Elgoibar
Hiruren azkena

Jose Mari San Martin (Soarte baserria, 1925) eta Pilar San Martin (Soarte baserria,1927) gerra frontea igaro berri igo ziren Zelaietaburura aitonarekin. Hark aipatzen zien nola «hor gizonak daude hobiratuta, ez gerturatu». Mariano Retolaza Larreategik (1898-1970) berriz, lurperatu orduko ikusi zituen hilotzak Zelaietaburuko lubakian, errenkadan. 1955 inguruan kontatuko zien Inazio eta Santiago semeei, Iruiturritik: «han, harkaitz haiek dauden tokian, hiru hildako ikusi nituen (…)».
Elgoibarren, 1936ko altxamenduaren eta ondorengo gerrak utzitako biktimentzako Duintasunaren Kolunbarioan hobiratu ziren

Zelaietaburuko hiru gudariak eta beste 21 burkide. Lemoan, Larrabetzun, Legution, Donostian, Galdamesen… eta beste herri batzuetan deshobiratutakoak atzoko 24ak. Ramon Portilla CNTko borrokalaria, Millan Zabala Donostiako Udaleko Gauzainen Kidegoko langilea, eta Nicolas Obregon Euzko Gudarosteko CNTren Sacco Wanzetti batailoiko kaboa izan ziren identifikatuta hobiratu ahal izan direnak; gainontzeko 21ak, ezezagunak.
Horregaitik, Etxebarriko udala, testiguak (Jose Mari San Martin, Ignazio Retolaza eta Santi Reotolaza) eta Ahaztuen Oroimena 1936

elkarteko kideen artean hobiratu genituen Zelaietaburuko hiru gudariak. Merezi duten moduan. Herritarren babesean, azken agurra jasoz.
Esta entrada fue publicada en Etxebarria, Hildakoak-zaurituak, Orokorra, San Migel, Testigantzak y etiquetada como ahaztuen oroimena, Aranzadi, CNT, Duintasunaren Kolunbarioa, Elgoibar, etxebarria, Galdames, Larrabetzu, Legutio, Lemoa, Millan Zabala, Nicolas Obregon, Ramon Portilla, Zelaietaburu.
Argitu gabe geratu da Zumetako milizianoaren nondik norakoa
Urriaren 20an eta hurrengo asteko 29an Aranzadi zientzia elkartekoek gogor jardun zuten Zumeta baserriko lurretan (San Migelen) hobia lokalizatzeko prospekzio lanetan.
Antonino Garagarza (1943), Zumetakoak, txiki txikitatik jaso zuen bere gurasoengandik eta batez ere bera aitarengandik, 1936ko irailaren azken egunetan gertatutakoaren berri zehatza. Duela bi urte, Ahaztuen Oroimena elkartearekin harremanetan jarri zen, duela urte asko jasotakoaren garrantziaz ohartuta. Beharrezko gestioak eta ikerketa lanek egin ondoren iritsi ahal izan da urriko lan hauetara.
Frentea gerturatzen ari zen egunak ziren. Faxistak, 1936ko irailaren 21ean iritsi ziren Elgoibarrera. Ordurako, miliziano, anarkista eta boluntariaok San Migel inguruan kokatuta zeuden kolpistek aurrera jarrai ez zezaten. Zumetatik gertu, Belartondo inguruan zegoen posizio horietako bat. Elgoibartik zetozen erasoetatik babesteko, Belartondo barrenetik, Zumetako lurretatik gora eta behera ibiltzen ziren borrokalariak, lur tontor txikiak ematen zien babes, ezkutalekutik.
Kainoika batek, Belartondo ingurua jo zuen, 1936ko irailaren 21-24 artean; bertan harrapatu zuen miliziano hau. Ondorengo egunak nahasiak eta zailak izan ziren: Faxistek, errepidez, zein mendiz mendi eraso zuten. San Migel gaina hartu zuten, Morkaiko eta Ziardamendiko gertaerekin.
Borroka horietan hildako miliziano eta gudariak irailaren 29an lurperatu zituzten, Elgoibarko udalak emandako aginduz. Zumetan, Antonioren aita bertan zen milizianoa lurpertu zutenean. Argi eta garbi gorde zuen bere oroimenean gertaera hura, eta ez zuen zalantzarik izan bere semeari gertatutakoaren trasmizioa egiteko.
Hala ere, lurraren mugimenduek, lur jauziek eta denborak, aldaerak sortzen ditu. Antonioren zehaztasunek eta Aranzadikoen lan ikaragarriak ezin izan du milizianoaren hobia aurkitzeko fruiturik izan. Guzti honek, egia argitzeari bide eman dio, bederen.
Esta entrada fue publicada en Frentea-posizioak, Hildakoak-zaurituak y etiquetada como 1936, ahaztuen oroimena, Aranzadi, Aranzadi ZIentzia Elkartea, Elgoibar, Miliciano, milizia, san migel, Zumeta.
Roke Arregi Garate
Roke Arregi, Elgoibarko San Bartolome kalean jaio zen, 1922an. Bere izeba Petra Garate, Xemeinen bizi zen 1936ko uztailean militarrek altxamendua jo zutenean.
Gerra soinuak eta mugimenduak medio, irailean Donostia galdu eta indar faxistak Gipuzkoa mendebalderantz zetozela, babes bila joan zen izeba Petrarengana.
Elgoibartik, Urkaregin zehar, Xemeingo Laubegin errefuxiatu zen, gerra frentetik kilometro gutxira, errepublikazale eta abertzaleen esku zegoen erretaguardian.
Miliziano eta Gudariak zebiltzan Markinan Roke iritsi zenean. Laubegin lekua eta janaria izan arren, behin, Batzokira joan behar izan zuen janari bila; izan ere han ematen zuten janaria miliziano, gudari zein beharra zuenarentzat.

