Zelaietaburu
Ziortza-Bolibarren erakusketa
Ziortza-Bolibarren egon gara; Zelaietaburu eta 1936ko gerraren testuinguruko argazki ezberdinekin osatutako erakusketari amaiera ematen. Uztailean irekiera eman genion Simon Bolivar museoan eta gaur arte bistari ezberdinak hartu ditu: herritarrak, erromesak… Memoriak bizirik dirau, horren erakusle gaur bisitaldian jasotako sorpresa polita: Antonio Perez Gollo (Jaen, 1912- 2003) miliziano andaluziarraren gerra garaiko argazkiak haren iloba Minerva Sierra markinarraren eskutik. Eskerrik asko horrelako keinuak zein erakusketa antolatzeko aukera eman diguzien guztioi, bereziki Ziortza-Bolibarko udalari, Simon Bolivar museoari eta erakusketara gerturatutako guztiei










Esta entrada fue publicada en Bolibar, Orokorra y etiquetada como erakusketa, Zelaietaburu, Ziortza-Bolibar.
Simón Bolivarren jaiotzaren 238. urteurrena
Ziortza-Bolibarren, erakusgai jarri dugu argazki historikoekin osatutako erakusketa. Atzo, Simón Bolibarren 238.jaiotzaren urteurrenaren inguruan antolatutako ekitaldietan parte hartu genuen. Simón Bolivar museoan, Zelaietaburu (Etxebarria) gainean 2015ean aurrera eramandako hiru gudariren deshobiraketa biltzen duen erakusketa aurkeztu genuen bertaratutakoen aurrean eta museoan hurrengo asteetan ikusgai egongo dena ondoren; argazki historikoz osatua (gudariak, gerraren kalteak eraikinetan, hildakoak, errepresaliatuak eta faxisten zenbait argazki ere ikusgain daude).
Era berean, atzoko ekitaldiekin bat egin eta hemen zein han, lehen zein oraingo altxamendu eta kolpe militarren aurka eta errepresaliatutako herriekiko zein herritarrekiko elkartasuna adierazi nahi dugu; memoria kolektiborako bidean eta justizia trantsizional baten beharraren babespean.
Esta entrada fue publicada en Orokorra y etiquetada como erakusketa, Simon Bolivar, Zelaietaburu, Ziortza-Bolibar.
Memoriaren ardura kolektiboa
Oroimenak, egiak, eta matxinatuen erasoari aurre eginez hil zirenen duintasunarekiko errespetuak jarri zuen Zelaietaburun puntua (Urkaregi gainetik gertu, Etxebarrian) . Mendixka bateko leku baten, puntu baten faxismoari aurre egiten saiatu ziren, eta borroka horretan, hiru borrokalarik behintzat bizia galdu zuten bertan. Borrokan jardun zuten lubaki berean hobiratu zituzten, eta 2016ko martxoan eta apirilean, gorpuzkin horiek deshobiratu ziren, gero, Duintasunaren Kolunbarioan (Elgoibarren) agur ekitaldi batekin hobiratzeko. Mendixka hartan, puntu hartan, Informazio panela jarri zen. Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak eta Lehendakaritzaren laguntzaz («Bake eta Bizikidetza Plana 2013-2016″ren barnean emandako dirulaguntzarekin) bertara doan orok, han gertatutakoa azaldu asmoz, eta bertan hildakoei omenaldia eskainiz.
Orain baina, hiru tiro jasota agertu da. Nonbait, norbaitek, tiro ariketak egiteko, edo eskuartean izan duen arma probatzeko objektu interesgarria iruditu zaio Zelaietaburuko informazio panela. Guretzat, panel hori, material eta lan baten ondorena baino zerbait gehiago da. Errepresioa, injustizia eta giza eskubideak errotik erautsi zizkieten borrokalari eta herritarren eskubideen defentsa eta haien duintasunaren aldarria da. Izan ere, panelak, memoria ariketa kolektibo baten aletxoa izan nahi du, kolektibo den heinean, guztioi baitagokigu memoria izatea, eta berau iraunaraztea.
