Frentea-posizioak
Hiru gudari Zelaiteburuko hobian, duintasunez, demokrazia eta askatasunaren aldeko borrokalariak
Oroimenak sustrai sakonak ditu, eta denbora iragan arren, 80 urte igaro arren, herritarren memoriari esker, egia azaleratu ohi da. Ez errepresioak ez diktadura luzeak ez zuen lortu mendian hobietan lurperatutako gudariak baztertuta ahazturan galtzea.



Joan den martxoaren 5ean, Zelaietaburu (Etxebarria) egindako exhumazioan gudari baten gorpuzkinak berreskuratzea lortu zen. Orain, bere aldamenean beste bi pertsonaren gorpuzkinak aurkitu dira.
Zelaietaburun erresistentzia gunea antolatu zuten gudariek. Muino hau, 1936ko irailaren azken egunetan altxamenduarekin bat egindako indar faxisten aurkakoen borrokarako gunea izan zen. Bertatik saiatu ziren aurre egiten, etsaiak inguruok hartzea ekidin asmoz.
Zelaietaburutik ikus zezaketen nola beraien kideak erortzen ziren Belarretan, Ziardamendin, San Migelen (Aiastia), Morkaikon edo Lapion eta Urkaregin. Udaran, Gipuzkoa ekialdetik mendebaldera okupatzea lortu zuten gisan, Bizkaiko mugara iristen ari ziren golpea eman zuten militarren aldeko indar frankistak.
1936ko irailaren 25ean iritsi ziren tropa frankistak San Migelera (Aiastia) Elgoibar okupatu ondoren eta handik hiru egunera sartuko ziren Zelaietaburu eta Urkaregiko mendatearen gainean. 1936ko irailaren 29rako Bizkaiko muga zapaltzea lortu zuten; hala ere, borrokan jarraitu zuten miliziano eta gudariek eta urriaren 4ra arte behintzat jarraitu zuten tiro hots eta artilleria soinuek. 1936ko urriaren 4an gerra lerroa, frontea, egonkortu zen eta fronteko posizioek egonkor iraun zuen arik eta 1937ko apirilaren 25ean ebakuazio agindua eman eta demokraziaren aldeko borrokalariek erretaguardiako posizioak indartzera erretiratu ziren arte.


Testigantzen bidez jaso ahal izan dugu gertatutakoa. Bi familietako neba arrebek, honen berri izan dute etxean. Batetik, umetatik entzun eta ikusitakoa Soarte baserriko Pilar eta Jose Mari San Martin neba arreben kasuan. Pilar, atzo bigarren eta hirugarren gudarien gorpuzkinak hobitik ateratzeko lanetan egon zen, eskaini zitzaien omenaldian parte hartuz.
Beraien aitak kontatutakoa entzun zuten Ignazio eta Santi Retolaza anaiek. Ignaziori kontatu zion behin aitak, Iruiturritk behera zetozela, «han harikaitz haietan hiru hildako ikusi nituen» .

Haien testigantzak beharrezkoak izan dira Ahaztuen Oroimenarentzat, ikerketa abiatu eta hiru gudarien gorpuzkinak berreskuratzeko.
Hiru gudariak lurperatuta aurkitzen diren lubakia 1936ko irailaren azken egunetan egindakoa bada ere, hobi bezala 1937ko apirilean erabili zutela uste da. Alegia, hiru gudariak borrokaldi hauetako batean hildakoak edo atxilotu eta ondoren fusilatutakoak lirateke, beraien kideek 1936ko irailean egin eta erabilitako lubakian frankistek lurperatuak.
Kontuan hartu behar dugu, garai horretan, 1937ko apirilean, bigarren hamabostaldian, zenbait borroka izan zirela “Markinako sektorea” deiturikoan; demokrazia eta askatasunaren alde borrokan azken unera arte eutsi zioten. Molak 1937k martxoaren azkenetan Bizkaiari errenditu zedin ohartarazi arren, gudari eta milizianoek borrokatzea erabaki zuten eta 1937ko apirilaren 19-24 tarteko egunetan azken ofentsiba burutu zuten. Ordurako baina, frankistak ondo antolatuta zeuden, tartean egun batzuk lehenago iritsitako italiar soldaduekin osatutako Flechas Negras Brigada misto faxista Urkaregiko gainaren iguruetan zen. Borrokaldi hartan, Euskitze Aiste inguruetatik zehar, Garro etxeetatik gora, Kortatxiki inguruetara arte, Zelaietaburu ondora arte sartzea lortu zuten.
