Bizkargi

Severo eta Juan Guenaga Zelaia: 80 urteko amaiera

Posted on Actualizado enn

Alberto Guenaga Yague, Nieves Barruetabeña Guenaga, Maribel Guenaga Zelaia eta Alberto Guenaga Yague, Severo eta Juan osaben argazkiekin.

Bi anairen historiak entzunak dira 1936ko gerrako pasarteetan. Etxebarrin, Etxetxuko bi anai hil zirela ere, gauza jakina izan da herritarren artean. Gehiago edo gutxiago jakingo zuten duela 80 urte, maiatzean, bi anaiak, hamabost egunen barruan, Bizkaiaren bizkarrean hil zirenean.

Etxetxun, Matea eta Joakinek zazpi seme alaba izan zituzten, haietatik bi, Severo Guenaga Zelaia, eta Juan Guenaga Zelaia gerrak harrapatu zituen bete betean.

Severo, 1909ko azaroan jaio zen eta 1933ko irailean ezkondu Josefa Bereziartuarekin, Lausagarreta baserrira. Juan berriz, 1912an jaio zen bertan, Etxetxun bizi zen; ezkongabea eta bizargina, garai hartako agiriek diotenez.

Ez dago argi oraindik zein izan zen Severoren ibilbidea. Bai ordea amaiera. Haien ilobek, behin baino gehiagotan entzun zuten nola, haien osaba biak hil zirela, gerran. Juanita Barruetabeña Guenaga zein Agustin Guenaga Zelaiak duela urte batzuk, haien lekukotasuna eman ziguten, osaben ingurukoak testigantzan jasoz baina gainontzeko senideek ere, Severo eta Juanen nondik norakoak eskaini dizkigute.

Ez dugu argitzerik izango, baina, Josefak itxura danez, bere senar Severoren berri izan zuela uste da. Badirudi, zauri larriak sendatzeko ahalaginetan zirela, bisitan joateko aukera ere izan zuela. Auskalo. Ez zen erraza izango, une horretan Bizkaia erdibitzen zuen gerra frontea igaro eta Bizkaiko barrenera sartzea.

Hil zirela berria jaso zuten, hori jakina da. Sufrimendua eta samina urteetan bizi izan zutela ere ozen transmititu digute senideek.

Bizkaiak maiatzean, barnealdeko herrietako gerra hotsez zuen barrua. Sollube, maiatzaren 14an okupatu zuten faxistek, Bizkargin, maiatzaren 8an hasitako borrokaldiek 11 egun iraun zuten, ehundik gora hildako. Geroago etorriko zen Lemoatx, maiatzaren 29an. Gerrak esna zuen Bizkaia, gerrak su zelai bilakatu zuen Bizkaia, beste behin, oraingoan, maiatzean, sumendi inguruetako mendi gainak. Etxetxuko senideak ere, antzeko izango ziren. Nola ez sutu barruak?

Notizia, maiatzak 12: “Juan hil dok”. Handik gutxira, hilko zen Severo. Bigarren semea, bigarren anaia, bigarren neba, bigarren gaztea.

Severo eta Juan Guenaga Zelaiaren ilobak, haien senideeak, Josefa Bereziartuaren semeak eta Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteko kideak Etxebarrin

1937ko maiatzaren 12an hil zen Juan. 1936ko azaroan Etxebarriko ebakuatu gisa erregistratu eta Munitibarko Aransolon errefuxiatu zen (senideen baserrian). Hurrengo, Barakaldoko Munoako koarteletan zegoen osasungitzan (1937 martxoa-apirila). Maiatzean, Bizkargin zeuden Celta batailoi anarkistako kideak artatzea egokitu zitzaion. Bertan, zauritu zen eta handik Basurtuko ospitalera eraman arren, hil egin zen; Bilboko hilerrian lurperatuz.

1937ko maiatzaren 24an hil zen Severo, metrailak eragindako zaurien ondorioz. Ustez Bizkargin; Getxon hobiratu zuten.

1937ko maiatzetik 80 urte igaro dira. Orduan, gerra betean, sugarretan ziren Bizkaiko tontorrak, eta sugarretan etxekoen bihotzak. Urtero, maiatzaren lehen igandean elkartzen dira Txorierri inguruko herritarrak Bizkargin, bertan borrokatu zuten gudarien omenez. Egun beran, Severo eta Juanen senideekin elkartu eta duela 80 urte gertatutakoaz jardun genuen.
Juanen heriotza argitzea errazagoa izan da. Dokumentazio eta ikerketa lanak argiago egin izan dira. Baina Severo? Inork ez zekien ezer, inon ez zegoen ezer.

Jimi Jimenez, Aranzadiko kideari esker argitu ahal izan dugu Severoren heriotza. Getxon hobiratu zuten, eta horrela jakinarazi diogu familiari.

Beranduegi agian, 80 urte igaro ondoren jakin dute zer gertatu zitzaien. Haien gurasoek egin zituzten ahaleginak, jakin nahi zuten non ziren semeak. Baina ezin. Bizkaia erre zuten garrek, eta errauts beltzak estali ondoren. Urtetean barruko sugarrari eutsi beharko zioten, ixilik. Nola bizi, gorrien alargun izanda? Zer sentitu gorriekin bi seme galduta, domeketan elizpean beste batzuen izenak soilik jasotzen zituen plakaren barrenetik pasatazean? Nora begiratu? Ezin zer ezer esan, ezin inora begiratu.

