Lekeitio
Jesus Erkiaga Gabiola (Lekeitio, 1917-2019)

Denboratxo bat pasatu da Jesus ezagutu genuenetik, harrezkero berarekin egon garen aldi oro, argibide berriak, pasarte interesgarriak eta bere indarra jaso ditugu, beti lagun bezala hartu gaitu.
Eta gezurra badirudi ere 102 urte betetzear izan denean, zur eta lur utzi gaitu bere heriotzaren bapateko albisteak. Azkenaldian ibilpidea ez bezala, jarioz, memoriaz, argitasunez, lehen bestean aurkitu izan dugu; berriro elkartzeko zita ere egina genuen.
Agur eta Ohore Jesus.
Udaletxean lanpostu “lasai” bat izatetik, faxisten matxinadari aurre egiteko asmoarekin Lekeitioko herri erakundeen eta Errepublikaren babesteko konpromisoak hartu zenituen 1936 hartan. Matxinoak frontea gainditu eta Lekeitiora sartzear zirenean, itsasoz Plentzia eta Bilborako bidea hartu zenuen eta alderdiaren esanetara jarri. Ondorioz EAE-ANVko Azkatasuna batailoian lerrokatu eta defentsa lantean parte hartu zuen, Lemoatxeko esaterako, non zeregin horietan Colindresera arte jarraituaz.
Itsasontzi batean Lekeitiora itzuli eta lur hartu bezain pronto salatu zuten, kartzelaratuaz. Kartzelatik atera eta Frankistekin Ebroko frontera borrokatzera joateko aginduari muzin eginez, ihes egitea erabaki zuen. Luzaro gordeta egon ondoren Hondarribian, Bidasoa biluzik zeharkatu eta Hendaian finkatu ondoren, bertan harrapatu zuen Bigarren Mundu Gerrak.
Eusko Jaurlaritzako deiari kasu eginaz, Frantziako ejerzituan lerrokatu eta Kepa Ordokin agindupean Lannemezango armategian lanean aritu jardun zuen. Alemanek Frantzia osoa bereganatu zutenean eta partisanoekin izandako harremanagatik, ingurukoen atxiloketen ondoren, Bidasoa beste norabidean gurutzatzea beste irtenbiderik ezean, zigorrezko soldaduska egin eta Venezuelako bidea hartzea hobetsi zuen, bertan enpresa txiki baten jabe izanda Lekeitiora baldintza onean itzultzeko aukera izatea lortu arte.
Garai desberdinetan eta muturreko egoeretan bizi izandako hori irudika ezina egiten zaigu erosotasun hutseko bizimoduan murgildu garen ondorengo belaunaldikoentzat. Eskuzabaltasun osoz zuk kontatutakoak, gerra garaiko gogortasunak ezagutzeko balio izateaz gain, historia gordin haietako aktore izandakoak hartutako erabaki eta norabideak ulertzeko eta hizki larriz idatzitako historia ondorengoei helarazi ahal izateko eredu izan zara.
Zure memoria gure historiaren zutabe da.
Bejon deizula Jesus Erkiaga.
Hemen duzue bere testigantza (pasarte laburra eta testigantza osoa jasotzen dituen bideoak):
Patxi Juaristik Berriatuan kokatutako liburua aurkeztuko du Durangoko Azokan
Berriatuan, gudako lehen lerroan geratu ziren beste herri batzuetan baino zibil gutxiago hil ziren: sei, bonbardaketen ondorioz, eta kleroko bi kide, gusilatua (abade bat Larruskainen eta moja bat Bartzelonan). Gainera, guk dakigula, herriko mutilik ez zen hil borrokatzen, eta beste fronte batzuetan baino soldadu gutxiago hil zirela pentsa daiteke. Edonola ere, berriatuarren bizipenak gerrako frontea beren lurretan izan zuten beste herri batzeutakoen antzekoak dira. Berriatuan ere samina eta beldurra nagusitu ziren 1936ko irailean, frontea bere lurretan kokatu zenean: Gainera, frankistek 25 lagun atxilotu zituzten, zazpi emakumeri ilea moztu zieten eta hainbatek isunak, ondasunen bahiketak eta bortxazko lanak jasan behar izan zituzten.
Liburu honen asmoa da Gerra Zibilean Berriatuan gertatu zena berreraikitzea, eta sufritu zuten herritarren oroimena bizirik gordetzea. Izan ere, Gerra zibila, drama asko eta min handia sorrarazi duelarik ere, berriatuar guztien ondare historikoa da; ondo ezagutu eta gorde beharreko ondasun inmateriala.
Berriatua eta 1936ko gerra dira liburu honetan ikergai nagusia. Hala ere, izenburuan, Lekeitioko frontea ere irakur daiteke, horren arrazoia da Berriatua Lekeitio sektorean kokatu zutela agintari militarrek, eta 1936ko gerrari buruzko liburu guztietan Berriatuko fronteari buruz hitz egin beharrean Lekeitioko frontea aipatzen dela. Beraz, Berriatuan gertatuak hobeto kokatzeko, ezinbestekoa izan da Lekeitioko frontea ere aztertzea. Berrezarkuntza garaia eta II Errepublika ere ikertu ditugu, gerrako jazoerak behar bezala ulertzeko eta testuinguruan kokatzeko.
Liburu honetan, beraz, XIX.mendearen bukaeratik gerra ostera arteko urteetan ikuspuntu sozial, politiko eta ekonomikotik Berriatuan gertatu zirenak aurkezten ditugu.
Patxi Juaristi Larrinaga