Atzo, bi gudarien gorpuzkinak berreskuratu ahal izan ziren. Gorpuzkinak oso egoera txarrean bazeuden ere Aranzadiko kideek haiek aztertuko dituzte orain. Desobiraketa hauetan aurkitutako objetuen artean, lehenengo gudariak txanpon bat zeukan eta hortz ordeak. Bigarren gudariak, urrezko hortzak eta bi hortzetako eskubila zituen, horrez gain, gerrikoaren zatiak ere agertu ziren.
Bertaratutako jende guztiarekin batera, hiru gudari hauei eta inguru hauetan zein gainontzeko fronteetan askatasuna eta demokraziaren alde borrokatu zuten guztiei omenaldi xume bat eskeini genien.
Bizi osoan gertaera hauen zama eraman dutenek, lekukoek atzo arnasa hartu zuten, beraien memorian txertatutakoa zer zen jakin ahal izan zuten, eta Santik esan bezala, zeregina bukatutzat eman zuten. Orain, zientzilarien lanak jarraituko du, gorpuzkinak laborategian aztertuz atera daitezkeen emaitzen esperoan. Ahaztuen Oroimena elkarteko kideoi, poz handia emango liguke, eta garrantsitsua era berean, gizarte justuago baten alde borrokatu zuten hiru gurdari hauek, beraien etxera bueltan eramateko aukera izango bagenu. Desagertutzat eman zituzten hiru etxeetako senideekin elkartu asmoz.
Esta entrada fue publicada en Etxebarria, Frentea-posizioak, Hildakoak-zaurituak, Orokorra, Testigantzak y etiquetada como 1936, ahaztuen oroimena, Aranzadi, etxebarria, Frentea-posizioak, fusilatuak, gerra zibila, justizia, memoria, Miliciano, mola generala hegazkinak gerra zibila ahaztuen orimena, san migel, testigantzak.
Zelaietaburun gudari baten gorpuzkinak berreskuratu ziren atzo
Atzo Zelaiteburun, Etxebarrian, gudari baten gorpuzkinak berreskuratu ahal izan ziren Aranzadi Zientzia elkartearekin batera egindako lanetan. Ingurune hau garbitzen jardun genuen lehenengo, Ahaztuen Oroimen 1936 elkarteko kideak herritarren laguntzaz, ingurua ezagutu eta gertatutakoa argitu nahian.
Zelaietaburun, eta inguruko tontorretan 1936ko irailaren azken egunetan hartu zituzten posizioak borrokalari antrifrankistek, Elgoibar inguruetatik sartzen ari ziren faxisten aurka. Erresistentzia antifaxistak eutsi arren faxistak irailaren 25 iluntzean iritsi ziren San Migel gaina hartzera, eta 1936ko irailaren bukaerarako sartu ziren Zelaietaburun, Urkaregin eta Kalamuan.
Asko izan ziren demokraziaren eta askatasunaren alde borrokatu zutenak, eta askok galdu zuten bizia. Hainbat testigantzek, Zelaietaburun gertatutakoa ulertzen eta argitzen lagundu digute, eta kasu honetan, batez ere Soarte baserriko Pilar eta Jose Mari neba arrebek.
Ez da batere ohikoa gudari hau bezala lubakietan lurperatuak aurkitzea. Atzo berreskuratutako gorpuzkinak zoritxarrez egoera txarrean daude, orain Aranzadiko kideek agertutakoa jaso eta aztertu egingo dute. Hala ere, gorpuzkinen artean hortz orde bat agertu zen, eta bala zorro edo munizio kantitate handia.
Gain hau, 1936ko iraileko gertaeren ondoren frankisten kokapena izan zen hurrengo hilabeteetan, gerra frontea egonkor mantendu zenean. 1937ko apirilean, miliziano eta gudariek azken eraso bat buru zuten lerro hori apurtu eta etsaiari aurre egiteko. Inguru hauetaraino sartzea lortu zuten, frankisten lerroak gainditu eta sartzea, horregatik baliteke borrokaldi horrek, lubaki honetan lurperatutako gorpuzkinekin lotura izatea. Ikerketak aurrera jarraitu arren, haien duintasuna, haien memoria gure historia da.
