etxebarria

Jose Mari Agirre Salaberria

Posted on Actualizado enn

Gaur aurkeztu dugu «Egixarretik Mauthausenera» Jose Mari Agirre Salaberria (1919-03-25, Etxebarria- 2009-09-06, Palma) Egixarren jaio eta Irunen hazitako herritarraren inguruko ekimen sorta. 1936ko gerraren ondorioz erbesteratu eta ondoren miliziano jardun zuen; gerora, zorigaiztoko 4 urte pasarazi zizkioten, Nazien kontrolpeko kontzentrazio esparruan, Mauthausenen. 1945ean askatasuna eskuratu ostean, bizitza berrantolatu eta azken urteetan Palman (Balear uharteak) bizi izan zen non bere errelatua, memoria hurrengo belaunaldiei transmititzen jardun zuen, besteak beste eskoletan. Naziek ezarritako sistema txikitzaileak ezin izan zuen Jose Mariren duintasuna deuseztazu. Etxebarrin merezitako omenaldia eskaini nahi diogu haren oroimenaren erreparazioan lagundu asmoz.

Jose Mari Agirre Salaberriari omenaldia: Egixarretik//embedr.flickr.com/assets/client-code.js

1937ko apirilaren 25etik 27ra: Bonbardaketak eta frontearen haustura

Posted on Actualizado enn


1937ko apirilaren azken egunetan, matxinatuen ofentsibak egun erabakigarriak markatu zituen, eta ordutik, gure memorian zein egutegietan azpimarratuak ditugu. Aurreko asteetan hasitako ofentsibarekin jarraituz (eta hilabeteetan fronte egonkortuan bezala), ezin izan zuten matxinatuak Bizkaian sartzea ekidin miliiziano eta gudariek. Egun hauen ezaugarria lurrez eta airez modu bateratuan jardun ondorengo herritarren aurkako eraso bortitza izan daiteke. Ezin esan ia urte betean bizitzen ari zirena, Lea-Artibaiko herritarrentzat ere gozoa zenik, baina 1937ko apirilaren azken egunetan, batez ere faxisten aire baliabideen nagusitasunak txikizio eta kalte material zein pertsonal ugari eragin zituen.

Bideo honetan, lau testigantza bildu ditugu, lau begirada hiru egun biltzeko. Memoria kolektiboa osatzen duten norbanakoaren bizipen eta begiradatik, bizitako hartatik, gaur egunean sentitzen duten moduan. 1937ko apirilaren 25 arratsaldean, Ziortza-Bolibarren, Luzar baserri inguruetako bonbardaketaren pasartea kontatzen du Nikasio Arriolak, eta biharamunean, apirilaren 26an, Munitibarren aurkako goizeko aire erasoa Rufina Abaituak. Egun hartako arratsaldekoa, Gernikako erasoa ezagunagoa da, baina Inma Bilbaoren kontakizunaren xehetasunak, esanguratsuak dira, gertaera haiek bizi eta 80 urtera jasotako testigantzan. Azkenik, Josefa Espillak, Beide baserrian (Etxebarria), gudarien erretirara eta gudarien ebakuazioa bizi izan zituen gauean. Biharamuenan, 27 goizean, sartuko zen faxisten zutabe bat, Urkaregi-Kalamuatik, Etxebarrira, handik Markina-Xemein sartzeko.

Memoriaren ardura kolektiboa

Posted on Actualizado enn

Informazioa panelaren irudia jasotako tiroen ondoren

Oroimenak, egiak, eta matxinatuen erasoari aurre eginez hil zirenen duintasunarekiko errespetuak jarri zuen Zelaietaburun puntua (Urkaregi gainetik gertu, Etxebarrian) . Mendixka bateko leku baten, puntu baten faxismoari aurre egiten saiatu ziren, eta borroka horretan, hiru borrokalarik behintzat bizia galdu zuten bertan. Borrokan jardun zuten lubaki berean hobiratu zituzten, eta 2016ko martxoan eta apirilean, gorpuzkin horiek deshobiratu ziren, gero, Duintasunaren Kolunbarioan (Elgoibarren)  agur ekitaldi batekin hobiratzeko. Mendixka hartan, puntu hartan,  Informazio panela  jarri zen. Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak eta Lehendakaritzaren laguntzaz  («Bake eta Bizikidetza Plana 2013-2016″ren barnean emandako dirulaguntzarekin) bertara doan orok, han gertatutakoa azaldu asmoz, eta bertan hildakoei omenaldia eskainiz.
Orain baina, hiru tiro jasota agertu da. Nonbait, norbaitek, tiro ariketak egiteko, edo eskuartean izan duen arma probatzeko objektu interesgarria iruditu zaio Zelaietaburuko informazio panela. Guretzat, panel hori, material eta lan baten ondorena baino zerbait gehiago da. Errepresioa, injustizia eta giza eskubideak errotik erautsi zizkieten borrokalari eta herritarren eskubideen defentsa eta haien duintasunaren aldarria da. Izan ere, panelak, memoria ariketa kolektibo baten aletxoa izan nahi du, kolektibo den heinean, guztioi baitagokigu memoria izatea, eta berau iraunaraztea.

