EAJ-PNV
Herritarrak eta bi gudarien senideak gaur Barinagan, gazte haien omenez

Gaur eguerdian, elizpean. 1936ko azaroaren 22an bezala. Timoteo Arrastoa Arozena (1920-Altza, Gipuzkoa) eta Bitor Urretabizkaia Urruzolaren (1918-Tolosa, Gipuzkoa) hil ondorengo agurrean ez ziren bakarrik egon. Haien kideek eraman zituzten andan. Gaur eguerdian, orduan ez bezala, bi gudari gazteen senideek, gudari haien kideek hildako gazteekin egin bezala, herritarren berotasuna jaso ahal izan dute.
Lenago Il batailoko gudariak ziren hil zirenean. Oso gazteak biak; 1936ko azaroaren 21ean, Maxean zehar, errekonozimenduan ziardutela, zauritu eta hil ziren. Biharamunean hobiratu ziutzten barinagako hilerrian.
250 gudari ingururekin joan zen frontera, Lenago Il batoilia; 1936 urrian Max inguruko posizioetan zegoen. Hasieran, batailoi honek bi konpainia zituen, gerora, sendotuz joan zen lau konpainia izateraino. 500etik gora gudari izango zituen hurengo hilabeteetan. Aipatu behar da, 4. konpainia sortu zutenean, Urretabizkaia izena jarri ziotela konpainiari, Maxen hildako Bitor Urretabizkaiaren omenez.
Gudari asko hil ziren fronteak iraun zuen 7 hilabetetan. Ez zituzten baina Barinagan hobiratu, aipatu bi gudariak soilik lurperatu zituzten barinagako hilerrian.
Hileta haretako bost argazki atera zituzten, Eskoletxe aurretik kanposantura bidean; ezagunak ziren argazkiok baina ezezagunak argazki horietako protagonistak. Bildutako informazioak (testigantzak, dokumentauak, albisteak…) argazki hauek, bi gudari gazteen historiarekin lotu eta haien pasartea borobiltzen lagundu digu ahanzturan gal ez daiten.
Gaurko argazki bilduma lotura honetan aurkituko duzue.
Esta entrada fue publicada en Barinaga, Hildakoak-zaurituak y etiquetada como 1936, ahaztuen oroimena, barinaga, Bitor Urretabizkaia Urruzola, EAJ-PNV, gudari, Jagi-Jagi, Lenago Il, MarkinaXemein, Timoteo Arrastoa Arozena.
Testigantza: Sabas Barrenetxea Urkiola, Elantxobeko gudaria
Gazte hasi zen itsasoko lanetan, 15 urteekin Saturno merkataritza-ontziko tripulazioko partaide zen. Gerra garaian defentsarako artilleriaz ekipatu zuten Saturno eta portu zein nabigazio blokeo garaian, faxisten itsas-armada saihestuz, hiru aldiz lortu zuten Bilbora jakiak eta tresnak sartzea; esaterako Rotterdametik (Herbehereak)
Bere gurasoak, aita Elantxobekoa (Bizkaia) eta ama Elosukoa (Araba) ziren. Aita igeltseroa izaki Otxandioko sektore baten fortifikazio lanetako arduraduna izan zen, gerora faxistek kartzelaratu zuten Puerto de Santa Mariako kartzelara (Cadiz).
Itsas gizona izaki, Santoñako portutik euskal gudariak ateratzeko saiakeretan inplikatu zen eta Eusko Jaurlaritzak kontratatutako Thornhope ontzi ingeleseko tripulazioa desagertu ondoren, beste boluntario batzuekin batera, ontziaren agintea hartu zuten. Bidai hoietako batean, Santoñatik 6 miliatara zeundela faxisten “Canarias” akorazatuak aurrera egitea galarazi zieten baina ez zitzaien ezer gertatu itsas jakituriaz burututako maniobrei esker. Aurrerago antzeko gertaera bat izan zuten Gijoneko purtuan.
Gudarien ebakuazioaz ezeze, Errusiatik Arroxelara (La Rochelle) bidaiak egiten zituen Errepublikarentzat kamioiak ekartzen. Gero, Iparreko frentea erori zenean Saturno ontzia konfiskatu zuten eta tripulazioko lagun zuen galiziar batekin batera Bartzelonara joan zen, boluntario, bertan kokatuta zegoen Eusko Jaurlaritzaren aginduetara aritzeko.
Itsasoko Karabineroetan sartu eta Ebroko batailan, 1938an, errekatik igoz, Zaragozako basilika ikustera iritsi zen. Kataluniaren erorketaren ondoren ihesean istripu larri bat izan zuten Rosesko itsasertzean.
Argeles Sur Mer hondartzako kontzentrazio-esparruan, 1939an sortu zutenean, Eusko Jaurlaritzak bidalitako material eta langileekin egindako barrakoietan egon ziren euskaldun taldeko kidea izan zen, ondoren Gurseko errefuxiatuentzako kontzentrazio-esparrura eraman zuten.
Espainiako gerra bukatu eta II. Mundu Gerra hasi zenean etxera libre itzultzeko aukera eman ziotela uste zuen, trenean sartu zituzten eta Irunen muga gainditu bezain laster atxilotu eta Deustuko Unibertsitatean kokatuta zegoen kartzelan denboraldi bat egin ondoren, Ferroleko kartzelara eraman zuten, bertan epaitu eta 1941.arte preso egon zen.
Elantxobera itzulita merkataritza-ontzietan nabigatzen jarraitu zuen, emaztearen familiako ontzira etorri eta handik aurrerako lan-bizitza osoa arrantzan egin zuen. Elantxobeko portuaren, arrantzaren eta itsas bizitzaren gertaerak eta bilakaera barne-barnetik deskribatu zizkigun.
Esta entrada fue publicada en Orokorra, Testigantzak y etiquetada como ahaztuen oroimena, Argelès-sur-Mer, Carabineros de Mar, EAE-ANV, EAJ-PNV, ELantxobe, gerra zibila, Gurs, Itsas Karabineroak, memoria, Sabas Barrenetxea, testigantzak.