San Migel

Memoriaren ardura kolektiboa

Posted on Actualizado enn

Informazioa panelaren irudia jasotako tiroen ondoren

Oroimenak, egiak, eta matxinatuen erasoari aurre eginez hil zirenen duintasunarekiko errespetuak jarri zuen Zelaietaburun puntua (Urkaregi gainetik gertu, Etxebarrian) . Mendixka bateko leku baten, puntu baten faxismoari aurre egiten saiatu ziren, eta borroka horretan, hiru borrokalarik behintzat bizia galdu zuten bertan. Borrokan jardun zuten lubaki berean hobiratu zituzten, eta 2016ko martxoan eta apirilean, gorpuzkin horiek deshobiratu ziren, gero, Duintasunaren Kolunbarioan (Elgoibarren)  agur ekitaldi batekin hobiratzeko. Mendixka hartan, puntu hartan,  Informazio panela  jarri zen. Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak eta Lehendakaritzaren laguntzaz  («Bake eta Bizikidetza Plana 2013-2016″ren barnean emandako dirulaguntzarekin) bertara doan orok, han gertatutakoa azaldu asmoz, eta bertan hildakoei omenaldia eskainiz.
Orain baina, hiru tiro jasota agertu da. Nonbait, norbaitek, tiro ariketak egiteko, edo eskuartean izan duen arma probatzeko objektu interesgarria iruditu zaio Zelaietaburuko informazio panela. Guretzat, panel hori, material eta lan baten ondorena baino zerbait gehiago da. Errepresioa, injustizia eta giza eskubideak errotik erautsi zizkieten borrokalari eta herritarren eskubideen defentsa eta haien duintasunaren aldarria da. Izan ere, panelak, memoria ariketa kolektibo baten aletxoa izan nahi du, kolektibo den heinean, guztioi baitagokigu memoria izatea, eta berau iraunaraztea.

 

 

Hiruren azkena

Posted on Actualizado enn

Zelaietaburun hil ziren. Faxismoari aurre eginez, seguruena 1936ko irailaren azkenetan.
Duela lau urte, han, Urkaregi txiki inguruan, Zelaietaburuko haitzen gaineko aldean, gerra latz hark eragindako hiru hilotzen berri izan genuen.
Horrela gertatzen da, gehienetan, testigu izan zirenek, lekuko edo garai hartako gora beherak bizitakoek, gertatutakoa deskribatzen dutenean, haien testigatzaren bidez, egia azalarazten da; hala bedi.
Pertsona bakoitzak, orduko ume bakoitzak, leku bat, une bat eta honi dagozkion bizipenak biz ohi ditu. Bizipen hauek, sentimendu bilakatu eta bizitzan zehar iraungo dute, bakoitzaren barruan, memoria bizirik mantenduz; harik eta 80 urteren buruan norbait, sukaldean aurrez aurre eseri eta kanporatu arte; hara non datorren amildegia.
Jose Mari San Martin (Soarte baseerria, 1925) Zelaietaburuko hirugarren gorpuzkinak hobiratzen.

Jose Mari San Martin (Soarte baserria, 1925) eta Pilar San Martin (Soarte baserria,1927) gerra frontea igaro berri igo ziren Zelaietaburura aitonarekin. Hark aipatzen zien nola «hor gizonak daude hobiratuta, ez gerturatu». Mariano Retolaza Larreategik (1898-1970) berriz, lurperatu orduko ikusi zituen hilotzak Zelaietaburuko lubakian, errenkadan. 1955 inguruan kontatuko zien Inazio eta Santiago semeei, Iruiturritik: «han, harkaitz haiek dauden tokian, hiru hildako ikusi nituen (…)».

Testigantzek deskribatu, auzolanean Ahaztuen Oroimena 1936 eta herritarrek, urte bete inguruan garbiketa eta kokapenerako lanak egin eta Pilar San Martinek lekua ezagutu ahal izan zuen. Aranzadi Zientzia elkarteari honen berri eman eta haiek deshobiratu zituen hiru gudariok 2016an.
Faxismoari aurre eginez hil ziren. Adinez nagusiak ziren, izan ere, hiru gorpuzkinetatik bik, hortz ordeak zituzten eta lehenengo gorpuak, 40 urte inguru izango zituela ondoriozatu dute Aranzadiko Zientzialariek. Bigarren gudariak gainera, hortz eskuila bi zeuzkan alkandoraren paparreko poltsikoan; hortz eskuila biek zuten izen bana idatzita, “Sanitas” eta Donostiako “Drogueria Olaizola”.
Faxismoaren biktima izan ziren urte askotan. 80 urtera, ahanzturatik, memoria bizi horri esker, azaleratu eta egiaren babesean, haien duintasuna aintzat, merezi duten azken agurra eskaini zitzaien atzo.

