Aranzadi ZIentzia Elkartea

Zelaietaburun gudari baten gorpuzkinak berreskuratu ziren atzo

Posted on Actualizado enn

Atzo Zelaiteburun, Etxebarrian, gudari baten gorpuzkinak berreskuratu ahal izan ziren Aranzadi Zientzia elkartearekin batera egindako lanetan. Ingurune hau garbitzen jardun genuen lehenengo, Ahaztuen Oroimen 1936 elkarteko kideak herritarren laguntzaz, ingurua ezagutu eta gertatutakoa argitu nahian.

Zelaietaburun, eta inguruko tontorretan 1936ko irailaren azken egunetan hartu zituzten posizioak borrokalari antrifrankistek, Elgoibar inguruetatik sartzen ari ziren faxisten aurka. Erresistentzia antifaxistak eutsi arren faxistak irailaren 25 iluntzean iritsi ziren San Migel gaina hartzera, eta 1936ko irailaren bukaerarako sartu ziren Zelaietaburun, Urkaregin eta Kalamuan.

Asko izan ziren demokraziaren eta askatasunaren alde borrokatu zutenak, eta askok galdu zuten bizia. Hainbat testigantzek, Zelaietaburun gertatutakoa ulertzen eta argitzen lagundu digute, eta kasu honetan, batez ere Soarte baserriko Pilar eta Jose Mari neba arrebek.

Ez da batere ohikoa gudari hau bezala lubakietan lurperatuak aurkitzea. Atzo berreskuratutako gorpuzkinak zoritxarrez egoera txarrean daude, orain Aranzadiko kideek agertutakoa jaso eta aztertu egingo dute. Hala ere, gorpuzkinen artean hortz orde bat agertu zen, eta bala zorro edo munizio kantitate handia.

Gain hau, 1936ko iraileko gertaeren ondoren frankisten kokapena izan zen hurrengo hilabeteetan, gerra frontea egonkor mantendu zenean. 1937ko apirilean, miliziano eta gudariek azken eraso bat buru zuten lerro hori apurtu eta etsaiari aurre egiteko. Inguru hauetaraino sartzea lortu zuten, frankisten lerroak gainditu eta sartzea, horregatik baliteke borrokaldi horrek, lubaki honetan lurperatutako gorpuzkinekin lotura izatea. Ikerketak aurrera jarraitu arren, haien duintasuna, haien memoria gure historia da.

Luis Ortiz Alfau, Izquierda Republicanako miliziano ohia Zelaietaburuko lubaki honetan egiten ari ziren lanetara etorri zen. 100 urte urrian beteko ditu eta hainbat frentetan borrokatu zuen gerra garaian. Agertutako gorpuzkinei egin zitzaien lore eskaintzan parte hartu zuen.

Atzokoan, herritar asko hurbildu ziren Zelaietaburura. Hobitik ateratzeko lanetan Elgoibar 1936, Aranzadi, Etxebarriko udaleko alkatea eta zinegotziez gain, Josu Erkoreka, Monika Hernando, Julen Arzuaga eta Arnaldo Otegi ere beran egon ziren.

Bihar Zelaietaburun Aranzadiko kideekin batera jardungo dugu

Posted on Actualizado enn

bertaratzekoZelaietaburuko garbiketa lanetan sakondu eta agertutako gorpuzkinak hobitik ateratzeko lanak aurrera eramango ditu bihar goizean Aranzadik. Bertara hurbiltzeko Urkaregiko gainetik Arnoateko bidea hartu eta bidean bertan kotxea utzi behar da. Puntu honetatik oinez igo gaiteke.

Eguraldiaren aurreikuspena oso ona ez bada ere, ager litezkeen borrokalari antifrankistaren gorpuzkinak errekuperatzeko ahalegina egingo da.

Zelaieta Buru, gerra leku izandakoa berreskuratze bidean

Posted on Actualizado enn

Urkaregi Txikiko gain honetatik aurrez aurre Ziardamendi. Barrenean Soarte eta Urkaregi

Zelaieta Buruko lanek aurrera jarraitzen dute eta Urkaregi Txiki gainaren inguruko haitzen eremua garbitzen jardun dugu beste behin aurreko asteburuan. Auzolanean lan talde paregabeaz gain garbitu ederra eman ahal izan diogu gerra leku honi.

