1936
“La Argentina”, Esperanza y Cia enpresaren ekoizpena atzerriratzeko 1937ko proiektua.
Gerra Zibilaren garaian, Euskal Herriko eremua matxinoen esku erori ondoren, Argentinan arma eta gerrarako materiala ekoizteko proiektu bat landu zen, “La Argentina” deituriko proiektua.
Armagintza sektoreko 3 industria-buruk (“Garate Anitua y Cia”ko Luis Ormaetxea, “Esperanza y Cia”ko Castor Uriarte eta “Star”eko Valentin Suinaga) eta Eusko Jaurlaritzako Ameriketarako Delegatu Komertziala zen Tomas Zulaikak zituzten esperientzia, baliabide, patente eta Euskal Herritik erbesteratutako langile kualifikatuez baliatuz, enpresa handi baten proiektua aurkeztu zioten Eusko Jaurlaritzari, haren babesa eta finantziazioa eskatuaz.
1937ko irailaren 3an aurkeztu zuten proiektu hau Ameriketako merkatura bideratuta zegoen. Espainian gerra bere gordintasunean egon arren, errepublikaren defentsan ari zirenak hornitzeko asmorik gabe sortutako proiektu honek ez zuen erantzunik jaso eta bertan behera geratu zen.
Frentearen hurbiltasunaren eraginez eta 1936ko irailean eta urrian lantegiak jasandako bonbardaketagatik, “Esperanza y Cia” enpresa Markinatik Zamudiora eraman zuten. Derioko eroetxearen eraikinean eta San Mames futbol zelaiaren tribunaren azpian izan zituen lantokiak. Mortero eta granaden ekoizpenean zuen balio estrategikoagatik hainbat aldiz “Legion Condor”en airezko erasoak jasan zituen, gogorrenak 1937ko maiatzean eta 1937ko ekainaren 11an, instalazioak faxisten esku erori baino bi egun lehenago izandakoak. Azken eraso honetan zauritu ondoren, biharamunean Etxebarriko Saratzuerdi baserrikoa zen Antonio Arregi Arrizabalaga langilea hil zen. Enpresa militarizatuta zegoenez, gure inguruetatik joandako langileez gain, mobilizatutako langileak aritu ziren ekoizpenean.
“Esperanza y Cia” enpresa Zamudion egon zen tartean “E.E.36 fusil-metrailadorea” modernoaren diseinu eta prototipoak garatu zituzten. Arma hau “La Argentina”ko ikurretariko bat izan behar zen.
Baina proiektua ez zen atera eta faxistek Zamudioko “Esperanza y Cia”ko ekoizpena laster berreskuratzeaz gain, handitzea lortu zuten, gerraren iraupenerako arma egarri ziren. Tartean hor dago Miren Kasilda Aginaga markinarrak jasandako zigorra, abertzalea eta galtzaileen parteko izanda ere bertan lanean jarraitu zuelarik, “Plato Unico” deritzona ez ordaintzearren 1938 maiatzaren 27an enpresako jantokian atxilotu eta ondoren kartzelaratua izan zena.
“La Argentina” egitasmoan buru-belarri aritutako enpresarioak, proiektuaren porrotaren ondoren, berregokitu eta egoera berrira moldatu ziren, faxisten aldean zituzten enpresen etorkizunaren alde “normalitatera” itzuliz. Horrela urte batzuetara “Esperanza y Cia” enpresa Markinara itzuli zen eta tartean gerra gatibuak eskatu eta ekoizpenean erabili zituen, geroago modernizazio aro bateri ekin eta instalazioak berritu eta handitu zituelarik, 1994. urtean itxi arte.
Hemen irakurgai “La Argentina” proiektuaren inguruan osatutako hainbat dokumentu:
Martzel Garitagoitia Arriaga, Ongarain zegoela (Ermuan) hegazkinak lurra jo zuenekoa
Mallabiako Geria auzoko Goikoetxe baserrikoa da Martzel, bertan jaio zen eta bizitzaren amaierak bertan harrapatzea nahi du.
Garai batean, bere familia bezain kuttun eta maitea izan zuen Ongarai baserriko familia, izan ere, Ermuako etxe honetan jardun zuen morroi, gerra garai bete betetan
Baserri handia zen Ongarai, eremuz zabala eta lanaldi bukaezinekoa. Ortuari, fruitu, esne eta abarren ekoizpen eta salmentan murgildu ziren Ongarain, frenteak behar zituenak hornitzen.