Elgoibarren, 1936ko altxamenduaren eta ondorengo gerrak utzitako biktimentzako Duintasunaren Kolunbarioan hobiratu ziren

Inazio eta Santi Retolaza anaiak, Zelaietaburuko bigarren gudariaren gorpuzkiak horma hobietara eramaten

Zelaietaburuko hiru gudariak eta beste 21 burkide. Lemoan, Larrabetzun, Legution, Donostian, Galdamesen… eta beste herri batzuetan deshobiratutakoak atzoko 24ak. Ramon Portilla CNTko borrokalaria, Millan Zabala Donostiako Udaleko Gauzainen Kidegoko langilea, eta Nicolas Obregon Euzko Gudarosteko CNTren Sacco Wanzetti batailoiko kaboa izan ziren identifikatuta hobiratu ahal izan direnak; gainontzeko 21ak, ezezagunak.

Ezin argitu haien senideen jakinmina. Ezin haien arreben zauriak arindu, ezin haien senideekin bat egin. Hiru etxetan desagertuak, atzo herritarrek babestuak.

Horregaitik, Etxebarriko udala, testiguak (Jose Mari San Martin, Ignazio Retolaza eta Santi Reotolaza) eta Ahaztuen Oroimena 1936

Jesus Iriondo eta Mari Carmen Bustindui, Etxebarriko alkate eta zinegotzia hurrenez hurren Zelaietaburuko gudariaren gorpuzkinak hobiratzen

elkarteko kideen artean hobiratu genituen Zelaietaburuko hiru gudariak. Merezi duten moduan. Herritarren babesean, azken agurra jasoz.

Zumetako hobian, lanak aurrera doaz

Posted on Actualizado enn

Aurreko astean, lehen prospekzio lanek ez zuten esperotako emaitzik eman. Aranzadiko taldea Zumeta baserriko lurretan izan zen egun guztian; lehen bizi esku tresnekin hobia ireki arren, makinaria handiagoen beharra izan zuten aurrera jarraitzeko.

Horretarako prestatutako txakur baten laguntza ere erabili zuten oraingoan. Hala ere, lana bertan bera utzi behar izan zuten eta aste honetan jarraituko dute.

Eskerrik beroenak lan hauetarako ezinbesteko laguntza eman duten guztiei, eta nola ez Aranzadiko kideei eta Antonio Garagarza Zumetakoari.

Hobi horretan lur emandako borrokalaria 1936ko irailaren azken asteetan eta batez ere 1936ko iraialaren 21etik 25era izandako borrokaldien ondorioz hil zela uste da; zehatzago, kanoikada baten ondorioz.

Zumetako hobian prospekzio lanetarako prest

Posted on Actualizado enn

IMG_9493
Zumeta Baserria San Migel auzoan.

Datorren astean, Elgoibar 1936 eta Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteek, Aranzadi Zientzia elkartearekin elkarlanean, San Migelgo Zumeta baserrian miliziano baten gorpua lokalizatzeko lanak aurrera eramango dituzte.

Zumetako hobi honetan gorpu bakarra legoke lurperatuta, eta hau ziurtatzea espero da egingo diren prospekzio lanei esker.

Gogoratu, faxistak Elgoibarrera iritsi eta San Migel gaina okupatu arteko egunetan (1936k irailak 21-25) miliziano borrokalari anarkista zein gudarik hainbat posizio zituztela (Belartondo inguruan esaterako) altxamenduak aurrera jarrai zezan ekiditeko.

Lan hauen inguruko informazio gehiago izan bezain laister helaraziko dizuegu.

Aranzadik Ziardamendiko bi gudari identifikatzea lortu du

Posted on

Sin títuloZiardamendin, 2012an Aranzadi Zientzia elkarteak burututako lanen ondoren, lau gudariren gorpuak aurkitu ziren. Inguruko borroken ondoren, golpisten aurka borrokan hildako gudarien hobi komunak zehatz mehatz non zeuden hobekien trasmititutako lekua da Ziardamendi.

