1937
Testigantza: Juan Kaltzakorta Sololuze
Juan Kaltzakorta Sololuze, Xemeingo Larruskain auzoan, Egurrola baserrian jaio zen. 7 urte zituen gerra iritsi zenean; Egurrolan bertan harrapatu zuen bere familiarekin batera. Miliziano eta gudarien lehen mugimenduak etxe inguruan bizi izan zituen. Bere testigantzan kontatzen duen moduan, Etxebarriko Gandixa Errota baserriko Felix Urkidi, miliziano jantzita Egurrolara etortzen gogoratzen da. Garai hartatik aurrera, tiro hotsa eta kainoikadak ugaritu egin ziren; frankistek inguruko posizioak finkatu eta frontea egonkortu zenean.
Kamioi blindatuetan etortzen ziren milizianoak Egurrolara. Janaria hartu eta joaten ziren. Ezin giro horretan bizi eta ebakuatu egin behar izan zuten. Markinara joan ziren eta han igaro zituzten fronteak iraun zituen hilabeteak, 1937ko apirilaren 26 arteko egunak. Olabarriren etxean, pisuan hartu zuten babes. Markinako alde zaharreko kanpai torrearen azpian zegoen babeslekuan gordetzen ziren, arriskuaren kanpaiak entzuten zituztenean; behin, gu bizi ginen etxea eta Joxe Alderen taberna, bizardegiaren tartean sartu zen obus bat, baina ez zuen eztandarik egin, «orduko bonbek baina, ez zuten beti eztanda egiten, bestela, Markina apurtuta utziko zuten».
1937ko apirilaren 26an, miliziano eta gudariak erretaguardiara atzeratu zirenean, Bilborantz zihoazela, faxistak aurrez aurre aurkituko zituztenaren berria jaso zuten, horregatik, desbideratu egin behar izan ziren.
Egurrolara bueltan, apurtuta, erreta aurkitu zuten etxea, ez zen izan bakarra ordea. Olazar ere erre egin zuten, hura mendekuz erre zuten faxistek. Olazarko Julian Etxaniz, Itxas-Alde batailoian kapitaina izan zen, eta lehen mugimenduetan, Larruskaingo «Manuel Larruskain» atxilotzen ahalegindu zen. Gertaera honengatik eta bere pentsakera politikoagatik, mendekua izan zen Olazar erretzea.
80 urtetik gora igaro arren, Juanek testigantzan kontatu duen moduan, gogoan du oraindik orain, bere anaia frontera nola joan zen. Memoria, bizipenen kabi bizia den erakusle.
Inmakulada Bilbaoren Gernika
Pablo eta Juliana, Morgako (Bizkaia) Zabale eta Ubille baserrikoak ziren Inmakulada Bilbao Olean gurasoak. Hala ere, Gernikara joan ziren familia osatzera, bertan kokatu eta sei seme-alaba izan ondoren etorkizun oparoa izango zutelakoan zeuden.
1937ko apirilaren 26ko Gernikaren aurkako bonbardaketa eta anabasak hankaz gora jarri zituen familia honen proiektu eta itxaropenak. Etorkizuna bideratuta izatetik esku hutsik izaterako urratsak, lau ordu iraun zituen; maltzurkeria zital baten ondorioa izan zen.
Bat-batean etxerik gabe, jabegorik gabe, babesik gabe, izututa, baliabiderik gabe eta deserrira bultzatuak, erroak hautsita, nora ezean ziren.
Gerraren lehen lerrotik ihesi Muxikan (Bizkaia) hartu zuten babes. Handik, ahal izan zuten bezala Julianaren osaba baten Morgako Erroteta baserrira jo zuten. Bertan baina, gerrak, Bizkargiko borrokaldiak bizi eta pairatzera eraman zituzten.
Batetik, Bizkargin izandako borroken ondorioz bertako urak kutsatu eta Inmakuladaren bi ahizpak tifusaz gaixotu ziren. Bestetik berriz, borrokak bukatu eta egunetara, 1937ko maiatzaren 28an Bizkargin zentinela bezala ziarduen faxisten soldadu batek, Luciano Olea Mandaluniz (Julianaren aita), 71 urteko gizona, tiro batez hil zuen etxetik orturako bidean.
Familiak ez zuen aurrera egiteko aukerarik Morgan, ondorioz, Deriorako bidea hartu zuten. Pablok, Derio eta Zamudion kokatuta zegoen “Esperanza y Cia” arma lantegian lan egiteko aukera izan zuen. Bizitokirik ez zutenez Enpresako burua zen Castor Uriarteren koinatu baten (abadea) etxean egon ziren apopilo.
Jatorriz Markinan sortu zuten “Esperanza y Cia” arma fabrika eta gerra kontuak medio urte batzuk Txorierrin egin ondoren, lantegia berriro Markinara itzuli zenean Inmakuladaren familiak ere Markina-Xemeinerako bidea hartu zuen, bertan bizimodua eginez.
Baina Inmakuladak ezin ditu ahaztu bere sustraiak, ezin du ahaztu erroak zauritu zizkion bonbardaketan bizitakoa eta sarri gogoratzen bada ere, ezin omen du horretaz berbarik egin azaldatu gabe. Era berean, memoriak duen garrantzia sentimenduekin uztartuz hitz egiten du bere testigantzan; Inmakuladak pena baitu, bonbadaketan bizitakoaren ondoren bere memorian gordeta duena galtzen hasi baita; berarentzat ezinbestekoa baita memoria, ondorengoei gertatutakoa transmitutu ahal izateko.
