oroimena
Luis Ortiz Alfau tertulian gertatutakoa kontatzearen garrantziaz: hitzaldia ikusgai
Bere testigantza jaso ondoren, Luis Ortiz Alfauri gonbidapena luzatu genion. Inongo zalantza izpirik gabe baietza eman zuen: hemen nauzue behar duzuenerako.
Udazkenean 100 urte beteko ditu Luisek eta aurreko astean, Uhagonen tertulian ikusi ahal izan zen moduan pertsona kementsua, osasuntsua indartsua eta umoretsua da. Gogoz etorri zen, iritsi bezain laister enkargu bat eman zigun: esan denei etortzeko, bizitzaren azken txanpa honetan dena kontatu nahi dut.


Eta horrela egin zuen, aurkezpenetarako tarterik utzi gabe, barruan zuen guztia kontatu nahi zuen, eta bere bizitzaren hainbat pasarte kontatu zituen. Memoria pribilegiatuak detaile txikienak ere gogorarazi zituen, latzak batzuk: gerra fronteak, batailoi kideak, Gernikako bonbardaketa, Gurs, gosea, espetxea, torturak eta azkenik Langile Batailoi Disziplinarioa.
Hala ere, bizitzaren unerik gogorrenetariko bat ondoren etorri zitzaion. Hain zuzen frankismoan, desafecto bezala izendatu baitzuten erregimenaren aldekoek, errepublikar baten semea izan eta Izquierda Republicanako batailoian izena eman eta borrokatzeagatik.
Une bereziak izan ziren tertulian, bertan izan baitziren Luisekin batera, Capitan Casero batailoiko kide izandakoen bi familia kide. Hoietako bat, Xemeindarra zen, Luisen arabera, gogoan du Larruskain abizena, eta nola inoiz bata bestearen aldamenean lo egitea nola egokitu zitzaien ere kontatu zuen. Jose Larruskain, Anitxukoa zen eta tertulian parte hartu zuten bere senideek.
Gonzalo Pereiro Capitan Casero batailoiko komandantea zen. Lehen lerroko erretaguardian zegoela, bala galdu batek Gonzalo Pereiro Fernandez batailoiko komandantea hil zuen. Gonzalo Pereiro Ondarroako irakaslea izan zen, IRO (Izquierda Republicana Ondarresa) elkarte politikoaren lehendakaria eta Centro Republicanoko ordezkaria Ondarroako Errepublikaren Defentsarako Batzordean eta honen anaia batailoi bereko ofiziala izan zen. Ilusioa nabarmena zen bien aupegietan; bai Alfredo Pereirorentzat, zein Luisentzat una berezia izan zen. Tertuliak aukera eman zien komandantearen inguruan jarduteko baina ordu bete ez da nahikoa.
Hizketaldi oso interesgarria eskaini zuen Luisek, baina horrela egin zuten bertaratu eta galderak egin zituzten herritarrek ere. Ekitaldian nabari zen bertaratutakoen parte hartzeko gogoa, jakin mina asetzeko galderak egin zizkioten Luisi eta hark gustora erantzun.
Esker oneko hitzak izan zituen haientzat, eta baita memoria historikoa garatuz bere ekarpena egiten duten elkarte eta instituzio zein kazetarientzat.
Oroimena eta salaketa albiste
Azkunaren aurkako salaketa jarri dute, sinbolo frankistak ez kentzeagatik: (berria.info) eta Naiz
Bilboko alkate Iñaki Azkunaren kontrako salaketa jarri du Lau Haizetara Gogoan taldeak, Memoria Historikoaren Espainiako legea urratzea leporatuta. Bilbon dauden zenbait sinbolo frankista ken ditzan eskatzeko, alkatearekin biltzen saiatu ziren elkarteko ordezkariak 2011 eta 2012 urteetan, baina euren eskariek ez zuten erantzunik jaso. Hartara, epaitegietara jotzea ebatzi dute, eta gaur goizean erregistratu dute administrazioarekiko auzibidea.
Moiua Plazako Ogasun Ministerioaren egoitzan dagoen arranoa da sinbolorik ezagunenetakoa; Azkuna behin baino gehiagotan mintzatu da bertan uztearen alde, «kultur ondarea» delakoan. Horretaz gain, Rafael Sanchez Mazas Falangearen sortzaileetako bati eskainitako pasealekuari izena aldatzeko ere eskatu du elkarteak, baita hainbat eraikinetatik Etxebizitza Ministerio frankistaren plakak kentzeko ere.
Fusilatuen Senideen Elkarteak 206 gorpu aurkitu ditu Nafarroan, 2003tik (berria).
Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteak 45 hobi aztertu ditu 2003. urtetik, Aranzadiko kideekin batera. Haietan 206 gorpu aurkitu dituzte, eta haietako 121 atera dituzte lur azpitik. 88 jada haien senitartekoen esku dira. Fusilatuen senideen elkarteko bozeramaile Joseba Ezeolazak eman ditu datuok gaur, Iruñean egindako agerraldian. Lanean jarraitzeko asmoa agertu du elkarteak, eta nabarmendu du 36ko gerrako fusilatuena «gizarte osoaren arazoa» dela. «Gizarteak egin behar dio aurre», erantsi du, eta hobiak eta gorpuak bilatzen jarraitzeko lan horretan esku har dezatela eskatu die erakunde publikoei.
