Kepa Ordoki
Jesus Erkiaga, gudari ohiarekin bere testigantza jasotzen gaur

Jesus Erkiaga Gabiola, 1917ko abuztuan Lekeition jaioa. Kontabilitate ikasketak burutu zituen eta Lekeitioko udaletxean interino bezala aritu zan 1937ko apirilaren bukaera arte, guztira 5 urtez egin zuen lan bertan.
Errepublikaren aldeko Komiteko partaide EAE-ANV alderdia ordezkatuz, herritarren premiak hornitzeko ardura izan zuen.
Faxistak Lekeitio okupatu zutenean itsasoz Plentziara egin zuen ihes, handik Bilbora; bere alderdiaren gomendioak jarraituz, zapadoreen ANV Azkatasuna batailoian lerrokatuz defentsa eta fortifikazioak eraikitzen jardun zuen gerra bete betean.
Borroka gune desberdinetan aritu ondoren, (Lemoatx, Gaztelumendi, Santo Domingo, Bilbo, Karrantza, Santoña…) Laredora iritsi eta Ajuriagerrak negoziatutako paktuaren eraginez italiarren esku geratu zen.
Hala ta guzti, inguruan arrantzan zebilen lekeitiar ontzi baten sartu eta Frantziarako bidea egingo zuelakoan Lekeitioko portuan hartu zuen lur. Kaian bere ikaslagun izandako Larrazabal eskuindarrarekin topo egin eta kartzelaratu egin zuten.
Santutxuko Karmelo komentuko kartzelan urtebete eta egun bateko kondena bete ondoren Lekeitiora itzuli eta faxistekin borrokatzera joateko agindua jaso zuen, Iruñako America batailoian hain zuzen.
Kuartelera joan beharrean, atzerrira joateko erabakia hartu zuen, eta hainbat gorabehera izan bazituen ere, Hendaiako hondartzara igerian, biluzik, iristea lortu zuen. Gero Bigarren Mundu Gerraren atarian Frantziako ejerzituaren parte, Lannemezaneko biltegian zerbitu zuen.
Kide eta lagun izan zuen han Kepa Ordoki, Kalamuan aritutako San Andres batailoiko kapitain ospetsua, geroago nazi alemanei aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak antolatutako Gernika batailoiko komandantea izango zena.
Naziak Frantzia osoa hartu zutenean Okzitaniako Sete herriko kai militar baten, nazioarteko tratatuak kontutan hartu gabe frantziarrak Lannemezanen bildutako Lehen Mundu Gudako arma kimikoak garraiatu eta desegiteko agindua bete zuen, itsasora jaurti zituzten debekatutako arma arriskutsuak.
Naziak Frantziako jaun eta jabe zirelarik, erresistentzia lanetan aritzeagatik Gestapok bere auzokide bat atxilotzean, Jesusek ere, ardurak izan zituelako, muga gainditu eta Bilbora etorriaz, soldaduzkarako deialdiak kudeatzen ziren bulegoan aurkeztu zen. Marrokora bidali zuten eta 22 hilabeteko soldaduzka egin behar izan zuen.
Gerora, bizimodua aurrera ateratzeko beharrak, Venezuelara eraman zuen. Izotz fabrika baten egin zuen lan bertan. 100 urte bete dituen arren kementsu dago eta bizitzan zortea izan duelakoan da.
1936ko abenduaren 26an Kalamuako borrokaldia, 80 urtera
1936ko udan, kolpea eman ondoren, lehen mugimenduak irailaren bukaeran iritsi ziren markinaldeko sektorea deiturikora. Lehen egunetako borrokaldiei, ondoren eman ziren borrokaldi gogorragoak gehitu zitzaizkien; Akarregi-Egixarrekoa urriaren 21ean eta Kalamuakoa abenduaren 26an adibidez.
Frontea egonkortu zenean, frankistek, mendi gain altuenak okupatu zituzten. Aurretik zuten gaitasun militarrari abantailazko kokapenak izatea gehitu behar zaio. Hala ere, gudari eta milizianoek tinko eusteko ausardia eta gaitasuna erakutsi zuten, fronteak egonkor iraun zuen zazpi hilabeteetan gogor borrokatuz.
1936ko gabon inguruan, fronteak izandako lasaitasun uneak jasotzen dituzte garaiko artikuluek; alde bien arteko elkarrizketak eta Akondia inguruan egunkariak aldatzeko aukera izan zutela ere aipatzen dute.
