EAE-ANV

Jesus Erkiaga Gabiola (Lekeitio, 1917-2019)

Posted on

Jesus Erkiaga Gabiola (Lekeitio, 1917-2019)

Denboratxo bat pasatu da Jesus ezagutu genuenetik, harrezkero berarekin egon garen aldi oro, argibide berriak, pasarte interesgarriak eta bere indarra jaso ditugu, beti lagun bezala hartu gaitu.

Eta gezurra badirudi ere 102 urte betetzear izan denean, zur eta lur utzi gaitu bere heriotzaren bapateko albisteak. Azkenaldian ibilpidea ez bezala, jarioz, memoriaz, argitasunez, lehen bestean aurkitu izan dugu; berriro elkartzeko zita ere egina genuen.

Agur eta Ohore Jesus.

Udaletxean lanpostu “lasai” bat izatetik, faxisten matxinadari aurre egiteko asmoarekin Lekeitioko herri erakundeen eta Errepublikaren babesteko konpromisoak hartu zenituen 1936 hartan. Matxinoak frontea gainditu eta Lekeitiora sartzear zirenean, itsasoz Plentzia eta Bilborako bidea hartu zenuen eta alderdiaren esanetara jarri. Ondorioz EAE-ANVko Azkatasuna batailoian lerrokatu eta defentsa lantean parte hartu zuen, Lemoatxeko esaterako, non zeregin horietan Colindresera arte jarraituaz.

Itsasontzi batean Lekeitiora itzuli eta lur hartu bezain pronto salatu zuten, kartzelaratuaz. Kartzelatik atera eta Frankistekin Ebroko frontera borrokatzera joateko aginduari muzin eginez, ihes egitea erabaki zuen. Luzaro gordeta egon ondoren Hondarribian, Bidasoa biluzik zeharkatu eta Hendaian finkatu ondoren, bertan harrapatu zuen Bigarren Mundu Gerrak.

Eusko Jaurlaritzako deiari kasu eginaz, Frantziako ejerzituan lerrokatu eta Kepa Ordokin agindupean Lannemezango armategian lanean aritu jardun zuen. Alemanek Frantzia osoa bereganatu zutenean eta partisanoekin izandako harremanagatik, ingurukoen atxiloketen ondoren, Bidasoa beste norabidean gurutzatzea beste irtenbiderik ezean, zigorrezko soldaduska egin eta Venezuelako bidea hartzea hobetsi zuen, bertan enpresa txiki baten jabe izanda Lekeitiora baldintza onean itzultzeko aukera izatea lortu arte.

Garai desberdinetan eta muturreko egoeretan bizi izandako hori irudika ezina egiten zaigu erosotasun hutseko bizimoduan murgildu garen ondorengo belaunaldikoentzat. Eskuzabaltasun osoz zuk kontatutakoak, gerra garaiko gogortasunak ezagutzeko balio izateaz gain, historia gordin haietako aktore izandakoak hartutako erabaki eta norabideak ulertzeko eta hizki larriz idatzitako historia ondorengoei helarazi ahal izateko eredu izan zara.

Zure memoria gure historiaren zutabe da.

Bejon deizula Jesus Erkiaga.

Hemen duzue bere testigantza (pasarte laburra eta testigantza osoa jasotzen dituen bideoak):

Francisco «Paco» Perez Lusarreta: ongizate eta jendarte justu baten defendatzaile, nazien aurka, lehen, zein orain

Posted on Actualizado enn

Francisco «Paco» Perez Lusarreta, Beran, elkarrizketaren unea batean

Erronkariko Jaurrieta jaioterritik bizitzako lehen urteak egin ondoren, Irunen bizi izan zen bere familiarekin. Hamabost urterekin, 1936ko matxinatuen gerrak, han harrapatu zituen.

