Alegia

1936ko errefuxiatuak, bizileku hobe baten bila Errotabarrin (Etxebarria)

Posted on Actualizado enn

Koro Munduate Gastesi (1940, Alegia,Gipuzkoa) Villabonan, 2017ko abuztuaren 3an egindako elkarrizketan

Filomena Gastesi Zaldunbere eta Angel Munduate Urdanpiletak, familia bat osatu zuten. Alegiakoak ziren eta han, gerrak harrapatu eta nonbaitera jo behar izan zuten. (Ikusi bideoa hemen)

Angelen aita, Mikeletea zen eta lan destinoaren ondorioz, seme alaba bakoitza, leku batean jaioa da. Kasu honetan, Angel Munduate, Oñatin jaio zen, 1910ean. Filomena berriz Tolosarra zen; gaitzak jota, gurasoak hil eta umezutz geratu ziren; horregatik, neba arrebak sakabanatu egin zituzten, Gastesitarrek hartu zituzten, Filomena beraz, Alegian bizi izan zen.

Filomena eta Angelek, Alegian osatu zuten familia: Angel, paper fabrikako langilea zen (lehenengo Alegian zegoen, gero Tolosara eramango zuten paper fabrika) eta amak etxeko ardura eta beharrak aurrera eramaten egiten zuen lan. Ezkondu eta seme bat ere izan zuten, Pedro, zein urte beterekin hil egin zen (1934 edo 1935ean) Alegian.

Paper fabrika itxita eta gerra Gipuzkoan barrena, Tolosaldera gerturatzen zela, herriko jaiak (karmenak) eta gero, Santiagoetan alde egin zuten herritik.  Elgoibarrera iritsi eta bikoteak, bakoitzak, ibilbide bat hartu behar izan zuen.

Angel Munduate, frontera deitu eta eraman egin zuten, Kalamuako faxistei aurre egiten ibiliko zen geroago, STVko San Andres batailoi abertzalean. Filomena berriz, haurdun ordurako, Elgobartik, Etxebarriako Errotabarri baserrian errefuxiatu zen.

Pentsa daiteke, Elgoibarren, azoka egun batean ezagutu zuela Josefa Baskaran (Errotabarrin ezkonduta zegoen, Patxi Arrietarekin, baina jaiotzez Illaispekoa zen, Barinagakoa). Ez dago argi nola baina horrela jaso edo gogoratzen du Koro Munduate Gastesik (Alegia, 1941), Angel eta Filomenaren alabak, eta horrela kontatu zigun bere testigantzan.

Errotabarri baserria. Altzaa auzoa (Etxebarria) 1980 inguran. (Argazkia: Asun Arrieta)

Angel, Max-Kalamuan borrokan eta Filomena Errotabarrin, ardura, eta egoerari, egunerokoari aurre egiten. Tartean, Filomenak, Bilbora bidaiarik ere egin zuen. Errotabarriko tribulixen Josefa Baskarani laguntzera joan zen egun batez. Izan ere, Illaispeko Francisco Bascaran (Markinako zinegotzia zen, Monarkikoa, Tradicionalista) Bilboko Angeles Custodiosos komentuan zegoen kartzelan eta Illaispeko morroia (Ramon Zuazo) berriz, Larrinagako kartzelan, Bilbon. Josefak gazteleraz ez zekiela eta, Filomenak egin zituen itzultzaile lanak bitartekoekin. Seguruena, neba bisitatzera joango zen Josefa, eta “atera nazazue hemendik” hitzak ondo gogoratzen ditu Korok, bere amak hori garbi kontatzen baitzuen.

1937ko urtarrilean jaio zen haien bigarren semea, Luis; Errotabarrin. Dirudienez, Angel Max-Kalamuatik jeitsi eta, haurra ezagutu ahal izan zuen, baina jaio eta bederatzi egunetara hil egin zen; 1937ko urtarrilaren 14an Errotabarrin. Korok, etxean entzun izan du, Luis, une horretan, gerraren ondorioz, frontean zegoen kutsaduraz, tetanos gaisotasunaz hil omen zela.