Esta entrada fue publicada en Etxebarria, Frentea-posizioak, Hildakoak-zaurituak, Orokorra, San Migel y etiquetada como etxebarria, Zelaietaburu.
Hiruren azkena
Jose Mari San Martin (Soarte baserria, 1925) eta Pilar San Martin (Soarte baserria,1927) gerra frontea igaro berri igo ziren Zelaietaburura aitonarekin. Hark aipatzen zien nola «hor gizonak daude hobiratuta, ez gerturatu». Mariano Retolaza Larreategik (1898-1970) berriz, lurperatu orduko ikusi zituen hilotzak Zelaietaburuko lubakian, errenkadan. 1955 inguruan kontatuko zien Inazio eta Santiago semeei, Iruiturritik: «han, harkaitz haiek dauden tokian, hiru hildako ikusi nituen (…)».
Elgoibarren, 1936ko altxamenduaren eta ondorengo gerrak utzitako biktimentzako Duintasunaren Kolunbarioan hobiratu ziren
Zelaietaburuko hiru gudariak eta beste 21 burkide. Lemoan, Larrabetzun, Legution, Donostian, Galdamesen… eta beste herri batzuetan deshobiratutakoak atzoko 24ak. Ramon Portilla CNTko borrokalaria, Millan Zabala Donostiako Udaleko Gauzainen Kidegoko langilea, eta Nicolas Obregon Euzko Gudarosteko CNTren Sacco Wanzetti batailoiko kaboa izan ziren identifikatuta hobiratu ahal izan direnak; gainontzeko 21ak, ezezagunak.
Horregaitik, Etxebarriko udala, testiguak (Jose Mari San Martin, Ignazio Retolaza eta Santi Reotolaza) eta Ahaztuen Oroimena 1936
elkarteko kideen artean hobiratu genituen Zelaietaburuko hiru gudariak. Merezi duten moduan. Herritarren babesean, azken agurra jasoz.
Esta entrada fue publicada en Etxebarria, Hildakoak-zaurituak, Orokorra, San Migel, Testigantzak y etiquetada como ahaztuen oroimena, Aranzadi, CNT, Duintasunaren Kolunbarioa, Elgoibar, etxebarria, Galdames, Larrabetzu, Legutio, Lemoa, Millan Zabala, Nicolas Obregon, Ramon Portilla, Zelaietaburu.
Antsotegin argazki erakusketa martxan
Atzo, beste askotan bezala, Antsotegin mendizaletasuna eta historiak bat egin zuten. Oraingoan, Ahaztuen Oroimena 1936 eta Antsotegi Hotelak antolatutako erakusketaren inaugurazioan.
Lehenengo atalean, Zelaietaburuko lan eta deshobiraketen inguruko argazkiek, 2014-2016 artean, erresistentzia gunetik, memoria gunerako ibilbidea jasotzen dute.
Beste atalean, hoteleko jantoki nagusian, hainbat paneletan, 1936ko gerraren inguruko argazkiak jasotzen dituen argzki bilduma dago ikusgai.
Eskerrik asko Antsotegi hotelari eta nola ez, bertara etorritako guztiei!! Gogoratu, gabonak arte erakusketa irekita dago nahi duenarentzat!
Esta entrada fue publicada en Etxebarria y etiquetada como 1936, Antsotegi hotela, Argazki erakusketa, Zelaietaburu.
Munitibako eskolako umeak Zelaietaburuko erakusketan
Gaur Munitibarko eskolako umeak Zelaietaburuko memoria gunean egindako lanen erakusketan izan dira.
Bisitaren gidari, Pedro Olabarria «Txasio» irakasle ohia eta Zelaietaburuko lanetan parte hartu zuen Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteko kolaboratzailea.
Erakusketa ikusgai dago Munitibarko liburutegian 16:00tatik 20:00etara astean zehar, maiatzaren 12a arte.
