San Andres

1936ko errefuxiatuak, bizileku hobe baten bila Errotabarrin (Etxebarria)

Posted on Actualizado enn

Koro Munduate Gastesi (1940, Alegia,Gipuzkoa) Villabonan, 2017ko abuztuaren 3an egindako elkarrizketan

Filomena Gastesi Zaldunbere eta Angel Munduate Urdanpiletak, familia bat osatu zuten. Alegiakoak ziren eta han, gerrak harrapatu eta nonbaitera jo behar izan zuten. (Ikusi bideoa hemen)

Angelen aita, Mikeletea zen eta lan destinoaren ondorioz, seme alaba bakoitza, leku batean jaioa da. Kasu honetan, Angel Munduate, Oñatin jaio zen, 1910ean. Filomena berriz Tolosarra zen; gaitzak jota, gurasoak hil eta umezutz geratu ziren; horregatik, neba arrebak sakabanatu egin zituzten, Gastesitarrek hartu zituzten, Filomena beraz, Alegian bizi izan zen.

Filomena eta Angelek, Alegian osatu zuten familia: Angel, paper fabrikako langilea zen (lehenengo Alegian zegoen, gero Tolosara eramango zuten paper fabrika) eta amak etxeko ardura eta beharrak aurrera eramaten egiten zuen lan. Ezkondu eta seme bat ere izan zuten, Pedro, zein urte beterekin hil egin zen (1934 edo 1935ean) Alegian.

Paper fabrika itxita eta gerra Gipuzkoan barrena, Tolosaldera gerturatzen zela, herriko jaiak (karmenak) eta gero, Santiagoetan alde egin zuten herritik.  Elgoibarrera iritsi eta bikoteak, bakoitzak, ibilbide bat hartu behar izan zuen.

Angel Munduate, frontera deitu eta eraman egin zuten, Kalamuako faxistei aurre egiten ibiliko zen geroago, STVko San Andres batailoi abertzalean. Filomena berriz, haurdun ordurako, Elgobartik, Etxebarriako Errotabarri baserrian errefuxiatu zen.

Pentsa daiteke, Elgoibarren, azoka egun batean ezagutu zuela Josefa Baskaran (Errotabarrin ezkonduta zegoen, Patxi Arrietarekin, baina jaiotzez Illaispekoa zen, Barinagakoa). Ez dago argi nola baina horrela jaso edo gogoratzen du Koro Munduate Gastesik (Alegia, 1941), Angel eta Filomenaren alabak, eta horrela kontatu zigun bere testigantzan.

Errotabarri baserria. Altzaa auzoa (Etxebarria) 1980 inguran. (Argazkia: Asun Arrieta)

Angel, Max-Kalamuan borrokan eta Filomena Errotabarrin, ardura, eta egoerari, egunerokoari aurre egiten. Tartean, Filomenak, Bilbora bidaiarik ere egin zuen. Errotabarriko tribulixen Josefa Baskarani laguntzera joan zen egun batez. Izan ere, Illaispeko Francisco Bascaran (Markinako zinegotzia zen, Monarkikoa, Tradicionalista) Bilboko Angeles Custodiosos komentuan zegoen kartzelan eta Illaispeko morroia (Ramon Zuazo) berriz, Larrinagako kartzelan, Bilbon. Josefak gazteleraz ez zekiela eta, Filomenak egin zituen itzultzaile lanak bitartekoekin. Seguruena, neba bisitatzera joango zen Josefa, eta «atera nazazue hemendik» hitzak ondo gogoratzen ditu Korok, bere amak hori garbi kontatzen baitzuen.

1937ko urtarrilean jaio zen haien bigarren semea, Luis; Errotabarrin. Dirudienez, Angel Max-Kalamuatik jeitsi eta, haurra ezagutu ahal izan zuen, baina jaio eta bederatzi egunetara hil egin zen; 1937ko urtarrilaren 14an Errotabarrin. Korok, etxean entzun izan du, Luis, une horretan, gerraren ondorioz, frontean zegoen kutsaduraz, tetanos gaisotasunaz hil omen zela.

Bizileku hobeagoaren bila, anabasa eta gerratik ihesi egin arren, anabasak eta gerraren itzal beltzak hartua zuen, beste familia askorena bezala, Angel eta Filomenaren ibilbidea. Errefuxiatu, babestu baziren ere, ez zen baretu egonezina.

Etxebarriko hilerrian lurperatu zuten, umetxoa; gauez. Filomena, ama, Errotabarrin geratu zen. Umearen hil kutxatxoa, astoan eraman zuten, Errotabarritik hilerrira. Une horretan, bidean, tiroketa bat izan zen eta sakabanatu egin behar izan zuten. Baliteke bidean, argiren bat edo ikusi izana eta gertuko fronteko posizioetatik tirokatzea.