 

 

Baltzola Goikoren egia

Posted on Actualizado enn

1936ko urriaren bukaeran gertatu zen. Gerratik ihesi, Eibartik etorritako herritarrak, babes hartu zuten Etxebarriko Baltzola Goiko baserriko sendian.

Ordurako, Gipuzkoatik ihesean, gurdi bete objektu, ikustera ohitzen hasiak ziren Mendi Ondo inguruko baserrietan bizi zirenak. Probintzien mugak banatzen zituen etxeetatik behera, Bizkaiko erretaguardiara zetorren herritar lerroa, maldan behera.

Baltzola Goikora etorritako Eibartarrak, gerra betean gaisotu ziren, gerrak gaisotuko zituen, edo gerrak gaisoaldia heriotzera eramanarazi zien. Bertan bizi ziren Arrillaga-Lizundia familiak, ardura galanta hartu behar izan zuen: hildakoen hobiraketa. Ez zen erraza izango, tropa frankistak etxe buruko tontorrean, hauen aurka, errepublikaren defentsarako miliziano eta gudariak ber bertan. Ez hara ez hona, baratzean hobiratzeko ardura hartu zuen. Patxi Kalzakorta eta Pedro Juaristi, Baltzola Beheko auzokideek lagundu zieten zeregin honetan; Patxi trebea zen arotz lanetan, Pedrok lagunduta, Joe Mari Arrillagari (Baltzola Goiko baserriko, aitona) lagundu zioten hobiraketa lanetan.

Gaur, Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak, testigantzei esker ikerketa abian jarri ondoren, Aranzadi Zientzia elkartekoak izan dira Baltzola Goikoan, gorpuzkinak lokalizatzeko ahaleginean. Baina ahaleginak ahalegin, ezin izan da hilotza lokalizatu. Memoria historikoak dituen erronken eta higaduren erakusle.

Lekukoek, irmo transmitizen dute, han bazela hobiraketa bat, baina denborak, urteen joanak, eta lurraren erabilera ezberdinek, esperotakoa desioan geratzera eramaten dute. Beste hark zioen bezala, Urak dakarrena urak daroa, lurrak emandakoa lurrean gelditzen da. Eta gu hemen, beti gu hemen.

Hiruren azkena

Posted on Actualizado enn

Zelaietaburun hil ziren. Faxismoari aurre eginez, seguruena 1936ko irailaren azkenetan.
Duela lau urte, han, Urkaregi txiki inguruan, Zelaietaburuko haitzen gaineko aldean, gerra latz hark eragindako hiru hilotzen berri izan genuen.
Horrela gertatzen da, gehienetan, testigu izan zirenek, lekuko edo garai hartako gora beherak bizitakoek, gertatutakoa deskribatzen dutenean, haien testigatzaren bidez, egia azalarazten da; hala bedi.
Pertsona bakoitzak, orduko ume bakoitzak, leku bat, une bat eta honi dagozkion bizipenak biz ohi ditu. Bizipen hauek, sentimendu bilakatu eta bizitzan zehar iraungo dute, bakoitzaren barruan, memoria bizirik mantenduz; harik eta 80 urteren buruan norbait, sukaldean aurrez aurre eseri eta kanporatu arte; hara non datorren amildegia.

Jose Mari San Martin (Soarte baseerria, 1925) Zelaietaburuko hirugarren gorpuzkinak hobiratzen.

