Markina-Xemein
Zapola, MX-2. Zer da zuretzat mendira joatea?
36ko gudan, Markinaldean eraikitako bigarren guda lerroko Zapola mendiko lubaki eta bunkerrak balioan jarri beharreko ondare dira.
MX-2 Markina-Xemeingo bigarren guda lerroko memoria ibilbideak mendi txango gozagarri bat izateaz gain, gure historiaren berri jasotzera gonbidatzen digun iharduera bat da.
Baina Zapola mendiari buruzko bideo honetan erakutsiko dizueguenez, memoria historikoaren inguruko erreferentziez gain, MX-2 ibilbidea gure aurreko belaunaldietako “mendi jakintza”ren transmisiorako tresna baliagarria da.
Ikazkinen lana eta bizimodua, elur-zuloa eta bere erabilpena, basoari loturiko lan eta ogibideak, …. generazioen arteko jakintza mailako arrakala gainditu ahal izateko, gurekin etor zaitezke Zapolara!!
Mendia, herritarren bizileku, bizibide eta bizigarri, zaindu dezagun biharkoentzat ere halaxe izan dadin.
Markina-Xemeingo udal kudeaketan jardun izanaren ondorioz errepresaliatuak izan ziren herritarrei omenaldia (2017_09_09)
1936.urteko uztailean eman zen altxamendu militarraren porrotak gerra zibil baten sorrera ekarri zuen. Gerra egoerari aurre egiteko, antolaketa eta prestaketa militarraz gain beste gestio eta ardura batzuk bete beharra zegoen. Abagunea hark, gestio administratiboak, udal kudeaketa, herritarren hornidura eta baliabideak, errefuxiatuen etorrerak sortzen zituen harrera, jabegoen zaintzak, eta abar luze bat. Demokratikoki erabaki eta aukeratutako errepublika eta hau ordezkatzen zuten agintearen alde, altxamenduari aurre egiteko hainbat herritarrek egitura zibiletako ardura, konpromiso eta lanak hartu zituzten.
Frontea gure inguruetara iritsi aurretik udal ardura izan zutenen zeregina ez zen txikia izan, baina 1936ko irailaren bukaeran frontea gure mendietan zazpi hilabetez finkatu zenean, gabeziak eta arriskuak nabariagoak zirenean, hauen lana ezinbestekotzat izateaz gain zuzena eta gizatasunez betekoa izan zen. Gerraren berezko arriskuez gain, pertsona hauen egunerokoa ez zen bat ere samurra izan, zailtasun eta oztopoak nonahi azaltzen zitzaizkien.
Baina matxinoak 1937ko apirilaren 27an frontearen lerroa gainditu eta gure herriak okupatu zituztenean egoera erabat larritu zen herri ardurak bete zituzten pertsonentzat. Beldurra, arriskua, bizitza ezbaian, gehienek, ihes egitea erabaki zuten.
Gerra makinaria maltzur hari, ihes egiten saiatu ziren. Batzuk erbesteratzea lortu eta atzerrian bizitzera kondenatuak betirako. Erantzukizun zibil, administratibo eta instituzionala hartutako Markina eta Xemeindarren aurkako errepresioaren adierazpen gogorrenak, zazpi pertsonek islatzen dute; izan ere, ardura ezberdinak izan zituzten zazpi pertsona hil baitzituen frankismoak.
Sortu ziren taldeak Errepublikaren Defentsarako Batzordea, Isunen Azpibatzordea, Emakumeen Zuzendaritza eta Langileen Kolokaziorako Ikuskaritza Batzordeak izan ziren.