Ez dago argi zenbat gudari eta milizianok galdu zuten bizia 1936ko irailaren azken egunetan Ziardamendin. 1936ko San Migel egunean hemeretzi hildako hobiratu zirela Ziardamendin eta inguruan diote bertakoek. Borroka horretako lekuko izandako batzuk 1982an Ziardamendiko hobi komun batean lurperatutako gudariak (Paulino Beraza Madariaga, Felipe Elorriaga Larrea, Blas Larrazabal Inunciaga, Juan Zabala Loza, Ambrosio Etxebarria Uriarte eta Jose Chinchurreta Zamacona) Derioko hilerrian hobiratu zituzten. 1936ko irailaren 25ean izan zen borroka Ziardamendin, eta  aurrekoez gain, egun horretan hildakoen zerrenda luzeagoa da: Eusebio Gaubeka Gibelondo, Felix Arbulu Bilbao, Imanol Etxebarria Lahuerta, Juan Agirre Bilbao, Jose Azueta Mendiolea, Marcelino Gandarias Salbidea, Miguel Palacio Gomez, Pedro Rodriguez Puig, Sabin Atutxa Olabarri…hemeretzi inguru.

San Migel auzoan jasotako testigantzek bizi bizirik mantendu dituzte, 1936ko irailaren azken egunetan gertatutako borroken nondik norakoak. Horrela, Elgoibar 1936 elkarteak eta Ahaztuen Oroimena Elkarteak elkarlanean, Aranzadik bideratuta hobitik ateratzeko lanek emaitzak utzi dituzte. 2012ko ekainetan lau gudari zeuden hobia lokalizatu ahal izan zen eta bertan aurkitutako gorpuak aztertu ditu Aranzadik.

Prosezu osoaren bukaera gisa, txosten bat osatu du Aranzadi Zientzia elkarteak, non lau gudarietatik bi identifikatu ahal izan ditu: Sabin Atutxa Olabarri eta Eusebio Gaubeka Gibelondo. Txosten horren atal garrantzitsuenak aukeratu ditugu eta ondorengo agirian aurkezten dizkizuegu.

Gure aldetik, eskerrak eman nahi dizkiegu, Ziardamendiko gora behera guztietan parte aktibo izan diren norbanako eta eragileei. Deialdiekin bat eginez, testigantzak jasotzen lagunduz, ekitaldietan parte hartuz… Inor ahaztu gabe, eskerrik asko bereziki, Aranzadi, Elgoibar 1936 eta Joseba Felix Tobar Arbulu.

 

Borrokarako deiari erantzunez

Posted on

1936ko irailaren 21ean iritsi ziren faxistak Elgoibar aldera, ekialdetik mendebalderako noranzkoan, Azkoititik, Bergara… hartuta.

Baina ordurako, kolpe militarrari aurre egitekokan gure inguruko mendietara igo zuten Gipuzkoatik babes bila eta ihesean zetozen miliziano, anarkista eta abertzaleak. Eusko gudarostea eratu berri zen, EAJ-k Gobernu errepublikarrarekin lortutako adostasunen ondoren, eta gobernuko kide zela beraien borondatez borroka egitera ausartu ziren Bizkaiko hainbat herrietako gazteak.

Horrela, herrietako gazteei frentera joateko deialdietaz gain, beraien borondatez, hainbat herrietako batzokietan izena emandako 150 gazte eta abertzale frentera joan ziren han zeuden komunista, miliziano zein atzerriko indarrekin batera askatasuna defendatu eta faxistei aurre egitera.

1936ko Irailaren 24ean Bilbon, gudarientzat arma berriak iritsi berritan, hainbat autobusetan eusko gudariak Eibar aldera etorri ziren; handik, horietako zenbait, tartean Garaizabal eta Zubiaur konpainiak Markinan gaua egin ondoren, egunsentirako Etxebarritik, Urkaregira igo zuten. Han jeitsi ondoren, San migel inguruko posizioak indartzera joan ziren baina 1936ko irailaren 25ean, Altzola aldetik igota, atzeko aldetik eraso zioten Nafar Brigadek, Ziardamendiko pagadian.