Orokorra
“Herri Ibilbidea»: Zapolako defentsa guneak zein hauek eraikitzeko egindako bideen memoria
Alpino Mendigoizale taldearekin eta Euskal Mendizale Federazioarekin batera, eta Markina-Xemeingo Udalaren babesarekin “SL” mailako Herri Ibilbide bat antolatzen ari gara Zapolako bunker, lubaki eta hauek eraikitzeko egindako bideetatik zehar.
Ibilbidea eta argibideak emateko euskarriak aurtengo urrian aurkeztu nahi ditugu, horregatik egunotan prestaketa lanetan murgilduta gaude.

Ibilbidearen izena “MX-2 Markina-Xemeingo bigarren guda lerroko memoriaren ibilbidea” da eta Eusko Jaurlaritzaren Gogora Institutuak bultzatzen duen “Memoriaren Ibilbideak” egitasmoaren barruan txertatuko dugu. “SL” mailakoa izanik, ibilbidea margo zuri eta berdez markatuko dugu.
Defentsa posizio hauetarako bideen eraikitze lanen zehaztazunak dokumentazio lan ezberdieni esker jazo ahal izan dugu izan agiriak zein lekukotzak. Horregatik, dokumentu eta informe desberdinetan gerra lan hauen inguruko aipamenak ageri dira baina horrez gain, inguruetako herritarren testigantzen bitartez ere hainbat argibide jaso ditugu, non artikulu honetan jasotako testigantza batzuen pasarteekin guzti honen testuingura kokatzen laguntzen diguten:

Bestetik, urrian, ibilbidearen aurkezpenarekin batera, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV-EHU) arkeologo talde batek gerra aztarnak katalogatzeko “GUDA-OTSAK: Estudio arqueologico-patrimonial del frente exterior de la Guerra Civil en el Pais Vasco” proiektuak gure inguruan eta bereziki Zapolako defentsa gunean jasoko duena aurkeztuko dugu.
Egunotan proiektuaren arduradun diren Josu Santamarina eta Xabier Herrero arkeologoen esku utzi dugu guda posizioetaz dugun informazioa, katalogazio ahalbideratuz, babes neurriak hartzeko bidea izan dezagun.
Azkenik, Ibilbidearen nondik norakoak, eta zehaztazunak dituzue Wikiloc aplikaziorako loturan zein azalpenetan:
Ibilbidearen abiapuntua Markina-Xemeingo Atxondoa Polikiroldegian kokatzen dugu, bertatik saihesbide azpiko igarobidetik zehar Ugarte dorretxearen albotik Zapolarako bide zuzen zaharretik gora eginez kanterako goiko semaforoan Urregaraiko zelairako bidearekin bat eginez, ibilbidea Igotzeko bunkerraren albotik doa. Olabetik gora, Urregaraiko zelaira doan bide hau da Igotzeko bunkerra eraikitzeko erabili zutena.
Bunkerra atzean utzita, Igotz baserri ondotik jarraituta, Larruz eta Itxurritxu artean dagoen bidegurutzean Lekoiztik Urregaraiko zelaitik zehar Zapolako bunkerrera gerratean egindako bidearekin bat eginez Itxurritxu igaro ondoren ezkerretara sartu eta 50 metrotara Zapolako bunkerrera doan trintxera luzetik aurrera eginez, pinudi bat, pagadi bat eta artadi baten zehar doan trintxeraren bukaera aurretik babesleko izandako gune bat igaro eta metro gutxira Zapolako bunkerrera iritxiko gara.
Bunkerrera sartzen den lubakiaren ezkerraldetik gora eginez, artadia eta pagadia igaroz, Zapola mendi gailurrera igota ibilbidearen punturik garaiena zapalduko dugu, 562 metro.
Zapolarako bide normaletik jeisten hasi eta Fermineneko baserriaren arrastoak dauden tokira desbideratuz izango dugun bide zabalaren bukaeran txarakan zehar jaisten hasita Zapolazpia bunkerrera iritsiko gara, aparteko ikuspegia duen tokia.
Zapolazpia bunkerra egin eta hornitu ahal izateko euskal milizianoek bide bat eraiki zuten Meabe auzotik txarakan zehar. Hasieran bidea zabala da, burdi-bidea eta une baten zamaketa gune bat dago, burdietan garraiatutakoak bildu eta asto zein mando gainetan aldapatsuagoa den zatian zehar Zapolazpia bunkerrerarte eramateko.