Zelaieta Buru, frankisten aurka erresistentzia leku izan zen. Miliziano eta gudariek batez ere 1936ko irailaren 21etik 29ra arte erabilitakoa. Faxistek Ziardamendi-San Migel-Morkaiko lerroa gainditu eta hurrengo egun gutxitara arte eutsi zioten leku honetan errepublika eta demokrazioaren aldeko borrokalariek.
Gerra leku honek, ikuspegi ederra eskaintzen du; batek baino gehiagok estu biziko zituen gain honetatik begira Ziardamendi zein Morkaiko eta inguruetako gertaera latzak, Urkaregiko gaina faxisten esku geratzen ari zela jabetuz.

Zelaieta Buru, gerra lekua berreskuratzen argazkiak

Elkarrizketa: Larrinagako eta Markinako zonaldeko kartzelak; Jimi Jimenez (Aranzadi)

Posted on Actualizado enn

Larrinagako Kartzela: Oroimena Preso erakusketa antolatu dute Aranzadi zientzia elkarteak eta Bizkaiko foru aldundiak. Bilboko kartzela ezagun hau, 1868an eraiki zuten, Larrinaga baserria kokatzen zen lekuan, eta han iraun zuen ehun urtean, 1968an desagertu arte; Bilboren bihotzean.
Bizkaiko hiriburua hazten zihoan heinean eta era berean Larrinagako kartzela zahartzen, kartzela berri bat eraiki zuten, gaur egun Basauriko kartzela, eta ondorioz, Larrinagakoa ordezkatu zuen.
larrinaga patio toreroBaina Larrinagako kartzela (probintzia kartzela) funtzionamenduan egon zen ehun urteetan preso ugari izan zituen giltzapean; agintaldi ezberdinen politiken agindupean. Monarkia ezberdinak, diktadurak, Bigarren errepublika, eta noski, tarteko gerra edo borraldiak.
Preso kolektibo ezberdinak izan ziren bertan, preso arruntak ere bai. Baina karlista izan, ezkerreko izan, eskuindar izan, sindikalista izan, emakume edo gizon izan, preso politiko zein peso arrunt izan, guztiek jasan behar izan zuten espetxealdia. Larrinagako kartzelara kondenatuak.
Hau errealitate bat izan zen, ez hain urrunekoa, gure etxeetako, familietako kide edo lagunen senideak izan ziren Larrinagan. Garai eta ideologia ezberdinagatik preso izan zirenen izen batzuk bildu ditugu; gai hau jorratu ahala, izen guztiak, datu guztiak lortuko ditugulakoan gaude; ez soilik Larrinagan preso izan zirenen inguruan, kartzela ezberdinetan egon zirenen inguruko historia eta egia bildu nahi dugu. Egia preso, oroimena preso izan beharrean, jendarte osasuntsuago eta askeagoa baten bidean.

Markina-Xemein:

  • Arizmendiarrieta Madariaga, Jose Maria (Markina, 1915 – Arrasate, 1976): Itxurbekoa, abadea. 1937an preso.
  • Cazalis Sarasua, Jose (Markinan 1896-Tenerife). Sozialista. 1937an preso.
  • Duralde Kerejeta, Gregorio (Markina, 1895 – Gernika, 1975) EAJ, Zinegotzia. 1937an preso.
  • Gaytan de Ayala Costa, Jose Luis (1907-1993). Makinako alkatea, Tradizionalista 1936arte. 1937ko otsailaren 13an Nabarnizen atxilotu zuten errepublikaren aldeko indarrek.
  • Onaindia Jaio, Pedro. EAJ, Zinegotzia. 1938an preso.
  • Ugarteburu Anitua, Ignazio (1890-1938): EAJ, zinegotzia. 1937an Larriagatik Iruñeko San Cristobalera trasladatu eta bertan hil zen.
  • Muñoz Azpeitia, Beníto (Markina, 1894 -Iruña, 1938) 1937an atxilotua eta 1938an San Cristobaleko penalean hil zen.
  • Etxaniz Laka, Julian «Olazar Kapitaina» (Xemein, 1902-Markina-Xemein, 1986) Itxasaldeko kapitana. 1937an preso.

