Severo eta Juan Guenaga Zelaia: 80 urteko amaiera

Posted on Actualizado enn

Alberto Guenaga Yague, Nieves Barruetabeña Guenaga, Maribel Guenaga Zelaia eta Alberto Guenaga Yague, Severo eta Juan osaben argazkiekin.

Bi anairen historiak entzunak dira 1936ko gerrako pasarteetan. Etxebarrin, Etxetxuko bi anai hil zirela ere, gauza jakina izan da herritarren artean. Gehiago edo gutxiago jakingo zuten duela 80 urte, maiatzean, bi anaiak, hamabost egunen barruan, Bizkaiaren bizkarrean hil zirenean.

Etxetxun, Matea eta Joakinek zazpi seme alaba izan zituzten, haietatik bi, Severo Guenaga Zelaia, eta Juan Guenaga Zelaia gerrak harrapatu zituen bete betean.

Severo, 1909ko azaroan jaio zen eta 1933ko irailean ezkondu Josefa Bereziartuarekin, Lausagarreta baserrira. Juan berriz, 1912an jaio zen bertan, Etxetxun bizi zen; ezkongabea eta bizargina, garai hartako agiriek diotenez.

Ez dago argi oraindik zein izan zen Severoren ibilbidea. Bai ordea amaiera. Haien ilobek, behin baino gehiagotan entzun zuten nola, haien osaba biak hil zirela, gerran. Juanita Barruetabeña Guenaga zein Agustin Guenaga Zelaiak duela urte batzuk, haien lekukotasuna eman ziguten, osaben ingurukoak testigantzan jasoz baina gainontzeko senideek ere, Severo eta Juanen nondik norakoak eskaini dizkigute.

Ez dugu argitzerik izango, baina, Josefak itxura danez, bere senar Severoren berri izan zuela uste da. Badirudi, zauri larriak sendatzeko ahalaginetan zirela, bisitan joateko aukera ere izan zuela. Auskalo. Ez zen erraza izango, une horretan Bizkaia erdibitzen zuen gerra frontea igaro eta Bizkaiko barrenera sartzea.

Hil zirela berria jaso zuten, hori jakina da. Sufrimendua eta samina urteetan bizi izan zutela ere ozen transmititu digute senideek.

Bizkaiak maiatzean, barnealdeko herrietako gerra hotsez zuen barrua. Sollube, maiatzaren 14an okupatu zuten faxistek, Bizkargin, maiatzaren 8an hasitako borrokaldiek 11 egun iraun zuten, ehundik gora hildako. Geroago etorriko zen Lemoatx, maiatzaren 29an. Gerrak esna zuen Bizkaia, gerrak su zelai bilakatu zuen Bizkaia, beste behin, oraingoan, maiatzean, sumendi inguruetako mendi gainak. Etxetxuko senideak ere, antzeko izango ziren. Nola ez sutu barruak?

Notizia, maiatzak 12: “Juan hil dok”. Handik gutxira, hilko zen Severo. Bigarren semea, bigarren anaia, bigarren neba, bigarren gaztea.

Severo eta Juan Guenaga Zelaiaren ilobak, haien senideeak, Josefa Bereziartuaren semeak eta Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteko kideak Etxebarrin

1937ko maiatzaren 12an hil zen Juan. 1936ko azaroan Etxebarriko ebakuatu gisa erregistratu eta Munitibarko Aransolon errefuxiatu zen (senideen baserrian). Hurrengo, Barakaldoko Munoako koarteletan zegoen osasungitzan (1937 martxoa-apirila). Maiatzean, Bizkargin zeuden Celta batailoi anarkistako kideak artatzea egokitu zitzaion. Bertan, zauritu zen eta handik Basurtuko ospitalera eraman arren, hil egin zen; Bilboko hilerrian lurperatuz.

1937ko maiatzaren 24an hil zen Severo, metrailak eragindako zaurien ondorioz. Ustez Bizkargin; Getxon hobiratu zuten.

1937ko maiatzetik 80 urte igaro dira. Orduan, gerra betean, sugarretan ziren Bizkaiko tontorrak, eta sugarretan etxekoen bihotzak. Urtero, maiatzaren lehen igandean elkartzen dira Txorierri inguruko herritarrak Bizkargin, bertan borrokatu zuten gudarien omenez. Egun beran, Severo eta Juanen senideekin elkartu eta duela 80 urte gertatutakoaz jardun genuen.
Juanen heriotza argitzea errazagoa izan da. Dokumentazio eta ikerketa lanak argiago egin izan dira. Baina Severo? Inork ez zekien ezer, inon ez zegoen ezer.

Jimi Jimenez, Aranzadiko kideari esker argitu ahal izan dugu Severoren heriotza. Getxon hobiratu zuten, eta horrela jakinarazi diogu familiari.

Beranduegi agian, 80 urte igaro ondoren jakin dute zer gertatu zitzaien. Haien gurasoek egin zituzten ahaleginak, jakin nahi zuten non ziren semeak. Baina ezin. Bizkaia erre zuten garrek, eta errauts beltzak estali ondoren. Urtetean barruko sugarrari eutsi beharko zioten, ixilik. Nola bizi, gorrien alargun izanda? Zer sentitu gorriekin bi seme galduta, domeketan elizpean beste batzuen izenak soilik jasotzen zituen plakaren barrenetik pasatazean? Nora begiratu? Ezin zer ezer esan, ezin inora begiratu.

Orain, behingoz, egiari zor, haien senideek, jakin ahal izan dute non diren haien osabak.

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s