Gaytan

Markinako alkate zenak, Jose Luis Gaytan de Ayalak, duela 86 urte, Karmen jaietan ihesari ekin zionekoa

Posted on Actualizado enn

86 urte dira jada espainiar militar eskuindarrek agintea hartuz, beraien pribilegioak areagotu eta gizarte tradizionalista bat inposatzeko nahian, 1936ko kolpe militarra eman zutela. Lehen unean, herritar aurrerakoien erantzunak matxinoen helburuak zapuztea lortu bazuen ere, 1939ko apirilera arte iraungo zuen gerratearen abiapuntua zen.

1933ko apirilaren 23ko hauteskundeen emaitzen ondorioz Jose Luis Gaytan de Ayala y Costa abokatua zen Markinako alkatea. Baina bere eragina ez zen Markinara soilik mugatzen, Alderdi Tradizionalistako pertsona erreferentziala zen Bizkaian. 1936ko otsailean lehen itzulian eta martxoan errepikatu ziren Madrilgo korteetarako hauteskundean bera izan zen Bizkaiko Alderdi Tradizionalistaren zerrendaburua. Ordezkari bakarra hautatzeko prozesuan lehia estua izan zen, eta geroago lehen Euskal Gobernuko lehendakaria izango zen Jose Antonio Agirre Lekubek irabazi zuen Bizkaia ordezkatuko zuen Madrilerako diputatu akta.

Prozesu demokratikoak bizi-bizi ziren Bigarren Errepublikako garai honetan eskuindar jauntxoak ez ziren eroso eta mugimendu, antolaketa, instrukzio zein arma bilketak gauzatu zituzten, eskuartean zeukaten kolpe militarraren ondoren aginte diktatoriala ezartzeko. Agintari “gubernamentalen” susmoetan Jose Luis Gaytan izan zitekeen Lea–Artibai inguruko eskuindarren matxinatze aurreko antolaketaren arduraduna.

Jose Luis Gaytan bere familiarekin, zerbitzariak eta eliz-gizonak, tartean Melo Alcalde, Valenciako artzapezpikua. Argazkia Patrokua jauregian aterata dago, 1934. urtean.

Honetaz jakitun, Markinako Karmen jai betean, herriko alkateak bere burua ezkutatzea erabaki eta ihesari ekin zion.

1936ko uztailaren 18an matxinoek emandako golpe militarrak porrot egin ondoren izkutatzea hobetsi zuen eta ondorioz, atxilotu arte hau izan zen Jose Luis Gaytanek izan zuen ihesaldi edo ezkutuko ibilbidea: 1936ko uztailaren 19an etxean gordeta egon ondoren uztailaren 21an Larruskain-Goiko baserrira joan zen, uztailaren 27an Ataun-Bekora, eta bi egun geroago Lauzirikara, non abuztuaren 14ko gaua arte egon zen bertan. Lauzirikatik atera eta Aulestiko Barbaxola baserrian gorde zen irailaren 11arte eta handik Koba baserrira eraman zuten 1937ko otsailaren 7rarte. Markinako Komandantzia Militarrak “Dinamiteros” izeneko talde berezi bat antolatu zuen Gaytandarrak bilatu eta atxilotzeko, 1937ko urtarrilean Rosa Luxemburgo batailoiko konpainia bat lan honetara gehitu zitzaielarik. Ikerketen berri eta geroe eta estuazun handiagoa biziz, atxilotzeko beldur zela, Koba ondoko kobazulo batean 3 egunez babestu zen Gaytan eta handik Nabarnizko Argiarro baserrira eraman zuten, hura babesten zutenek. Bi egun egin zituen Argiarron, baina gertaerek abiadura hartu zutenez, etxekoek inguruko pinudi batetara bideratu eta bertan Gernikako hiru poliziek atxilotu zuten 1937 otsailaren 13an, 16:00ak inguruan, euripean, blai. Testuinguru hartan, Jose Luis Gaytanena izango zen pistola bat aurkitu zuten Argiarron.

Atxilotu ondoren Jose Luis Gaytan Gernikara eraman zuten, atxilotze egun berean Markinako Epaitegiko Epaile Militarrak Gaytanen tokialdatzea eskatu zuen, eta ondorioz, otsailaren15ean gauzatuko zen toki-aldaketa. Behin prozedura abiatuz, galdeketa, diligentzia zein atxiloketa gehienak egin ziren.

1937ko otsailaren 14an Jose Luis Gaytanen atxiloketaren inguruan argitaratutako prentsa artikulu bat
Bi egun geroago, otsailaren 15ean Gaytanen Markinarako tokialdatzeari buruz argitaratutakoa.

Jose Luis Gaytan de Ayala atxilotzear zela, bere hainbat senide eta inguruko eskuindar batzuk matxinoen egitura militarrarekin lotura zutenak, Plazakolako presa gainetik Artibai erreka igarota matxinoen aldera pasatzea erabaki zuten, Madalena auzora helduz.

