Markina-Xemeingo udal arduradunei omenaldia
1936.urteko uztailean eman zen altxamendu militarraren porrotak gerra zibil baten sorrera ekarri zuen. Gerra egoerari aurre egiteko, antolaketa eta prestaketa militarraz gain beste gestio eta ardura batzuk bete beharra zegoen. Abagunea hark, gestio administratiboak, udal kudeaketa, herritarren hornidura eta baliabideak, errefuxiatuen etorrerak sortzen zituen harrera, jabegoen zaintzak, eta abar luze bat. Demokratikoki erabaki eta aukeratutako errepublika eta hau ordezkatzen zuten agintearen alde, altxamenduari aurre egiteko hainbat herritarrek egitura zibiletako ardura, konpromiso eta lanak hartu zituzten.
Frontea gure inguruetara iritsi aurretik udal ardura izan zutenen zeregina ez zen txikia izan, baina 1936ko irailaren bukaeran frontea gure mendietan zazpi hilabetez finkatu zenean, gabeziak eta arriskuak nabariagoak zirenean, hauen lana ezinbestekotzat izateaz gain zuzena eta gizatasunez betekoa izan zen. Gerraren berezko arriskuez gain, pertsona hauen egunerokoa ez zen bat ere samurra izan, zailtasun eta oztopoak nonahi azaltzen zitzaizkien.
Baina matxinoak 1937ko apirilaren 27an frontearen lerroa gainditu eta gure herriak okupatu zituztenean egoera erabat larritu zen herri ardurak bete zituzten pertsonentzat. Beldurra, arriskua, bizitza ezbaian, gehienek, ihes egitea erabaki zuten.
Gerra makinaria maltzur hari, ihes egiten saiatu ziren. Batzuk erbesteratzea lortu eta atzerrian bizitzera kondenatuak betirako. Erantzukizun zibil, administratibo eta instituzionala hartutako Markina eta Xemeindarren aurkako errepresioaren adierazpen gogorrenak, zazpi pertsonek islatzen dute; izan ere, ardura ezberdinak izan zituzten zazpi pertsona hil baitzituen frankismoak.
Sortu ziren taldeak Errepublikaren Defentsarako Batzordea, Isunen Azpibatzordea, Emakumeen Zuzendaritza eta Langileen Kolokaziorako Ikuskaritza Batzordeak izan ziren.
Herritar guzti hauek, era batera edo bestera, errepresioa jasan zuten egindako beharragatik, batez ere, heriotzara bideratutako zazpiak. Horregatik, burutako ekitalidan, errepresio hori jasan zuten markinar eta xemeindar guztien ordezkari moduan, zazpi pertsona hauek eta euren familiak omendu ziren:
BENITO AGINAGA UGALDE (Markina, 1874/04/03 – Gasteiz 1937/08/04)
HILARIO ARETXABALETA ARRIOLA (Markina, 1888/01/14 – Derio, 1937/07/21)
JOAN LOIOLA EIZAGIRRE (Xemein, 1904/02/22 – Derio, 1937/09/09)
AMBROSIO MALLUKIZA ALDAOLEA (Arbatzegi, 1886/12/07 – Derio, 1937/09/16)
BENITO MUÑOZ AZPEITIA (Markina, 1894/03/21 – Iruñako San Cristobal espetxea, 1938/02/01)
GNACIO UGARTEBURU ANITUA (Markina, 1890/07/31 – Iruñako San Cristobal espetxea, 1938/10/10)
ANGEL ARETXABALETA AIZPURU (Begoña, 1890/12/17 – Dos Camino, 1941/02/06)