, beste batzuk frontera joatea erabaki zuten. Timoteo Arrastoa Arozena (Altza, Gipuzkoa) eta Bittor Urretabizkaia Urruzola (Tolosa, Gipuzkoa) gazteek, haien herrietatik Bizkaira jo eta Euzko Mendigoizale Batzako (EMB) batailoi abertzaleko kide egin ziren.

Sabinismoaren idei jarraituz, 1921-1932an sortutako “Aberri” eta “Comunion” elkartu ziren 1930ean, EAJ-PNV berria sortuz. Handik lau urtera baina, banaketa bat eman eta “Jagi-jagi” sortu zuten kide batzuk. Banaketaren arrozoien artean, EAJ-PNVk zuen estatutuaren aldeko jarrea, kristautasunaren inguruko eztabaida… leudeke besteak beste. EAJ-PNV utzi eta elkarte independentista sortu zuten. Elias Gallastegi zen haien buru baina berekin ziren Angel Aguirretxe, Candido Arregi, Manuel de la Sota, Fidel Rotaetxe, Trifon Etxbarría, Jordande Zarate, Adolfo Larrañaga, Lezo Urreztieta, Agustin Zumalabe, etab.

Euzko Mendigoizale Batzako kideak independentismoa, antiinperialismoa, antikapitalismoa eta antifaxismoaren ideietan biltzen ziren gerra garaian. Elkarte honetan 1936ko gerra hastean, eztabaidak izan zituzten, Jagi-Jagikoekin batera. Gerra arrotz gisa ulertzen zuten, hau da, espainiako gerra bezala eta borrokatu edo ez zalantzak sortu ziren. Gero baina, Azpeitiko komandantzian sortutako gudarostean bat egin zuten, eta geroago “Lenago il” eta “Zergatik ez” batailoiak sortu zituzten. Aipagarria da, “Lenago Il” batailoia lau konpainiak osatzen zutela, laugarrena “Urretabizkaia” deiturikoa. Konpainiaren izena Maxen hildako Bitor Urretabizkaiaren omenez jarri zioten. Elkarte hauek antolatutako batailoian, aurrez aipatutako bi gazteek Max izan zuten jomuga, posizio hauetan borrokatzen egon ziren “Jagi-Jagi” (Lenago Il batailoiko 2.konpainia) edo “Gudari” (Lenago Il batailoiko 3.konpainia) konpainietan. Frontea egonkortuta, 1936ko azaroaren 21ean, Maxeko posizioetan jasotako zaurien ondorioz hil egin ziren. Biharamunean, Barinagako hilerrian hobiratu zituzten.

Bi gazteek, haien burkideen agurra jaso zuten. Andan batailoiko kideek eraman zituzten bi gorpuen kutxak eta hamarnaka gudariren babespean jeitsi Maxetik, Barinagako Juan Barkin abadea aurretik zutela. Kanposanturainoko bidea egin zuten guztiek, honen erakusgarri hileta honetan ateratako argazkiak.

Duela gutxi, gazte hauen familiekin kontaktua egin eta haien testigantza jaso ahal izan dugu. Timoteo eta Bitorren heriotzaren berri izan zuten aspaldi eta etxeko gozotasunean haien oroimena bizirik mantendu dute. Hau horrela, eta gertaera haien 80.urteurrena betetzen dela ikusirik omenaldia eskainiko zaie Barinagan.

