san migel
Hiru gudari Zelaiteburuko hobian, duintasunez, demokrazia eta askatasunaren aldeko borrokalariak
Oroimenak sustrai sakonak ditu, eta denbora iragan arren, 80 urte igaro arren, herritarren memoriari esker, egia azaleratu ohi da. Ez errepresioak ez diktadura luzeak ez zuen lortu mendian hobietan lurperatutako gudariak baztertuta ahazturan galtzea.



Joan den martxoaren 5ean, Zelaietaburu (Etxebarria) egindako exhumazioan gudari baten gorpuzkinak berreskuratzea lortu zen. Orain, bere aldamenean beste bi pertsonaren gorpuzkinak aurkitu dira.
Zelaietaburun erresistentzia gunea antolatu zuten gudariek. Muino hau, 1936ko irailaren azken egunetan altxamenduarekin bat egindako indar faxisten aurkakoen borrokarako gunea izan zen. Bertatik saiatu ziren aurre egiten, etsaiak inguruok hartzea ekidin asmoz.
Zelaietaburutik ikus zezaketen nola beraien kideak erortzen ziren Belarretan, Ziardamendin, San Migelen (Aiastia), Morkaikon edo Lapion eta Urkaregin. Udaran, Gipuzkoa ekialdetik mendebaldera okupatzea lortu zuten gisan, Bizkaiko mugara iristen ari ziren golpea eman zuten militarren aldeko indar frankistak.
1936ko irailaren 25ean iritsi ziren tropa frankistak San Migelera (Aiastia) Elgoibar okupatu ondoren eta handik hiru egunera sartuko ziren Zelaietaburu eta Urkaregiko mendatearen gainean. 1936ko irailaren 29rako Bizkaiko muga zapaltzea lortu zuten; hala ere, borrokan jarraitu zuten miliziano eta gudariek eta urriaren 4ra arte behintzat jarraitu zuten tiro hots eta artilleria soinuek. 1936ko urriaren 4an gerra lerroa, frontea, egonkortu zen eta fronteko posizioek egonkor iraun zuen arik eta 1937ko apirilaren 25ean ebakuazio agindua eman eta demokraziaren aldeko borrokalariek erretaguardiako posizioak indartzera erretiratu ziren arte.


Testigantzen bidez jaso ahal izan dugu gertatutakoa. Bi familietako neba arrebek, honen berri izan dute etxean. Batetik, umetatik entzun eta ikusitakoa Soarte baserriko Pilar eta Jose Mari San Martin neba arreben kasuan. Pilar, atzo bigarren eta hirugarren gudarien gorpuzkinak hobitik ateratzeko lanetan egon zen, eskaini zitzaien omenaldian parte hartuz.
Beraien aitak kontatutakoa entzun zuten Ignazio eta Santi Retolaza anaiek. Ignaziori kontatu zion behin aitak, Iruiturritk behera zetozela, «han harikaitz haietan hiru hildako ikusi nituen» .

Haien testigantzak beharrezkoak izan dira Ahaztuen Oroimenarentzat, ikerketa abiatu eta hiru gudarien gorpuzkinak berreskuratzeko.
Hiru gudariak lurperatuta aurkitzen diren lubakia 1936ko irailaren azken egunetan egindakoa bada ere, hobi bezala 1937ko apirilean erabili zutela uste da. Alegia, hiru gudariak borrokaldi hauetako batean hildakoak edo atxilotu eta ondoren fusilatutakoak lirateke, beraien kideek 1936ko irailean egin eta erabilitako lubakian frankistek lurperatuak.
