Memoriaren ardura kolektiboa

Oroimenak, egiak, eta matxinatuen erasoari aurre eginez hil zirenen duintasunarekiko errespetuak jarri zuen Zelaietaburun puntua (Urkaregi gainetik gertu, Etxebarrian) . Mendixka bateko leku baten, puntu baten faxismoari aurre egiten saiatu ziren, eta borroka horretan, hiru borrokalarik behintzat bizia galdu zuten bertan. Borrokan jardun zuten lubaki berean hobiratu zituzten, eta 2016ko martxoan eta apirilean, gorpuzkin horiek deshobiratu ziren, gero, Duintasunaren Kolunbarioan (Elgoibarren) agur ekitaldi batekin hobiratzeko. Mendixka hartan, puntu hartan, Informazio panela jarri zen. Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak eta Lehendakaritzaren laguntzaz («Bake eta Bizikidetza Plana 2013-2016″ren barnean emandako dirulaguntzarekin) bertara doan orok, han gertatutakoa azaldu asmoz, eta bertan hildakoei omenaldia eskainiz.
Orain baina, hiru tiro jasota agertu da. Nonbait, norbaitek, tiro ariketak egiteko, edo eskuartean izan duen arma probatzeko objektu interesgarria iruditu zaio Zelaietaburuko informazio panela. Guretzat, panel hori, material eta lan baten ondorena baino zerbait gehiago da. Errepresioa, injustizia eta giza eskubideak errotik erautsi zizkieten borrokalari eta herritarren eskubideen defentsa eta haien duintasunaren aldarria da. Izan ere, panelak, memoria ariketa kolektibo baten aletxoa izan nahi du, kolektibo den heinean, guztioi baitagokigu memoria izatea, eta berau iraunaraztea.
Esta entrada fue publicada en Etxebarria, Frentea-posizioak, Hildakoak-zaurituak, Orokorra, San Migel y etiquetada como etxebarria, Zelaietaburu.