Gerra egoeran, baina eguneroko ohiko bizitza egin zuen Laubegin babes hartuta egon zen 7 hilabeteetan. Inguru haietan ikusi zuen, gudariek Markinan, Etxebarrin, Barinagan…, lekuz aldatu eta faxistei eraso egiten zien kainoa; agian horregatik erasotzen zutela Laubegi ingurua gogoratzen du (Markinako herri irteera, Erdotzarantz), hegazkinekin batez ere.
Faxistak iritsi zirenean, 1937 apirilean, babes hartuta zegoen etxean sartu eta zegoena lapurtu zioten. Behin, frentea aurrera joandakoan, berriz bueltatu zen Elgoibarrera.
Esta entrada fue publicada en Markina, Testigantzak y etiquetada como ahaztuen oroimena, Elgoibar, erretaguardian errefuxiatua, gerra zibila, memoria, Roke Arregi, testigantzak, transmisioa.
Aranzadik Ziardamendiko bi gudari identifikatzea lortu du
Ziardamendin, 2012an Aranzadi Zientzia elkarteak burututako lanen ondoren, lau gudariren gorpuak aurkitu ziren. Inguruko borroken ondoren, golpisten aurka borrokan hildako gudarien hobi komunak zehatz mehatz non zeuden hobekien trasmititutako lekua da Ziardamendi.
Ez dago argi zenbat gudari eta milizianok galdu zuten bizia 1936ko irailaren azken egunetan Ziardamendin. 1936ko San Migel egunean hemeretzi hildako hobiratu zirela Ziardamendin eta inguruan diote bertakoek. Borroka horretako lekuko izandako batzuk 1982an Ziardamendiko hobi komun batean lurperatutako gudariak (Paulino Beraza Madariaga, Felipe Elorriaga Larrea, Blas Larrazabal Inunciaga, Juan Zabala Loza, Ambrosio Etxebarria Uriarte eta Jose Chinchurreta Zamacona) Derioko hilerrian hobiratu zituzten. 1936ko irailaren 25ean izan zen borroka Ziardamendin, eta aurrekoez gain, egun horretan hildakoen zerrenda luzeagoa da: Eusebio Gaubeka Gibelondo, Felix Arbulu Bilbao, Imanol Etxebarria Lahuerta, Juan Agirre Bilbao, Jose Azueta Mendiolea, Marcelino Gandarias Salbidea, Miguel Palacio Gomez, Pedro Rodriguez Puig, Sabin Atutxa Olabarri…hemeretzi inguru.
San Migel auzoan jasotako testigantzek bizi bizirik mantendu dituzte, 1936ko irailaren azken egunetan gertatutako borroken nondik norakoak. Horrela, Elgoibar 1936 elkarteak eta Ahaztuen Oroimena Elkarteak elkarlanean, Aranzadik bideratuta hobitik ateratzeko lanek emaitzak utzi dituzte. 2012ko ekainetan lau gudari zeuden hobia lokalizatu ahal izan zen eta bertan aurkitutako gorpuak aztertu ditu Aranzadik.
Prosezu osoaren bukaera gisa, txosten bat osatu du Aranzadi Zientzia elkarteak, non lau gudarietatik bi identifikatu ahal izan ditu: Sabin Atutxa Olabarri eta Eusebio Gaubeka Gibelondo. Txosten horren atal garrantzitsuenak aukeratu ditugu eta ondorengo agirian aurkezten dizkizuegu.
Gure aldetik, eskerrak eman nahi dizkiegu, Ziardamendiko gora behera guztietan parte aktibo izan diren norbanako eta eragileei. Deialdiekin bat eginez, testigantzak jasotzen lagunduz, ekitaldietan parte hartuz… Inor ahaztu gabe, eskerrik asko bereziki, Aranzadi, Elgoibar 1936 eta Joseba Felix Tobar Arbulu.
Esta entrada fue publicada en Hildakoak-zaurituak, San Migel y etiquetada como 1936, ahaztuen oroimena, Aranzadi, Elgoibar, Eusebio Gaubeka Gibelondo, Fosa, Sabin Atutxa Olabarri, Ziardamendi.