Kontuan hartu behar dugu, garai horretan, 1937ko apirilean, bigarren hamabostaldian, zenbait borroka izan zirela “Markinako sektorea” deiturikoan; demokrazia eta askatasunaren alde borrokan azken unera arte eutsi zioten. Molak 1937k martxoaren azkenetan Bizkaiari errenditu zedin ohartarazi arren, gudari eta milizianoek borrokatzea erabaki zuten eta 1937ko apirilaren 19-24 tarteko egunetan azken ofentsiba burutu zuten. Ordurako baina, frankistak ondo antolatuta zeuden, tartean egun batzuk lehenago iritsitako italiar soldaduekin osatutako Flechas Negras Brigada misto faxista Urkaregiko gainaren iguruetan zen. Borrokaldi hartan, Euskitze Aiste inguruetatik zehar, Garro etxeetatik gora, Kortatxiki inguruetara arte, Zelaietaburu ondora arte sartzea lortu zuten.
Atzo, bi gudarien gorpuzkinak berreskuratu ahal izan ziren. Gorpuzkinak oso egoera txarrean bazeuden ere Aranzadiko kideek haiek aztertuko dituzte orain. Desobiraketa hauetan aurkitutako objetuen artean, lehenengo gudariak txanpon bat zeukan eta hortz ordeak. Bigarren gudariak, urrezko hortzak eta bi hortzetako eskubila zituen, horrez gain, gerrikoaren zatiak ere agertu ziren.
Bertaratutako jende guztiarekin batera, hiru gudari hauei eta inguru hauetan zein gainontzeko fronteetan askatasuna eta demokraziaren alde borrokatu zuten guztiei omenaldi xume bat eskeini genien.
Bizi osoan gertaera hauen zama eraman dutenek, lekukoek atzo arnasa hartu zuten, beraien memorian txertatutakoa zer zen jakin ahal izan zuten, eta Santik esan bezala, zeregina bukatutzat eman zuten. Orain, zientzilarien lanak jarraituko du, gorpuzkinak laborategian aztertuz atera daitezkeen emaitzen esperoan. Ahaztuen Oroimena elkarteko kideoi, poz handia emango liguke, eta garrantsitsua era berean, gizarte justuago baten alde borrokatu zuten hiru gurdari hauek, beraien etxera bueltan eramateko aukera izango bagenu. Desagertutzat eman zituzten hiru etxeetako senideekin elkartu asmoz.
Esta entrada fue publicada en Etxebarria, Frentea-posizioak, Hildakoak-zaurituak, Orokorra, Testigantzak y etiquetada como 1936, ahaztuen oroimena, Aranzadi, etxebarria, Frentea-posizioak, fusilatuak, gerra zibila, justizia, memoria, Miliciano, mola generala hegazkinak gerra zibila ahaztuen orimena, san migel, testigantzak.
Zelaieta Buru, gerra leku izandakoa berreskuratze bidean
Zelaieta Buruko lanek aurrera jarraitzen dute eta Urkaregi Txiki gainaren inguruko haitzen eremua garbitzen jardun dugu beste behin aurreko asteburuan. Auzolanean lan talde paregabeaz gain garbitu ederra eman ahal izan diogu gerra leku honi.
Zelaieta Buru, frankisten aurka erresistentzia leku izan zen. Miliziano eta gudariek batez ere 1936ko irailaren 21etik 29ra arte erabilitakoa. Faxistek Ziardamendi-San Migel-Morkaiko lerroa gainditu eta hurrengo egun gutxitara arte eutsi zioten leku honetan errepublika eta demokrazioaren aldeko borrokalariek.
Gerra leku honek, ikuspegi ederra eskaintzen du; batek baino gehiagok estu biziko zituen gain honetatik begira Ziardamendi zein Morkaiko eta inguruetako gertaera latzak, Urkaregiko gaina faxisten esku geratzen ari zela jabetuz.
![]() |
Zelaieta Buru, gerra lekua berreskuratzen argazkiak |
Esta entrada fue publicada en Orokorra y etiquetada como 1936, ahaztuen oroimena, Aranzadi ZIentzia Elkartea, etxebarria, Frentea-posizioak, gerra zibila, memoria, mola generala hegazkinak gerra zibila ahaztuen orimena, san migel, Urkaregi Txiki, Zelaieta Buru.