Filomenak baina, ez zuen etsi; familiarekin arduratuta, bi seme galduta (azkena ihesean) senarra galtzeren beldurraz eta arduraz, esku hartzea erabaki zuen. Berrogei egun oraindik igaro gabe, berak, eskura zituen baliabide eta aukerak baliatuz Angel, frontetik aldentzea zuen asmo.  Bazekien, Eusko Jaurlaritzako arduradunak, Bilbon, mezatara nora joaten ziren, eta nola Telesforo Monzonen emaztea (Maria Josefa Ganuza) ezagutzen zuen, zerbait egin behar zuela pentsatu zuen. Haiengana jo eta senarraren berri eman zion, Max-Kalamuako borroketatik alden zezan eskatuz.

Telesmoro Monzon, sortu berria zen Eusko Jaurlaritzako sailburua zen eta berari egokitu zitzaion, (Herri Zaintza sailaren arduraduna zenez gero) Ertzaña sortu eta antolatzea. Horrela, Filomenak eta Josefa Ganuzak hitz egindakoaren ondoren, Angel Munduate, Ertzañetara bidali zuten; Bilbora.

Frankistek Bilbo okupatzean, Soldadu Langileen Diziplina batailoietara behartu zuten. Cangas de Narceatik, Peñiscolarako bidea egin zuen, behartuta, tartean, neguan Terueltik igarota. Libre utzi zituztenean ahal zuten moduan itzuli zen Alegiara, 1939an, zorriz eta gainontzekoez kutsatuta.

Alegiako errefuxiatuak, Bilboko (Deustu, Gardoki kalean) etxe huts batean elkartu zituzten; horrela, Filomenak beste senide errefuxiatu batzuekin eta herrikideekin elkartzeko aukera izan zuen. Bizkaia faxistek okupatzen zihoaztela ikusita, ihes egin behar izan zuten berriro. Alegiakoa ez zen albaitari bat bizi zen, Alegiatarrekin Deustuko etxe honetan eta haren bidez, Santoñara joan ziren. Itsasontzia hartu eta Frantziako bidea hartuz eta Nimesen babestu ziren, beste euskaldun batzuen gisan. Bukaera, ihesalditik hiru urtera izango zuen zorigaitzeko bidaia hark. Hendaiara trenez iritsi zen, aerodromoan, dokumentazio gabeko errefuxiatuentzako gunea jarri zuten eta haren bila joan zen Filomenaren aitaginarreba (Mikeletea); 1939an bueltatu ahal izan zuen Alegiara.

Ezerezetik hasi behar izan zuten egunerokoa antolatzen, Alegian. Etxea hustuta aurkitu zuten, haien gauzak faltan, lapurtuta, paper fabrika itxita… Baina ez ziren kikildu, Andoiango harrobian hasi zen Angel, senideen laguntzaz, Filomena haurdun, 1940k martxoan jaio zen Koro, eta haien familia, etxea osatu ahal izan zuten, halako batean.

Urteak geroago, itzuli ziren Errotabarriko senideengana. Filomenak asko estimatzen zuen Josefa, eta beti izan zituen gogoan. Francisco eta Josefa bizi ziren artean bereziki, haiek emandako babesa, berotasuna ez baitzen itzali Munduate Gastesitarrenean.

 

1936ko abenduaren 26an Kalamuako borrokaldia, 80 urtera

Posted on Actualizado enn

1936ko udan, kolpea eman ondoren, lehen mugimenduak irailaren bukaeran iritsi ziren markinaldeko sektorea deiturikora. Lehen egunetako borrokaldiei, ondoren eman ziren borrokaldi gogorragoak gehitu zitzaizkien; Akarregi-Egixarrekoa urriaren 21ean eta Kalamuakoa abenduaren 26an adibidez.

Frontea egonkortu zenean, frankistek, mendi gain altuenak okupatu zituzten. Aurretik zuten gaitasun militarrari abantailazko kokapenak izatea gehitu behar zaio. Hala ere, gudari eta milizianoek tinko eusteko ausardia eta gaitasuna erakutsi zuten, fronteak egonkor iraun zuen zazpi hilabeteetan gogor borrokatuz.

p1300384_6001936ko gabon inguruan, fronteak izandako lasaitasun uneak jasotzen dituzte garaiko artikuluek; alde bien arteko elkarrizketak eta Akondia inguruan egunkariak aldatzeko aukera izan zutela ere aipatzen dute.

Herritarrek, haiei jasotako testigantzetan, 1936/12/26ko borrokaldiko pasarteak eskaini zizkizguten: kainoikaden oihartzunek etxeko leihoetan eragiten zuten dardara, etxeko ganbaran zauritu eta hildakoak hartatzen jardun zutenak, Munitibar ingurutik borrokaldi hau nola entzuten zen etab… Gaurko aurkezpenean, Markina-Xemeinen izan dira, borrokaldi honen lekuko izandako Josefa Egidazu eta Tomas Gerrikagoitiaren semea. Josefak, bertaratutakoei kontatu die gaurko egunez, duela 80 urte ikusi eta bizi izan zuena.

