Jesus Erkiaga gabiola

Jesus Erkiaga Gabiola (Lekeitio, 1917-2019)

Posted on

Jesus Erkiaga Gabiola (Lekeitio, 1917-2019)

Denboratxo bat pasatu da Jesus ezagutu genuenetik, harrezkero berarekin egon garen aldi oro, argibide berriak, pasarte interesgarriak eta bere indarra jaso ditugu, beti lagun bezala hartu gaitu.

Eta gezurra badirudi ere 102 urte betetzear izan denean, zur eta lur utzi gaitu bere heriotzaren bapateko albisteak. Azkenaldian ibilpidea ez bezala, jarioz, memoriaz, argitasunez, lehen bestean aurkitu izan dugu; berriro elkartzeko zita ere egina genuen.

Agur eta Ohore Jesus.

Udaletxean lanpostu “lasai” bat izatetik, faxisten matxinadari aurre egiteko asmoarekin Lekeitioko herri erakundeen eta Errepublikaren babesteko konpromisoak hartu zenituen 1936 hartan. Matxinoak frontea gainditu eta Lekeitiora sartzear zirenean, itsasoz Plentzia eta Bilborako bidea hartu zenuen eta alderdiaren esanetara jarri. Ondorioz EAE-ANVko Azkatasuna batailoian lerrokatu eta defentsa lantean parte hartu zuen, Lemoatxeko esaterako, non zeregin horietan Colindresera arte jarraituaz.

Itsasontzi batean Lekeitiora itzuli eta lur hartu bezain pronto salatu zuten, kartzelaratuaz. Kartzelatik atera eta Frankistekin Ebroko frontera borrokatzera joateko aginduari muzin eginez, ihes egitea erabaki zuen. Luzaro gordeta egon ondoren Hondarribian, Bidasoa biluzik zeharkatu eta Hendaian finkatu ondoren, bertan harrapatu zuen Bigarren Mundu Gerrak.

Eusko Jaurlaritzako deiari kasu eginaz, Frantziako ejerzituan lerrokatu eta Kepa Ordokin agindupean Lannemezango armategian lanean aritu jardun zuen. Alemanek Frantzia osoa bereganatu zutenean eta partisanoekin izandako harremanagatik, ingurukoen atxiloketen ondoren, Bidasoa beste norabidean gurutzatzea beste irtenbiderik ezean, zigorrezko soldaduska egin eta Venezuelako bidea hartzea hobetsi zuen, bertan enpresa txiki baten jabe izanda Lekeitiora baldintza onean itzultzeko aukera izatea lortu arte.

Garai desberdinetan eta muturreko egoeretan bizi izandako hori irudika ezina egiten zaigu erosotasun hutseko bizimoduan murgildu garen ondorengo belaunaldikoentzat. Eskuzabaltasun osoz zuk kontatutakoak, gerra garaiko gogortasunak ezagutzeko balio izateaz gain, historia gordin haietako aktore izandakoak hartutako erabaki eta norabideak ulertzeko eta hizki larriz idatzitako historia ondorengoei helarazi ahal izateko eredu izan zara.

Zure memoria gure historiaren zutabe da.

Bejon deizula Jesus Erkiaga.

Hemen duzue bere testigantza (pasarte laburra eta testigantza osoa jasotzen dituen bideoak):

Anuncios