Argitu gabe geratu da Zumetako milizianoaren nondik norakoa
Urriaren 20an eta hurrengo asteko 29an Aranzadi zientzia elkartekoek gogor jardun zuten Zumeta baserriko lurretan (San Migelen) hobia lokalizatzeko prospekzio lanetan.
Antonino Garagarza (1943), Zumetakoak, txiki txikitatik jaso zuen bere gurasoengandik eta batez ere bera aitarengandik, 1936ko irailaren azken egunetan gertatutakoaren berri zehatza. Duela bi urte, Ahaztuen Oroimena elkartearekin harremanetan jarri zen, duela urte asko jasotakoaren garrantziaz ohartuta. Beharrezko gestioak eta ikerketa lanek egin ondoren iritsi ahal izan da urriko lan hauetara.
Frentea gerturatzen ari zen egunak ziren. Faxistak, 1936ko irailaren 21ean iritsi ziren Elgoibarrera. Ordurako, miliziano, anarkista eta boluntariaok San Migel inguruan kokatuta zeuden kolpistek aurrera jarrai ez zezaten. Zumetatik gertu, Belartondo inguruan zegoen posizio horietako bat. Elgoibartik zetozen erasoetatik babesteko, Belartondo barrenetik, Zumetako lurretatik gora eta behera ibiltzen ziren borrokalariak, lur tontor txikiak ematen zien babes, ezkutalekutik.
Kainoika batek, Belartondo ingurua jo zuen, 1936ko irailaren 21-24 artean; bertan harrapatu zuen miliziano hau. Ondorengo egunak nahasiak eta zailak izan ziren: Faxistek, errepidez, zein mendiz mendi eraso zuten. San Migel gaina hartu zuten, Morkaiko eta Ziardamendiko gertaerekin.
Borroka horietan hildako miliziano eta gudariak irailaren 29an lurperatu zituzten, Elgoibarko udalak emandako aginduz. Zumetan, Antonioren aita bertan zen milizianoa lurpertu zutenean. Argi eta garbi gorde zuen bere oroimenean gertaera hura, eta ez zuen zalantzarik izan bere semeari gertatutakoaren trasmizioa egiteko.
Hala ere, lurraren mugimenduek, lur jauziek eta denborak, aldaerak sortzen ditu. Antonioren zehaztasunek eta Aranzadikoen lan ikaragarriak ezin izan du milizianoaren hobia aurkitzeko fruiturik izan. Guzti honek, egia argitzeari bide eman dio, bederen.
Esta entrada fue publicada en Frentea-posizioak, Hildakoak-zaurituak y etiquetada como 1936, ahaztuen oroimena, Aranzadi, Aranzadi ZIentzia Elkartea, Elgoibar, Miliciano, milizia, san migel, Zumeta.
Zumetako hobian, lanak aurrera doaz
Aurreko astean, lehen prospekzio lanek ez zuten esperotako emaitzik eman. Aranzadiko taldea Zumeta baserriko lurretan izan zen egun guztian; lehen bizi esku tresnekin hobia ireki arren, makinaria handiagoen beharra izan zuten aurrera jarraitzeko.
Horretarako prestatutako txakur baten laguntza ere erabili zuten oraingoan. Hala ere, lana bertan bera utzi behar izan zuten eta aste honetan jarraituko dute.
Eskerrik beroenak lan hauetarako ezinbesteko laguntza eman duten guztiei, eta nola ez Aranzadiko kideei eta Antonio Garagarza Zumetakoari.
Hobi horretan lur emandako borrokalaria 1936ko irailaren azken asteetan eta batez ere 1936ko iraialaren 21etik 25era izandako borrokaldien ondorioz hil zela uste da; zehatzago, kanoikada baten ondorioz.
Esta entrada fue publicada en Frentea-posizioak, Hildakoak-zaurituak, Orokorra, San Migel y etiquetada como 1936, ahaztuen oroimena, Aranzadi, egia, gerra zibila, gudari, miliziak, san migel.