Borrokaldiaren protagonistak izan zirenek ere tartea izan dute hitzaldian. Kepa Ordoki, gudarien kapitaina zen Kalamuan egon zenean. 1936ko abenduaren 26ko borrokaldiaren nondik norakoak jasota utzi zituen, San Andresekoek, Sasetakoek eta Celtako anarkistek egun horretan bizi izandakoa.

Hain zuzen, Celtakoekin hildako bi gazte galiziarren senideek eskainitako testigantzak itxi du hitzaldia. Familia hau, Markinaraino gerturatu zen, zerbait argitu nahian, haien osabak nola hil ziren jakin nahian. Abenduaren 26ko borrokaldi honetan hil baziren ere, oraindik orain, Aguetetarrek ez dakite non dauden beraien osaba biak.

Gaurko egunean hitzaldi hau eskaintzea garrantzitsua iruditu zaigu. Efemerideaz gain, gabon giro honetan, duela 80 urte gure herrietan, herritarrek bizi behar izan zutena oso gogorra izan zelakoan gaude; baita, faxistei aurre egiten ziarduten gudari eta milizianoen senideak ere. Hainbat etxetan ez zen gabonik izan. Beste hainbatetan, ez dira gabonak ospakizun izan harrezkero; senide baten heriotza datak ospakizunetako aukerak zapuztu baitzituen.

Kalamuako frontean ibilbide gidatuan, bertan borrokatu zuten gudarien senieekin batera parte hartzera gonbidatzen zaitugu

Imagen Posted on Actualizado enn

Kalamua beltzez jantzi den mamua zela zioen gabon kanta batek; hala izan ere. Inguruko tontorrik altuenak, gerra zibilaren garaietan borrokaldi gogorrak jasan zituen. Frontea egonkortu aurretik eta ondorengo zazpi hilabeteetan erasoaldi latzak izan ziren. Bereziki 1936ko abenduaren 26koa aipatu daiteke; testigantzek adierazten duten moduan San Esteban eguneko borroka.

bisita gidatua ekainak 12 kartela (2016.05.27an eguneratua) (2)

Maxetik Kalamuara eta handik Urkora arteko lerroan lehertu beharrean jardun ziren bi aldeak. Maxeko posizioetan zegoen Celta batailoia, egun horretan hil ziren esaterako Manuel Aguete Lino eta Antonio Aguete Lino. Ekainaren 12an, haien senideak etorriko dira antolatu dugun ibilbide gidatura, haien osaba biek, non borrokatu eta bizia galdu zuten bertatik bertara ezagutu ahal izango dute. Haiekin batera eutsi zioten San Andres eta Saseta batailoi abertzaleek. Lehenengoa ELA-STV-ko (Solidaridad de los Trabajadores Vascos) kidez osatua non konpainia bateko agintari Kepa Ordoki zelarik. Batailoi hauetan jardundako gudarien senideak ere etortzekoak dira ibilbidera.

Usartzatik abiatu eta gudariek posizioetara igotzeko sortutako bidetik Akondiako gaina izango da lehenengo jomuga. Han, kokapenez gain, gabon betean, San Esteban egunaren bezperetan Amuategikoek frankistekin egunkari trukea egiteko akordioaz jardungo dugu, edo urteetara jarri zuten gurutzearen jatorriaz…. Garagoititik igaro eta handik, frankisten aginte postu nagusia ikusiko dugu Kalamuako lautik. Lau honetan, gorago, Eibarko Sozialistek eraiki zuten aterpetxea eta frontoiaren azken aztarnak ikusi ondoren hegaletik, diruzulo dolmenaren ondotik, parlamentutik igaro eta Maxeko posizioetara iristean bertako ezaugarrien azalpenak eskeiniko dira. Kokapen hauetan, Celtakoek eta Sasetakoek, San Andreskoekin batera nola borrokatu zuten ulertu ahalko dugu; handik Kalamua gainera joko dugu, kokapen altuenak ezagutu eta poliki poliki beheranzko bidea hartu eta Usartzara jeisteko.

9:30etan abiatuko da ibilbidea Usartzatik; hala ere, Barinagatik gora joatekoak garenak 9:00etarako Barinagako aparkalekuan elkartzea proposatzen da Usartzara ahalik eta kotxe gutxien eramateko. Azkenik gogoratu, ibilbidea eta gero Barinagan bazkaria izango dela 15:00etan, horretarako izena eman ekainaren 6a baino lehen.