Bunkerrean aurkitzen garen honetan, aipatutako bide hau jeitsierako norabidean eginez Meabera iritsiko gara eta autoen bideran gora jarraituz, metro batzuetara Bekoetxebarriko bidean zehar Usatorre eta Larruskain baserrietara joko dugu, industrialdea dagoen ingurura. Meabetik Usatorrera doan bide hau gerra garaian zabaldu zen, frentea herrira iritsi ezkero Aulestirako bidegurutzea itxita egongo zenez, Malax eta Aulestirako bidea ziurtatzeko.
Industrialdean erromesek erabiltzen duten Done Jakue bidea itzulerako norabidean eginez abiapuntuan MX-2 Markina-Xemeingo bigarren guda lerroko memoriaren ibilbidearen bukaera izango genuke.
Geldialdiak kontutan hartu gabe, bi ordu eta erdiko iraupeneko ibilbidea dugu hau.
Markina-Xemeingo udal kudeaketan jardun izanaren ondorioz errepresaliatuak izan ziren herritarrei omenaldia (2017_09_09)
1936.urteko uztailean eman zen altxamendu militarraren porrotak gerra zibil baten sorrera ekarri zuen. Gerra egoerari aurre egiteko, antolaketa eta prestaketa militarraz gain beste gestio eta ardura batzuk bete beharra zegoen. Abagunea hark, gestio administratiboak, udal kudeaketa, herritarren hornidura eta baliabideak, errefuxiatuen etorrerak sortzen zituen harrera, jabegoen zaintzak, eta abar luze bat. Demokratikoki erabaki eta aukeratutako errepublika eta hau ordezkatzen zuten agintearen alde, altxamenduari aurre egiteko hainbat herritarrek egitura zibiletako ardura, konpromiso eta lanak hartu zituzten.
Frontea gure inguruetara iritsi aurretik udal ardura izan zutenen zeregina ez zen txikia izan, baina 1936ko irailaren bukaeran frontea gure mendietan zazpi hilabetez finkatu zenean, gabeziak eta arriskuak nabariagoak zirenean, hauen lana ezinbestekotzat izateaz gain zuzena eta gizatasunez betekoa izan zen. Gerraren berezko arriskuez gain, pertsona hauen egunerokoa ez zen bat ere samurra izan, zailtasun eta oztopoak nonahi azaltzen zitzaizkien.
Baina matxinoak 1937ko apirilaren 27an frontearen lerroa gainditu eta gure herriak okupatu zituztenean egoera erabat larritu zen herri ardurak bete zituzten pertsonentzat. Beldurra, arriskua, bizitza ezbaian, gehienek, ihes egitea erabaki zuten.
Gerra makinaria maltzur hari, ihes egiten saiatu ziren. Batzuk erbesteratzea lortu eta atzerrian bizitzera kondenatuak betirako. Erantzukizun zibil, administratibo eta instituzionala hartutako Markina eta Xemeindarren aurkako errepresioaren adierazpen gogorrenak, zazpi pertsonek islatzen dute; izan ere, ardura ezberdinak izan zituzten zazpi pertsona hil baitzituen frankismoak.
Sortu ziren taldeak Errepublikaren Defentsarako Batzordea, Isunen Azpibatzordea, Emakumeen Zuzendaritza eta Langileen Kolokaziorako Ikuskaritza Batzordeak izan ziren.