Jose Mari San Martin (Soarte baserria, 1925) eta Pilar San Martin (Soarte baserria,1927) gerra frontea igaro berri igo ziren Zelaietaburura aitonarekin. Hark aipatzen zien nola «hor gizonak daude hobiratuta, ez gerturatu». Mariano Retolaza Larreategik (1898-1970) berriz, lurperatu orduko ikusi zituen hilotzak Zelaietaburuko lubakian, errenkadan. 1955 inguruan kontatuko zien Inazio eta Santiago semeei, Iruiturritik: «han, harkaitz haiek dauden tokian, hiru hildako ikusi nituen (…)».

Testigantzek deskribatu, auzolanean Ahaztuen Oroimena 1936 eta herritarrek, urte bete inguruan garbiketa eta kokapenerako lanak egin eta Pilar San Martinek lekua ezagutu ahal izan zuen. Aranzadi Zientzia elkarteari honen berri eman eta haiek deshobiratu zituen hiru gudariok 2016an.
Faxismoari aurre eginez hil ziren. Adinez nagusiak ziren, izan ere, hiru gorpuzkinetatik bik, hortz ordeak zituzten eta lehenengo gorpuak, 40 urte inguru izango zituela ondoriozatu dute Aranzadiko Zientzialariek. Bigarren gudariak gainera, hortz eskuila bi zeuzkan alkandoraren paparreko poltsikoan; hortz eskuila biek zuten izen bana idatzita, “Sanitas” eta Donostiako “Drogueria Olaizola”.
Faxismoaren biktima izan ziren urte askotan. 80 urtera, ahanzturatik, memoria bizi horri esker, azaleratu eta egiaren babesean, haien duintasuna aintzat, merezi duten azken agurra eskaini zitzaien atzo.

Elgoibarren, 1936ko altxamenduaren eta ondorengo gerrak utzitako biktimentzako Duintasunaren Kolunbarioan hobiratu ziren

Inazio eta Santi Retolaza anaiak, Zelaietaburuko bigarren gudariaren gorpuzkiak horma hobietara eramaten

Zelaietaburuko hiru gudariak eta beste 21 burkide. Lemoan, Larrabetzun, Legution, Donostian, Galdamesen… eta beste herri batzuetan deshobiratutakoak atzoko 24ak. Ramon Portilla CNTko borrokalaria, Millan Zabala Donostiako Udaleko Gauzainen Kidegoko langilea, eta Nicolas Obregon Euzko Gudarosteko CNTren Sacco Wanzetti batailoiko kaboa izan ziren identifikatuta hobiratu ahal izan direnak; gainontzeko 21ak, ezezagunak.

Ezin argitu haien senideen jakinmina. Ezin haien arreben zauriak arindu, ezin haien senideekin bat egin. Hiru etxetan desagertuak, atzo herritarrek babestuak.

Horregaitik, Etxebarriko udala, testiguak (Jose Mari San Martin, Ignazio Retolaza eta Santi Reotolaza) eta Ahaztuen Oroimena 1936

Jesus Iriondo eta Mari Carmen Bustindui, Etxebarriko alkate eta zinegotzia hurrenez hurren Zelaietaburuko gudariaren gorpuzkinak hobiratzen

elkarteko kideen artean hobiratu genituen Zelaietaburuko hiru gudariak. Merezi duten moduan. Herritarren babesean, azken agurra jasoz.

1936ko errefuxiatuak, bizileku hobe baten bila Errotabarrin (Etxebarria)

Posted on Actualizado enn

Koro Munduate Gastesi (1940, Alegia,Gipuzkoa) Villabonan, 2017ko abuztuaren 3an egindako elkarrizketan

Filomena Gastesi Zaldunbere eta Angel Munduate Urdanpiletak, familia bat osatu zuten. Alegiakoak ziren eta han, gerrak harrapatu eta nonbaitera jo behar izan zuten. (Ikusi bideoa hemen)

Angelen aita, Mikeletea zen eta lan destinoaren ondorioz, seme alaba bakoitza, leku batean jaioa da. Kasu honetan, Angel Munduate, Oñatin jaio zen, 1910ean. Filomena berriz Tolosarra zen; gaitzak jota, gurasoak hil eta umezutz geratu ziren; horregatik, neba arrebak sakabanatu egin zituzten, Gastesitarrek hartu zituzten, Filomena beraz, Alegian bizi izan zen.