Bere aita eta anai nagusia fronte ezberdinetara eraman zituzten eta Pacok, gogoan du haien itzulera eta gerra garaiko haien ibileren kontakizuna.  Anaia, soldaduzkan zela, frankistekin eraman zuten, hark kontatu zion Oiartzunen, zein baserri inguruko posizioetatietan jardun zuen, eta nola sartu ziren, Agiñatik, Paco egun bizi den Berara. Anaia zauritu egin zen eta lehen borrokaldi haietan. Ospitalera bidean, errepublikazaleek bera eta beste bi errekete eta emakume bat atxilotu zituztenean, tartean ezagun bat izateak libratu zuen faxisten hatzaparretatik. Ordutik, mugimendu errepublikazalera batu zen aitarekin batera.
Frontearekin batera aurrera jarraitu zuten. Santanderko frontera arte. Gero baina, atxilotu eta kartzelan eman zituen bi urte terdi Bilbon, aitak eta Santoñan anaia. Askatu zituztenean elkartu ziren guztiak.

Irungo harrobian eta Hendaiako arma fabrika batean egin zuen lan, amak maisuki egindako azukre zaku ondokinezko jantziekin eta eskalapoiekin joaten zen lanera, duin.

Soldaduzka egokitzean, hango diziplina eta soldaduei krimenaren eta ankerkeriaren irakasle zirela ikusirik, erabateko desadostasunaz jabetuta, aparatu kriminal hartetik, baimen batean ihes egin zuen. Ez zen, soldaduzkara itzuli.

Gernika Batailoiko kideak, hainbeste maite zuten txakurrarekin

Zelatan zituztela jabetuta, muga zeharkatzea hobetsi zuen, han, Frantzian, pentsaera antzekoek antolatzen ari zirenaren jakitun. Pacok, EAE-ANV kide gisa izango zuen informazioa, eta abertzeleek Pauen antolatzen ari zirenarekin bat egin zuen bertan. Aquilino laguna eta biak joan ziren, furgonetan batean gordeta, izkutatuta.

Kepa Ordokirenkin (Irun, 1913 – Baiona, 1993) egin zuten bat Paben, gero haien komandantea izango zena Gernika Batailoian.  Lagun arteko giroa, borrokarako gogo sutsua eta elkarri laguntzeko edo egin behar zena egiteko moduan gogoratzen ditu batailoi hartako lagun eta kideekin bizitako uneak. Latzak haietako asko. Bidean kide asko.

Point de Grave ko lurmuturreko borrokaldian ondo gotortuta gogoratzen ditu nazi alemanak. Fusil amtrailadore haietakoekin gotortuta, min handia egin arren, garaipen handia izan zen, gudari antifaxista abertzaleentzat.Gernika Batailoia, frantziar ejertzitoari atxikitako taldea izan zen, eta Pointe de Grave inguru horretan, 40 kota deituriko mendixkatik garaitu zituzten indar naziak, Soulac herritik, laku guzti haiek pasa eta aurrez aurreko borroka izan zuten.

Parisera eraman zituzten gero. Han, inoiz ikusitako armarik onenak eskuan, talde berezi bat prestatzen hasi ziren.  Entrenamendu bereziak ziren, eta han entrenatu zituzten. Asmoa, azken asmoa, Franko eraisteko talde berezia sortzea izango zen. Frantziak atzera egitean baina, bertan behera geratu zen guztia.

Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteko kideak eta Berako udaleko kideak elkarrizketaren unean

Frankismoak gizartean ezarri zuen injustizia estrukturalaz jabetuta, behar zen guztietan, muga igarotzen zuen, etxekoei eta lagunei laguntzeko. Horrela, frankistak atzetik zituzten jendea mugatik igarotzen edo mezulari  ere jardun zuen besteak beste. Honek, ondorio latzak ekarri zion, hain zuzen, atxilotu eta torturatu egin baitzuten, hamar egunez jarraian. Meliton Manzanasen galdeketa eta torturak barru barrutik bizi izan zituen, eta honek, deseginda utzi zuen.

Guzti hau, gogotsu kontatzen du Pacok. Beregana bisitan doazenenkin gustora. Bere bizipenak entzun eta aintzat hartzen duen oro estimuan hartuz. Bizitzan zehar egindakoaz harro, ezer baztertu gabe, bizitzarako izaera eta nortasun bizi, ekimentsua aldarrikatzen du, bere 96 urteekin.