Urberuagako gerra babesleku bat azaleratu bezain pronto desagerrarazi egin dute

Posted on Actualizado enn

 P1250317    1936 urriaren 4an, inguruan frentea egonkortu zenean, bete ziren gudari eta milizianoz Urberuagako bainuetxea eta inguruko hotelak. Kuartel nagusi bilakatu zen eta agintaritza zein funtzionamendua bermatuko zuen pertsonalaz gain aldioro 3 batailoi kokatzen ziren bertan.
Han egon ziren San Andres, Abellaneda, Otxandiano, Rosa Luxemburgo, Malato, ANV 1 (Olabarri), Saseta eta beste hainbat. Tokia berezia zen lehen lerrotik oso gertu izateko neurriz handia zelako eta ondo babestuta zegoelako. Ahulgunerik bakarrenetarikoa abiotatik egindako erasoak ziren, hura zen bertako agintarien kezka nagusia. Honetaz gain inguruko gailurretan hainbat gotorleku eraiki zituzten eta tankeen kontrako artilleria kokatu zuten bat-bateko eraso bateri aurre egiteko.
Alafrancesa deituriko eraikinaren alboan, Bainuetxearen aurrealdean baina erreka eta bidearen bestaldean, harkaitzean landutako tunel erako babesleku bat egin zuten.
P1250277Babesleku hau, urriaren 20tik azaroaren 14aren tartean, 11 lanegunetan egin zen. Etenik gabeko lanak, hiru errelebotan aritu ziren. Konpresore handi batez bailatu ziren harkaitzetan zuloa egiteko. Langileak soldata gisa 8,75 pta kobratu zituzten lan egindako egun bakoitzeko. Hauek izan ziren lantalde bakoitza osatu zituztenak:

Lehen erreleboa: Francisco Iturraran (Axola), Jose Martin Pagaegui (Arrate), Esteban Ibarlucea (Lauzirika), Jose Maria Argoitia (Beñekua), Domingo Chopitea (Txepetxabixe).
Bigarren erreleboa: Pablo Onaindia (Ibaseta), Doroteo Aizmendiarrieta (Itxoino), Francisco Pagaegui (Arrate), Ignacio Iriondo (Aizmendi), Jose Aulestiarte (Antzabal), Emeterio Urquidi (Satzu Zabal).
Hirugarren erreleboa: Julian Arriola (Bengetxe), Julian Araquistain (Trotixa), Hilario Anchustegui (Satzu), Gregorio Garate (Askorrinagabekoa), Nicolas Urizarbarrena (Belaustegi), Andres Egaña
Konpresoraren arduraduna: Jose Olaeta.
Geroago, justu urte bukaeran eta Jaime UrHotelakijok bere memorietako 9. orrialdetik 16. orrialdera argi deskribatzen digun bezala, bainuetxearen arkupea babesleku gisa indartu zen eta bainuetxearen atzealdean, erlojuaren eskumetara, elkarrekin komunikatuta zeuden galeria batzuetaz osatutako beste lur azpiko babesleku handi bat eraiki zen.
Babesleku berri hau Rosa Luxemburgoko Komandantearen laguntzailea zen Jaime Urkijoren ardurapean egin zen eta zulatze lanetarako alderdi komunistak Meatzaldetik bidali zituen artillarien artean bat, Julian Ruiz, Dolores Ibarruri La Pasionariaren senarra zen. Urkijoren memorietan guzti honen argibideak aurkituko dituzue.
P1250290Gerra ostean, eta II Mundu Gerraren testuinguruan, bainuetxea eta bere ingurua Frantziatik ihes egindakoen kontzentrazio esparru bat izan zen. Etapa hau bukatuta eta normaltasunera itzuliz, aurreko jabeak Goikoetxea familiaren esku utzi zuen bainuetxea eta hauek zulo erara egindako babesleku biak kanpotik estali egin zituzten.

Eta orain, Urberuagan zehar doan bidea zabaltze lanetan Alafrancesa ondoko zuloaren estaldura kendu egin dute eta babeslekua azaldu da. ADES espeleologia taldeko kide den Gorosabelek, erdi harrituta, zabaldu zuen zuloaren agerpenaren berria.
Gure elkartean, eta egunotan Gogora institutuarekin izan behar P1250281ditugun harremanen barruan, eta Memoriaren Ibilbideak egitasmoaren arabera, memoriaren espazioen zerrendan sartzeko proposamena aztertzen hasi garenean, hara non Aldundiarena den lan publiko honek memoriaren ondarea izendatu beharko litzatekeen toki hau berriro estaltzea erabaki eta inoiz egon ez balitz bezala, bat-batean desagerrarazi egin duen.
Argi dago memoria historikoaren lanketan ere arriskuak aurreikusi behar direla eta komunikazioa eta integraltasuna beharrezkoak direla.

P1250337