bonbardaketa
Ihauteriak mozorrorik gabe
Ukranian pairatzen duten gerra gordina bizi-bizi dagoen egun hauetan, 85 urte bete dira Markina-Xemeinek inoiz bizi izandako gerra erasorik bortitzenetik.

IHAUTERI-Aratoste ospakizun igandea, 1937ko otsailaren 7a, bonbardaketa basati baten kronika.
1937. urtean Xemein eta Markinako herritarrek ezin izan zuten errotuen zeukaten ospakizun eta ohiturarik kutunenaz gozatu. Alderantziz; jai, mozorro eta ospakizunak izan beharrean izua, leherketa, sute eta kalteak pairatu zituzten 1937ko ihauteri igandean.
Guda lerroa gure inguruko baserri eta mendietan finkatu zen garaian egunerokoa zen Xemein, Markina eta Etxebarria bonbardatzeko faxisten ekimena. Eguna joan, eguna etorri, matxinoen artileria edo airezko iharduerek zibilen bizitoki ziren herrietara zuzentzen zituzten obus, kainoi edo hegazkinetatik jaurtitako lehergaiak. Kronika desberdinen arabera Markina eta ingurukoak gerratean gehien bonbardatutako herriak izan zirela agertzen digute. (Xabier Irujok egindako «Atlas de bombardeos en Euskadi (1936-1937)» Gogora Institutua)

Egunero hamarka bonba erortzen baziren, kontakizun eta kronika desberdinen arabera 1937ko ihauteri igande goizean Markinan eroritakoak 104 izan ziren eta, hori gutxi balitz, beste 2 gauez bota zituzten, goizaldeko ordu batetan.
Erasoen aurkako babesleku sare bat antolatua zegoenez, jaurtitako bonba kopuru handia izan arren ez omen zen heriotzarik izan. Heriotzarik ez, baina kalte materialak oso handiak izan ziren.
Ukraniako zentzugabeko gerratik iristen zaizkigun albiste eta irudi bortitzen testuinguru honetan, 1937ko bonbardaketen inguruko datu eta irudi berriak eskuratu ditugunez, gaur egungo gerren bidegabekeria salatzeaz gain, bere egunean gertatutakoa hobeto ezagutu eta inon ez errepikatzea nahi eta aldarrikatzen dugu.
Xabier Herrero Acosta historialariarekin burutu dugun elkarlanari esker, urrats berriak eman ditugu ikerketan, 1937ko ihauteri igandeko kalteen argazkiak eta sortutako suteak itzaltzeko asmoan gerrate guztian bertara etorritako egun bakar honetan Bilboko Suhiltzaileak egindako informeen bitartez argibide garrantzitsuak jaso ditugu.