Herritar guzti hauek, era batera edo bestera, errepresioa jasan zuten egindako beharragatik, batez ere, heriotzara bideratutako zazpiak. Horregatik, burutako ekitalidan, errepresio hori jasan zuten markinar eta xemeindar guztien ordezkari moduan, zazpi pertsona hauek eta euren familiak omendu ziren:
BENITO AGINAGA UGALDE (Markina, 1874/04/03 – Gasteiz 1937/08/04)
HILARIO ARETXABALETA ARRIOLA (Markina, 1888/01/14 – Derio, 1937/07/21)
JOAN LOIOLA EIZAGIRRE (Xemein, 1904/02/22 – Derio, 1937/09/09)
AMBROSIO MALLUKIZA ALDAOLEA (Arbatzegi, 1886/12/07 – Derio, 1937/09/16)
BENITO MUÑOZ AZPEITIA (Markina, 1894/03/21 – Iruñako San Cristobal espetxea, 1938/02/01)
GNACIO UGARTEBURU ANITUA (Markina, 1890/07/31 – Iruñako San Cristobal espetxea, 1938/10/10)
ANGEL ARETXABALETA AIZPURU (Begoña, 1890/12/17 – Dos Camino, 1941/02/06)
Jose Sagarna Uriarte (Zeanuri, 1911/11/14 – Amulategi, 1936/10/20)
- Jose Sagarna Uriarteri omenaldia (1989_10_22)
- Florencia Ansola eta Jesus Sololuzerri Juan Sagarnak elkarrizketa
- Milagros eta Maria Felisa Madariaga Gisasola ahizpak (Jose Sagarna Uriarteren erailketaz)
- Bitxori Txurruka Etxaniz (Jose Sagarna Uriarteren erailketaz)
- Maria Txurruka Etxaniz (Jose Sagarnari Uriarteren erailketaz)
- Joxpa Inazi Idoeta Argoitia (Jose Sagarnari Uriarteren erailketaz)
- Itziar Sololuze Ansola (Jose Sagarnari Uriarteren erailketaz)
Zapolako defentsa lekuak: irteera irailak 15
Auzolanean, 2018ko ekainean, Zapolako bunker eta lubakiak garbitu eta txukuntzen ari ginela, Felipe Urkidin bisita jaso genuen Zapolako beste aldean, “Markina bistan” beste bunker bat zegoela esaten. Txara erdian sasiz eta zikinez inguratua, biderik gabe, … ezinezkoa zela bertaratzea.
Hurrengo asteetan buru-belarri aritu eta irailean aurkitu genuen Felipe “Beñe”k esandako bunkerra, egoera ezin hobean aurkitu ere. Aurkitu ondoren bertaratzeko bide bat ireki eta Feliperekin bertaratu ginen, hona hemen “Zapolazpia” bunkerrean Felipek kontatutakoaren bideo laburra:
Baina Memoria lekuen berreskuraketan beste urrats batzuk eman baditugu ere, beste testigantza batzuen haritik Zapolazpia bunkerra eraikitzeko bere egunean Meabetik egindako bidea aurkitu eta garbitu dugu, tokia erakusteko bisitak antolatu ditugu ( Etxebarriako Guraso Elakartearekin, Elgoibarko Morkaiko Mendi Taldearekin, herritarrekin, …)
Orain zabaldutako bideak erabiltzea eta mantentzea nahi dugu, herritarrek Zapola inguruko defentsarako instalazioak ezagutzea nahi dugu, bere egunean egindako lan eta ahaleginen zergatiaz transmititzearen garrantzia mahai gainean jarriz.
Horregatik herriko beste eragile batzuekin batera irailaren 15erako bisita gidatu bat antolatu dogu, goizeko bederatzietan Atxondo Polikiroldegi aurretik aterako dena.
Lehenengoz Meabetik gorako bidea egingo dugu, Zapolazpia bunkerra ezagutu, Zapolako bunker eta trintxerak ikusi, Igotzeko bunkerra eta bukaeran Olabeko bunkerra bisitatuko ditugu. Ibilbidean zehar eraikinen zergatia azaltzeko kokapen historikoaren inguruko argibideak emango ditugu.
Txangoa interesgarria izango duzuelakoan, gurekin etortzeko gonbitea luzatzen dizuegu.
Jesus Erkiaga Gabiola (Lekeitio, 1917-2019)
Denboratxo bat pasatu da Jesus ezagutu genuenetik, harrezkero berarekin egon garen aldi oro, argibide berriak, pasarte interesgarriak eta bere indarra jaso ditugu, beti lagun bezala hartu gaitu.
Eta gezurra badirudi ere 102 urte betetzear izan denean, zur eta lur utzi gaitu bere heriotzaren bapateko albisteak. Azkenaldian ibilpidea ez bezala, jarioz, memoriaz, argitasunez, lehen bestean aurkitu izan dugu; berriro elkartzeko zita ere egina genuen.
Agur eta Ohore Jesus.
