Urberuaga
Bizkaiko Foru aldundia eta Markina-Xemeingo udala, Urberuagako gerra babeslekuarekin orain zer?

Urberuagan BI-633 errepidea zabaltzeko lanen ondorioz, La Francesa eraikina zegoen lekuan 2015eko abenduaren bukaeran egin ziren lanen ondorioz agertutako zulo baten berria jaso genuen. Gerra garaian Urberuagako bainuetxearen inguruko eraikinek izandako garrantziaz jabeturik zonalde honekiko dokumentazio lanak martxan zeudela, gerrako babesleku hau bistaratu zen.
Honen berri eman genuen 2016ko urtarrilaren 9an eta gure kezka azaldu, gerra babesleku hau agertu bezain pronto estali zutelako. Gaiak inguruko herritarrengan izan zuen interesa eta piztutako oihartzuna ikusirik (Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza, sare sozialak…) Bizkaiko Foru aldundira eta Markina-Xemeingo udalera gutun bera bidali genuen.
Jasotako erantzunek gure harridura pizten dute. Gutunean eskatu bezala, irtenbide integral bat beharrezkoa dela uste dugu. Memoria historikoak, bere bidea egin eta egia eta oroimenaren bidean aurrera egin dezan ardura dugun erakunde eta elkarte guztien elkarlana beharrezkotzat joz. Ondare publikoa, herritarrena den heinean, bertatik bertara bizi behar izan zutenen oroimenean.


Beraz,
- Ondare publikoa, arduraz babestea eta arduradun diren erakundeen arteko komunikazio eta esku hartze koordinatua beharrezkoa dela uste dugu.
- Urberuagako babeslekua, errepidea hobetzeko lanen ondorioz estalita, ahanzturara kondenatu beharrean bistaratzea eskatzen jarraitzen dugu. Ardura duten erakundeei horretarako eman behar diren urratsak garatzera konprometitu daitezen eskatuz.
- Urberuaga eta babes leku hau, Eusko Jaurlaritzaren Memoriaren Ibilbideak: Gerra zibilaren memoriarekin lotutako espazioen zerrendan txertatzea eskatzen dugu.
Testigantza: Luis Zelaia Balenziaga, Askurrina goikoa
Urberuagako bainuetxearen goialdean bizi izan da beti, kokapen horrek pasarte eta bizipen berezi asko eskaini dizkio. Eta bizitakoak kontatu dizkigu, hain garrantzitsua izan zen Urberuagako ingurura gerraren etorreratik hasi eta frentea gainditze-arteko ibilbidean, zazpi hilabete luzez, gertatutakoen kontakizun aberatsa.
Miliziano eta gudarien etorrera eta defentsa posizioen finkatzea, euren baserrian artatutako errefuxiatuak, CNTko milizianoak Azpiltza inguruan kamioi blindatuekin ibiltzen zirenekoak, kuartel bihurtutako Urberuagako bainuetxearen eraikina babesteko egindako lanak, arkupeak burdinez eta harea-zakuz indartu eta mendian zulatutako babeslekuak, inguruan pairatutako bonbardaketak, hildako militar eta baserritarrak, apurtutako etxeak,

Larruskaingoikora bertako Manuel atxilotzeko egindako ahalegina, faxistak Jose Sagarna abadearen fusilaketaren ingurukoak, 1937ko otsailaren hasieran beste aldetik auzoko familia birek frentearen lerroa gainditu eta Urberuagan agertu zirenekoak, Ortulaunen Ordena Publikoko zaintzaile bat hil zutenekoa, Jose Antonio Agirre ingurura etorri eta Agarren meza eskaini zioteneko argazkian bera akolito lanetan agertzen dela, soloan lanean zela aita metrailatu zutenekoa, Jose Luis Gaytan baserri-baserri ezkutatzen ibili izana, frentea apurtu aurretik bigarren lerrora pasatzeko hartutako aginduaren aurrean etxekoak emandako ezezko erantzuna, frankisten sarrera eta beste hainbat kontu patxadaz eta txukun azaltzeaz gain, gerra ondoren gertatutako beste kontu batzuen berri ere eman digu.
Ondorengo bideoan jaso ditzakezue amallotar honekin izan dugun solasaldiko pasarterik interesgarrienak. Garai hartako gaztetxo baten

ikuspegitik landutako oroimena, berak eta bera bezalakoek bizi izandakoaren garrantziaz jabetzeko baliogarri izango zaizuena.
“Diario de un gudari en el frente de Euskadi” , Jaime Urkijoren ibilbidea
Rosa Luxenburgo batailoi ezaguna askotan izan dugu izpide. Urberuagako balnearioa zuten koartel nagusia, 1936ko abenduan iritsi zirenetik. Hasiera bateko komunistekiko mesfidantza eta beldurra, borrokalari haiekiko miresmenera eta ondorengo urteetako gomuta biurtu dira inguruko herrietan. Nagusi asko eta askok, beraien memorian gordetzen duten izen horietako bat da.
Kristobal Errandonea zen inguruetako Rosa Luxemburgo batailoiaren arduradun nagusia, (Cashero, Urkijok idatzitako memoria agirietan) eta Jaime Urkijo haren laguntzailea.
Urkijok, bai Urberuagan, bai Maxen zein Kalamuan eta Ilo-Aldapan bizitakoak (besteak beste) jasotzen dituen memoria liburuak idatzi zituen gerra pasa eta urteetara; Inguru hauetako gora beherak bere memorien parte eta ibilbidearen zati bat baino ez dira.
Jaime Urkijoren seme Antoine Urkijok Kalamua, Max eta inguruetara egindako bisitaren berri eman genizuen. Baita, bere aitak gerra gertaerak bizi eta urteak geroago idatzitako hiru memoria liburuen berri (zonalde honetako kontuak jasotzen dituena tartean, “Guerra en Euzkadi. Desde Bilbao hasta Markina”) Antoinek, Ahaztuen Oroimena elkarteari utziak.
Memoria agiri hoiek oinarri hartuta, liburu interesgarri bat argitaratuko du José Ángel Fernándezek Intxorta kultur elkartearen bitartez, Jaime Urkijoren ibilbidea bilduz.
“Diario de un gudari en el frente de Euskadi”
Urriaren 20an aurkeztuko da, 19:30etan Oreretako Mikelazulon.
Bertan izango dira, Kontxita Urkijo (idazlearen arreba), Julen Mendoza (Oreretako alkatea), Alberto J. Sampedro (Ixile) eta José ÁngelFernández (Aingeru) liburuaren egile eta koordinatzaileak.