Alde-egitea 1937ko urtarrilaren 26an gauzatu zuten, astearte euritsu baten gaueko lehen orduetan.  Beste aldera pasatutakoak honako hauek izan ziren: Alejandro Gaytan de Ayala Ansotegi, Jose Luisen aita; Maria Costa Anuncibay, Jose Luisen ama; Joaquin Gaytan de Ayala Costa, Jose Luisen anaia; Fernando Gaytan de Ayala Costa, Jose Luisen anaia; Ubilletorreko Juan Urriolausokoa Lauzirika; Lezan baserriko Jose Urriolauzokoa Lauzirika eta Felix Urriolausokoa Lauzirika; Txepetxabixeko Juan Txopitea Apoita, Daniel Txopitea Apoita eta Domingo Txopitea Apoita; Gabaroko Ramon Ibarluzea Imaz eta Francisco Ibarluzea Imaz; Jose Mari izeneko Larruz baserriko morroia,beharbada bertako semea izango zen: Jose Mari Aranbarri Txurruka; Ataun goiko Antolin Urizarbarrena Aulestiarte; Dolores Alkorta Zulueta (Markinako Margariten burua, Margaritak eskuindar emakumeen antolaketa zen), Jose Mari Duralde Madariaga, Felix Mentxaka Arriola; Gernikako Castor Aldekoa eta Mungiako Markos Bilbao Basterretxea.

Behin lerroa igarota, iheslari gehienak Larruskain gaineko matxinoen gerra posizioetara bideratu ziren, bi ezik. Adinez nagusienak zirenak, Alejandro Gaytan eta Maria Costa, Madalena orduko dagoen Arantzadi baserrian pasatu zuten gaua, sutondoan berotu eta busti-busti eginda zeuzkaten arropak lehortuz.

Argazkiko goiko lerroan, ezkerretik eskuinara, Joaquin Gaytan de Ayala, Eduardo Gortazar Moronati kapitain matxinoa, Fernado Gaytan de Ayala eta identifikatzear ditugun beste iheslari batzuk. Gortazar kapitainak ordezkatu zuen Molina Komandantea, 1936ko urriaren 20an Jose Sagarna abadea hiltzeko agindua eman eta biharamuneko Egixarreko erasoan obus baten leherketaren eraginez hil ondoren.

Ihesaldi hau gertatu eta aste batzuetara izan zen Jose Luis Gaytanen atxiloketa, Jose Luisi babesa emandakoen eta beste taldearen ihesaren ikerketan Markinako epaiketak diligentziak ireki zituen Eusko Gobernuaren Justizia Sailaren agindupean, Instruzio Militarreko Epaitegiko 1937/204 aurre-diligentziak hain zuzen.

Diligentzia hauen haritik, ondorengo herritarrak atxilotu zituzten, batzuk gertaeren aurretik, beste batzuk ondoren: Cesar Olaortua Arana Markinako notarioa; Candido Ansotegi Urkidi (Azpiltzako taberna, gero Xemeingo alkate); Lauzirika baserriko Esteban Ibarluzea Iturraran eta Martina Loiola Urkidi; Lezango Jose Mari Urriolausokoa Lauzirika; Txepetxabixeko Timotea Txopitea Apoita (Txepetxabixe), Maria Josefa Txopitea Apoita, Victoriano Txopitea Apoita, Jose Vicente Txopitea Suinaga eta Teresa Apoita Andrinua; Ataunbeko baserriko Pedro Mugartegi Urizarbarrena; Axolako Francisco Iturraran Urkiza; Aulestiko Koba baserriko Juan Uriarte Sangroniz, Maria Uriarte Sangroniz eta Marcelino Uriarte Otaolea; Barbaxolako Serapio Bollar Barruetabeña; Anacleto Txurruka Txurruka (Gaytanen zerbitzaria); Hilarion Amutxastegi Eraso; Jose Urkiza Arriaga; Teodoro Urtiaga Altzibar (Markinako alkate izango zena); Tomas Duralde Kerejeta; Txomin Aretxabaleta Arriola eta Genaro Omaetxebarria Atxikallende (Kortezubiko parrokoa). Aipatu otsailaren 10ean atxilotu zituztela Txepetxabixe, Lauzirika eta Kobako herritarrak eta otsailaren 12an, Gaytan atxilotu bezperan, jakin zutela Gaytan Argiarron zegoela. Atxilotuetako batzuk galdeketa gogorrak, presioak eta tratu txarrak jasan zituzten. Bereizgarria izan zen atxilotu batzuk bazekitela Gaytan preso zegoela eta hasieratik euren partehartzea onartu zutela eta beste batzuk Gaytanen atxiloketaren berri izan ez eta salaketak ukatzen zituztela, nahiz eta Gaytanek gorabehera guztiak deklaratuta zituen, inplikatu guztien berri emana zuen.

Markinako epaitegiko kartzelan izandako atxiloaldian hainbat galdeketa eta diligentzia burutu ondoren, Jose Luis Gaytan, Cesar Olaortua, Esteban Ibarluzea, Serapio Bollar, Marcelino Uriarte, Juan Uriarte, Anacleto Txurruka eta Hilarion Amutxastegi Bilboko kartzelan espetxeratu zituzten, epaiketa zain.

Bilbo matxinoen esku erortzear zegoela, 1937ko ekainaren 19an gure inguruko gudariz osatutako Itxasalde batailoiko Boga-Boga konpainiakoek Larrinaga eta beste espetxe batzuetako ateak ireki zituztenean atera zen kartzelatik Jose Luis Gaytan.

Artikulu honetan itsatsita doaz bi dokumentu:

  • 1937ko otsailaren 15ean Jose Luis Gaytan de Ayalak Markinako epaitegian emandako deklarazioa
  • 1937ko otsailaren 24an Kasuaren ikerketaren ardura zuen Epaileak egindako informea.