Batallon de Trabajadores

Luis Ortiz Alfau tertulian gertatutakoa kontatzearen garrantziaz: hitzaldia ikusgai

Posted on Actualizado enn

Bere testigantza jaso ondoren, Luis Ortiz Alfauri gonbidapena luzatu genion. Inongo zalantza izpirik gabe baietza eman zuen: hemen nauzue behar duzuenerako.

Udazkenean 100 urte beteko ditu Luisek eta aurreko astean, Uhagonen tertulian ikusi ahal izan zen moduan pertsona kementsua, osasuntsua  indartsua eta umoretsua da. Gogoz etorri zen, iritsi bezain laister enkargu bat eman zigun: esan denei etortzeko, bizitzaren azken txanpa honetan dena kontatu nahi dut.

Anitxuko Jose Larruskainen senideekin hizketan
P1250299_250
Jose Larruskain Xemeindarra. Capitan Casero, Izquierda Republicanako milizianoa

Eta horrela egin zuen, aurkezpenetarako tarterik utzi gabe, barruan zuen guztia kontatu nahi zuen, eta bere bizitzaren hainbat pasarte kontatu zituen. Memoria pribilegiatuak detaile txikienak ere gogorarazi zituen, latzak batzuk: gerra fronteak, batailoi kideak, Gernikako bonbardaketa, Gurs, gosea, espetxea, torturak eta azkenik Langile Batailoi Disziplinarioa.

Hala ere, bizitzaren unerik gogorrenetariko bat ondoren etorri zitzaion. Hain zuzen frankismoan, desafecto bezala izendatu baitzuten erregimenaren aldekoek, errepublikar baten semea izan eta Izquierda Republicanako batailoian izena eman eta borrokatzeagatik.

Une bereziak izan ziren tertulian, bertan izan baitziren Luisekin batera, Capitan Casero batailoiko kide izandakoen bi familia kide. Hoietako bat, Xemeindarra zen, Luisen arabera, gogoan du Larruskain abizena, eta nola inoiz bata bestearen aldamenean lo egitea nola egokitu zitzaien ere kontatu zuen. Jose Larruskain, Anitxukoa zen eta tertulian parte hartu zuten bere senideek.

Capitan Casero, Izqierda Republicanako komandante zen Gonzalo Pereiroren bilobarekin hizketan hitzaldiaren ondoren

Gonzalo Pereiro Capitan Casero batailoiko komandantea zen. Lehen lerroko erretaguardian zegoela, bala galdu batek Gonzalo Pereiro Fernandez batailoiko komandantea hil zuen. Gonzalo Pereiro Ondarroako irakaslea izan zen, IRO (Izquierda Republicana Ondarresa) elkarte politikoaren lehendakaria eta Centro Republicanoko ordezkaria Ondarroako Errepublikaren Defentsarako Batzordean eta honen anaia batailoi bereko ofiziala izan zen. Ilusioa nabarmena zen bien aupegietan; bai Alfredo Pereirorentzat, zein Luisentzat una berezia izan zen. Tertuliak aukera eman zien komandantearen inguruan jarduteko baina ordu bete ez da nahikoa.

Hizketaldi oso interesgarria eskaini zuen Luisek, baina horrela egin zuten bertaratu eta galderak egin zituzten herritarrek ere. Ekitaldian nabari zen bertaratutakoen parte hartzeko gogoa, jakin mina asetzeko galderak egin zizkioten Luisi eta hark gustora erantzun.
Esker oneko hitzak izan zituen haientzat, eta baita memoria historikoa garatuz bere ekarpena egiten duten elkarte eta instituzio zein kazetarientzat.

Antonio Izaguirre Perón, Avellaneda Bataioliko gudaria (Akarregin)

Posted on Actualizado enn


Antonio Izaguirre Perón, Gueñesen zegoela Eusko Jaurlaritzak 34ko kintoak deitu zuen frentera borrokatzera. Ordurako bere anaia nagusia boluntario gisa lehen unetik lehen lerroan zen eta Antoniok ere bide bera hartu zuen. Gueñesko udalean elkartu eta Avellaneda batailoia sortu zuten, bere 4 konpainiekin.
Orduan hasi zen bere ibilbidea, eta 1936ko azaroan, Akarregi izan zuen bere lehen destinoa. Markinaldeko frentean izan zen udazken hartan, Enkarterrietako gaztez osatutako balailoiak, inguru hauek defendatu zituen. 4.konpainian borrrokatu zuen, Akarregiko inguruak defendatzen jardun zuen Larrea kapitain ausartarekin batera; enkarterrietako abertzale gazteak ziren.

1937ko urtarrilaren 13an, Arana Goiri batailoiko Gorbea konpainiak ordezkatu zituen Akarregin eta berriz Gueñesera bueltatu ziren.

Otxandio izan zuten hurrengo helmuga, han bizi izan zuen Antoniok gerrako unerik latzena. Martxoaren 31an, Marotoko borrokan, tropa faxistek izugarrizko erasoa burutu zuten, 56hegazkin italiarren lagutzarekin, 200 hildako inguru utzi zituen, 200 gudari gazte. Gaur egun ere, 100 urte bete berri eta gerra garaietatik 75 urte pasa bazaizkio ere, borrokaldi honetan pentsatzeak beldurra eta hotzikara sortzen dio.

Berriz Gueñesera erretiratzea egokitu zitzaien, eta frentea gero eta atzerako ezartzen ari ziren faxistek aurkakoak, hauek berriz gero eta aurrerago zetozen. Avellanedakoek, Jarintoko posizioak defendatu zituzten orduan, 1937ko apirilaren lehen astetan.

Ez zen etxeko bakarra izan faxisten aurka jardun zuena. Familia abertzalea zen, Batzokiarekin atxikimendua zuten gerra aurretan eta gerra hasi eta berehala anaia nagusia boluntario joan zen Eusko Jaurlaritzak kintadak frentera deitzen hasi baino lehen. Beste anai gaztea ere, kintadak jaso zuen, bera bezela. Halabaina, txikienari, frankistekin borrokatzea egokitu zitzaion; hiru anai batailoi abertzaleetan eta txikiena frankistek eramanda. Egoera hau bizi ezin eta sufrienduz hil omen zen beraien aita “aita guk hil genuen, gu guztiok gerran egoteak hil zuen, sufrimenduak”.

Gerra, gogorra egin zitzaion, eta ez du berriro horrelakorik nahi, “gerra sortzen duenak egin beza berak gerra!” kontatzen digu.

Baina ondorengoa ere gogorra izan zen, Bilboko Larrinagako kartzelan sartu zuten faxistek eta handik Iruñara eraman zuten.

Han, Ciudadela delakoan, boluntario joan zen anaiarekin batera deklaratu behar izan zuten. Floren anaia, boluntario izateagatik Batallon de Trabajadores-etara bidali zuten eta Antonio berriz Gasteizko Artilerriako kuartelera faxistekin borrokatzera behartua. Gerrak aurrera jarraitzen zuen, eta Antoniok Gasteizko Artilleriakoekin borrokatu behar izan zuen, miliziano eta antifaxisten aurka, Teruelen eta beste hainbat lekutan 1939ko San Pedroak arte.

Behin, gerra bukatu eta faxistek beraiekin egotera behartzea bukatutakoan berriro bueltatu zen Bizkaira. Cuadran ezkondu zen eta han bizi da egun, 100 urte bete berri, bizitzeko gogoz eta umore oso onez.