Filomena eta Angelek, Alegian osatu zuten familia: Angel, paper fabrikako langilea zen (lehenengo Alegian zegoen, gero Tolosara eramango zuten paper fabrika) eta amak etxeko ardura eta beharrak aurrera eramaten egiten zuen lan. Ezkondu eta seme bat ere izan zuten, Pedro, zein urte beterekin hil egin zen (1934 edo 1935ean) Alegian.

Paper fabrika itxita eta gerra Gipuzkoan barrena, Tolosaldera gerturatzen zela, herriko jaiak (karmenak) eta gero, Santiagoetan alde egin zuten herritik.  Elgoibarrera iritsi eta bikoteak, bakoitzak, ibilbide bat hartu behar izan zuen.

Angel Munduate, frontera deitu eta eraman egin zuten, Kalamuako faxistei aurre egiten ibiliko zen geroago, STVko San Andres batailoi abertzalean. Filomena berriz, haurdun ordurako, Elgobartik, Etxebarriako Errotabarri baserrian errefuxiatu zen.

Pentsa daiteke, Elgoibarren, azoka egun batean ezagutu zuela Josefa Baskaran (Errotabarrin ezkonduta zegoen, Patxi Arrietarekin, baina jaiotzez Illaispekoa zen, Barinagakoa). Ez dago argi nola baina horrela jaso edo gogoratzen du Koro Munduate Gastesik (Alegia, 1941), Angel eta Filomenaren alabak, eta horrela kontatu zigun bere testigantzan.

Errotabarri baserria. Altzaa auzoa (Etxebarria) 1980 inguran. (Argazkia: Asun Arrieta)

Angel, Max-Kalamuan borrokan eta Filomena Errotabarrin, ardura, eta egoerari, egunerokoari aurre egiten. Tartean, Filomenak, Bilbora bidaiarik ere egin zuen. Errotabarriko tribulixen Josefa Baskarani laguntzera joan zen egun batez. Izan ere, Illaispeko Francisco Bascaran (Markinako zinegotzia zen, Monarkikoa, Tradicionalista) Bilboko Angeles Custodiosos komentuan zegoen kartzelan eta Illaispeko morroia (Ramon Zuazo) berriz, Larrinagako kartzelan, Bilbon. Josefak gazteleraz ez zekiela eta, Filomenak egin zituen itzultzaile lanak bitartekoekin. Seguruena, neba bisitatzera joango zen Josefa, eta «atera nazazue hemendik» hitzak ondo gogoratzen ditu Korok, bere amak hori garbi kontatzen baitzuen.

1937ko urtarrilean jaio zen haien bigarren semea, Luis; Errotabarrin. Dirudienez, Angel Max-Kalamuatik jeitsi eta, haurra ezagutu ahal izan zuen, baina jaio eta bederatzi egunetara hil egin zen; 1937ko urtarrilaren 14an Errotabarrin. Korok, etxean entzun izan du, Luis, une horretan, gerraren ondorioz, frontean zegoen kutsaduraz, tetanos gaisotasunaz hil omen zela.

Bizileku hobeagoaren bila, anabasa eta gerratik ihesi egin arren, anabasak eta gerraren itzal beltzak hartua zuen, beste familia askorena bezala, Angel eta Filomenaren ibilbidea. Errefuxiatu, babestu baziren ere, ez zen baretu egonezina.

Etxebarriko hilerrian lurperatu zuten, umetxoa; gauez. Filomena, ama, Errotabarrin geratu zen. Umearen hil kutxatxoa, astoan eraman zuten, Errotabarritik hilerrira. Une horretan, bidean, tiroketa bat izan zen eta sakabanatu egin behar izan zuten. Baliteke bidean, argiren bat edo ikusi izana eta gertuko fronteko posizioetatik tirokatzea.

Filomenak baina, ez zuen etsi; familiarekin arduratuta, bi seme galduta (azkena ihesean) senarra galtzeren beldurraz eta arduraz, esku hartzea erabaki zuen. Berrogei egun oraindik igaro gabe, berak, eskura zituen baliabide eta aukerak baliatuz Angel, frontetik aldentzea zuen asmo.  Bazekien, Eusko Jaurlaritzako arduradunak, Bilbon, mezatara nora joaten ziren, eta nola Telesforo Monzonen emaztea (Maria Josefa Ganuza) ezagutzen zuen, zerbait egin behar zuela pentsatu zuen. Haiengana jo eta senarraren berri eman zion, Max-Kalamuako borroketatik alden zezan eskatuz.