Herritarrek, haiei jasotako testigantzetan, 1936/12/26ko borrokaldiko pasarteak eskaini zizkizguten: kainoikaden oihartzunek etxeko leihoetan eragiten zuten dardara, etxeko ganbaran zauritu eta hildakoak hartatzen jardun zutenak, Munitibar ingurutik borrokaldi hau nola entzuten zen etab… Gaurko aurkezpenean, Markina-Xemeinen izan dira, borrokaldi honen lekuko izandako Josefa Egidazu eta Tomas Gerrikagoitiaren semea. Josefak, bertaratutakoei kontatu die gaurko egunez, duela 80 urte ikusi eta bizi izan zuena.
Borrokaldiaren protagonistak izan zirenek ere tartea izan dute hitzaldian. Kepa Ordoki, gudarien kapitaina zen Kalamuan egon zenean. 1936ko abenduaren 26ko borrokaldiaren nondik norakoak jasota utzi zituen, San Andresekoek, Sasetakoek eta Celtako anarkistek egun horretan bizi izandakoa.
Hain zuzen, Celtakoekin hildako bi gazte galiziarren senideek eskainitako testigantzak itxi du hitzaldia. Familia hau, Markinaraino gerturatu zen, zerbait argitu nahian, haien osabak nola hil ziren jakin nahian. Abenduaren 26ko borrokaldi honetan hil baziren ere, oraindik orain, Aguetetarrek ez dakite non dauden beraien osaba biak.
Gaurko egunean hitzaldi hau eskaintzea garrantzitsua iruditu zaigu. Efemerideaz gain, gabon giro honetan, duela 80 urte gure herrietan, herritarrek bizi behar izan zutena oso gogorra izan zelakoan gaude; baita, faxistei aurre egiten ziarduten gudari eta milizianoen senideak ere. Hainbat etxetan ez zen gabonik izan. Beste hainbatetan, ez dira gabonak ospakizun izan harrezkero; senide baten heriotza datak ospakizunetako aukerak zapuztu baitzituen.
Kalamuako frontean ibilbide gidatuan, bertan borrokatu zuten gudarien senieekin batera parte hartzera gonbidatzen zaitugu
Imagen Posted on Actualizado enn
Kalamua beltzez jantzi den mamua zela zioen gabon kanta batek; hala izan ere. Inguruko tontorrik altuenak, gerra zibilaren garaietan borrokaldi gogorrak jasan zituen. Frontea egonkortu aurretik eta ondorengo zazpi hilabeteetan erasoaldi latzak izan ziren. Bereziki 1936ko abenduaren 26koa aipatu daiteke; testigantzek adierazten duten moduan San Esteban eguneko borroka.
Maxetik Kalamuara eta handik Urkora arteko lerroan lehertu beharrean jardun ziren bi aldeak. Maxeko posizioetan zegoen Celta batailoia, egun horretan hil ziren esaterako Manuel Aguete Lino eta Antonio Aguete Lino. Ekainaren 12an, haien senideak etorriko dira antolatu dugun ibilbide gidatura, haien osaba biek, non borrokatu eta bizia galdu zuten bertatik bertara ezagutu ahal izango dute. Haiekin batera eutsi zioten San Andres eta Saseta batailoi abertzaleek. Lehenengoa ELA-STV-ko (Solidaridad de los Trabajadores Vascos) kidez osatua non konpainia bateko agintari Kepa Ordoki zelarik. Batailoi hauetan jardundako gudarien senideak ere etortzekoak dira ibilbidera.
Usartzatik abiatu eta gudariek posizioetara igotzeko sortutako bidetik Akondiako gaina izango da lehenengo jomuga. Han, kokapenez gain, gabon betean, San Esteban egunaren bezperetan Amuategikoek frankistekin egunkari trukea egiteko akordioaz jardungo dugu, edo urteetara jarri zuten gurutzearen jatorriaz…. Garagoititik igaro eta handik, frankisten aginte postu nagusia ikusiko dugu Kalamuako lautik. Lau honetan, gorago, Eibarko Sozialistek eraiki zuten aterpetxea eta frontoiaren azken aztarnak ikusi ondoren hegaletik, diruzulo dolmenaren ondotik, parlamentutik igaro eta Maxeko posizioetara iristean bertako ezaugarrien azalpenak eskeiniko dira. Kokapen hauetan, Celtakoek eta Sasetakoek, San Andreskoekin batera nola borrokatu zuten ulertu ahalko dugu; handik Kalamua gainera joko dugu, kokapen altuenak ezagutu eta poliki poliki beheranzko bidea hartu eta Usartzara jeisteko.
9:30etan abiatuko da ibilbidea Usartzatik; hala ere, Barinagatik gora joatekoak garenak 9:00etarako Barinagako aparkalekuan elkartzea proposatzen da Usartzara ahalik eta kotxe gutxien eramateko. Azkenik gogoratu, ibilbidea eta gero Barinagan bazkaria izango dela 15:00etan, horretarako izena eman ekainaren 6a baino lehen.