No hay que arrinconar nada. Hay que estar con el espiritu vivo con lo que has hecho.

Francisco Perez Lusarreta

Jesus Erkiaga, gudari ohiarekin bere testigantza jasotzen gaur

Posted on Actualizado enn

Jesus Erkiaga gudari ohia, gaur Lekeition bere testigantza kontatzen

Jesus Erkiaga Gabiola, 1917ko abuztuan Lekeition jaioa. Kontabilitate ikasketak burutu zituen eta Lekeitioko udaletxean interino bezala aritu zan 1937ko apirilaren bukaera arte, guztira 5 urtez egin zuen lan bertan.

Errepublikaren aldeko Komiteko partaide EAE-ANV alderdia ordezkatuz, herritarren premiak hornitzeko ardura izan zuen.

Faxistak Lekeitio okupatu zutenean itsasoz Plentziara egin zuen ihes, handik Bilbora; bere alderdiaren gomendioak jarraituz, zapadoreen ANV Azkatasuna batailoian lerrokatuz defentsa eta fortifikazioak eraikitzen jardun zuen gerra bete betean.

Borroka gune desberdinetan aritu ondoren, (Lemoatx, Gaztelumendi, Santo Domingo, Bilbo, Karrantza, Santoña…) Laredora iritsi eta Ajuriagerrak negoziatutako paktuaren eraginez italiarren esku geratu zen.

Hala ta guzti, inguruan arrantzan zebilen lekeitiar ontzi baten sartu eta Frantziarako bidea egingo zuelakoan Lekeitioko portuan hartu zuen lur. Kaian bere ikaslagun izandako Larrazabal eskuindarrarekin topo egin eta kartzelaratu egin zuten.

Santutxuko Karmelo komentuko kartzelan urtebete eta egun bateko kondena bete ondoren Lekeitiora itzuli eta faxistekin borrokatzera joateko agindua jaso zuen, Iruñako America batailoian hain zuzen.

Kuartelera joan beharrean, atzerrira joateko erabakia hartu zuen, eta hainbat gorabehera izan bazituen ere, Hendaiako hondartzara igerian, biluzik, iristea lortu zuen. Gero Bigarren Mundu Gerraren atarian Frantziako ejerzituaren parte, Lannemezaneko biltegian zerbitu zuen.

Kide eta lagun izan zuen han Kepa Ordoki, Kalamuan aritutako San Andres batailoiko kapitain ospetsua, geroago nazi alemanei aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak antolatutako Gernika batailoiko komandantea izango zena.

Naziak Frantzia osoa hartu zutenean Okzitaniako Sete herriko kai militar baten, nazioarteko tratatuak kontutan hartu gabe frantziarrak Lannemezanen bildutako Lehen Mundu Gudako arma kimikoak garraiatu eta desegiteko agindua bete zuen, itsasora jaurti zituzten debekatutako arma arriskutsuak.

Naziak Frantziako jaun eta jabe zirelarik, erresistentzia lanetan aritzeagatik Gestapok bere auzokide bat atxilotzean, Jesusek ere, ardurak izan zituelako, muga gainditu eta Bilbora etorriaz, soldaduzkarako deialdiak kudeatzen ziren bulegoan aurkeztu zen. Marrokora bidali zuten eta 22 hilabeteko soldaduzka egin behar izan zuen.

Gerora, bizimodua aurrera ateratzeko beharrak, Venezuelara eraman zuen. Izotz fabrika baten egin zuen lan bertan. 100 urte bete dituen arren kementsu dago eta bizitzan zortea izan duelakoan da.