Luis Ortiz Alfau, Izquierda Republicanako miliziano ohia Zelaietaburuko lubaki honetan egiten ari ziren lanetara etorri zen. 100 urte urrian beteko ditu eta hainbat frentetan borrokatu zuen gerra garaian. Agertutako gorpuzkinei egin zitzaien lore eskaintzan parte hartu zuen.
Atzokoan, herritar asko hurbildu ziren Zelaietaburura. Hobitik ateratzeko lanetan Elgoibar 1936, Aranzadi, Etxebarriko udaleko alkatea eta zinegotziez gain, Josu Erkoreka, Monika Hernando, Julen Arzuaga eta Arnaldo Otegi ere beran egon ziren.
Esta entrada fue publicada en Etxebarria, Frentea-posizioak, Hildakoak-zaurituak, Orokorra y etiquetada como 1936, 1937, ahaztuen oroimena, Aranzadi ZIentzia Elkartea, frankismoa, Frentea-posizioak, gerra zibila, gudari, memoria, Miliciano, Zelaietaburu.
Zelaieta Buru, gerra leku izandakoa berreskuratze bidean
Zelaieta Buruko lanek aurrera jarraitzen dute eta Urkaregi Txiki gainaren inguruko haitzen eremua garbitzen jardun dugu beste behin aurreko asteburuan. Auzolanean lan talde paregabeaz gain garbitu ederra eman ahal izan diogu gerra leku honi.
Zelaieta Buru, frankisten aurka erresistentzia leku izan zen. Miliziano eta gudariek batez ere 1936ko irailaren 21etik 29ra arte erabilitakoa. Faxistek Ziardamendi-San Migel-Morkaiko lerroa gainditu eta hurrengo egun gutxitara arte eutsi zioten leku honetan errepublika eta demokrazioaren aldeko borrokalariek.
Gerra leku honek, ikuspegi ederra eskaintzen du; batek baino gehiagok estu biziko zituen gain honetatik begira Ziardamendi zein Morkaiko eta inguruetako gertaera latzak, Urkaregiko gaina faxisten esku geratzen ari zela jabetuz.
![]() |
Zelaieta Buru, gerra lekua berreskuratzen argazkiak |
Esta entrada fue publicada en Orokorra y etiquetada como 1936, ahaztuen oroimena, Aranzadi ZIentzia Elkartea, etxebarria, Frentea-posizioak, gerra zibila, memoria, mola generala hegazkinak gerra zibila ahaztuen orimena, san migel, Urkaregi Txiki, Zelaieta Buru.
Gerra zibila Etxebarrin: 8 hilabete lehengo lerroan
1936ko Uztailaren 18an frankok altxamendua abiatu zuenetik hilabete batzuetara iritsi ziren faxistak Etxebarriko inguruetara. Elgoibar hartu ondoren, egun Gipuzkoako muga den lerroan kokatu zen gutxi gora behera frentea; Bergaratik, Elgoibar eta Mutrikuraino.
Nafar errekete, karlista eta militar ugarik emandako ufadak indartuta ekarri zituzten haize beltzak gure parajeetara, eta han egin zituzten 8 hilabete luze, kainoikada, tiro, eta hegazkin erasoz.
Gerra zibilak Etxebarrin berezitasunik badu, frente biak oso gertu egotea da. Badira lekuak non 200m baino ez zeudela II.Errepublika defendatzen zutenen eta Faxisten artean. Nabarmentzekoa da, errepublika zaleek erretaguardian egindako lana. Trintxera eta lehen lerroko postuetaz gain, bigarren lerro edo erretaguardia indartsu bat ezarri zutelarik, Etxebarria-Markina-Berriatua artean.
Ondorengo mapa honetan gorriz agertzen da Errepublika defendatzen zutenen esparrua eta faxistek hartutako eremua.
Esta entrada fue publicada en Frentea-posizioak, Orokorra y etiquetada como Frentea-posizioak.