Marcelo usabiaga

Marcelo Usabiaga Jauregi hil da

Posted on Actualizado enn

Agur eta ohore Marcelo!
Hartu gaituen guztietan luze eta zabal hartu izan gaitu, luze eta zabal jardun bere bizipenez, bere testigantza zabal bezain sendoa sakonetik kontatu izan digu hartu gintuen guztietan. Beti prest.
Konprometitua, eskuzabala, komunista, errepublikazalea, makia… borrokalari nekaezina azkenera arte.
Gurera etorritakoan ere presarik gabe, sakon eta zabal eskaini zizkigun Rosa Luxenburgokoekin borrokan bizitakoak: Urberuagako Bainuetxea, Kalamua aurrez aurre zuteneko posizioetako kontuak, Ondarreta eta Arroan preso egondakoan bizitakoak, Burgosko presondegiko inprenta klandestinoaren funtzionamendua…
Asko dugu eskertzeko, are gehiago ikasteko.
Beti arte!
Osasuna eta askatasuna!

1.Marcelo Usabiaga Jauregi: testigantza

2.Marcelo Usabiaga Markina-Xemeingo Uhagon Kulturgunean hitzaldian

3. Iñaki Egañarekin Markina-Xemeingo Uhagon Kulturgunean

4. Ondarretako kartzelako presoei omenaldia

Jaime Urkijoren memoriak

Posted on Actualizado enn

Gerra frentea iritsi eta gutxira, 1936ko gabonetan iritsi ziren Rosa Luxenburgo batailoiko milizianoak gure ingurura eta Urberuagako balnearioan ezarri zuten beraien kuartel nagusia Avellaneda eta San Andres batailoi abertzaleekin batera.

Kristobal Errandonea komandantea (Cashero, Urkijok idatzitako memoria agirietan) zen inguruetako aipatu batailoiaren arduradun nagusia, eta Jaime Urkijo haren laguntzailea.

Gure artean izan zen Antoine Urkijo matxoan. Jaime Urkijoren semeak bere aitak gerra gertaerak bizi eta urteak geroago idatzitako hiru memoria liburuak utzi dizkio Ahaztuen Oroimena elkarteari (bertoko kontuak jasotzen dituena tartean, “Guerra en Euzkadi. Desde Bilbao hasta Markina”).

Guretzat oso aberasgarria da memoria paper hauetan idatzitakoa, hainbeste gertaera eta kokapen leku ezagunetakoak direlako. Gure elkartearen helburuen artean 1936ko kolpe militarra, gerra eta ondorengo errepresioaren berri jaso, eta gertatutakoaren egia historikoa idazten laguntzeaz gain, jasotakoa zabaldu nahi dugu. Azpian duzuen loturaren bitartez Jaime Urkijoren memorien lehen atala (gure zonaldeari dagokiona) jaso eta irakur dezakezue. Memoria hauek zabaltzean trasmizioa gauzatzeaz gain, informazio gehiago lortzera iritsi nahiko genuke.

Horregatik, memoria hauetan aipatutakoarekin erlazionatutako zerbait edo bertan aipatzen denaren berri izan ezkero, gertaera horien inguruko informazioa jaso eta gurekin harremanetan jartzea gustatuko gustatuko litzaiguke.

Jaime Urkijo eta Rosa Luxemburgoren inguruan, Itxorta kultur elkartearen bitartez liburu bat argitaratzear da.

 

Marcelo Usabiaga Jauregi

Posted on Actualizado enn

Testigantza entzuteko:

Marcelo Usabiaga Jauregi, (Ordizia 1916- Hernani 2015) Ordizin jaio eta haurtzaroan Baionan bizi izan zen. Handik Irunera joan ziren bizitzera eta bertan bizi izan zen gaztetan, gerra zibilera arte. 17 urterekin, 1933an Juventud Comunista-n afiliatu zen eta Irungo arduraduna izan zen. 1934an Asturiarrei, Frantziara ihes egiten laguntzeko sarearen enlazea izan zen eta honengatik atxilotu zuten Irunen handik Oviedoko kartzelan zenbait egun egiteko.

1936an Gerra Zibila hasita, faxisten aurka, Irunen defentsan parte hartu zuen eta geroago Frantziara ihes egitea lortu zuen. Bartzelonara bueltatzean, bere burua faxisten aurka egiteko boluntario aurkeztu zuen eta Madrileko frentean jardun zuen. Berriro, Bartzelonara itzuli zen (han zituen gurasoak, erbesteratuta) eta Manuel Cristobal Errandonearen bitartez, Bilbora joan eta 1937ko otsailean Rosa Luxenburgo Batailoiko kide izan zen. Batailoi honek, Urberuagan zuen kuartel nagusia Markinaldeko Frentean eta Marcelino han egon zen, Markinaldeko Frentean borrokan faxisten kontra inguruan zeuden posizioak defendatuz.

Urberuagatik, egunero, egunsentian, Markinara abiatzen ziren, handik Etxebarrira eta hemendik, inguruko mendietako trintxeretara. Garai honetan JSU-ko zuzendaritzan sartu zen. Frantzian babestu zen eta geroago berriz, Bartzelonara itzuli ondoren Aragoi, Teruel, Lerida… eta hainbat lekutan borrokatu zuen Frankoren tropen aurka.
Gerra bukatu ondoren, 1939an Balentzian atxilotu eta epaitu egin zuten. Irungo 13 pertsona hiltzea eta Irun erretzea leporatuta; salaketa faltsu honengatik, 30 urteko zigorra jarri zioten baina 1944ean Arronako kartzelan zegoela ihes egin zuen.

Frantzian babestea lortu zuen eta han zegoela, Makien antolaketan zebiltzanekin bat egin eta gerrilari izan zen. Donostian atxilotu zuten, Meliton Manzanasen aginduz eta atxiloketa egunetan bortizki torturatu zuten. 20 urte eta egun bateko kartzela zigorra jarri zioten, eta espainiako kartzela ezberdinak pasatu ondoren, 1946an preso komunistak Burgosko kartzelan batu zituzten, non Marcelok 1946tik 1960bitarteko urteak  kartzela honetan bete zituen.

Kartzelatik irten ondoren, Hernaniko lantegi batean hasi zen lanean eta herri honetan bizi izan zen.