Pantaleon Egurrola Atxa, ANV-1eko komandante ondarroar gaztearen heriotzaren 85. urteurrena.

Posted on

Duela 85 urte, 1937ko maiatzaren 31an, Pantaleon Egurrola Atxa (24 urte, 25215 gudari zkia) ondarroarrak bizia galdu zuen Arabako frontean. Euskal milizien lau batailoien komandante nagusi lanetan, aurreko egunetan San Pedro mendian galdutako posizioak berreskuratzeko ahaleginetan erasoa zuzentzen zuenean hil zen Egurrola.

Apirila erditik aurrera, matxinoen indarrak Bizkaiko frontean buru-belarri zihardutenean, Pantaleon Egurrola partaide zen “ANV 1, Olabarri” batailoia borroka latzetan murgilduta zegoen, kalte handiak pairatuz. 1937ko apirilaren bukaeran, Durango ingurua defendatze ahaleginetan, ANV-1 batailoiko komandantea zen Gabriel Goitia Uralde (87194 gudari zkia) zauritu egin zen, ondorioz 4. konpainiako kapitana zen Egurrolak hartu behar izan zuen batailoiko komandante postua.

Pantaleon Egurrolak zuzendu zituen ANV-1eko gudariak Sollube mendiaren defentsan. Kronika desberdinen arabera, ANV-1 batailoia izan zen Sollube mendiaren defentsatik atzera egitean erretiratzen zen azken taldea. Ahaztuen Oroimena 1936 elkarte honen laguntzaile baten osaba bat defentsa lanetan zela desagertu zen, 1937/05/06an Añetu mendiko posizioan hilez. Begoñako Francisco Meaza Agirregoitia (19 urte, 11175 gudari zkia), ANV-1 batailoiko 2. konpainiako gudari gaztea.

Baja ugari izan zituen batailoiak egun horietan. Solluben zauritu ondoren, 1937/05/09an Basurtoko ospitalean hil zen Xemeingo Induspe (Iñuspe) baserriko Jose Martin Arrieta Ikaran (22 urte, 87199 gudari zkia), ANV-1eko 1. Konpainiako gudaria. Eta bere konpainiako buru egiten zuen Simon Frades Fernandez (11057 gudari zkia) kapitain barakaldarra ere, 1937/05/17an Solluben hil zen.

 1937ko apirilaren bukaeratik ANV-1 batailoia Euzkadiko Gobernuaren kontrol peko XIII Brigadan lerrotuta zegoen, Meabe-1, Karl Liebknecht eta Jean Jaures batailoiekin osotzen zuen brigada. Maiatzaren erdian XIII Brigadarekin batera, ANV-1 batailoia Sollubetik Euba gaineko “333 kota” posiziora jo zuen eta han ere borroka gogor eta odoltsuak izan zituzten.

Sollube eta “333 kota”ko defentsetan jasandakoengatik eta izandako galerengatik, ANV-1 batailoia atseden labur bat hartzera bidali zuten, jarraian “lasaiago” zegoen Arabako frentera bideratzeko, Amurrio-Urduña inguruko San Pedro mendira hain zuzen.

Baina ustez destino lasaia izan behar zen San Pedro mendiko frontea infernu bilakatu zen berehala. 1937ko maiatzaren 26an matxinoen Nafarroako 3. Brigadak ofentsiba gogor bateri ekin eta euskal miliziek San Pedro, “La Once”, Entrepinares eta Txibiarteko posizioak galdu zituzten, biharamunetako borroketan “La Once”ko posizioa berreskuratzeko.

XIII Brigada osoko buru izendatuz, Pantaleon Egurrola ondarroar komandante gaztea maiatzaren 31an burutuko zuten kontraeraso nagusiaren arduradun eta antolatzailea izan zen. Aurreko egunetan galdutakoa berreskuratzeko helburuarekin “La Once”ko posiziotik goizeko 5:00etan abiatuz, 5:15etarako San Pedroko trintxeretara iritsi baziren ere, eraso honen aurrean matxinoek artileriaz erantzun eta 6:15etan “Aginte Postua” bete-betea jo zuen obus batek ANV-1eko komandante eta erasoaren arduradun zen Pantaleon Egurrola Atxaren berehalako heriotza eragin zion. Aginte postu horretan ziren Cecilio Lezameta Fernandez (48 gudari zkia) eta Gabriel Zuazo Elorriaga (17671 gudari zkia), Karl Liebknecht eta Largo Caballero batailoietako komisario politikoak, ere bertan hil ziren.

 Pantaleon Egurrolaren heriotzak oihartzun handia izan zuen garai hartako prentsan, gaztea izan arren oso estimatua zen, galera handia nozitu zuten bere ingurukoek. Familia gehiena Bilbo inguruan errefuxiatua zegoen, ez zuen ondorengorik utzi.

Josu Santamarina arkeologoa  eta Ahaztuen Oroimena 1936ko ko kideak San Pedroko posizioan indusketa lanetan.

Aipatu, Egurrolaren heriotzaren ondoren “MAOC-1 Larrañaga” batailoiko Rafael Vega Ferrerek (44614 gudari zkia) hartu zuela San Pedro mendiko euskal milizien ardura nagusia eta bertako borroketan zauri larriak jasan zituela beste ondarroar batek. “MAOC-1 Larrañaga” batailoiko sargentoa zen Paulino Iriondo Bakeriza (19 urte, 46207 gudari zkia) 1937/06/05ean zauritu zen frente honetan.

Paulino Iriondoren gerrateko ibilbidea, luzea, gogorra eta oparoa izan zen. Gerra aurretik Pasaiko portuan marinel lanetan zegoelarik, Iriondo hasiera-hasieratik Iruneko defentsako borroketan murgildu zen eta “Frente Norte” deiturikoa Asturiasen bukatu arte borrokan aritu zen bera. Hainbat aldiz zauritua, Amurrion jasandako zauri larrien ondoren ospitaletik ospitalera ibili zen frentearen ihesean, Asturiasen atxilotua izan zen, kartzelaratua, “13. eta 201. Langile Batailoietan” esklabotza lanetara derrigortua.

Gernika Batailoia, Point de Grave osteko ospakizunetan.

Iriondok 1945/02/15ean Frantziara ihes egin eta Gernika Batailoian nazien aurka borrokatu zuen Point de Graven 1945eko apirilean. Itzulitakoan berriz espetxeratua, “Ferrol 1945/79” sumarioan epaitua eta kartzelaratua, 1948ko apirilean bukatu zuen 12 urte aurretik altxamendu militarraren ondorioz hasitako “odisea”.

Adorea, erabakia eta samina, gazte euskaldunen ausardiak aurre egin zion faxismoari.

Egin dezagun historia, egin dezagun memoria.

Deja una respuesta

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Salir /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Salir /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Salir /  Cambiar )

Conectando a %s

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.