Telesmoro Monzon, sortu berria zen Eusko Jaurlaritzako sailburua zen eta berari egokitu zitzaion, (Herri Zaintza sailaren arduraduna zenez gero) Ertzaña sortu eta antolatzea. Horrela, Filomenak eta Josefa Ganuzak hitz egindakoaren ondoren, Angel Munduate, Ertzañetara bidali zuten; Bilbora.

Frankistek Bilbo okupatzean, Soldadu Langileen Diziplina batailoietara behartu zuten. Cangas de Narceatik, Peñiscolarako bidea egin zuen, behartuta, tartean, neguan Terueltik igarota. Libre utzi zituztenean ahal zuten moduan itzuli zen Alegiara, 1939an, zorriz eta gainontzekoez kutsatuta.

Alegiako errefuxiatuak, Bilboko (Deustu, Gardoki kalean) etxe huts batean elkartu zituzten; horrela, Filomenak beste senide errefuxiatu batzuekin eta herrikideekin elkartzeko aukera izan zuen. Bizkaia faxistek okupatzen zihoaztela ikusita, ihes egin behar izan zuten berriro. Alegiakoa ez zen albaitari bat bizi zen, Alegiatarrekin Deustuko etxe honetan eta haren bidez, Santoñara joan ziren. Itsasontzia hartu eta Frantziako bidea hartuz eta Nimesen babestu ziren, beste euskaldun batzuen gisan. Bukaera, ihesalditik hiru urtera izango zuen zorigaitzeko bidaia hark. Hendaiara trenez iritsi zen, aerodromoan, dokumentazio gabeko errefuxiatuentzako gunea jarri zuten eta haren bila joan zen Filomenaren aitaginarreba (Mikeletea); 1939an bueltatu ahal izan zuen Alegiara.

Ezerezetik hasi behar izan zuten egunerokoa antolatzen, Alegian. Etxea hustuta aurkitu zuten, haien gauzak faltan, lapurtuta, paper fabrika itxita… Baina ez ziren kikildu, Andoiango harrobian hasi zen Angel, senideen laguntzaz, Filomena haurdun, 1940k martxoan jaio zen Koro, eta haien familia, etxea osatu ahal izan zuten, halako batean.

Urteak geroago, itzuli ziren Errotabarriko senideengana. Filomenak asko estimatzen zuen Josefa, eta beti izan zituen gogoan. Francisco eta Josefa bizi ziren artean bereziki, haiek emandako babesa, berotasuna ez baitzen itzali Munduate Gastesitarrenean.

 

Severo eta Juan Guenaga Zelaia: 80 urteko amaiera

Posted on Actualizado enn

Alberto Guenaga Yague, Nieves Barruetabeña Guenaga, Maribel Guenaga Zelaia eta Alberto Guenaga Yague, Severo eta Juan osaben argazkiekin.

Bi anairen historiak entzunak dira 1936ko gerrako pasarteetan. Etxebarrin, Etxetxuko bi anai hil zirela ere, gauza jakina izan da herritarren artean. Gehiago edo gutxiago jakingo zuten duela 80 urte, maiatzean, bi anaiak, hamabost egunen barruan, Bizkaiaren bizkarrean hil zirenean.

Etxetxun, Matea eta Joakinek zazpi seme alaba izan zituzten, haietatik bi, Severo Guenaga Zelaia, eta Juan Guenaga Zelaia gerrak harrapatu zituen bete betean.

Severo, 1909ko azaroan jaio zen eta 1933ko irailean ezkondu Josefa Bereziartuarekin, Lausagarreta baserrira. Juan berriz, 1912an jaio zen bertan, Etxetxun bizi zen; ezkongabea eta bizargina, garai hartako agiriek diotenez.

Ez dago argi oraindik zein izan zen Severoren ibilbidea. Bai ordea amaiera. Haien ilobek, behin baino gehiagotan entzun zuten nola, haien osaba biak hil zirela, gerran. Juanita Barruetabeña Guenaga zein Agustin Guenaga Zelaiak duela urte batzuk, haien lekukotasuna eman ziguten, osaben ingurukoak testigantzan jasoz baina gainontzeko senideek ere, Severo eta Juanen nondik norakoak eskaini dizkigute.