Kalamuako frontean ibilbide gidatuan, bertan borrokatu zuten gudarien senieekin batera parte hartzera gonbidatzen zaitugu

Imagen Posted on Actualizado enn

Kalamua beltzez jantzi den mamua zela zioen gabon kanta batek; hala izan ere. Inguruko tontorrik altuenak, gerra zibilaren garaietan borrokaldi gogorrak jasan zituen. Frontea egonkortu aurretik eta ondorengo zazpi hilabeteetan erasoaldi latzak izan ziren. Bereziki 1936ko abenduaren 26koa aipatu daiteke; testigantzek adierazten duten moduan San Esteban eguneko borroka.

bisita gidatua ekainak 12 kartela (2016.05.27an eguneratua) (2)

Maxetik Kalamuara eta handik Urkora arteko lerroan lehertu beharrean jardun ziren bi aldeak. Maxeko posizioetan zegoen Celta batailoia, egun horretan hil ziren esaterako Manuel Aguete Lino eta Antonio Aguete Lino. Ekainaren 12an, haien senideak etorriko dira antolatu dugun ibilbide gidatura, haien osaba biek, non borrokatu eta bizia galdu zuten bertatik bertara ezagutu ahal izango dute. Haiekin batera eutsi zioten San Andres eta Saseta batailoi abertzaleek. Lehenengoa ELA-STV-ko (Solidaridad de los Trabajadores Vascos) kidez osatua non konpainia bateko agintari Kepa Ordoki zelarik. Batailoi hauetan jardundako gudarien senideak ere etortzekoak dira ibilbidera.

Usartzatik abiatu eta gudariek posizioetara igotzeko sortutako bidetik Akondiako gaina izango da lehenengo jomuga. Han, kokapenez gain, gabon betean, San Esteban egunaren bezperetan Amuategikoek frankistekin egunkari trukea egiteko akordioaz jardungo dugu, edo urteetara jarri zuten gurutzearen jatorriaz…. Garagoititik igaro eta handik, frankisten aginte postu nagusia ikusiko dugu Kalamuako lautik. Lau honetan, gorago, Eibarko Sozialistek eraiki zuten aterpetxea eta frontoiaren azken aztarnak ikusi ondoren hegaletik, diruzulo dolmenaren ondotik, parlamentutik igaro eta Maxeko posizioetara iristean bertako ezaugarrien azalpenak eskeiniko dira. Kokapen hauetan, Celtakoek eta Sasetakoek, San Andreskoekin batera nola borrokatu zuten ulertu ahalko dugu; handik Kalamua gainera joko dugu, kokapen altuenak ezagutu eta poliki poliki beheranzko bidea hartu eta Usartzara jeisteko.

9:30etan abiatuko da ibilbidea Usartzatik; hala ere, Barinagatik gora joatekoak garenak 9:00etarako Barinagako aparkalekuan elkartzea proposatzen da Usartzara ahalik eta kotxe gutxien eramateko. Azkenik gogoratu, ibilbidea eta gero Barinagan bazkaria izango dela 15:00etan, horretarako izena eman ekainaren 6a baino lehen.

Kalamuan desagertutako osaben bidean ahaztuen oroimena Galiziatik

Posted on Actualizado enn

_DSC0200_500Duela pare bat hilabete, ustekabeko dei bat jaso genuen. Galiziar familia bat, Markina-Xemeingo kaleetan zebilen hilerriaren bila edo-eta gerra zibilaren inguruko bertoko liburuak erosteko liburudenda baten bila. Eguerdi eguerdian herritar baten laguntzaz Ahaztuen Oroimeneko kideokin harremanetan jarri ziren. Telefono deia: Kalamuan hildako eta desagertutako osaba biren bila zebilen Galiziar familia bat zegoen Markinan, kalean, “zerbaiten” bila. Bazkalorduko mahaitik jeiki eta bat egin genuen ziztu bizian.

Ustekabea sinestezina zen, egoera bitxia eta zorionekoa. Poza nabarmentzen zen, bai familiako kideen artean eta bertan ginenon artean.

Aguete Lino neba arrebak Marinen jaio ziren, Pontevedran, arrantzale giroko herritxoan. Manuel eta Antonio anaiak II. Errepublika garaian Euskal Herrira abiatu ziren lanera. Manuel, Bilboko portuko Hercules alturako itsasontzian ibili zen lanean. Antonio berriz, Pasaian, bizilekua Errenterian zuelarik.