Sabino Gabiola Plaza (Amoroto), EAE-ANVko guradi ohia

Posted on Actualizado enn

Sabino Gabiola Plaza, Amorotoko Etxebarri baserriko atarian testigantza jasotzerako unean. 2017/05/23

Sabino Gabiola Plaza, Amorotoko Etxebarria baserrian jaio zen 1918an. Bertan harrapatu zuen 1936ko gerrak eta udazkenetik egonkortuta zegoen gerra frontea apurtu zenean, 1937ko apirilean, Bilbora joan zen eta han faxisten aurkako indarrekin bat egin zuen.
EAE-ANVk antolatutako Azkatasuna batailoiko lehenengo konpainian, zulatzailen taldean jardun zuen; bere kideek su egiteko hainbat metro zulatuko zituen Sabinok hilabeteetan. 1937ko apirilaren bukaeran sortu zuten batailoi hau eta Bizkaiko hainbat herritan jardun zuten borrokan. Sabinok ere gogoratzen ditu leku hoiek; Galdakaoko eskoletan izan zen, han baitzuen Azkatasunak koartela, gero etorriko ziren Zugaztieta, Lemoa, Urkullu, Gaztelumendi…

Santoñan atxilotu zuten faxistek. Italiarrak gogoan ditu, eta baita estrainekoz, makarroiak zer ziren ezagutu zuenekoa, non eta Santoñan. Preso, Bilboko Areatzako zubira eraman zituzten eta bertan utzi.

Faxisten eskuetan, Logroñoko kuartelera eraman zuten beste hainbatekin batera. Terueleko frontera eraman zituzten eta hango lerroak uztera eraman zituen gerra estrategiak. Askatasunetik urruti, «gorriek» egindako indar erakustaldiari aurre egitera Extremadurara bidali zituzten, 6. Batailoiko America 23an infanterian. Carrascalejo (Caceres) herrian, fronte bietako indarren borrokak, han ikusitako tankea eta faxistek egindako hilketa eta sarraskiak bizirik ditu memorian.
Ciudad Realen izan zuen gerraren azken geltokia. Bukatu zen ondoeza, faxistak gainditzean, etxera bueltatu ahal izan zuen.
Berak bizitako pasarteez gain, Amoroto inguruko hainbat pasarte eskaintzen ditu.
Anoninatuan, 80 urtez gorde du memoria historikoaren alea barnean. Eskuzabal eta eskaini digu memoria kolektiboaren aberasgarri.

Akarregi-Egixarreko borroka: panel informatiboa

Posted on Actualizado enn

Gaur 1936/10/21eko borrokan, miliziano eta gudariek Oruntzezabal inguruan zeuden Nafar Brigaden aurka burututako ofentsibaren inguruko informazioa biltzen duen panel informatiboa jarri dugu Egixarren.
Inagurazioa baino lehen, gudari eta mlizianoen bidea egin dugu bisita gidatu batez: Zulueta, eta Intxaurbitxe inguruetatik Egixarreko soloko hormetara arte.
EAE-ANVko Euzko Indarra, UGTko Mateos, Sasetako metrailadoreek eta Boga-Bogak parte hartu zuten ofentsiban. Borrokaldi honekin, frenteko posizioak berreskuratzeaz gain, gerra lerroa egonkortzea lortu zuten gudari eta milizianoek.
Borroka hau, Jose Sagarna Uriarte, Amulategin fusilatu eta biharamunean gertatu zen; borrokaldi honetan, zauritu eta hil zen matxinatuekin bat egin eta fusilaketa honetan zer ikusia izan zuen Arturo Molina komandante militar galiziar ezaguna.
Borrokaldi honen inguruan egindako ikerketen arabera, Fulgencio Mateos, Bilboko zinegotzi sozialista zauritu zen Egixarren, Xemeinera jeitsi ondoren Basurtoko ospitalean ebakuntza egin arren hurrengo egunetan hil zen. Bizkaiko milizia Sozialisten burua zen.
Ez dago argi zenbat hildako izan ziren borrokaldi honetan baina hainbat gorpu geratu ziren Egixarre inguruan; horregatik «hildakoen lekua» bezala ezaguna dute bertakoek.
Gaurkoan, Jesus Salaberria izan da gurekin. Egixarretik ihes egin behar izan zuten, bera aita zuhaitz batera lotu zuten frentea iristean, udazkenean, eta ihes egin behar izan zuten, Damukortara. Jesus, 1936/12/24ean jaio zen, babes hartu zuten lekuan, kortan. Hildakoen lekuan, baso garbitzen ari zela burnizko gurutze bat aurkitu zuen. Orain, borrokaldi honekin zer ikusia izan dezakelakoan, berriztu eta aurkitutako lekuan jarri du gertatuakoaren oroimenean.

