omenaldia

Markina-Xemeingo udal kudeaketan jardun izanaren ondorioz errepresaliatuak izan ziren herritarrei omenaldia (2017_09_09)

Posted on Actualizado enn



1936.urteko uztailean eman zen altxamendu militarraren porrotak gerra zibil baten sorrera ekarri zuen. Gerra egoerari aurre egiteko, antolaketa eta prestaketa militarraz gain beste gestio eta ardura batzuk bete beharra zegoen. Abagunea hark, gestio administratiboak, udal kudeaketa, herritarren hornidura eta baliabideak, errefuxiatuen etorrerak sortzen zituen harrera, jabegoen zaintzak, eta abar luze bat. Demokratikoki erabaki eta aukeratutako errepublika eta hau ordezkatzen zuten agintearen alde, altxamenduari aurre egiteko hainbat herritarrek egitura zibiletako ardura, konpromiso eta lanak hartu zituzten.

Frontea gure inguruetara iritsi aurretik udal ardura izan zutenen zeregina ez zen txikia izan, baina 1936ko irailaren bukaeran frontea gure mendietan zazpi hilabetez finkatu zenean, gabeziak eta arriskuak nabariagoak zirenean, hauen lana ezinbestekotzat izateaz gain zuzena eta gizatasunez betekoa izan zen. Gerraren berezko arriskuez gain, pertsona hauen egunerokoa ez zen bat ere samurra izan, zailtasun eta oztopoak nonahi azaltzen zitzaizkien.

Baina matxinoak 1937ko apirilaren 27an frontearen lerroa gainditu eta gure herriak okupatu zituztenean egoera erabat larritu zen herri ardurak bete zituzten pertsonentzat. Beldurra, arriskua, bizitza ezbaian, gehienek, ihes egitea erabaki zuten.

Gerra makinaria maltzur hari, ihes egiten saiatu ziren. Batzuk erbesteratzea lortu eta atzerrian bizitzera kondenatuak betirako. Erantzukizun zibil, administratibo eta instituzionala hartutako Markina eta Xemeindarren aurkako errepresioaren adierazpen gogorrenak, zazpi pertsonek islatzen dute; izan ere, ardura ezberdinak izan zituzten zazpi pertsona hil baitzituen frankismoak.
Sortu ziren taldeak Errepublikaren Defentsarako Batzordea, Isunen Azpibatzordea, Emakumeen Zuzendaritza eta Langileen Kolokaziorako Ikuskaritza Batzordeak izan ziren.
Herritar guzti hauek, era batera edo bestera, errepresioa jasan zuten egindako beharragatik, batez ere, heriotzara bideratutako zazpiak.  Horregatik, burutako ekitalidan, errepresio hori jasan zuten markinar eta xemeindar guztien ordezkari moduan, zazpi pertsona hauek eta euren familiak omendu  ziren:

BENITO AGINAGA UGALDE (Markina, 1874/04/03 – Gasteiz 1937/08/04)

HILARIO ARETXABALETA ARRIOLA (Markina, 1888/01/14 – Derio, 1937/07/21)

JOAN LOIOLA EIZAGIRRE (Xemein, 1904/02/22 – Derio, 1937/09/09)

AMBROSIO MALLUKIZA ALDAOLEA (Arbatzegi, 1886/12/07 – Derio, 1937/09/16)

BENITO MUÑOZ AZPEITIA  (Markina, 1894/03/21 – Iruñako San Cristobal espetxea, 1938/02/01)

GNACIO UGARTEBURU ANITUA (Markina, 1890/07/31 – Iruñako San Cristobal espetxea, 1938/10/10)

ANGEL ARETXABALETA AIZPURU (Begoña, 1890/12/17 – Dos Camino, 1941/02/06)

Herri arduraren zigorra

Posted on Actualizado enn


1937an faxismoaren zama gainean hartu behar izan zuten, hartzerik badago, Markina eta Xemeinen, herriaren ardura eta herria kudeatzeko konpromisoa hartu zuten herritarrek.

Errepublikaren aurkako altxamenduak eta ondorengo gerrak, 1936an, nora ezean, ezbaian utzi zituen beste herrien moduan, Markina eta Xemein. Hala ere, uneak eskatzen duen ausardiaz eta unean hartutako konpromisuaz, Markina eta Xemeinek bizi zuten anabasa kudeatzen jardun zuten hainbat herritarrek.

Eratu berri zen Eusko Jauritzarekin koordinatuz eta euskal gobernuaren babespean, batzorde ezberdinak antolatu ahal izan ziren. Herritar ezberdinek osatu zituzten batzordeok. Bertan parte hartu zuten herritarrak jaso ditugu txosten honetan.

Ez zen doakoa izan konpromesua. Ardurak buruhausteak eta betebeharrak dakartza eta betebehar hauek faxismoaren aurkako baloreei lotuak badira, ondorioak.

Zazpi herritar izan ziren bereziki frankismoaren ondorio latzenak pairatu zituztenak. Markina eta Xemeindarrak ziren zazpi herritar hil egin baitzitzuen frankismoak. Haietako batzuen senideek, lekukotza utzi digute: Ambrosio Mallukiza eta Igancio Ugarteburu Anituaren senideak, esaterako.

Zapatuan, Markina-Xemeingo Udalak, Ahaztuen Oroimena 1936 elkartearekin eta hainbat herritarrekin osatutako lan taldeak koordinatutako omenaldi ekitaldia izango da. Herriko pertsona, elkarte eta talde ezberdinek haien ekarpena egingo dute ekitaldian parte hartuz. Era berean, Markina-Xemeingo udalak, adierazpen instituzionala onartuko du, garai hartan, udal kudeaketan jardundak herritarrek egindako lana aitortu eta esker ona adierazteaz gain, frankismoaren biktima gisa errekonozituz. Errekonozimendu hau, udaletxeko sarreran jarriko den Jose Pablo Arriagaren artelanak mantenduko du bizirik.