Gernika
Inmakulada Bilbaoren Gernika
Pablo eta Juliana, Morgako (Bizkaia) Zabale eta Ubille baserrikoak ziren Inmakulada Bilbao Olean gurasoak. Hala ere, Gernikara joan ziren familia osatzera, bertan kokatu eta sei seme-alaba izan ondoren etorkizun oparoa izango zutelakoan zeuden.
1937ko apirilaren 26ko Gernikaren aurkako bonbardaketa eta anabasak hankaz gora jarri zituen familia honen proiektu eta itxaropenak. Etorkizuna bideratuta izatetik esku hutsik izaterako urratsak, lau ordu iraun zituen; maltzurkeria zital baten ondorioa izan zen.
Bat-batean etxerik gabe, jabegorik gabe, babesik gabe, izututa, baliabiderik gabe eta deserrira bultzatuak, erroak hautsita, nora ezean ziren.
Gerraren lehen lerrotik ihesi Muxikan (Bizkaia) hartu zuten babes. Handik, ahal izan zuten bezala Julianaren osaba baten Morgako Erroteta baserrira jo zuten. Bertan baina, gerrak, Bizkargiko borrokaldiak bizi eta pairatzera eraman zituzten.
Batetik, Bizkargin izandako borroken ondorioz bertako urak kutsatu eta Inmakuladaren bi ahizpak tifusaz gaixotu ziren. Bestetik berriz, borrokak bukatu eta egunetara, 1937ko maiatzaren 28an Bizkargin zentinela bezala ziarduen faxisten soldadu batek, Luciano Olea Mandaluniz (Julianaren aita), 71 urteko gizona, tiro batez hil zuen etxetik orturako bidean.
Familiak ez zuen aurrera egiteko aukerarik Morgan, ondorioz, Deriorako bidea hartu zuten. Pablok, Derio eta Zamudion kokatuta zegoen “Esperanza y Cia” arma lantegian lan egiteko aukera izan zuen. Bizitokirik ez zutenez Enpresako burua zen Castor Uriarteren koinatu baten (abadea) etxean egon ziren apopilo.
Jatorriz Markinan sortu zuten “Esperanza y Cia” arma fabrika eta gerra kontuak medio urte batzuk Txorierrin egin ondoren, lantegia berriro Markinara itzuli zenean Inmakuladaren familiak ere Markina-Xemeinerako bidea hartu zuen, bertan bizimodua eginez.
Baina Inmakuladak ezin ditu ahaztu bere sustraiak, ezin du ahaztu erroak zauritu zizkion bonbardaketan bizitakoa eta sarri gogoratzen bada ere, ezin omen du horretaz berbarik egin azaldatu gabe. Era berean, memoriak duen garrantzia sentimenduekin uztartuz hitz egiten du bere testigantzan; Inmakuladak pena baitu, bonbadaketan bizitakoaren ondoren bere memorian gordeta duena galtzen hasi baita; berarentzat ezinbestekoa baita memoria, ondorengoei gertatutakoa transmitutu ahal izateko.
Artikulu honetan bere testigantzaren zati txiki bat agertzen dugu, Inmakuladak bizi izandakoa agerian uzten duen pasarte gordina.
Kondor legioari buruzko hitzaldia eta erakusketa Ondarroan
Ondarroako Historia Zaleek antolatuta, Kondor legioa: nazien bidegabekeria, iragana eta oraina berbaldia egingo da Kofradia Zaharrean eguenean [martxoak 5], 19:00etan. OHZko kideek, BASKale eusko-alemaniar elkarteko kideek eta Coordinadora estatal de apoyo a la Querella Argentina contra crimenes del franquismo plataformako kideek parte hartuko dute hitzaldian.
OHZko kideek emango diote sarrera hitzaldiari. “Garai hartako testuinguru historikoa nolakoa zen azalduko dugu. Besteak beste, 36ko gerran zertzuk pasa ziren gogora ekartzeko aukera izango dugu. Ondarroan, esate baterako, 1936ko urrian sartu ziren frankistak”.
Berbaldira hurbildutakoak testuinguru historikoan jarri ostean, BASKale elkarteko kideek Kondor legioa zelan sortu zen azalduko dute. Era berean, frankismo garaiko hilketen inguruan berba egiteko aukera izango dute CEAQUA plataformako kideek.
OHZko kideek herritar guztiei hitzaldira joateko gonbitea luzatu die. “Memoria historikoari buruzko hitzaldi interesgarria izango da”.
Bestalde, Kofradia Zaharrean martxoaren 5etik apirilaren 6ra, Legion Condorrek eragindako suntsipenak Euskal Herrian- 36/37ko gerran nazien bidegabekeria, iragana eta oraina erakusketa egingo da.
Baskale elkarteak antolatutako erakusketa Euskal Herriko hainbat herritan egon da ikusgai; ondarrutarrek hilabete pasatxoan “Kondor Legioaren jatorria, bilakaera historikoa, zeuzkan helburuak eta XX. mendeko historia asaldatuaren baitako testuingurua” ezagutzeko aukera izango dute.
17 tauletan banatuta, Kondor legioari buruzko hainbat argazki eta dokumentu daude ikusgai, eta gehienak argazkiak baldin badira ere, tartean garai hartako hainbat egunkari ere ageri dira erakusketan. “Bertoko egunkariak ez ezik, nazioartekoak ere ageri dira”.