Ez dugu argitzerik izango, baina, Josefak itxura danez, bere senar Severoren berri izan zuela uste da. Badirudi, zauri larriak sendatzeko ahalaginetan zirela, bisitan joateko aukera ere izan zuela. Auskalo. Ez zen erraza izango, une horretan Bizkaia erdibitzen zuen gerra frontea igaro eta Bizkaiko barrenera sartzea.

Hil zirela berria jaso zuten, hori jakina da. Sufrimendua eta samina urteetan bizi izan zutela ere ozen transmititu digute senideek.

Bizkaiak maiatzean, barnealdeko herrietako gerra hotsez zuen barrua. Sollube, maiatzaren 14an okupatu zuten faxistek, Bizkargin, maiatzaren 8an hasitako borrokaldiek 11 egun iraun zuten, ehundik gora hildako. Geroago etorriko zen Lemoatx, maiatzaren 29an. Gerrak esna zuen Bizkaia, gerrak su zelai bilakatu zuen Bizkaia, beste behin, oraingoan, maiatzean, sumendi inguruetako mendi gainak. Etxetxuko senideak ere, antzeko izango ziren. Nola ez sutu barruak?

Notizia, maiatzak 12: “Juan hil dok”. Handik gutxira, hilko zen Severo. Bigarren semea, bigarren anaia, bigarren neba, bigarren gaztea.

Severo eta Juan Guenaga Zelaiaren ilobak, haien senideeak, Josefa Bereziartuaren semeak eta Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteko kideak Etxebarrin

1937ko maiatzaren 12an hil zen Juan. 1936ko azaroan Etxebarriko ebakuatu gisa erregistratu eta Munitibarko Aransolon errefuxiatu zen (senideen baserrian). Hurrengo, Barakaldoko Munoako koarteletan zegoen osasungitzan (1937 martxoa-apirila). Maiatzean, Bizkargin zeuden Celta batailoi anarkistako kideak artatzea egokitu zitzaion. Bertan, zauritu zen eta handik Basurtuko ospitalera eraman arren, hil egin zen; Bilboko hilerrian lurperatuz.

1937ko maiatzaren 24an hil zen Severo, metrailak eragindako zaurien ondorioz. Ustez Bizkargin; Getxon hobiratu zuten.

1937ko maiatzetik 80 urte igaro dira. Orduan, gerra betean, sugarretan ziren Bizkaiko tontorrak, eta sugarretan etxekoen bihotzak. Urtero, maiatzaren lehen igandean elkartzen dira Txorierri inguruko herritarrak Bizkargin, bertan borrokatu zuten gudarien omenez. Egun beran, Severo eta Juanen senideekin elkartu eta duela 80 urte gertatutakoaz jardun genuen.
Juanen heriotza argitzea errazagoa izan da. Dokumentazio eta ikerketa lanak argiago egin izan dira. Baina Severo? Inork ez zekien ezer, inon ez zegoen ezer.

Jimi Jimenez, Aranzadiko kideari esker argitu ahal izan dugu Severoren heriotza. Getxon hobiratu zuten, eta horrela jakinarazi diogu familiari.

Beranduegi agian, 80 urte igaro ondoren jakin dute zer gertatu zitzaien. Haien gurasoek egin zituzten ahaleginak, jakin nahi zuten non ziren semeak. Baina ezin. Bizkaia erre zuten garrek, eta errauts beltzak estali ondoren. Urtetean barruko sugarrari eutsi beharko zioten, ixilik. Nola bizi, gorrien alargun izanda? Zer sentitu gorriekin bi seme galduta, domeketan elizpean beste batzuen izenak soilik jasotzen zituen plakaren barrenetik pasatazean? Nora begiratu? Ezin zer ezer esan, ezin inora begiratu.

Orain, behingoz, egiari zor, haien senideek, jakin ahal izan dute non diren haien osabak.

Zelaietabururen memoria

Posted on

wp_20170225_17_13_27_proGaurkoarekin biribiltzen dira Zelaietaburuko lanak. Dokumentazioa, testigantzak, gerra eremuaren garbiketa lanak auzolanean eta deshobiraketen ondoren memoria gunea.

Ibilbide aberatsa bezain sakona. Ahazturatik hiru gorpuzkimgp1332_500iimgp1344_500n deshobiratu ziren iaz, hiru pertsona, hiru familia eta hiru bizitza faxismoari aurre eginez hautsiak. Hirurak inguru hauetan kolpeari aurre egin zieten guztien islada dira.

