akarregi
Domeka honetan Egixarrerako zita
Datorren domekan Egixarrerako gonbidapena luzatzen dizuegu. Bertan, 1936ko urriaren 21eko borrokaldiaren inguruan egindako ikerketaren ondoren bildutako informazioa osatzen duen panela jarriko dugu.
UGT1 (Mateos), Euzko-Indarra (EAE-ANV), Saseta (ametrailadoreak) eta Boga-Bogako gudari eta milizianoek Nafar Brigaden aurka burututako borrokaldiak gerra lerroaren posizioak berreskuratu eta finkatzea lortu zuten. Borrokaldia gogora izan zen, hildako ugari utzi zituen, inguruko herritarrek ondo gogoan duten moduan haietako gudari batzuen gorpua jaso ezinik geratu ziren Egixarre inguruan. Horrez gain, Bizkaiko milizia sozialisten buru eta Bilboko zinegotzi sozialista zen Fulgencio Mateos, borrokaldi honetan zauritu eta handik egun batzuetara hil zen.
Hiru hitzordu izango ditu goizak, bakoitzak nahi duenetara etortzeko aukera dezan. Lehenengoa, 10:00etan izango da Egixarren; lanerako tresnak hartu eta oraingoan panela jartzeko.
11:00etan, Intxarubitxen elkartuko gara. Zulueta Goiko eta Akarregi arteko gunea da, bidegurutze ezaguna, Etxebarrira, Markina-Xemeinera edo Urberuagara jeisteko bidegurutzea. Esaterako, Santiago bideko erromesak bide gurutze honetatik jeisten dira Arretxinagarantz.
12:00etan panelaren inagurazio ofiziala egingo dugu eta bide batze, Ahaztuen Oroimena 1936 elkartearen irudi berria aurkeztuko dugu.
Antonio Izaguirre Perón, Avellaneda Bataioliko gudaria (Akarregin)
Antonio Izaguirre Perón, Gueñesen zegoela Eusko Jaurlaritzak 34ko kintoak deitu zuen frentera borrokatzera. Ordurako bere anaia nagusia boluntario gisa lehen unetik lehen lerroan zen eta Antoniok ere bide bera hartu zuen. Gueñesko udalean elkartu eta Avellaneda batailoia sortu zuten, bere 4 konpainiekin.
Orduan hasi zen bere ibilbidea, eta 1936ko azaroan, Akarregi izan zuen bere lehen destinoa. Markinaldeko frentean izan zen udazken hartan, Enkarterrietako gaztez osatutako balailoiak, inguru hauek defendatu zituen. 4.konpainian borrrokatu zuen, Akarregiko inguruak defendatzen jardun zuen Larrea kapitain ausartarekin batera; enkarterrietako abertzale gazteak ziren.
1937ko urtarrilaren 13an, Arana Goiri batailoiko Gorbea konpainiak ordezkatu zituen Akarregin eta berriz Gueñesera bueltatu ziren.
Otxandio izan zuten hurrengo helmuga, han bizi izan zuen Antoniok gerrako unerik latzena. Martxoaren 31an, Marotoko borrokan, tropa faxistek izugarrizko erasoa burutu zuten, 56hegazkin italiarren lagutzarekin, 200 hildako inguru utzi zituen, 200 gudari gazte. Gaur egun ere, 100 urte bete berri eta gerra garaietatik 75 urte pasa bazaizkio ere, borrokaldi honetan pentsatzeak beldurra eta hotzikara sortzen dio.
Berriz Gueñesera erretiratzea egokitu zitzaien, eta frentea gero eta atzerako ezartzen ari ziren faxistek aurkakoak, hauek berriz gero eta aurrerago zetozen. Avellanedakoek, Jarintoko posizioak defendatu zituzten orduan, 1937ko apirilaren lehen astetan.
Ez zen etxeko bakarra izan faxisten aurka jardun zuena. Familia abertzalea zen, Batzokiarekin atxikimendua zuten gerra aurretan eta gerra hasi eta berehala anaia nagusia boluntario joan zen Eusko Jaurlaritzak kintadak frentera deitzen hasi baino lehen. Beste anai gaztea ere, kintadak jaso zuen, bera bezela. Halabaina, txikienari, frankistekin borrokatzea egokitu zitzaion; hiru anai batailoi abertzaleetan eta txikiena frankistek eramanda. Egoera hau bizi ezin eta sufrienduz hil omen zen beraien aita “aita guk hil genuen, gu guztiok gerran egoteak hil zuen, sufrimenduak”.
Gerra, gogorra egin zitzaion, eta ez du berriro horrelakorik nahi, “gerra sortzen duenak egin beza berak gerra!” kontatzen digu.
Baina ondorengoa ere gogorra izan zen, Bilboko Larrinagako kartzelan sartu zuten faxistek eta handik Iruñara eraman zuten.
Han, Ciudadela delakoan, boluntario joan zen anaiarekin batera deklaratu behar izan zuten. Floren anaia, boluntario izateagatik Batallon de Trabajadores-etara bidali zuten eta Antonio berriz Gasteizko Artilerriako kuartelera faxistekin borrokatzera behartua. Gerrak aurrera jarraitzen zuen, eta Antoniok Gasteizko Artilleriakoekin borrokatu behar izan zuen, miliziano eta antifaxisten aurka, Teruelen eta beste hainbat lekutan 1939ko San Pedroak arte.
Behin, gerra bukatu eta faxistek beraiekin egotera behartzea bukatutakoan berriro bueltatu zen Bizkaira. Cuadran ezkondu zen eta han bizi da egun, 100 urte bete berri, bizitzeko gogoz eta umore oso onez.