gerra zibila
Markina-Xemeingo udal kudeaketan jardun izanaren ondorioz errepresaliatuak izan ziren herritarrei omenaldia (2017_09_09)
1936.urteko uztailean eman zen altxamendu militarraren porrotak gerra zibil baten sorrera ekarri zuen. Gerra egoerari aurre egiteko, antolaketa eta prestaketa militarraz gain beste gestio eta ardura batzuk bete beharra zegoen. Abagunea hark, gestio administratiboak, udal kudeaketa, herritarren hornidura eta baliabideak, errefuxiatuen etorrerak sortzen zituen harrera, jabegoen zaintzak, eta abar luze bat. Demokratikoki erabaki eta aukeratutako errepublika eta hau ordezkatzen zuten agintearen alde, altxamenduari aurre egiteko hainbat herritarrek egitura zibiletako ardura, konpromiso eta lanak hartu zituzten.
Frontea gure inguruetara iritsi aurretik udal ardura izan zutenen zeregina ez zen txikia izan, baina 1936ko irailaren bukaeran frontea gure mendietan zazpi hilabetez finkatu zenean, gabeziak eta arriskuak nabariagoak zirenean, hauen lana ezinbestekotzat izateaz gain zuzena eta gizatasunez betekoa izan zen. Gerraren berezko arriskuez gain, pertsona hauen egunerokoa ez zen bat ere samurra izan, zailtasun eta oztopoak nonahi azaltzen zitzaizkien.
Baina matxinoak 1937ko apirilaren 27an frontearen lerroa gainditu eta gure herriak okupatu zituztenean egoera erabat larritu zen herri ardurak bete zituzten pertsonentzat. Beldurra, arriskua, bizitza ezbaian, gehienek, ihes egitea erabaki zuten.
Gerra makinaria maltzur hari, ihes egiten saiatu ziren. Batzuk erbesteratzea lortu eta atzerrian bizitzera kondenatuak betirako. Erantzukizun zibil, administratibo eta instituzionala hartutako Markina eta Xemeindarren aurkako errepresioaren adierazpen gogorrenak, zazpi pertsonek islatzen dute; izan ere, ardura ezberdinak izan zituzten zazpi pertsona hil baitzituen frankismoak.
Sortu ziren taldeak Errepublikaren Defentsarako Batzordea, Isunen Azpibatzordea, Emakumeen Zuzendaritza eta Langileen Kolokaziorako Ikuskaritza Batzordeak izan ziren.
Herritar guzti hauek, era batera edo bestera, errepresioa jasan zuten egindako beharragatik, batez ere, heriotzara bideratutako zazpiak. Horregatik, burutako ekitalidan, errepresio hori jasan zuten markinar eta xemeindar guztien ordezkari moduan, zazpi pertsona hauek eta euren familiak omendu ziren:
BENITO AGINAGA UGALDE (Markina, 1874/04/03 – Gasteiz 1937/08/04)
HILARIO ARETXABALETA ARRIOLA (Markina, 1888/01/14 – Derio, 1937/07/21)
JOAN LOIOLA EIZAGIRRE (Xemein, 1904/02/22 – Derio, 1937/09/09)
AMBROSIO MALLUKIZA ALDAOLEA (Arbatzegi, 1886/12/07 – Derio, 1937/09/16)
BENITO MUÑOZ AZPEITIA (Markina, 1894/03/21 – Iruñako San Cristobal espetxea, 1938/02/01)
GNACIO UGARTEBURU ANITUA (Markina, 1890/07/31 – Iruñako San Cristobal espetxea, 1938/10/10)
ANGEL ARETXABALETA AIZPURU (Begoña, 1890/12/17 – Dos Camino, 1941/02/06)
Jesus Erkiaga Gabiola (Lekeitio, 1917-2019)

Denboratxo bat pasatu da Jesus ezagutu genuenetik, harrezkero berarekin egon garen aldi oro, argibide berriak, pasarte interesgarriak eta bere indarra jaso ditugu, beti lagun bezala hartu gaitu.
Eta gezurra badirudi ere 102 urte betetzear izan denean, zur eta lur utzi gaitu bere heriotzaren bapateko albisteak. Azkenaldian ibilpidea ez bezala, jarioz, memoriaz, argitasunez, lehen bestean aurkitu izan dugu; berriro elkartzeko zita ere egina genuen.
Agur eta Ohore Jesus.
Udaletxean lanpostu “lasai” bat izatetik, faxisten matxinadari aurre egiteko asmoarekin Lekeitioko herri erakundeen eta Errepublikaren babesteko konpromisoak hartu zenituen 1936 hartan. Matxinoak frontea gainditu eta Lekeitiora sartzear zirenean, itsasoz Plentzia eta Bilborako bidea hartu zenuen eta alderdiaren esanetara jarri. Ondorioz EAE-ANVko Azkatasuna batailoian lerrokatu eta defentsa lantean parte hartu zuen, Lemoatxeko esaterako, non zeregin horietan Colindresera arte jarraituaz.