Esta entrada fue publicada en Orokorra y etiquetada como erakusketa, Munitibar, Munitibarko bonbardaketa, Zelaietaburu.
Zelaietabururen memoria
Gaurkoarekin biribiltzen dira Zelaietaburuko lanak. Dokumentazioa, testigantzak, gerra eremuaren garbiketa lanak auzolanean eta deshobiraketen ondoren memoria gunea.
Ibilbide aberatsa bezain sakona. Ahazturatik hiru gorpuzki
n deshobiratu ziren iaz, hiru pertsona, hiru familia eta hiru bizitza faxismoari aurre eginez hautsiak. Hirurak inguru hauetan kolpeari aurre egin zieten guztien islada dira.
Haiei zor zaien memoria, eta erreparazioari ekarpena egin nahi izan diogu eta era berean, Zelaietaburuko 1936ko erresistentzia gunea balioan jarri eta memoriarako gune izaera eman diogu; egia kolektiboan bere lekua izan dezan Zelaietabururen memoriak.
Omenaldian, lubaki ondoan jarritako panela inauguratu dugu. Gaur da urte bete, lehen gorpuzkina deshobiratu zenetik eta bertan borrokatu zutenak omendu ditugu. Goizean, Markina-Xemeindik gerturatu dira Etxebarrira eta handik, gerra frontean zehar oinezko bidea egin da Zelaietaburuko omenaldira; ibilbideak beheranzko bidea jarraitu du ostean, Etxebarriko udaletxean jarri dugun Zelaietaburuko argazki erakusketan geldialdia eginez. Ikusgai egongo da hilabete honetan.
Esta entrada fue publicada en Etxebarria, Frentea-posizioak, Hildakoak-zaurituak y etiquetada como 1936, Aranzadi, etxebarria, Zelaietaburu.
Zelaietaburu, memoria gunea, omenaldia eta erakusketa
Urte bete igaroko da martxoaren 5ean Zelaietaburun Aranzadirekin batera lehen deshobiraketa burutu genuenetik. Data hau aitzakia hartuta omenaldia burutuko da datorren igandean, martxoaren 5ean 12:00etan.
Zelaietaburuko erresistentzia gunea berreskuratzeko egindako lanek emaitza ugari eman dituzte. Testigantzek eta dokumentu ezberdinek aipatzen dutena jasota, gudari eta milizianoek 1936ko irailaren azken egunetan muino honetatik ere faxistei aurre egin zietela uler daiteke.
Egun batzuetan baino ezin izan zuten eutsi eta berehala, Zelaietaburu faxistek okupatu zuten. Gudari eta milizianoek erabilitako lubakian, hiru gorpuzkin deshobiratu ziren (2016ko martxoan eta apirilean) baina zoritxarrez ezin izan dira identifikatu, nortzuk diren jakin. Hiru hilketa hauek noiz gertatu ziren ezin izan dugu argitu baina hipotesi nagusia 1937ko apirilean milizianoek egindako ofentsiba batean, faxisten lerroa gainditu eta erail zituztela uste da.
Gertaera guzti hauek jaso eta osatu ondoren, Zelaietaburuko erresistentzia gunea berreskuratu eta memoria gunera igarotzea garrantzitsutzat jo genuen. Orain, azken pausu honekin, Zelaietaburuko ibilbidea biribilduko dugu datorren igandean. Bertan geratutakoa jasota geratu dadin eta bertara doazenek han gertatutakoa errazago ulertzeko aukera izan dezaten panel informatibo bat inauguratuko da datorren igandeko omenaldiarekin batera.
Gogoratu, nahi izan ezkero, oinezko ibilbidea antolatu dugula Artibai Mendigoizale Taldea eta ETX kultur elkartearekin batera, gerra frontean zehar (3 ordu Zelaietaburura) 12:00etan omenaldia eta 2 ordu beherantz Etxebarrira.