Herritar guzti hauek, era batera edo bestera, errepresioa jasan zuten egindako beharragatik, batez ere, heriotzara bideratutako zazpiak. Horregatik, burutako ekitalidan, errepresio hori jasan zuten markinar eta xemeindar guztien ordezkari moduan, zazpi pertsona hauek eta euren familiak omendu ziren:
BENITO AGINAGA UGALDE (Markina, 1874/04/03 – Gasteiz 1937/08/04)
HILARIO ARETXABALETA ARRIOLA (Markina, 1888/01/14 – Derio, 1937/07/21)
JOAN LOIOLA EIZAGIRRE (Xemein, 1904/02/22 – Derio, 1937/09/09)
AMBROSIO MALLUKIZA ALDAOLEA (Arbatzegi, 1886/12/07 – Derio, 1937/09/16)
BENITO MUÑOZ AZPEITIA (Markina, 1894/03/21 – Iruñako San Cristobal espetxea, 1938/02/01)
GNACIO UGARTEBURU ANITUA (Markina, 1890/07/31 – Iruñako San Cristobal espetxea, 1938/10/10)
ANGEL ARETXABALETA AIZPURU (Begoña, 1890/12/17 – Dos Camino, 1941/02/06)
1936ko gerra, eskola curriculumean
Bekobentako (Markina BHI) DBH 4.mailakoek, martxoa eta maiatza artean, 1936ko gerraren inguruan jardungo dute. Gerra haren nondik norakoak ezagutzeaz gain, gerrarekin lotura duten eremu ezberdinekin osatzen ari dira proiektua. Diziplina ezberdinak uztartuz, aprendizaia prosezua aberastu nahi dute. Esaterako, Joseba Sarrionaindiaren «Kolosala izango da» eleberria irakurri dute, edo «Los niños de la guerra» dokumentala ikusi, «Gernika» artelanaren inguruko hausnarketa eta lanketan ere jardun dute. Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak, Zelaietaburuko deshobiraketaren aritik sortutako erakusketa eta Markinako dendari elkartearekin batera sortutakoa ere, baliatu dituzte aipatutako proiektuan, eskolako pasabideetan ikusgai jarriz. Orain, opor aldiaren ostean, Patxi Juaristiren hitzaldia, edo fronteko lubaki eta kokapenetara bisitaldiak izango dituzte besteak beste.
Argazki batzuk lotura honetan: https://www.flickr.com/photos/148091062@N05/albums/72157690948505573
1967ko Markina-Xemeingo zelaiko tiroketa: frankismoaren atzaparkadak (I)
1967an gertatu zen, Markina-Xemeinen; hain ezaguna den Zelaiaren inguruan. Lehen Frankismoa igarota, diktadurak bere ibilean, erakutsitako ankerkeriak, hurrengo urteetan hatzarpakada ilunak izango ziren orbain sakonen sortzaile.
1967ko abenduaren 19ko iluntzean Guardia Zibilak auto bat tirokatu zuen Markina-Xemeingo zelaian. Lau gazte ziren “Seat 600” batean eta autoak 60 bala inpaktu izan bazituen ere aurrera jarraitzea lortu zuten. Geroago horietako hiru Aulestin atxilotu zituzten Guardia Zibilek.
Gertaera hau lehen pertsonan bizi izan zuten Jose Luis Etxegarai Gaztiarena «Mark» eta Kepa Akixo Leixarreta «Txao»/»Zigor» elkarrizketatu eta haien testigantza eskaini digute, non joan den abenduan, jendartean aurkezu genuen Markina-Xemeingo Uhagon Kulturgunean.