Artikulu honetan bere testigantzaren zati txiki bat agertzen dugu, Inmakuladak bizi izandakoa agerian uzten duen pasarte gordina.
Herri arduraren zigorra
1937an faxismoaren zama gainean hartu behar izan zuten, hartzerik badago, Markina eta Xemeinen, herriaren ardura eta herria kudeatzeko konpromisoa hartu zuten herritarrek.
Errepublikaren aurkako altxamenduak eta ondorengo gerrak, 1936an, nora ezean, ezbaian utzi zituen beste herrien moduan, Markina eta Xemein. Hala ere, uneak eskatzen duen ausardiaz eta unean hartutako konpromisuaz, Markina eta Xemeinek bizi zuten anabasa kudeatzen jardun zuten hainbat herritarrek.
Eratu berri zen Eusko Jauritzarekin koordinatuz eta euskal gobernuaren babespean, batzorde ezberdinak antolatu ahal izan ziren. Herritar ezberdinek osatu zituzten batzordeok. Bertan parte hartu zuten herritarrak jaso ditugu txosten honetan.
Ez zen doakoa izan konpromesua. Ardurak buruhausteak eta betebeharrak dakartza eta betebehar hauek faxismoaren aurkako baloreei lotuak badira, ondorioak.
Zazpi herritar izan ziren bereziki frankismoaren ondorio latzenak pairatu zituztenak. Markina eta Xemeindarrak ziren zazpi herritar hil egin baitzitzuen frankismoak. Haietako batzuen senideek, lekukotza utzi digute: Ambrosio Mallukiza eta Igancio Ugarteburu Anituaren senideak, esaterako.
Zapatuan, Markina-Xemeingo Udalak, Ahaztuen Oroimena 1936 elkartearekin eta hainbat herritarrekin osatutako lan taldeak koordinatutako omenaldi ekitaldia izango da. Herriko pertsona, elkarte eta talde ezberdinek haien ekarpena egingo dute ekitaldian parte hartuz. Era berean, Markina-Xemeingo udalak, adierazpen instituzionala onartuko du, garai hartan, udal kudeaketan jardundak herritarrek egindako lana aitortu eta esker ona adierazteaz gain, frankismoaren biktima gisa errekonozituz. Errekonozimendu hau, udaletxeko sarreran jarriko den Jose Pablo Arriagaren artelanak mantenduko du bizirik.
Bilboren erorketa, lehen planoan erakusketa

Erakusketaren inaugurazio ekitaldirako jaso genuen gonbidapena baliatuz, bertan egon ginen eta erakusgai diren dokumentu, argazki eta objektuak ikusteaz gain antolatzaileen helburuen azalpenak jaso ahal izan genituen.Erakusketa sei atal desberdinetan banatuta dago:
1. «Umeak«, gerraren krudeltasuna Bilbora hurbiltzen hasi zenean, Bizkaiko eta Gipuzkoatik etorritako milaka haurren atzerrirako ebakuazioa, tartean Habana itsasontziak eramanak eta Gorlizko heritetxean gaixorik ingresatuta zeuden haurrak.


Sabino Gabiola Plaza (Amoroto), EAE-ANVko guradi ohia
Sabino Gabiola Plaza, Amorotoko Etxebarria baserrian jaio zen 1918an. Bertan harrapatu zuen 1936ko gerrak eta udazkenetik egonkortuta zegoen gerra frontea apurtu zenean, 1937ko apirilean, Bilbora joan zen eta han faxisten aurkako indarrekin bat egin zuen.
EAE-ANVk antolatutako Azkatasuna batailoiko lehenengo konpainian, zulatzailen taldean jardun zuen; bere kideek su egiteko hainbat metro zulatuko zituen Sabinok hilabeteetan. 1937ko apirilaren bukaeran sortu zuten batailoi hau eta Bizkaiko hainbat herritan jardun zuten borrokan. Sabinok ere gogoratzen ditu leku hoiek; Galdakaoko eskoletan izan zen, han baitzuen Azkatasunak koartela, gero etorriko ziren Zugaztieta, Lemoa, Urkullu, Gaztelumendi…
Santoñan atxilotu zuten faxistek. Italiarrak gogoan ditu, eta baita estrainekoz, makarroiak zer ziren ezagutu zuenekoa, non eta Santoñan. Preso, Bilboko Areatzako zubira eraman zituzten eta bertan utzi.
Faxisten eskuetan, Logroñoko kuartelera eraman zuten beste hainbatekin batera. Terueleko frontera eraman zituzten eta hango lerroak uztera eraman zituen gerra estrategiak. Askatasunetik urruti, «gorriek» egindako indar erakustaldiari aurre egitera Extremadurara bidali zituzten, 6. Batailoiko America 23an infanterian. Carrascalejo (Caceres) herrian, fronte bietako indarren borrokak, han ikusitako tankea eta faxistek egindako hilketa eta sarraskiak bizirik ditu memorian.
Ciudad Realen izan zuen gerraren azken geltokia. Bukatu zen ondoeza, faxistak gainditzean, etxera bueltatu ahal izan zuen.
Berak bizitako pasarteez gain, Amoroto inguruko hainbat pasarte eskaintzen ditu.
Anoninatuan, 80 urtez gorde du memoria historikoaren alea barnean. Eskuzabal eta eskaini digu memoria kolektiboaren aberasgarri.
- 1
- 2
- 3
- Siguiente →