Etxebarria:

  • Arrizabalaga Ortuzar, Vitorio. «Bolante». Alkatea biurteko beltzean (1933-1936). 1937an preso.
  • Mandiola Bastida, Luis «Makutegi-Txiki» (Etxebarrian 1900- Donibane Loitzunen).
  • Zelaia Bastida, Domingo. «Txomin». Alkatea biurteko progresistan (1931-1933). 1937an preso.

Ziortza-Bolibar:

  • Bonifazio Egurrola «Boni Agarre» (Ziortza·Bolibar, 1899 – Derio, 1937) 1937an atxilotu, kartzeleratu eta fusilatua.

Argitu gabe geratu da Zumetako milizianoaren nondik norakoa

Posted on Actualizado enn

Urriaren 20an eta hurrengo asteko 29an Aranzadi zientzia elkartekoek gogor jardun zuten Zumeta baserriko lurretan (San Migelen) hobia lokalizatzeko prospekzio lanetan.

Antonino Garagarza (1943), Zumetakoak, txiki txikitatik jaso zuen bere gurasoengandik eta batez ere bera aitarengandik, 1936ko irailaren azken egunetan gertatutakoaren berri zehatza. Duela bi urte, Ahaztuen Oroimena elkartearekin harremanetan jarri zen, duela urte asko jasotakoaren garrantziaz ohartuta. Beharrezko gestioak eta ikerketa lanek egin ondoren iritsi ahal izan da urriko lan hauetara.

Frentea gerturatzen ari zen egunak ziren. Faxistak, 1936ko irailaren 21ean iritsi ziren Elgoibarrera. Ordurako, miliziano, anarkista eta boluntariaok San Migel inguruan kokatuta zeuden kolpistek aurrera jarrai ez zezaten. Zumetatik gertu, Belartondo inguruan zegoen posizio horietako bat. Elgoibartik zetozen erasoetatik babesteko, Belartondo barrenetik, Zumetako lurretatik gora eta behera ibiltzen ziren borrokalariak, lur tontor txikiak ematen zien babes, ezkutalekutik.

2032Kainoika batek, Belartondo ingurua jo zuen, 1936ko irailaren 21-24 artean; bertan harrapatu zuen miliziano hau. Ondorengo egunak nahasiak eta zailak izan ziren: Faxistek, errepidez, zein mendiz mendi eraso zuten. San Migel gaina hartu zuten, Morkaiko eta Ziardamendiko gertaerekin.

Borroka horietan hildako miliziano eta gudariak irailaren 29an lurperatu zituzten, Elgoibarko udalak emandako aginduz. Zumetan, Antonioren aita bertan zen milizianoa lurpertu zutenean. Argi eta garbi gorde zuen bere oroimenean gertaera hura, eta ez zuen zalantzarik izan bere semeari gertatutakoaren trasmizioa egiteko.

Hala ere, lurraren mugimenduek, lur jauziek eta denborak, aldaerak sortzen ditu. Antonioren zehaztasunek eta Aranzadikoen lan ikaragarriak ezin izan du milizianoaren hobia aurkitzeko fruiturik izan. Guzti honek, egia argitzeari bide eman dio, bederen.


Zumetako hobian prospekzio lanetarako prest

Posted on Actualizado enn

IMG_9493
Zumeta Baserria San Migel auzoan.

Datorren astean, Elgoibar 1936 eta Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteek, Aranzadi Zientzia elkartearekin elkarlanean, San Migelgo Zumeta baserrian miliziano baten gorpua lokalizatzeko lanak aurrera eramango dituzte.

Zumetako hobi honetan gorpu bakarra legoke lurperatuta, eta hau ziurtatzea espero da egingo diren prospekzio lanei esker.

Gogoratu, faxistak Elgoibarrera iritsi eta San Migel gaina okupatu arteko egunetan (1936k irailak 21-25) miliziano borrokalari anarkista zein gudarik hainbat posizio zituztela (Belartondo inguruan esaterako) altxamenduak aurrera jarrai zezan ekiditeko.

Lan hauen inguruko informazio gehiago izan bezain laister helaraziko dizuegu.