Gazte haiek, ETA erakundearekin lehen kontaktuak izan eta frankismoaren aurkako ekintzak burutzeko antolatu ziren. Hasiera batean, margoketak eta ikurrinak jartzea edo matxinoen alde soilik hildakoen aldeko oroigarriak deuseztatzea izango ziren burutu zituzten ekintzak. 1967ko abeduaren 19koa baina, langileen borrokari elkartasuna erakutsi eta «Sindicato Vertical»en aurkako ekintza izango zen. «La persona que hacia de coordinador de nuestro grupo con la dirección de la organización, nos viene con la propuesta de que iva a hacer una pequeña campaña, de lucha que mantenían estos obreros en esta zona y se quería simultanear una acción en los sindicatos de Eibar y Elgoibar » (Jose Luis Etxegarai Gaztiarena «Mark»). Ekintza aurrera eramaterakoan izandako zailtasunek, ihesera eraman zituzten lau gazteak. Auto txiki batean, garaiko Seat 600 batean Elgoibartik atera eta Urkaregin gora aurrera egin zuten, Markina-Xemeingo sarreran Guardia Zibilaren kontrola aurkitu arte. Kotxeak Guardia Zibilari kasurik egin gabe, aurrera jarraitu zuen, eta ondorioz, izurgarrizko bala zaparrada jasan zuen, gerora egindako atestatuaren arabera, 60 zulo izango zituen autoak. Markina-Xemeingo kaleetan zehar, ihes egin eta Lekeitiorako bide bazterrean utzi zuten autoa, Aulestira, oinez ihesari jarraituz. Bertan, nora jo bazutela eta, Emilio Kortabitarte (Lekeitiarra) Aulestiko parrokoaren etxean babes hartu zuten. «Baino Murelagan, etxe horretan gertatu zena, edo behintzat nik hala sentitzen dut, denbora gutxi izan genuen pentsatzeko, zer egingo genuen eta ze erabakiak hartu behar ziren, (…) ni neuk leihotik salto egin nuen eta, momentu luze bat pasatu nuen balkoi azpi hortan, nik neuk horren pena bat badut hala ta ere, haiek atera ziren balkoira baino hala ere Guardia Zibila atera zen hura ere nin neuk azpitikan ikusten bainuen, nik oroimen hori dut, eta erraten zuen, betiko geratu zait, eta erraten zun «Txao rindete, Txao rindete» eta ni mugitu gabe geratu nintzen eta gero haiek lotu zituztenean, nire kideak eta haien [Guardia Zibilaren] kotxeetan, kotxeen motorrak aitu nituenean, herritikan ateratzen ari zirela, ni joan nintzen, orduak pasata gero (…)» (Kepa Akixo Leixarreta «Txao»).
Garaiko prentsan agertzeaz gai, ETAk ere jasoa zuen gertaera hau, Bidarten, 1992an erakundearen zuzendaritza atxilotzean atzemandako agiri batek dioenez:
19 de diciembre de 1967.
En la localidad vizcaína de Markina, la Guardia Civil dispara contra un vehículo en el que viajaban cuatro personas que suponían militantes de ETA. El coche es alcanzado por cincuenta y nueve impactos, a pesar de lo cual los ocupantes del mismo resultan ilesos y logran huir. Horas después, tres de ellos José Luis Etxegarai, Roberto Lotina y Francisco Javier Aya Zulaika son detenidos en Murelaga. En relación con este hecho, dos de los guardias civiles que participan en el mismo solicitarán más tarde la baja en el Cuerpo.
19 de diciembre de 1967.
Explota una bomba en el edificio de la delegación del Frente de Juventudes y el Sindicato Vertical de Eibar.
Gertaerak badu bere esangura. Frankismoari aurre egiteko determinazioa, indar polizien erantzuna, ihesa, Aulestiko babesa eta ondorengo ihesean, mendi muino bateko etxean jasotako babesa, … hau guztia jaso nahi izan dugu, urte haietan gertatua hobeto ulertu nahian.
Zapolako gerra gunea eta garbiketa lanak aurkeztu ditugu: herritarron ondarea
Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean aurkeztu ditugu, domeka honetan, Zapolako gainean aurrera eramango ditugun lanen nondik norakoak eta 1936ko gerran, inguru horretan eraikitako lubaki eta metrailadore habien ezaugarriak.