Orain badakigu herrian eroritako bonba kopurua, erasoa, Urkaregi inguruan kokatutako artileriak burutu zuela, leherketek apurketez gain suteak sortu zituztela, sute horien eraginez leherketan kaltetu gabeko etxe bat erabat kaltetu zela (Guenkalea 12ko Vega Hotela), herritarrek ordubatak inguruak laguntza eskatu zutela Bilboko suhiltzaileen zerbitzura, ….
Suhiltzaileen txotenaren arabera hau da zerbitzuaren kontakizuna:
- 12:55, herritar baten telefono deiak zerbitzua eskatzen du. Herritar baten deia ez da nahikoa lan eremutik kanpo dagoen Bilboko suhiltzaileen zerbitzu bat abian jartzeko.
- 13:20, Markina Errepublikako Defentsarako Batzordearen Idazkariaren eskaera jasotzen dute eta zerbitzua berehala martxan jartzen da.
- Hasiera baten bi kamioi eta 8 suhiltzaile abiatzen dira zerbitzua eskaintzera.
- Bilboko suhiltzaile parkean gestioak burutzen dituzte Markinara abiatutako suhiltzaileek utzitako hutsunea betetzeko.
- 14:15, aipatutako Idazkariak bigarren zerbitzu bat eskatzen du, sutea beste etxe batera zabaldu delako.
- 14:20, bigarren zerbitzua Markinarako bidean jartzen da. Kamioi bat eta 12 suhiltzaileko taldea da bideratzen dena. Guztira 3 ibilgailu eta 20 pertsonen dotazioa.
- Suteak Erdiko kalean, Karmengo Plazan, Zelaiko ibilbidean eta Guenkalean kokatzen dira.
- Ondorengoen etxeak erre ziren: Carlos Salazar, Antxustegin alarguna, Ramon Arrarte, Juan Vega (Bustingorri), Bernardo Amoroto, Clara eta Cecilia Arregi eta Trotiagaren alarguna.
- Antxustegi alarguna eta Juan Vegaren etxeen jabea Gaytan de Ayala zen eta Arregi ahizpen etxea Felix Alkortarena zen.
- Suteari aurre egiteko 4 mangera erabili zituzten, guztira 250 metro mangera.
- Hasi eta 5 ordura sutea menperatzea lortu zuten eta geroago erabat itzali.
- Biharamuneko 12:45etan ibilgailu bat Bilbora itzuli zela.
- Otsailaren 8ko goizeko 5etan itzuli zen dotazio guztia, Bilbotik atera eta 15 ordu eta 40 minutura.
- Informean dotazioan parte hartutako suhiltzaile guztien izenak eta identifikazioak agertzen dira.
Artikulu honen hasieran azaldu dugunez, faxisten bonben erasoen ohiko helburua herriguneak ziren. Hau esanda honakoa argitu nahi dugu: gure frontean kokatutako errepublikazaleen artileriak ez zuen matxinoen menpe zeuden herrietara iristeko ahalmenik, ez Elgoibarrera, ezta Mendarora, … soilik Mendexan kokatutako artileriak Ondarroa izan zezakeen helburu. Bestalde matxinoen artileria zuten kokapen guztietatik (Mutrikuko Alkolea, Tontorramendi, Urkaregi, …) irismen eremuan zeuden Markina, Xemein eta Etxebarriako herri guneak. Irismen ahal hori, kalte handiekin, beldurrarekin eta herritarren zauri eta heriotzekin nozitu zuten herritarrek.
Esta entrada fue publicada en Markina y etiquetada como 1937, bonbardaketa, Markina.
Bengola, Munitibar: hobiaren bila, 80 urteko memoriaren sakonean
Bi egunez aritu dira Aranzadiko kideak Bengolako (Munitibar) hobian gorpuzkinen bila. 1937ko apirilaren 26an Munitibarren aurkako bonbarkaketaren ondorioek utzitako hobiraketa bat kokatzen zen bertan. Ahaleginak ahalegin, ezin izan dira gorpuzkinak lokalizatu.
Duela 80 urte lur eman behar izan zioten han, Bengolan, zerutik jaurtitako bonbek eragindako sakonunean.
Eztanda eta leherketa haien uhin hedakorren antzera, 80 urtez, memoriak, gertaera haien transmisioa bermatu du.
Erakutsi du beste behin, memoriak sustrai sakonak dituela; eta gaurkoan, Bengolan, Munitibarren, hobiratutako gorpuzkinak aurkitu ez badira ere, sakonean, haien memoriak bizirik jarraitzen duela azaleratu da.
Esta entrada fue publicada en Munitibar y etiquetada como 1937, ahaztuen oroimena, Aranzadi, Bengola, bonbardaketa, deshobiraketa, Munitibar.
Esta entrada fue publicada en Hildakoak-zaurituak, Munitibar y etiquetada como 1937, aire erasoa, bonbardaketa, hildakoak, hobiak, Munitibar, zaurituak.
Gernikako bonbardaketaren urteurrena. “Basarri”ren bertsoak Jabier Urkijok testigantzan abestuak
Jabierren ama, Kattalin Juaristi, Ukaregi gainaren inguruko Urkaregi-txiki baserrikoa zen. Aita, Gregorio Urkijo Arakaldon jaio eta mikeletea ogibidez. Gregoriok Urkaregiko Mikelete-etxean, Markinakoan eta Berrizen bizi eta lan egin zuen. Demokrazia eta errepublikaren alde agertu zelako, 1937ko abuztuaren 4an faxistek Gregorio fusilatu eta familia hondamendira eraman zuen.
Bizipenak eta familiak jasandakoak jasotzeko asmoarekin Jabierrengana testigantza jasotzera joan ginenean, ustekabeko paregabea izan genuen Basarri bertsolariaren “Gernikako bonbardeoa”ren hamalau bertsoak buruz eta bat-batean abestu zigunean.
Jabierrek abestutako bertso sorta hau bideo honetan zabalduz, duela 79 urte Gernikako bonbardaketa pairatu eta hildakoak omenduaz gain, Gregorio Urkijoren duintasuna goraipatu nahi ditugu.
Mila esker Jabier, eskainitakoagatik.
Esta entrada fue publicada en Hildakoak-zaurituak, Orokorra, Testigantzak y etiquetada como 1937-04-26, ahaztuen oroimena, bonbardaketa, frankismoa, Gernika, Gernika Picasso, Gernikazarra, Legion Condor, memoria, mola generala hegazkinak gerra zibila ahaztuen orimena.