3479_oGerra zibilak eztanda egin zuenean, Manuel eta Antonio Aguetek, Celta batailoi anarkistan borrokatu zuten eta ordutik ez dago beraien berririk. Artxiboen arabera, jasotako dokumentazioaren arabera, 1936ko abenduaren 26an hil ziren, baina bakarrik Manuel Aguete Linoren berri ematen dute agiriek. Manuel, Max inguruan borrokan hil zenean, Celta batailoi anarkistako bigarren konpainiako tenientea zen. Antonioren berri Serafin Dopazo Agueteren bidez jaso ahal izan dugu, eta datu gutxiago badira ere, CNT ren ingurura batu ziren galiziar jatorriko itsasgizonez eratutako Celta batailoian borrokatuko zuen, San Esteban eguneko borrokaldian.

12_1936_Abendua_02Gaurko egunez, 1936an, San Esteban eguneko borroka, ezaguna da herritarren memorian. 1936ko abenduaren 26an borrokaldi gogorra izan zen Max inguruetan. Kalamuako tontorrean zeuden faxisen aurka jardun baizuten miliziano eta gudariek.
Celta batailoi anarkista Maxeko posizioetan kokatuta zegoela hil ziren Antonio Aguete Lino eta Manuel Aguete Lino.

Urteak isiltasunean igaro behar izan dituzte beraien arrebek. Etxekoek ez zituzten gabonak ospatzen; zer zuten ba ospatzeko zorigaiztoko data honetan? Manuel eta Antonioren arrebek, ez zieten ezer kontatu beraien semeei, eta orain ulertu dute guztia, orain badakite zergatik ez ziren existitzen ospakizunak gabonetan Aguetetarrenean.

Hil ziren hiru arrebak ere. Buru gaixotasuna gehitu zitzaion Consueloren zahartzaroari; bapatean borrokan hildako bere bi nebez hitz egiten hasi zen. Ilobek, orduan, azken arrebaren azkenetan jaso zuten hildako osaba bien heriotza eta haien memoria leuna.

Memoria hori, orain, Serafin Dopazo Aguetek bere osabei gertatutakoa argitu eta beraien ibilbidea ezagutzeko lekukoa hartu du, Ahaztuen Oroimena 1936 elkartearekin batera, ilusio handiz aurrera eramango duguna.

Oroimena, Euskaraz

Posted on Actualizado enn

Joan den ostiralean, Eikako euskara batzordeak antolatu eta Lea-Artibaiko kooperatibetako langileek bat eginez azken urteetan bezala euskararen eguna ospatu zuten.

Urteroko zita honetan, aurten, Ahaztuen Oroimena elkartearekin bat egin eta ohiko mendi irteera, gerra frentera bisita gidatua bihurtu da.

Ixutik aterata, Akondia, Garagoitxi eta Kalamua gainera bidean, hurbildutako mendigoizaleei gerra frentearen inguruko datu historiko zein kokapenak eskainiz egin zen ibilbidea. Ondoren, Zurdin inguruetatik bueltan (Diru  Zulo  eta  San  Romango  pagaditik pasatu  ondoren) berriro Ixura hurbiltzeko.

Behe laino eta euripean ere, bisita gidatu honek, aukera eskaintzen du, tarte gutxiko eremuan, faxistei aurre egiten jardun zuten gudari eta milizianoek bizi izan zuten arriskuaz jabetzeko. Zazpi hilabetez (1936ko irailetik 1937ko apirilera) metro gutxitara gain altuetan kokatutako erreketeen erasoari eutsi eta demokratikoki aukeratutako egitura sozio-politkoa defendatuz.

Bisita gidatu honek euskara eta oroimen hitorikoa uztartzea lortu du; euskarak eremu honetan ere beharrezkoa duen esparrua eta oroimen historikoa euskaraz lantzeko dagoen aukeraren erakusle.