Haiei zor zaien memoria,  eta erreparazioari ekarpena egin nahi izan diogu eta era berean, Zelaietaburuko 1936ko erresistentzia gunea balioan jarri eta memoriarako gune izaera eman diogu; egia kolektiboan bere lekua izan dezan Zelaietabururen memoriak.

imgp1376_500imgp1372_500imgp1371_500Omenaldian, lubaki ondoan jarritako panela inauguratu dugu. Gaur da urte bete, lehen gorpuzkina deshobiratu zenetik eta bertan borrokatu zutenak omendu ditugu. Goizean, Markina-Xemeindik gerturatu dira Etxebarrira eta handik, gerra frontean zehar oinezko bidea egin da Zelaietaburuko omenaldira; ibilbideak beheranzko bidea jarraitu du ostean, Etxebarriko udaletxean jarri dugun Zelaietaburuko argazki erakusketan geldialdia eginez. Ikusgai egongo da hilabete honetan.

Zelaietaburu, memoria gunea, omenaldia eta erakusketa

Posted on Actualizado enn

imgp1082Urte bete igaroko da martxoaren 5ean Zelaietaburun Aranzadirekin batera lehen deshobiraketa burutu genuenetik. Data hau aitzakia hartuta omenaldia burutuko da datorren igandean, martxoaren 5ean 12:00etan.

Zelaietaburuko erresistentzia gunea berreskuratzeko egindako lanek emaitza ugari eman dituzte. Testigantzek eta dokumentu ezberdinek aipatzen dutena jasota, gudari eta milizianoek 1936ko irailaren azken egunetan muino honetatik ere faxistei aurre egin zietela uler daiteke.

Egun batzuetan baino ezin izan zuten eutsi eta berehala, Zelaietaburu faxistek okupatu zuten. Gudari eta milizianoek erabilitako lubakian, hiru gorpuzkin deshobiratu ziren (2016ko martxoan eta apirilean) baina zoritxarrez ezin izan dira identifikatu, nortzuk diren jakin. Hiru hilketa hauek noiz gertatu ziren ezin izan dugu argitu baina hipotesi nagusia 1937ko apirilean milizianoek egindako ofentsiba batean, faxisten lerroa gainditu eta erail zituztela uste da.

Gertaera guzti hauek jaso eta osatu ondoren, Zelaietaburuko erresistentzia gunea berreskuratu eta memoria gunera igarotzea garrantzitsutzat jo genuen. Orain, aimgp1059500zken pausu honekin, Zelaietaburuko ibilbidea biribilduko dugu datorren igandean. Bertan geratutakoa jasota geratu dadin eta bertara doazenek han gertatutakoa errazago ulertzeko aukera izan dezaten panel informatibo bat inauguratuko da datorren igandeko omenaldiarekin batera.
Gogoratu, nahi izan ezkero, oinezko ibilbidea antolatu dugula Artibai Mendigoizale Taldea eta ETX kultur elkartearekin batera, gerra frontean zehar (3 ordu Zelaietaburura) 12:00etan omenaldia eta 2 ordu beherantz Etxebarrira.

0001Bestetik, guzti hau jasotzen duen argazki erakusketa ikusgai jarriko dugu, martxoaren 5etik apirilaren 2ra bitartean Etxebarriko udaletxean. Astean zehar 9:00-14:00etara eta asteburuetan 16:30etatik 18:30etara.

Etxebarria: 80 urte frontoia eta plaza eraiki zirenetik

Posted on Actualizado enn

Duela 80 urte, gaur egun mantentzen den eraikina eraiki zuten. 1936an bukatu zuten, gerra hastearekin batera. Herri txiki baterako erabaki handia horrelako azpiegitura bat eraikitzea. Herritarrentzako aisi, partidu eta jokurako lekua eraikitzea erabaki zuen 1933ko haueskundeetatik eratuta zegoen udalbatzak. 1935ean hasitako gestioek hurrengo urtean eman zuten fruitua. Lan eta erabaki honek sortutako ilusioa, gerra beltzak zapuztu bazuen ere, jatorrizko egitura mantentzen da gaur egun ere. Txosten honetan laburbildu dugu obra hauen inguruko informazioa.