MX-3 Iturreta. Baldaburuko bigarren guda lerroko memoria ibilbidea
2020. urtean Zapola inguruko bigarren guda lerroko defentsa eraikinen eta hauek egiteko zabaldutako bideetatik zehar “MX- Markina-Xemeingo bigarren guda lerroko memoria ibilbidea” prestatu eta aurkeztu bagenuen, aurten, defentsarako bigarren guda lerro berberean, Iturretako Baldaburu inguruan eraikitako instalazioetatik zehar doan “MX-3 Iturreta. Baldaburuko bigarren guda lerroko memoria ibilbidea” aurkeztuko dizuegu.

“Tokiko Ibilbide” berri honen irteera Iturretako ermita ondoko plazan kokatzen badugu, Baldakotxuntxurrarako bidean PR BI-24 ibilbidearekin bat egiten du, eta ibilbide ertain honen aldaera bat izan daiteke.
Ibilbidea erraza da, 75 minutu inguruko iraupena du eta umeekin egiteko aproposa da. Hemen duzue ibilbidea ezagutzeko Wikiloc lotura.
Hitzaldi baten bitartez Memoria Ibilbide honen aurkezpena ekainaren 5ean, 18:30etan, Uhagon kultur guneko lehen solairuan egingo dugu.
Ibilbide honekin lotuta, hitzaldi honetan, Baldaburuko gotorlekuetan burutuko dugun esku hartze arkeologikoaren berri ere emango dizuegu.
2021eko ekaineko azken bi asteburuetan, EHUko Josu Santamarina arkeologoaren gidaritzapean eta unibertsitateko ikasle talde baten partehartzearekin, Balda 1 eta Balda 2 gotorlekuen esku hartze arkeologikoa burutuko dugu.
Arkeologia eta ondarearen kudeaketan ohikoak diren protokoloak eta metodologiak erabiliaz, prospekzio intentsiboa egin, planimetria zehatza marraztu, zundaketa arkeologikoak egin, dokumentazio fotogrametrikoa sortu, aurkitutako materialen laborategiko lanketa burutu, aurkitutako objetuak Bizkaiko Arkeologi Museora bideratu eta Memoria Arkeologikoaren idazkera, tramitazioa eta dibulgazioa helburu izango duen goi-mailako esku-hartze arkeologikoa aurkeztuko dizuegu.
Aurkezpen-hitzaldiaren esku-hartze arkeologikoaren atal hau Josu Santamarina berak azalduko digu, lanen asmoak eta nondik-norakoak ezagutzeko aukera aparta izago dugu horrela.

Gainera, ekainaren 27an, esku-hartze arkeologikoaren azken egunean, bisita gidatu bat zuzenduko dugu Memoria Ibilbidean zehar, memoria ibilbideaz gozatu, esku-hartze arkeologiko lanak ezagutu, lanen zuzendariaren azalpenak entzun eta galderak eginez, jakinminak asetzeko aukera izango dugu. Ibilbide gidatu honen zehaztapenak ere aurkezpen-hitzaldi honetan emango ditugu.
Zapolako defentsa eraikinen zehar doan ibilbidea eta inguruko natura baliabideak ezagutarazteko asmoarekin prestatu dugun bideo txukun baten aurkezpena ere hitzaldi honetan egingo dugu.
Ekainaren 5eko aurkezpenak aforo mugatua izango duenez, gonbidapenak aurrez hartu behar dira Markina-Xemeingo Udaletxearen harrerako kutxazainean, gonbidapenak maiatzaren 31tik aurrera jaso daitezke.