Nafarroako Parlamentuari, hain zuzen ere, eskaera zehatza egin die Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteko presidente Olga Alcegak: «Presta eta onar dezala memoria historikoari buruzko legea, senideon aldarrikapenak kontuan hartuta». Ezeolazak gaineratu du ezin dela onartu oraindik ere ehunka nafar desagertuta egotea. Hobiak aurkitu eta gorpuak lur azpitik ateratzeko lana ez dela erraza azaldu dute elkarteko kideek, eta erakunde publikoen parte hartzeak erraztuko lukeela gaineratu dute. Momentu honetan Urbasan dagoen hobi bat aztertzen ari dira fusilatuen senideak. «Hiru gorpu daudela badakigu». Salamancan ere (Espainia), badute hobi bat bilatzeko asmoa. «Nafarren hobia erraten diote hango eremu bati; ustez Iruñetik eramandako presoak daude han fusilatuta eta lurperatuta». Iruñeko espetxeko artxiboak aztertzeko zailtasunak salatu dituzte, eta zeregin horietan memoria historikoari buruzko lege bat izateak anitz lagunduko lukeela erantsi dute.
Ezkaban ere zailtasunak ugariak dira, Ezeolazak nabarmendu duenez. Hango hilerrian dauden gorpu guztiak identifikatu dituzte jada, baina lan hori zailagoa da gotorlekuaren inguruan fusilatutako presoen kasuan. «Hil zituzten tokian lurperatu zituzten; hobiak daudela badakigu, baina oso zaila da gorpu horiek identifikatzea». Identifikatu gabeko fusilatuen gorpuentzat, hain zuzen ere, toki bat zehaztu dezala eskatu diote Nafarroako Gobernuari. «Iruñeko hilerrian bertan egon daiteke toki hori; edo Ezkabakoa fusilatu guztiak omentzeko hilerri bilaka dezakete», proposatu du.
Marcelo Usabiaga Jauregi
Testigantza entzuteko:
Marcelo Usabiaga Jauregi, (Ordizia 1916- Hernani 2015) Ordizin jaio eta haurtzaroan Baionan bizi izan zen. Handik Irunera joan ziren bizitzera eta bertan bizi izan zen gaztetan, gerra zibilera arte. 17 urterekin, 1933an Juventud Comunista-n afiliatu zen eta Irungo arduraduna izan zen. 1934an Asturiarrei, Frantziara ihes egiten laguntzeko sarearen enlazea izan zen eta honengatik atxilotu zuten Irunen handik Oviedoko kartzelan zenbait egun egiteko.
1936an Gerra Zibila hasita, faxisten aurka, Irunen defentsan parte hartu zuen eta geroago Frantziara ihes egitea lortu zuen. Bartzelonara bueltatzean, bere burua faxisten aurka egiteko boluntario aurkeztu zuen eta Madrileko frentean jardun zuen. Berriro, Bartzelonara itzuli zen (han zituen gurasoak, erbesteratuta) eta Manuel Cristobal Errandonearen bitartez, Bilbora joan eta 1937ko otsailean Rosa Luxenburgo Batailoiko kide izan zen. Batailoi honek, Urberuagan zuen kuartel nagusia Markinaldeko Frentean eta Marcelino han egon zen, Markinaldeko Frentean borrokan faxisten kontra inguruan zeuden posizioak defendatuz.
Urberuagatik, egunero, egunsentian, Markinara abiatzen ziren, handik Etxebarrira eta hemendik, inguruko mendietako trintxeretara. Garai honetan JSU-ko zuzendaritzan sartu zen. Frantzian babestu zen eta geroago berriz, Bartzelonara itzuli ondoren Aragoi, Teruel, Lerida… eta hainbat lekutan borrokatu zuen Frankoren tropen aurka.
Gerra bukatu ondoren, 1939an Balentzian atxilotu eta epaitu egin zuten. Irungo 13 pertsona hiltzea eta Irun erretzea leporatuta; salaketa faltsu honengatik, 30 urteko zigorra jarri zioten baina 1944ean Arronako kartzelan zegoela ihes egin zuen.
Frantzian babestea lortu zuen eta han zegoela, Makien antolaketan zebiltzanekin bat egin eta gerrilari izan zen. Donostian atxilotu zuten, Meliton Manzanasen aginduz eta atxiloketa egunetan bortizki torturatu zuten. 20 urte eta egun bateko kartzela zigorra jarri zioten, eta espainiako kartzela ezberdinak pasatu ondoren, 1946an preso komunistak Burgosko kartzelan batu zituzten, non Marcelok 1946tik 1960bitarteko urteak kartzela honetan bete zituen.
Kartzelatik irten ondoren, Hernaniko lantegi batean hasi zen lanean eta herri honetan bizi izan zen.