Itsasontzi batean Lekeitiora itzuli eta lur hartu bezain pronto salatu zuten, kartzelaratuaz. Kartzelatik atera eta Frankistekin Ebroko frontera borrokatzera joateko aginduari muzin eginez, ihes egitea erabaki zuen. Luzaro gordeta egon ondoren Hondarribian, Bidasoa biluzik zeharkatu eta Hendaian finkatu ondoren, bertan harrapatu zuen Bigarren Mundu Gerrak.
Eusko Jaurlaritzako deiari kasu eginaz, Frantziako ejerzituan lerrokatu eta Kepa Ordokin agindupean Lannemezango armategian lanean aritu jardun zuen. Alemanek Frantzia osoa bereganatu zutenean eta partisanoekin izandako harremanagatik, ingurukoen atxiloketen ondoren, Bidasoa beste norabidean gurutzatzea beste irtenbiderik ezean, zigorrezko soldaduska egin eta Venezuelako bidea hartzea hobetsi zuen, bertan enpresa txiki baten jabe izanda Lekeitiora baldintza onean itzultzeko aukera izatea lortu arte.
Garai desberdinetan eta muturreko egoeretan bizi izandako hori irudika ezina egiten zaigu erosotasun hutseko bizimoduan murgildu garen ondorengo belaunaldikoentzat. Eskuzabaltasun osoz zuk kontatutakoak, gerra garaiko gogortasunak ezagutzeko balio izateaz gain, historia gordin haietako aktore izandakoak hartutako erabaki eta norabideak ulertzeko eta hizki larriz idatzitako historia ondorengoei helarazi ahal izateko eredu izan zara.
Zure memoria gure historiaren zutabe da.
Bejon deizula Jesus Erkiaga.
Hemen duzue bere testigantza (pasarte laburra eta testigantza osoa jasotzen dituen bideoak):
1936ko gerra, eskola curriculumean
Bekobentako (Markina BHI) DBH 4.mailakoek, martxoa eta maiatza artean, 1936ko gerraren inguruan jardungo dute. Gerra haren nondik norakoak ezagutzeaz gain, gerrarekin lotura duten eremu ezberdinekin osatzen ari dira proiektua. Diziplina ezberdinak uztartuz, aprendizaia prosezua aberastu nahi dute. Esaterako, Joseba Sarrionaindiaren «Kolosala izango da» eleberria irakurri dute, edo «Los niños de la guerra» dokumentala ikusi, «Gernika» artelanaren inguruko hausnarketa eta lanketan ere jardun dute. Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak, Zelaietaburuko deshobiraketaren aritik sortutako erakusketa eta Markinako dendari elkartearekin batera sortutakoa ere, baliatu dituzte aipatutako proiektuan, eskolako pasabideetan ikusgai jarriz. Orain, opor aldiaren ostean, Patxi Juaristiren hitzaldia, edo fronteko lubaki eta kokapenetara bisitaldiak izango dituzte besteak beste.
Argazki batzuk lotura honetan: https://www.flickr.com/photos/148091062@N05/albums/72157690948505573
Domeka honetan Egixarrerako zita
Datorren domekan Egixarrerako gonbidapena luzatzen dizuegu. Bertan, 1936ko urriaren 21eko borrokaldiaren inguruan egindako ikerketaren ondoren bildutako informazioa osatzen duen panela jarriko dugu.
UGT1 (Mateos), Euzko-Indarra (EAE-ANV), Saseta (ametrailadoreak) eta Boga-Bogako gudari eta milizianoek Nafar Brigaden aurka burututako borrokaldiak gerra lerroaren posizioak berreskuratu eta finkatzea lortu zuten. Borrokaldia gogora izan zen, hildako ugari utzi zituen, inguruko herritarrek ondo gogoan duten moduan haietako gudari batzuen gorpua jaso ezinik geratu ziren Egixarre inguruan. Horrez gain, Bizkaiko milizia sozialisten buru eta Bilboko zinegotzi sozialista zen Fulgencio Mateos, borrokaldi honetan zauritu eta handik egun batzuetara hil zen.
Hiru hitzordu izango ditu goizak, bakoitzak nahi duenetara etortzeko aukera dezan. Lehenengoa, 10:00etan izango da Egixarren; lanerako tresnak hartu eta oraingoan panela jartzeko.
11:00etan, Intxarubitxen elkartuko gara. Zulueta Goiko eta Akarregi arteko gunea da, bidegurutze ezaguna, Etxebarrira, Markina-Xemeinera edo Urberuagara jeisteko bidegurutzea. Esaterako, Santiago bideko erromesak bide gurutze honetatik jeisten dira Arretxinagarantz.
12:00etan panelaren inagurazio ofiziala egingo dugu eta bide batze, Ahaztuen Oroimena 1936 elkartearen irudi berria aurkeztuko dugu.
- 1
- 2
- …
- 4
- Siguiente →