Larruskain

Testigantza: Juan Kaltzakorta Sololuze

Posted on Actualizado enn

Juan Kaltzakorta Sololuze, testigantzaren unean, 2017an.

Juan Kaltzakorta Sololuze, Xemeingo Larruskain auzoan, Egurrola baserrian jaio zen. 7 urte zituen gerra iritsi zenean; Egurrolan bertan harrapatu zuen bere familiarekin batera. Miliziano eta gudarien lehen mugimenduak etxe inguruan bizi izan zituen. Bere testigantzan kontatzen duen moduan, Etxebarriko Gandixa Errota baserriko Felix Urkidi, miliziano jantzita Egurrolara etortzen gogoratzen da. Garai hartatik aurrera, tiro hotsa eta kainoikadak ugaritu egin ziren; frankistek inguruko posizioak finkatu eta frontea egonkortu zenean.

Kamioi blindatuetan etortzen ziren milizianoak Egurrolara. Janaria hartu eta joaten ziren. Ezin giro horretan bizi eta ebakuatu egin behar izan zuten. Markinara joan ziren eta han igaro zituzten fronteak iraun zituen hilabeteak, 1937ko apirilaren 26 arteko egunak. Olabarriren etxean, pisuan hartu zuten babes. Markinako alde zaharreko kanpai torrearen azpian zegoen babeslekuan gordetzen ziren, arriskuaren kanpaiak entzuten zituztenean; behin, gu bizi ginen etxea eta Joxe Alderen taberna, bizardegiaren tartean sartu zen obus bat, baina ez zuen eztandarik egin,  «orduko bonbek baina, ez zuten beti eztanda egiten, bestela, Markina apurtuta utziko zuten».

1937ko apirilaren 26an, miliziano eta gudariak erretaguardiara atzeratu zirenean, Bilborantz zihoazela, faxistak aurrez aurre aurkituko zituztenaren berria jaso zuten, horregatik, desbideratu egin behar izan ziren.
Egurrolara bueltan, apurtuta, erreta aurkitu zuten etxea, ez zen izan bakarra ordea. Olazar ere erre egin zuten, hura mendekuz erre zuten faxistek. Olazarko Julian Etxaniz, Itxas-Alde batailoian kapitaina izan zen, eta lehen mugimenduetan, Larruskaingo «Manuel Larruskain» atxilotzen ahalegindu zen. Gertaera honengatik eta bere pentsakera politikoagatik, mendekua izan zen Olazar erretzea.
80 urtetik gora igaro arren, Juanek testigantzan kontatu duen moduan, gogoan du oraindik orain, bere anaia frontera nola joan zen. Memoria, bizipenen kabi bizia den erakusle.

Jose Sagarna eta Fusilatuei omenaldia 75.urteurrenean

Posted on Actualizado enn

Jose Sagarna Uriarte, 1911ko azaroan jaio zen eta 1936an, urriaren 20an afusilatu zuten faxistek Amulategiko soloan. Molina komandantea zen garai horretan, frenteko inguru horretan aginte postuko agintaria. Faxistak, urriaren lehenengo domekan sartu ziren Amulatei eta Mandiolararte eta hango inguruetan finkatu ziren zazpi hilabetez.

Jose Sagarna, 24 urte zituela, abade egin barri, abade gaztea Xemeinera (Larruskainera eta Amallora) destinatu zuten, geroago Berritatuko ardura ere izango zuena. Salaketa faltsuekin edo inungo oinarririk gabeko salaketa edo akusazio baten ondoren, Larruskaingo Manuel Larruskainek gerra egitera etorritako faxistei aitzen eman zien Sagarnaren kontra zituen barruko egonezin pertsonalak.

Gauzak honela, Jose Sagarna Amillagarai goikoan atxilotu zuten, begiak zapi batez estali eta Larruskaingo elizan giltzapetuta eduki ondoren atxilotuta eraman zuten. Bidean, Amulatein, eskuak lotzeko «molla soka» eskatu zieten bertakoei eta ondoren Mandiolara eraman zuten. Mandiolako kortan sartu zuten gau batez, bertan eduki zuten eta nonbait errukituta, Periko Mandiolak, (beti Manuelekin zebilen) lotarako mantaren bat eta janari beroa eman zion. Biharamuenan, Jose Sagarnak azken eskari gisa, Larruskaingo eliza ikusten zan leku batera eraman zezatela eskatu zuen. Horrela, 1936ko urriaren 20an, goizean goiz, hil egin zuten.

Gaur, 75 urte geroago, ekitaldi xume batez hau guztia gogoratu nahi izan dugu. Hurbildutakoei agurra egin eta txalaparta soinuekin bildu gara, Jose Sagarna afusilatu zuten lekuan bertan. Gaurkoan azpimarratu nahi izan dugu, Jose Sagarnak eta gerra zibilean beste askok bezala inungo defentsa eskubiderik, galderarik barik, abogaturik barik… hil zituztela, eta kasu batzuetan pentsakera ezberdinagaitik izan bazitekeen beste batzuetan (Jose Sagarnarena adibidez), ezer egin barik.

Afusilaketa honek, inguruetan eragin haundia izan zuen, beraien abadea, gaztea eta estimatua hil zieten eta gaur, 75 urte geroago sentimenduak bizi bizi ikusi  dugu bertakoen begi eta aurpegietan. Jose Sagarna Zeanurikoa zen, baina Markina, Etxebarria eta Bolibartarrak ziren herritarrak ere afusilatu zituzten:

  1. Hilario Aretxabaleta Arriola (Markina)
  2. Bonifacio Egurrola Kalzakorta (Ziortza)
  3. Juan Loiola Izagirre (Xemein)
  4. Anbrosio Mallukiza Albaolea (Markina)
  5. Celestino Onaindia Zuloaga
  6. Jose Ignacio Peñagaricano Solozabal (Etxebarria)
  7. Jeronimo Sanchez Pesado (Markina)
  8. Ramon Zuazo Otalora (Ziortza)

 

Oroimen historikoa lantzerakoan, azpimarratzekoa da, Amulategin, Amillagarin edo inguruko baserrietan eta baita Sagarnatarren etxean garaiko beldurrak, umilazioak etab sufritu arren gertaera basati hau transmititzeko izan duten gaitasuna. Fusilaketa hau, auzotarrek ez dute inoiz ahaztu, eta gaur, Amulategiko ekitaldian elkartu den jendetza horren isla da.

Gaur bertara etorri dira, auzoetako herritarretaz gain Sagarnaren familiako kide asko, bere arreba Vicenta Sagarna, hainbat iloba, Markina-Xemeingo eta Etxebarriko hainbat zinegotzi, Markina-Xemeingo alkatea, eta herritar ugari. Guztiei eskertu nahi diegu bertara etorri izana baina bereziki hau antolatzen eta borobiltzen lagundu diguten guztiei: txistulariak, dantzariak, Alpino mendigoizale taldeari, Bertsolariak… era batera edo bestera bere apurra eskaini duten guztiei. Eskerrik asko.

ARGAZKI GEHIAGO LOTURA HONETAN

Juana Etxaniz Barruetabeña

Posted on Actualizado enn

Juana Etxaniz Olazarren jaio zen, 1929an. Gerra garaian, Ziortza-Bolibarren babestu ziren lehenik eta gero Amalloko Zamora baserrian, bere amaren etxean. Bere osaba, Itxas-Alde batailoiko kapitaina izan zen, hau dela eta errekete eta karlistek, Olazarko etxea erre eta bertako gauza guztiak bahitu zizkieten.