Berriatua

102 urte beteko zituen gaur Miguel Elordi berritxuarrak

Posted on Actualizado enn


Berritxun era bat errotuta bizi izan da Miguel. Baserritarra ogibidez, Gasturu baserrira eta herrira lotutako bizitza izan dute berak eta bere familiak. Aita EAE-ANVko zinegotzia izan zen errepublika garaiko Berriatuako udaletxean eta gerra ondorengo alkatea, 30 urtez.
Hogei urte zituen gerra gure inguruetara bete-betean etorri zenean eta Gasturu inguruan zuzeneko borrokarik bizi ez bazuen ere, laster pairatuko zuen bere bizitza osoko pasarterik gogorrenetarikoa.
Beharrezko adina izanik, aginduz, soldaduzkan zen Doroteo Elordi anaia. Istripu bat tarteko, etxean zegoen zauriak sendatzen. 1936ko urriaren 4ean gerra lerroak finkatu egin ziren, matxinoek Ondarroa eskuratu zuten eta, lerroen artean, Gasturu baserria matxinoen eremuan geratu. Egoera horretan bizimoduarekin jarraitzeko premia zutenez, goiz batean Doroteo eta biak Gasturuko basoetara joan ziren garbiketa lanak egitera.
Mendien babesean, arriskutik kanpo zirelakoan zeuden, baina Larruskaindik Ondarroarako biltegietara ura garraiatzeko hoditeria kaltetzeko asmoarekin errepublikazaleen hegazkin batek jaurtitako bonbek bete-betean harrapatu eta txikitu zuten Doroteo anaia, 1936ko urriaren 26an.
Laurogei urtetik gora pasatu badira ere, testigantza jasotzerakoan erabat unkitu zen Miguel.
Umorez betea, baina oroitzapenak gogoan, herriko hainbat gertaera eta gerraren ondorioz hildako berriatuarren inguruko zehaztasunak kontatu zizkigun; baita anaia hilda izan arren, Doroteoren kintada bukatu arte ezin izan zela libratu gerrara joatetik. Infanterian egin zuen gerra eta behin bere taldea inguratuta, preso hartu ondoren ausardiaz bete eta ordu batzuetara ihes egitea lortu zuela.
Berak testigantza gogoan hartzekoa delakoan, bideo honetan testigantza jasotzerakoan kontatutako pasarte batzuk aurkituko dituzue.

Patxi Juaristik Berriatuan kokatutako liburua aurkeztuko du Durangoko Azokan

Posted on

 

Berrriatua_Patxi_juaristiBerriatuan, gudako lehen lerroan geratu ziren beste herri batzuetan baino zibil gutxiago hil ziren: sei, bonbardaketen ondorioz, eta kleroko bi kide, gusilatua (abade bat Larruskainen eta moja bat Bartzelonan). Gainera, guk dakigula, herriko mutilik ez zen hil borrokatzen, eta beste fronte batzuetan baino soldadu gutxiago hil zirela pentsa daiteke. Edonola ere, berriatuarren bizipenak gerrako frontea beren lurretan izan zuten beste herri batzeutakoen antzekoak dira. Berriatuan ere samina eta beldurra nagusitu ziren 1936ko irailean, frontea bere lurretan kokatu zenean: Gainera, frankistek 25 lagun atxilotu zituzten, zazpi emakumeri ilea moztu zieten eta hainbatek isunak, ondasunen bahiketak eta bortxazko lanak jasan behar izan zituzten.

Liburu honen asmoa da Gerra Zibilean Berriatuan gertatu zena berreraikitzea, eta sufritu zuten herritarren oroimena bizirik gordetzea. Izan ere, Gerra zibila, drama asko eta min handia sorrarazi duelarik ere, berriatuar guztien ondare historikoa da; ondo ezagutu eta gorde beharreko ondasun inmateriala.

Berriatua eta 1936ko gerra dira liburu honetan ikergai nagusia. Hala ere, izenburuan, Lekeitioko frontea ere irakur daiteke, horren arrazoia da Berriatua Lekeitio sektorean kokatu zutela agintari militarrek, eta 1936ko gerrari buruzko liburu guztietan Berriatuko fronteari buruz hitz egin beharrean Lekeitioko frontea aipatzen dela. Beraz, Berriatuan gertatuak hobeto kokatzeko, ezinbestekoa izan da Lekeitioko frontea ere aztertzea. Berrezarkuntza garaia eta II Errepublika ere ikertu ditugu, gerrako jazoerak behar bezala ulertzeko eta testuinguruan kokatzeko.

Liburu honetan, beraz, XIX.mendearen bukaeratik gerra ostera arteko urteetan ikuspuntu sozial, politiko eta ekonomikotik Berriatuan gertatu zirenak aurkezten ditugu.

Patxi Juaristi Larrinaga