Domeka honetan Egixarrerako zita

Posted on

P1210043_1000

Datorren domekan Egixarrerako gonbidapena luzatzen dizuegu. Bertan, 1936ko urriaren 21eko borrokaldiaren inguruan egindako ikerketaren ondoren bildutako informazioa osatzen duen panela jarriko dugu.

UGT1 (Mateos), Euzko-Indarra (EAE-ANV), Saseta (ametrailadoreak) eta Boga-Bogako gudari eta milizianoek  Nafar Brigaden aurka burututako borrokaldiak gerra lerroaren posizioak berreskuratu eta finkatzea lortu zuten. Borrokaldia gogora izan zen, hildako ugari utzi zituen, inguruko herritarrek ondo gogoan duten moduan haietako gudari batzuen gorpua jaso ezinik geratu ziren Egixarre inguruan.  Horrez gain, Bizkaiko milizia sozialisten buru eta Bilboko zinegotzi sozialista zen Fulgencio Mateos, borrokaldi honetan zauritu eta handik egun batzuetara hil zen.

MAPA LEAaRtibai 2009 TRAZ.FH11Hiru hitzordu izango ditu goizak, bakoitzak nahi duenetara etortzeko aukera dezan. Lehenengoa, 10:00etan izango da Egixarren; lanerako tresnak hartu eta oraingoan panela jartzeko.

11:00etan, Intxarubitxen elkartuko gara. Zulueta Goiko eta Akarregi arteko gunea da, bidegurutze ezaguna, Etxebarrira, Markina-Xemeinera edo Urberuagara jeisteko bidegurutzea. Esaterako, Santiago bideko erromesak bide gurutze honetatik jeisten dira Arretxinagarantz.

12:00etan panelaren inagurazio ofiziala egingo dugu eta bide batze, Ahaztuen Oroimena 1936 elkartearen irudi berria aurkeztuko dugu.

Egixarreko panelaren inagurazioarekin bisita gidatua

Posted on

Egixarreko panela1936ko urriaren 21ean Akarregi-Egixarren UGT1 (Mateos), Euzko Indarra (ANV2), Boga-Boga eta Saseta ametrailadore taldeak (besteak beste) burututako ofentsiba jasotzen duen panela jarriko dugu datorren igandean, maiatzak 15, Egixarren. Panel honetan, borrokaldi honen inguruan emandako hitzaldietan bildutako informazioa agertzen da.

Aukera hau aprobetxatuta ibilaldi gidatua izango da, Intxaurbietatik Akarregira, eta handik, Egixarrera.

Testigantza: Sabas Barrenetxea Urkiola, Elantxobeko gudaria

Posted on Actualizado enn

PhEl SaturnoGazte hasi zen itsasoko lanetan, 15 urteekin Saturno merkataritza-ontziko tripulazioko partaide zen. Gerra garaian defentsarako artilleriaz ekipatu zuten Saturno eta portu zein nabigazio blokeo garaian, faxisten itsas-armada saihestuz, hiru aldiz lortu zuten Bilbora jakiak eta tresnak sartzea; esaterako Rotterdametik (Herbehereak)

Bere gurasoak, aita Elantxobekoa (Bizkaia) eta ama Elosukoa (Araba) ziren. Aita igeltseroa izaki Otxandioko sektore baten fortifikazio lanetako arduraduna izan zen, gerora faxistek kartzelaratu zuten Puerto de Santa Mariako kartzelara (Cadiz).