Orain, behingoz, egiari zor, haien senideek, jakin ahal izan dute non diren haien osabak.

Luis Ortiz Alfau (Bilbo,1916) bizi osoan konprometitua

Posted on

P1250223350Ehun urte betetzeko atarian Luis Ortiz Alfauk (Bilbo,1916) gogotsu kontatzenditu bere bizitzako pasarteak. Familia errepublikazalean hazia 1936an matxinoak altxamendu militarra burutu eta laster batera prestu aurkeztu zen miliziekin bat egin eta “Izquierda Republica” alderdiaren “Capitan Casero” batailoiaren hastapenetan.
Irratiko ikasketak zituenez “Transmisio eta Loturen” konpainian aritu zen, buruzagitza eta abangoardian ziren milizianoen arduradunen arteko lotura gauzatzea zelarik bere eginkizuna.
Bilboko Mujikako eskoletan batailoia eratu eta Arespalditzara abiatu ziren, ondoren neguan, Otxandioko erasoetan borrokatu eta bi hilabetez Intxortan egon ondoren Gernikara bidali zituzten atseden hartzera, bertan suertatu zen bonbardaketaren egunean, 1937ko apirilaren 26an. Hango ankerkeri eta drama guztia bizi ondoren, bereziki Bizkargi eta Artxandan (1937 maiatza-ekainean) izan zituen egoerarik latzenak.
Bilbo galdu ondoren, 1937ko uztailaren hasieran borroka gogorrak izan ziren Turtziozen. Bertan, lehen lerroko erretaguardian zegoela, bala galdu batek G11honzalo Pereiro batailoiko komandantea hil zuen.
Gonzalo Pereiro Ondarroako irakaslea izan zen, IRO (Izquierda Republicana Ondarresa) elkarte politikoaren lehendakaria eta “Centro Republicano”ko ordezkaria Ondarroako Errepublikaren Defentsarako Batzordean eta honen anaia batailoi bereko ofiziala izan zen.

Geroago, Escudo mendatean (Kantabria) lehergailu baten metrailak eragindako zauriek hainbat saihets apurtu ondoren, iparreko frentearen azken unean, 1937an, Gijonen (Asturias) zaurituta jendez gainezka zegoen arrantza untzi txiki batera salto egin eta Frantziara iritsi ondoren Bartzelonara abiatu eta bertan kokatutako Eusko Jaurlaritzan aurkeztu eta arduradunen esanetara jarri zen.

Bi hilabetez Benasquen (Huesca) egon zen eskiatzaileen batailoiko sarjentu lanetan eta gero ia urte betez Seu de Urgell (Girona) inguruan, teniente kargura iritsi zelarik. 1939ko otsailaren 10ean, Kataluniako frentea galdu ostean, Frantziara ihes egin eta Argeles sur Mereko kontzentrazio eremuan sartu zuten, handik Sept Fonts herrikora eta azkenean Gurseko kontzentrazio eremura, II. Mundu Gerra Frantziara heldu arte.

Iruneko muga gainditu ondoren Elgorriaga txokolate fabrikan kokatutako kartzelatik pasatu ostean Deustuko Unibertsitatean espetxeratu zuten eta bertan Sanchez abizeneko guardia zibil torturatzailearen galdeketako idazkari lanetan jarri zuten. Bertan bizi eta ikusitakoen berri emanez Argentinan frankismoaren ankerkeriak ikertzeko kereilako salatzaileetako bat da. Kereila honetan inplikaturik Luisek 1936ko udan hasitako borroka gaur egunera ekarri eta demokraziaren aldeko konpromisoan beste urrats garrantzitsu bat ematen du.
Deustutik Miranda de Ebroko kontzentrazio eremura eraman zuten eta bertan “Batallon de Soldados Trabajadores nº38”ra bideratuta Errenterian eta Erronkari inguruko Bidangotze herrietan aritu zen behartutako lanetan.
Herri mugimentuetako elkarteek eta bereziki memoria historikoa jorratzen duten elkarteek omenaldi ezberdinak egin dizkiote. Oiartzunen zein Erronkarin herritarren babesa eta errekonozimendua jaso du. Joan den abenduaren 10ean, 2015eko Rene Cassin saria Argentinako Kereilako Biktimei eta ordezkatzen dituen Euskal Plataformako kideei egokitu zaie non Luis plataformako kide izanik lehendakaritzan izan zen sari hau jasotzen.
Egun, Argentinako Kereilan inplikatzeaz gain, Memoria Historikoaren lanketan eskuzabal eta prestu agertzen da beti, gainera Bizkaiko Elikagaien Bankuan boluntario lanak egiten ditu. Berak arro dion legez, munduan aktiboan dagoen boluntarioetatik adinez nagusiena bera da.
Hizketaldi batetara gonbidatu dugu eta han izango da, guztion esanetara, 2016ko otsailaren 20ko eguerdiko 12etan Uhagon kultur gunean, gai honetan interesa duenak galdu ezin duen luxuzko aukera batean. Hitzaldiak irekia izateko asmoa du, hizketaldi tertulia giroan zuen ekarpenez bidez aberastua.