gerra zibila
Jaime Urkijoren memoriak
Gerra frentea iritsi eta gutxira, 1936ko gabonetan iritsi ziren Rosa Luxenburgo batailoiko milizianoak gure ingurura eta Urberuagako balnearioan ezarri zuten beraien kuartel nagusia Avellaneda eta San Andres batailoi abertzaleekin batera.
Kristobal Errandonea komandantea (Cashero, Urkijok idatzitako memoria agirietan) zen inguruetako aipatu batailoiaren arduradun nagusia, eta Jaime Urkijo haren laguntzailea.
Gure artean izan zen Antoine Urkijo matxoan. Jaime Urkijoren semeak bere aitak gerra gertaerak bizi eta urteak geroago idatzitako hiru memoria liburuak utzi dizkio Ahaztuen Oroimena elkarteari (bertoko kontuak jasotzen dituena tartean, “Guerra en Euzkadi. Desde Bilbao hasta Markina”).
Guretzat oso aberasgarria da memoria paper hauetan idatzitakoa, hainbeste gertaera eta kokapen leku ezagunetakoak direlako. Gure elkartearen helburuen artean 1936ko kolpe militarra, gerra eta ondorengo errepresioaren berri jaso, eta gertatutakoaren egia historikoa idazten laguntzeaz gain, jasotakoa zabaldu nahi dugu. Azpian duzuen loturaren bitartez Jaime Urkijoren memorien lehen atala (gure zonaldeari dagokiona) jaso eta irakur dezakezue. Memoria hauek zabaltzean trasmizioa gauzatzeaz gain, informazio gehiago lortzera iritsi nahiko genuke.
Horregatik, memoria hauetan aipatutakoarekin erlazionatutako zerbait edo bertan aipatzen denaren berri izan ezkero, gertaera horien inguruko informazioa jaso eta gurekin harremanetan jartzea gustatuko gustatuko litzaiguke.
Jaime Urkijo eta Rosa Luxemburgoren inguruan, Itxorta kultur elkartearen bitartez liburu bat argitaratzear da.
Oroimena, Euskaraz
Joan den ostiralean, Eikako euskara batzordeak antolatu eta Lea-Artibaiko kooperatibetako langileek bat eginez azken urteetan bezala euskararen eguna ospatu zuten.
Urteroko zita honetan, aurten, Ahaztuen Oroimena elkartearekin bat egin eta ohiko mendi irteera, gerra frentera bisita gidatua bihurtu da.
Ixutik aterata, Akondia, Garagoitxi eta Kalamua gainera bidean, hurbildutako mendigoizaleei gerra frentearen inguruko datu historiko zein kokapenak eskainiz egin zen ibilbidea. Ondoren, Zurdin inguruetatik bueltan (Diru Zulo eta San Romango pagaditik pasatu ondoren) berriro Ixura hurbiltzeko.
Behe laino eta euripean ere, bisita gidatu honek, aukera eskaintzen du, tarte gutxiko eremuan, faxistei aurre egiten jardun zuten gudari eta milizianoek bizi izan zuten arriskuaz jabetzeko. Zazpi hilabetez (1936ko irailetik 1937ko apirilera) metro gutxitara gain altuetan kokatutako erreketeen erasoari eutsi eta demokratikoki aukeratutako egitura sozio-politkoa defendatuz.
Bisita gidatu honek euskara eta oroimen hitorikoa uztartzea lortu du; euskarak eremu honetan ere beharrezkoa duen esparrua eta oroimen historikoa euskaraz lantzeko dagoen aukeraren erakusle.
Antonio Izaguirre Perón, Avellaneda Bataioliko gudaria (Akarregin)
Antonio Izaguirre Perón, Gueñesen zegoela Eusko Jaurlaritzak 34ko kintoak deitu zuen frentera borrokatzera. Ordurako bere anaia nagusia boluntario gisa lehen unetik lehen lerroan zen eta Antoniok ere bide bera hartu zuen. Gueñesko udalean elkartu eta Avellaneda batailoia sortu zuten, bere 4 konpainiekin.
Orduan hasi zen bere ibilbidea, eta 1936ko azaroan, Akarregi izan zuen bere lehen destinoa. Markinaldeko frentean izan zen udazken hartan, Enkarterrietako gaztez osatutako balailoiak, inguru hauek defendatu zituen. 4.konpainian borrrokatu zuen, Akarregiko inguruak defendatzen jardun zuen Larrea kapitain ausartarekin batera; enkarterrietako abertzale gazteak ziren.
1937ko urtarrilaren 13an, Arana Goiri batailoiko Gorbea konpainiak ordezkatu zituen Akarregin eta berriz Gueñesera bueltatu ziren.
Otxandio izan zuten hurrengo helmuga, han bizi izan zuen Antoniok gerrako unerik latzena. Martxoaren 31an, Marotoko borrokan, tropa faxistek izugarrizko erasoa burutu zuten, 56hegazkin italiarren lagutzarekin, 200 hildako inguru utzi zituen, 200 gudari gazte. Gaur egun ere, 100 urte bete berri eta gerra garaietatik 75 urte pasa bazaizkio ere, borrokaldi honetan pentsatzeak beldurra eta hotzikara sortzen dio.
Berriz Gueñesera erretiratzea egokitu zitzaien, eta frentea gero eta atzerako ezartzen ari ziren faxistek aurkakoak, hauek berriz gero eta aurrerago zetozen. Avellanedakoek, Jarintoko posizioak defendatu zituzten orduan, 1937ko apirilaren lehen astetan.
Ez zen etxeko bakarra izan faxisten aurka jardun zuena. Familia abertzalea zen, Batzokiarekin atxikimendua zuten gerra aurretan eta gerra hasi eta berehala anaia nagusia boluntario joan zen Eusko Jaurlaritzak kintadak frentera deitzen hasi baino lehen. Beste anai gaztea ere, kintadak jaso zuen, bera bezela. Halabaina, txikienari, frankistekin borrokatzea egokitu zitzaion; hiru anai batailoi abertzaleetan eta txikiena frankistek eramanda. Egoera hau bizi ezin eta sufrienduz hil omen zen beraien aita “aita guk hil genuen, gu guztiok gerran egoteak hil zuen, sufrimenduak”.
Gerra, gogorra egin zitzaion, eta ez du berriro horrelakorik nahi, “gerra sortzen duenak egin beza berak gerra!” kontatzen digu.
Baina ondorengoa ere gogorra izan zen, Bilboko Larrinagako kartzelan sartu zuten faxistek eta handik Iruñara eraman zuten.
Han, Ciudadela delakoan, boluntario joan zen anaiarekin batera deklaratu behar izan zuten. Floren anaia, boluntario izateagatik Batallon de Trabajadores-etara bidali zuten eta Antonio berriz Gasteizko Artilerriako kuartelera faxistekin borrokatzera behartua. Gerrak aurrera jarraitzen zuen, eta Antoniok Gasteizko Artilleriakoekin borrokatu behar izan zuen, miliziano eta antifaxisten aurka, Teruelen eta beste hainbat lekutan 1939ko San Pedroak arte.
Behin, gerra bukatu eta faxistek beraiekin egotera behartzea bukatutakoan berriro bueltatu zen Bizkaira. Cuadran ezkondu zen eta han bizi da egun, 100 urte bete berri, bizitzeko gogoz eta umore oso onez.
- ← Anterior
- 1
- …
- 3
- 4