Udaletxean lanpostu “lasai” bat izatetik, faxisten matxinadari aurre egiteko asmoarekin Lekeitioko herri erakundeen eta Errepublikaren babesteko konpromisoak hartu zenituen 1936 hartan. Matxinoak frontea gainditu eta Lekeitiora sartzear zirenean, itsasoz Plentzia eta Bilborako bidea hartu zenuen eta alderdiaren esanetara jarri. Ondorioz EAE-ANVko Azkatasuna batailoian lerrokatu eta defentsa lantean parte hartu zuen, Lemoatxeko esaterako, non zeregin horietan Colindresera arte jarraituaz.
Itsasontzi batean Lekeitiora itzuli eta lur hartu bezain pronto salatu zuten, kartzelaratuaz. Kartzelatik atera eta Frankistekin Ebroko frontera borrokatzera joateko aginduari muzin eginez, ihes egitea erabaki zuen. Luzaro gordeta egon ondoren Hondarribian, Bidasoa biluzik zeharkatu eta Hendaian finkatu ondoren, bertan harrapatu zuen Bigarren Mundu Gerrak.
Eusko Jaurlaritzako deiari kasu eginaz, Frantziako ejerzituan lerrokatu eta Kepa Ordokin agindupean Lannemezango armategian lanean aritu jardun zuen. Alemanek Frantzia osoa bereganatu zutenean eta partisanoekin izandako harremanagatik, ingurukoen atxiloketen ondoren, Bidasoa beste norabidean gurutzatzea beste irtenbiderik ezean, zigorrezko soldaduska egin eta Venezuelako bidea hartzea hobetsi zuen, bertan enpresa txiki baten jabe izanda Lekeitiora baldintza onean itzultzeko aukera izatea lortu arte.
Garai desberdinetan eta muturreko egoeretan bizi izandako hori irudika ezina egiten zaigu erosotasun hutseko bizimoduan murgildu garen ondorengo belaunaldikoentzat. Eskuzabaltasun osoz zuk kontatutakoak, gerra garaiko gogortasunak ezagutzeko balio izateaz gain, historia gordin haietako aktore izandakoak hartutako erabaki eta norabideak ulertzeko eta hizki larriz idatzitako historia ondorengoei helarazi ahal izateko eredu izan zara.
Zure memoria gure historiaren zutabe da.
Bejon deizula Jesus Erkiaga.
Hemen duzue bere testigantza (pasarte laburra eta testigantza osoa jasotzen dituen bideoak):
Testigantza: Segunda Etxebarria Etxebarria
Ispasterko Iruta baserrian jaio zen, herrigunetik ordu erdi batera oinez, non Ea gertuago zuten etxetik, Ispaster baino. Gerra garaian bizitakoaz gutxi jaso zuen, baina haren ondorioak bai bizi izan zituen. Aita, ezagutu bazuen ere, ez zuen ezagutzeko abagune gehiegi izan. HIlario Etxebarria, kartzelaratu egin zuten gerran edo gerra ostean. Bertan, bizitako balditza txarrek, zein bizi behar izan zuenaren ondorioz, hezurretako gaisotasunak jota kartzelatik atera ondoren ospitala eta etxearen artean bizi izan zen. Gaiso, aurre egin ezin eta hil egin zen, Segundak 8 urte zituela.
Eskola eta errazionamendua gertuagotik bizi izan zituen. Gogoan du nola joan behar izaten zuen Ispasterko udala dagoen eraikinera, bertan, zegokion partea hartzera; txusko batzuk eta zerbait gehiago, harekin bizi behar. Eskolan berriz, Ean ibili zen. Mutilak alde batetik eta neskak bestetik. Irakasleak erdaldunak izanik, orduan ikasi zuen gaztelera. Nola ez, garaiko errezu eta «cara al sol» abestiekin batera.
Eskolak bukatuta, zerbitzari joan zen Olatzera (Mutriku), han, gari hirina eta arto hirina lortzeko egin beharrak transmititu dizkigu testigantzen, 1952 inguru hartan, debekatua baitzegoen nahi adina hirin egitea. Mendarora zein ahal zen errotetara joateko zer nolakoak egiten zituzten gogoan du. Gerora, Imintxola nagusira (Etxebarria) ezkondu eta han bizi da. Bertako kontuen artean, entzuna du nola Julian Iriondo Larrañaga, Imintxola txiki baserrikoa gerran hil zen.
- ← Anterior
- 1
- 2
- 3
- 4
- …
- 22
- Siguiente →