Bestetik, guzti hau jasotzen duen argazki erakusketa ikusgai jarriko dugu, martxoaren 5etik apirilaren 2ra bitartean Etxebarriko udaletxean. Astean zehar 9:00-14:00etara eta asteburuetan 16:30etatik 18:30etara.
Esta entrada fue publicada en Etxebarria y etiquetada como 1936, ahaztuen oroimena, etxebarria, memoria historikoa, UGT, Urkaregi, Zelaietaburu.
Esta entrada fue publicada en Etxebarria, Frentea-posizioak, Hildakoak-zaurituak, Orokorra y etiquetada como 1936, 1937, etxebarria, flechas negras, gerra zibila, gudari, hildakoak, Hobia, miliziano, Zelaietaburu.
Zelaietaburun gudari baten gorpuzkinak berreskuratu ziren atzo
Atzo Zelaiteburun, Etxebarrian, gudari baten gorpuzkinak berreskuratu ahal izan ziren Aranzadi Zientzia elkartearekin batera egindako lanetan. Ingurune hau garbitzen jardun genuen lehenengo, Ahaztuen Oroimen 1936 elkarteko kideak herritarren laguntzaz, ingurua ezagutu eta gertatutakoa argitu nahian.
Zelaietaburun, eta inguruko tontorretan 1936ko irailaren azken egunetan hartu zituzten posizioak borrokalari antrifrankistek, Elgoibar inguruetatik sartzen ari ziren faxisten aurka. Erresistentzia antifaxistak eutsi arren faxistak irailaren 25 iluntzean iritsi ziren San Migel gaina hartzera, eta 1936ko irailaren bukaerarako sartu ziren Zelaietaburun, Urkaregin eta Kalamuan.
Asko izan ziren demokraziaren eta askatasunaren alde borrokatu zutenak, eta askok galdu zuten bizia. Hainbat testigantzek, Zelaietaburun gertatutakoa ulertzen eta argitzen lagundu digute, eta kasu honetan, batez ere Soarte baserriko Pilar eta Jose Mari neba arrebek.
Ez da batere ohikoa gudari hau bezala lubakietan lurperatuak aurkitzea. Atzo berreskuratutako gorpuzkinak zoritxarrez egoera txarrean daude, orain Aranzadiko kideek agertutakoa jaso eta aztertu egingo dute. Hala ere, gorpuzkinen artean hortz orde bat agertu zen, eta bala zorro edo munizio kantitate handia.
Gain hau, 1936ko iraileko gertaeren ondoren frankisten kokapena izan zen hurrengo hilabeteetan, gerra frontea egonkor mantendu zenean. 1937ko apirilean, miliziano eta gudariek azken eraso bat buru zuten lerro hori apurtu eta etsaiari aurre egiteko. Inguru hauetaraino sartzea lortu zuten, frankisten lerroak gainditu eta sartzea, horregatik baliteke borrokaldi horrek, lubaki honetan lurperatutako gorpuzkinekin lotura izatea. Ikerketak aurrera jarraitu arren, haien duintasuna, haien memoria gure historia da.
Luis Ortiz Alfau, Izquierda Republicanako miliziano ohia Zelaietaburuko lubaki honetan egiten ari ziren lanetara etorri zen. 100 urte urrian beteko ditu eta hainbat frentetan borrokatu zuen gerra garaian. Agertutako gorpuzkinei egin zitzaien lore eskaintzan parte hartu zuen.
Atzokoan, herritar asko hurbildu ziren Zelaietaburura. Hobitik ateratzeko lanetan Elgoibar 1936, Aranzadi, Etxebarriko udaleko alkatea eta zinegotziez gain, Josu Erkoreka, Monika Hernando, Julen Arzuaga eta Arnaldo Otegi ere beran egon ziren.
Esta entrada fue publicada en Etxebarria, Frentea-posizioak, Hildakoak-zaurituak, Orokorra y etiquetada como 1936, 1937, ahaztuen oroimena, Aranzadi ZIentzia Elkartea, frankismoa, Frentea-posizioak, gerra zibila, gudari, memoria, Miliciano, Zelaietaburu.