Fronteak egonkortzearekin batera, lehen lerroko defentsaz gain, bigarren defentsa lerroa osatu zuten faxismoaren aurkako indarrek. Zapolako gune hau, erretagoardiako gune altuenetariko bat izanik, gerra frontearentzat behatoki paregabea da.
Domeka honetan, goizeko 8etan ezarri dugu zita Markina-Xemeingo Arkupean. Handik Zapolara igo eta 9etan lanak astea da asmoa. Lubakiak eta gerra egiturak ez dira ukituko, eta lanak, inguruok garbitzean oinarrituko dira (adarrak jaso, larrak moztu…).
Honekin, inguru hau berreskuratzeko lanean jardun nahi dugu Markina-Xemeingo udalarekin batera. Inguruotan, gerra instalazioez gain, Elur zulo, mea zuloak, zein natur ingurune paregabeak duen balioa, balorean jarriz, herri ondarea balioesteko ekarpena egin nahian.
Herri arduraren zigorra
1937an faxismoaren zama gainean hartu behar izan zuten, hartzerik badago, Markina eta Xemeinen, herriaren ardura eta herria kudeatzeko konpromisoa hartu zuten herritarrek.
Errepublikaren aurkako altxamenduak eta ondorengo gerrak, 1936an, nora ezean, ezbaian utzi zituen beste herrien moduan, Markina eta Xemein. Hala ere, uneak eskatzen duen ausardiaz eta unean hartutako konpromisuaz, Markina eta Xemeinek bizi zuten anabasa kudeatzen jardun zuten hainbat herritarrek.
Eratu berri zen Eusko Jauritzarekin koordinatuz eta euskal gobernuaren babespean, batzorde ezberdinak antolatu ahal izan ziren. Herritar ezberdinek osatu zituzten batzordeok. Bertan parte hartu zuten herritarrak jaso ditugu txosten honetan.
Ez zen doakoa izan konpromesua. Ardurak buruhausteak eta betebeharrak dakartza eta betebehar hauek faxismoaren aurkako baloreei lotuak badira, ondorioak.
Zazpi herritar izan ziren bereziki frankismoaren ondorio latzenak pairatu zituztenak. Markina eta Xemeindarrak ziren zazpi herritar hil egin baitzitzuen frankismoak. Haietako batzuen senideek, lekukotza utzi digute: Ambrosio Mallukiza eta Igancio Ugarteburu Anituaren senideak, esaterako.
Zapatuan, Markina-Xemeingo Udalak, Ahaztuen Oroimena 1936 elkartearekin eta hainbat herritarrekin osatutako lan taldeak koordinatutako omenaldi ekitaldia izango da. Herriko pertsona, elkarte eta talde ezberdinek haien ekarpena egingo dute ekitaldian parte hartuz. Era berean, Markina-Xemeingo udalak, adierazpen instituzionala onartuko du, garai hartan, udal kudeaketan jardundak herritarrek egindako lana aitortu eta esker ona adierazteaz gain, frankismoaren biktima gisa errekonozituz. Errekonozimendu hau, udaletxeko sarreran jarriko den Jose Pablo Arriagaren artelanak mantenduko du bizirik.
1936ko gerra: Argazki Erakusketa Markina-Xemeingo denda eta tabernetan.
Markinaldeko sektorea deitu zioten gure ingurua barne hartzen zuen 1936ko gerra sektoreari. Testuinguru honetan ateratako argazki edo eta gerra haren gertaerek gure inguruarekin lotura duten argazki bilduma bat osatu dugu, irail osoan zehar ikusgai egongo delarik. Argazkiak, zuri beltzean eta jatorrizko, zein garaiari dagokion bezala, kalitate eta neurri ezberdinekoak izango dira.
Erakusketa, gune ezberdinek osatuko dute. Hain zuzen, Markina-Xemeingo hogei komertzio eta tabernetan ikusgai egongo dira, erakusleiho bakoitzerako egokitutako panel banatan.