Sabas_02Itsas gizona izaki, Santoñako portutik euskal gudariak ateratzeko saiakeretan inplikatu zen eta Eusko Jaurlaritzak kontratatutako Thornhope ontzi ingeleseko tripulazioa desagertu ondoren, beste boluntario batzuekin batera, ontziaren agintea hartu zuten. Bidai hoietako batean, Santoñatik 6 miliatara zeundela faxisten “Canarias” akorazatuak aurrera egitea galarazi zieten baina ez zitzaien ezer gertatu itsas jakituriaz burututako maniobrei esker. Aurrerago antzeko gertaera bat izan zuten Gijoneko purtuan.

Gudarien ebakuazioaz ezeze, Errusiatik Arroxelara (La Rochelle) bidaiak egiten zituen Errepublikarentzat kamioiak ekartzen. Gero, Iparreko frentea erori zenean Saturno ontzia konfiskatu zuten eta tripulazioko lagun zuen galiziar batekin batera Bartzelonara joan zen, boluntario, bertan kokatuta zegoen Eusko Jaurlaritzaren aginduetara aritzeko.

Itsasoko Karabineroetan sartu eta Ebroko batailan, 1938an, errekatik igoz, Zaragozako basilika ikustera iritsi zen. Kataluniaren erorketaren ondoren ihesean istripu larri bat izan zuten Rosesko itsasertzean.

argeles-sur-mer-france-1939.jpgArgeles Sur Mer hondartzako kontzentrazio-esparruan, 1939an sortu zutenean, Eusko Jaurlaritzak bidalitako material eta langileekin egindako barrakoietan egon ziren euskaldun taldeko kidea izan zen, ondoren Gurseko errefuxiatuentzako kontzentrazio-esparrura eraman zuten.

Espainiako gerra bukatu eta II. Mundu Gerra hasi zenean etxera libre itzultzeko aukera eman ziotela uste zuen, trenean sartu zituzten eta Irunen muga gainditu bezain laster atxilotu eta Deustuko Unibertsitatean kokatuta zegoen kartzelan denboraldi bat egin ondoren, Ferroleko kartzelara eraman zuten, bertan epaitu eta 1941.arte preso egon zen.

Elantxobera itzulita merkataritza-ontzietan nabigatzen jarraitu zuen, emaztearen familiako ontzira etorri eta handik aurrerako lan-bizitza osoa arrantzan egin zuen. Elantxobeko portuaren, arrantzaren eta itsas bizitzaren gertaerak eta bilakaera barne-barnetik deskribatu zizkigun.7330_o

Albertiako borroka gogoan, CNT, UGT eta EAE-ANVko brigada internazionalistari omenaldia

Posted on

P1200822_10Gaur, Leguntio inguruko Albertia mendian izan gara Eusko Ekintza Fundazioak ANV-EAEko gudariei egindako omenaldian.

Aurtengo ekitaldietan, ANV-EAEko gudarien borroka eta borroka horretan hildakoei gorazarre egiteaz gain, bereziki 1937an Asturiasko Areces eta Pando herrietan borrokatu zuten gudarien borrokaren izaera internazionalista azpimarratu nahi izan da, ezker abertzalearen historian egindako ekarpen internazionalistarik handiena hain zuzen.


Ekitaldian Areces eta Panbon borrokatutakoen omenezko plaka bat jartzeaz gain, anaiartze sinboliko bat irudikatuz, Asturiasko P1200844_10eremu horietako lurra zabaldu da Albertiako gailurrean. CNT eta UGTko milizianoak EAE-ANVkoekin batera brigada internazionalista honen partaide izan ziren.

Baina gaurko ekitaldi hau oso berezia izanda guretzako, Ahaztuen Oroimena Elkartearentzako. Ekitaldi honetan 1936ko abenduaren 2an Albertian bertan desagertutako Lazaro Barrenetxearen familiarekin hartu dugu parte, Lazaro eta bere borroka kideak omentzerakoan, duela 78 urte jasandako galera tamalgarri honen aurrean,
familiak agertutako sentiberatasun eta duintasunak unkitu gaitu. Ahobetez esan genezake «Inoiz ez zuten amorerik eman».

Lazaro_Barrenetxea_30P1200863_10