Fusilatuak

Aretxabaleta Arriola, Hilario : 1888/01/14an jaio zen Markinan eta 1937ko uztailaren 21an fusilatu zuten Derion.
Abesua kalean bizi zen, erloju konpontzailea ogibidez, ezkondua, zazpi seme-alaben aita (Jose, Maria, Natividad, Nieves, Purificacion, Javier eta Imanol).
EAJko militantea, Errepublikaren Defentsarako Herri Batzordeko eta Isunen azpibatzordeko kidea, EAJko Markinako lehendakaria.
1937ko uztailaren 7an Markinan atxilotu, eta uztailaren 9an epaitu zuten militarrek. Heriotza zigorrera kondenatu zuten; uztailaren 13an berretsi zuten aurretik emandako sententzia eta ondorioz uztailaren 21ean fusilatuta erail zuten, 49 urte zituen.
1937ko uztailaren 15ean Markinako agintari eta pertsona desberdinek epaitegira bidalitako informeetan honelako salaketak egin ziozkioten:
“furioso separatista”, “muy peligroso para la España Nacional dada la gran actividad que desarrolla en la propaganda separatista”, “persecución a los elementos tradicionalistas de Marquina”, …

Loiola Eizagirre, Juan : 1904/02/22an jaio zen Xemeinen eta 1937ko irailaren 9an fusilatu zuten Derion.
Arretxinaga inguruko Zubialde etxean bizi zen, letoigilea ogibidez, 1938ko urtarrilean ezkontzeko data zuen.
EAJko militantea, Errepublikaren Defentsarako Herri Batzordeko eta Isunen azpibatzordeko partaidea, Xemeingo horniduren arduraduna eta Markinako Udal Idazkariaren laguntzailea zen.
1937ko uztailaren 10ean atxilotu, Markinako kartzelan sartu eta diligentziak hasi zituzten, berea aurka; 13an Larrinagako kartzelara eraman zuten, uztailaren 20an epaitu eta 29an heriotza zigorra ezarri zioten. Abuztuaren 27an sententzia berretsi eta 1937ko irailaren 9an fusilatu zuten.
Uztailaren 10ean Markina eta Xemeingo agintari eta pertsona ezberdinek, epaitegira bidalitako informeetan honelakoak leporatzen zizkioten: “encargado de amedentrar a las personas de orden”, “nacionalista vasco exaltado que servia de elemento de choque a su partido debido a su carencia de verguenza”, “desarrollo actividades en oposicion al Glorioso Alzamiento Nacional”, …
1937ko irailean fusilatu bazuten ere, 1941. urtean Erantzukizun Politikoengatik hasitako diligentzien ondorioz, 1941eko irailaren 17ko sententzian 250 pezetako isuna jarri zioten, ez ordaintzeagatik 1000 pezetakoa bihurtu zena. 1947ko apirilaren 30ean bere kaudimengabezia onartu arte.

Mallukiza Aldaolea, Anbrosio : Munitibarko Berreño auzoko Goitxi baserrian jaio zen 1886/12/07an, eta Markinan bizi zen hara ezkondua baitzen. 1937ko uztailaren 16an fusilatu zuten Derion.
Karmengo errebalean bizi zen, bizargina eta taberneroa ogibidez, ezkondua, bost seme alaben aita (Jose, Jesusa, Felipa, Justa eta Felipe).
Izquierda Republicanako afiliatua, Errepublikaren Defentsarako Herri Batzordeko partaidea zen, Isunen azpibatzordekoa, eta Markinako udal zinegotzia.
1937ko uztailaren 9 Markinako Udal Idazkariak bere aurkako salaketa jarri eta 11an atxilotu zuten. Bi egunetara, Bilboko Larrinaga espetxera eraman zuten, 13an bertan bere aurkako epaiketako diligentziak hasiz. Diligentzia hauetan Markinako hainbat agintari eta pertsonak, bere aurkako adierazpenak egin zituzten. 1937ko uztailaren 23an militarrek epaitu zuten; 30ean idatzi zen bere aurkako heriotza zigorreko sententzia. Abuztuaren 18an bere sententziaren berrikusketa izan zuen, horretarako aurkako salaketa gogorrak jaso zituen herriko agintariengandik eta heriotza zigorreko sententzia irmo bihurtu zen.
Baina irmotasun honen eraginez damuturik edo, aurretiaz zorrotz eta gogor agertutakoak urduritu eta finkoa zen sententzia aldatzeko ahaleginetan beste hainbat adierazpen bidali zituzten epaitegira, hauetan Ambrosioren alde agertzen ziren aurretiaz kontra aritutakoak.
Salamancan kokatuta zegoen Estatuburuko Idazkaritza Orokorretik igorritako 1937ko irailaren 9ko oharrean sententzia gauzatzea baimendu zuten. 1937ko irailaren 16an fusilatua izan zen Derion.

Onaindia Zuloaga, Celestino : Markinan jaio zen 1898an eta Hernanin afusilatu zuten 1936ko urriaren 28an.

Sagarna Uriarte, Jose: 1911an Zeanurin jaio eta Larruskaingo abadea izan zen Amulategin fusilatu zuten 1936ko urriaren 20an.
Sanchez Pesado, Jeronimo: Mallorkako Pollenca herrian 1894/12/28an jaioa, Markinan bizi zen. Derion fusilatu zuten 1937an.