Erakusketa bisitatu eta argazkiak ikusteko, irailaren 1etik 30era egongo da ikusgai. Establezimendu bakoitzaren ordutegian (panela barruan badago) eta edozein ordutan erakusleihoan kokatuta badago.
Egitasmo honen barne, neurri handiko argazki bat erantsiko da Markina-Xemeingo Zehar kaleko erakusleihoan (Kukubiltxu arropa denda aurrean) gertaera haien memoria bizirik izan asmoz, argazki hau iraunkor mantenduz.
Honekin batera, erakusketa osatu asmoz, 2014-2016 artean, Zelaietaburuko (Etxebarria) memoria gunean egindako lan eta deshobiraketen inguruko argazkiak Uhagon Kultur Gunean erakusgai egongo dira.
1936ko gerra eta haren ondorioez jabetu eta memoria ariketa kolektibo hau aurrera eramateko, herritarrengandik gertukoak diren, egunerokoak diren, espazioak erabili nahi izan ditugu.
Erakusketa honekin, gertukoak izan arren ezezagunak diren hainbat argazki erakusgai jarri nahi dira. Bestetik erakusketa honek gertuko komertzioa indartzeko helburua ere badu bere baitan, herriko komertzioa, memoriarako espazio biurtuz.
Argazki erakusketa hau Markina-Xemeingo udalaren laguntzarekin eta “Hemen Be Bai” merkataritza elkartearekin elkarlanean antolatu dugu; 2017 urte hasieratik lanean jardun duen Lan Taldearen jarduerarekin batera, eta 2017ko irailaren 9an gerra garaian erantzukizun zibiletan aritzeagatik errepresaliak jasandakoei Udalak egingo duen adierazpen eta eskainiko zaien aitortza eta omenaldi ekitaldiaren parte da.
Bizkaiko Foru aldundia eta Markina-Xemeingo udala, Urberuagako gerra babeslekuarekin orain zer?
Urberuagan BI-633 errepidea zabaltzeko lanen ondorioz, La Francesa eraikina zegoen lekuan 2015eko abenduaren bukaeran egin ziren lanen ondorioz agertutako zulo baten berria jaso genuen. Gerra garaian Urberuagako bainuetxearen inguruko eraikinek izandako garrantziaz jabeturik zonalde honekiko dokumentazio lanak martxan zeudela, gerrako babesleku hau bistaratu zen.
Honen berri eman genuen 2016ko urtarrilaren 9an eta gure kezka azaldu, gerra babesleku hau agertu bezain pronto estali zutelako. Gaiak inguruko herritarrengan izan zuen interesa eta piztutako oihartzuna ikusirik (Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza, sare sozialak…) Bizkaiko Foru aldundira eta Markina-Xemeingo udalera gutun bera bidali genuen.
Jasotako erantzunek gure harridura pizten dute. Gutunean eskatu bezala, irtenbide integral bat beharrezkoa dela uste dugu. Memoria historikoak, bere bidea egin eta egia eta oroimenaren bidean aurrera egin dezan ardura dugun erakunde eta elkarte guztien elkarlana beharrezkotzat joz. Ondare publikoa, herritarrena den heinean, bertatik bertara bizi behar izan zutenen oroimenean.
Beraz,
- Ondare publikoa, arduraz babestea eta arduradun diren erakundeen arteko komunikazio eta esku hartze koordinatua beharrezkoa dela uste dugu.
- Urberuagako babeslekua, errepidea hobetzeko lanen ondorioz estalita, ahanzturara kondenatu beharrean bistaratzea eskatzen jarraitzen dugu. Ardura duten erakundeei horretarako eman behar diren urratsak garatzera konprometitu daitezen eskatuz.
- Urberuaga eta babes leku hau, Eusko Jaurlaritzaren Memoriaren Ibilbideak: Gerra zibilaren memoriarekin lotutako espazioen zerrendan txertatzea eskatzen dugu.
- 1
- 2
- Siguiente →