Bizileku hobeagoaren bila, anabasa eta gerratik ihesi egin arren, anabasak eta gerraren itzal beltzak hartua zuen, beste familia askorena bezala, Angel eta Filomenaren ibilbidea. Errefuxiatu, babestu baziren ere, ez zen baretu egonezina.

Etxebarriko hilerrian lurperatu zuten, umetxoa; gauez. Filomena, ama, Errotabarrin geratu zen. Umearen hil kutxatxoa, astoan eraman zuten, Errotabarritik hilerrira. Une horretan, bidean, tiroketa bat izan zen eta sakabanatu egin behar izan zuten. Baliteke bidean, argiren bat edo ikusi izana eta gertuko fronteko posizioetatik tirokatzea.

Filomenak baina, ez zuen etsi; familiarekin arduratuta, bi seme galduta (azkena ihesean) senarra galtzeren beldurraz eta arduraz, esku hartzea erabaki zuen. Berrogei egun oraindik igaro gabe, berak, eskura zituen baliabide eta aukerak baliatuz Angel, frontetik aldentzea zuen asmo.  Bazekien, Eusko Jaurlaritzako arduradunak, Bilbon, mezatara nora joaten ziren, eta nola Telesforo Monzonen emaztea (Maria Josefa Ganuza) ezagutzen zuen, zerbait egin behar zuela pentsatu zuen. Haiengana jo eta senarraren berri eman zion, Max-Kalamuako borroketatik alden zezan eskatuz.

Telesmoro Monzon, sortu berria zen Eusko Jaurlaritzako sailburua zen eta berari egokitu zitzaion, (Herri Zaintza sailaren arduraduna zenez gero) Ertzaña sortu eta antolatzea. Horrela, Filomenak eta Josefa Ganuzak hitz egindakoaren ondoren, Angel Munduate, Ertzañetara bidali zuten; Bilbora.

Frankistek Bilbo okupatzean, Soldadu Langileen Diziplina batailoietara behartu zuten. Cangas de Narceatik, Peñiscolarako bidea egin zuen, behartuta, tartean, neguan Terueltik igarota. Libre utzi zituztenean ahal zuten moduan itzuli zen Alegiara, 1939an, zorriz eta gainontzekoez kutsatuta.

Alegiako errefuxiatuak, Bilboko (Deustu, Gardoki kalean) etxe huts batean elkartu zituzten; horrela, Filomenak beste senide errefuxiatu batzuekin eta herrikideekin elkartzeko aukera izan zuen. Bizkaia faxistek okupatzen zihoaztela ikusita, ihes egin behar izan zuten berriro. Alegiakoa ez zen albaitari bat bizi zen, Alegiatarrekin Deustuko etxe honetan eta haren bidez, Santoñara joan ziren. Itsasontzia hartu eta Frantziako bidea hartuz eta Nimesen babestu ziren, beste euskaldun batzuen gisan. Bukaera, ihesalditik hiru urtera izango zuen zorigaitzeko bidaia hark. Hendaiara trenez iritsi zen, aerodromoan, dokumentazio gabeko errefuxiatuentzako gunea jarri zuten eta haren bila joan zen Filomenaren aitaginarreba (Mikeletea); 1939an bueltatu ahal izan zuen Alegiara.

Ezerezetik hasi behar izan zuten egunerokoa antolatzen, Alegian. Etxea hustuta aurkitu zuten, haien gauzak faltan, lapurtuta, paper fabrika itxita… Baina ez ziren kikildu, Andoiango harrobian hasi zen Angel, senideen laguntzaz, Filomena haurdun, 1940k martxoan jaio zen Koro, eta haien familia, etxea osatu ahal izan zuten, halako batean.

Urteak geroago, itzuli ziren Errotabarriko senideengana. Filomenak asko estimatzen zuen Josefa, eta beti izan zituen gogoan. Francisco eta Josefa bizi ziren artean bereziki, haiek emandako babesa, berotasuna ez baitzen itzali Munduate Gastesitarrenean.

 

Anuncios