Ziortza-Bolibar

Ziortza-Bolibarren erakusketa

Posted on Actualizado enn

Ziortza-Bolibarren egon gara; Zelaietaburu eta 1936ko gerraren testuinguruko argazki ezberdinekin osatutako erakusketari amaiera ematen. Uztailean irekiera eman genion Simon Bolivar museoan eta gaur arte bistari ezberdinak hartu ditu: herritarrak, erromesak… Memoriak bizirik dirau, horren erakusle gaur bisitaldian jasotako sorpresa polita: Antonio Perez Gollo (Jaen, 1912- 2003) miliziano andaluziarraren gerra garaiko argazkiak haren iloba Minerva Sierra markinarraren eskutik. Eskerrik asko horrelako keinuak zein erakusketa antolatzeko aukera eman diguzien guztioi, bereziki Ziortza-Bolibarko udalari, Simon Bolivar museoari eta erakusketara gerturatutako guztiei

Simón Bolivarren jaiotzaren 238. urteurrena

Posted on Actualizado enn

Ziortza-Bolibarren, erakusgai jarri dugu argazki historikoekin osatutako erakusketa. Atzo, Simón Bolibarren 238.jaiotzaren urteurrenaren inguruan antolatutako ekitaldietan parte hartu genuen. Simón Bolivar museoan, Zelaietaburu (Etxebarria) gainean 2015ean aurrera eramandako hiru gudariren deshobiraketa biltzen duen erakusketa aurkeztu genuen bertaratutakoen aurrean eta museoan hurrengo asteetan ikusgai egongo dena ondoren; argazki historikoz osatua (gudariak, gerraren kalteak eraikinetan, hildakoak, errepresaliatuak eta faxisten zenbait argazki ere ikusgain daude).

Era berean, atzoko ekitaldiekin bat egin eta hemen zein han, lehen zein oraingo altxamendu eta kolpe militarren aurka eta errepresaliatutako herriekiko zein herritarrekiko elkartasuna adierazi nahi dugu; memoria kolektiborako bidean eta justizia trantsizional baten beharraren babespean.

1937ko apirilaren 25etik 27ra: Bonbardaketak eta frontearen haustura

Posted on Actualizado enn


1937ko apirilaren azken egunetan, matxinatuen ofentsibak egun erabakigarriak markatu zituen, eta ordutik, gure memorian zein egutegietan azpimarratuak ditugu. Aurreko asteetan hasitako ofentsibarekin jarraituz (eta hilabeteetan fronte egonkortuan bezala), ezin izan zuten matxinatuak Bizkaian sartzea ekidin miliiziano eta gudariek. Egun hauen ezaugarria lurrez eta airez modu bateratuan jardun ondorengo herritarren aurkako eraso bortitza izan daiteke. Ezin esan ia urte betean bizitzen ari zirena, Lea-Artibaiko herritarrentzat ere gozoa zenik, baina 1937ko apirilaren azken egunetan, batez ere faxisten aire baliabideen nagusitasunak txikizio eta kalte material zein pertsonal ugari eragin zituen.

Bideo honetan, lau testigantza bildu ditugu, lau begirada hiru egun biltzeko. Memoria kolektiboa osatzen duten norbanakoaren bizipen eta begiradatik, bizitako hartatik, gaur egunean sentitzen duten moduan. 1937ko apirilaren 25 arratsaldean, Ziortza-Bolibarren, Luzar baserri inguruetako bonbardaketaren pasartea kontatzen du Nikasio Arriolak, eta biharamunean, apirilaren 26an, Munitibarren aurkako goizeko aire erasoa Rufina Abaituak. Egun hartako arratsaldekoa, Gernikako erasoa ezagunagoa da, baina Inma Bilbaoren kontakizunaren xehetasunak, esanguratsuak dira, gertaera haiek bizi eta 80 urtera jasotako testigantzan. Azkenik, Josefa Espillak, Beide baserrian (Etxebarria), gudarien erretirara eta gudarien ebakuazioa bizi izan zituen gauean. Biharamuenan, 27 goizean, sartuko zen faxisten zutabe bat, Urkaregi-Kalamuatik, Etxebarrira, handik Markina-Xemein sartzeko.