Egonkortuta zegoen gerra lerroa, frentea, egun batetik bestera hautsi zen, (1937 apirila), faxista, moro eta erreketeak aurrera egin ahala izua, beldurra eta zalantza nagusituz joan ziren.
Ongarai baserrikoek ezkutatzea erabaki zuten, baserrian morroi gaztea bakarrik utziz. Martzel, bera bakarrik, Ongarain, gerra betean, estualdia pasatu eta gerra lerroa edo frentea zeharkatu eta Gereagako (Geria) jaiotetxera joatea erabaki zuen.
Trabakuan zehar egin zuen topo frankisten erasoaren abanguardiarekin, Gernika bonbardatu zuten egunean, 1936ko apirilaren 26an, Martzelek 15 urte bete zituen egun berean. Moroak ziren aurrean eta haien esku erori zen, ia ia, bertan hil zuten.
Ofizialaren aginduei esker, heriotzetik libre, gidari lanak egitera behartu zuten, eta Trabakuatik, errepublikaren defendatzaileek faxistei jaurtitako tiro artean, Goikoetxera gidatu behar izan zituen faxistak.

Egun batzuetara, Ongaraira itzuli zen Martzel, baserri lanetara. Artotzan lanean zegoela, alemaniarren gerra hegazkin baten larrialdiko lurreratzea suertatu zitzaion pare parean, ustez tiro batez depositua zulatu zioten hegazkin faxista alemaniarrak Ermuako egungo hilerria eta Mallabiako Artamendi arteko eremuan lur hartu behar izan zuen. Bertara hurbildu ziren Marzel eta Ongaraiko ugazaba eta orduan Aizto haundi batez atera zen hegazkinetik pilotua, beldurrez, baina nolabait elkar ulertzea lortu eta piltotuari lagundu behar izan zioten, hegazkina idiekin jeitsiz. Gero, Berrizen, faxisten beste bi motoredun hegazkin bonba jaurtitzaile bat ikusi ahal izan zuten, hura ere hautsia.

Estuazunak ez ziren bukatu Martzelentzat, ezbeharrik handiena, gogorrena, gerra lerroa aurrera joan eta gerora suertatu zitzaien. Jaiotetxe inguruan esku bonba bat aurkitu zuen bere arreba Tomasak. Hura manipulatzen saiatu ziren, eta lehen saiakeran eztandarik egin ez bazuen ere, Tomasak esku bonba hartu zuen berriro, eta orduan bai jaurti zuenean eztanda egin zuen. Eztandaren ondorioz, zati batek sabel aldean jo zuen Tomasa, zauritxo bat eraginez. Etxekoak medikuaren bila joan arren, goizalde hartan hil zen Tomasa Garitagoitia, etxeko arreba txikia, 7 urterekin.
Patxi Juaristik Berriatuan kokatutako liburua aurkeztuko du Durangoko Azokan
Berriatuan, gudako lehen lerroan geratu ziren beste herri batzuetan baino zibil gutxiago hil ziren: sei, bonbardaketen ondorioz, eta kleroko bi kide, gusilatua (abade bat Larruskainen eta moja bat Bartzelonan). Gainera, guk dakigula, herriko mutilik ez zen hil borrokatzen, eta beste fronte batzuetan baino soldadu gutxiago hil zirela pentsa daiteke. Edonola ere, berriatuarren bizipenak gerrako frontea beren lurretan izan zuten beste herri batzeutakoen antzekoak dira. Berriatuan ere samina eta beldurra nagusitu ziren 1936ko irailean, frontea bere lurretan kokatu zenean: Gainera, frankistek 25 lagun atxilotu zituzten, zazpi emakumeri ilea moztu zieten eta hainbatek isunak, ondasunen bahiketak eta bortxazko lanak jasan behar izan zituzten.
Liburu honen asmoa da Gerra Zibilean Berriatuan gertatu zena berreraikitzea, eta sufritu zuten herritarren oroimena bizirik gordetzea. Izan ere, Gerra zibila, drama asko eta min handia sorrarazi duelarik ere, berriatuar guztien ondare historikoa da; ondo ezagutu eta gorde beharreko ondasun inmateriala.
Berriatua eta 1936ko gerra dira liburu honetan ikergai nagusia. Hala ere, izenburuan, Lekeitioko frontea ere irakur daiteke, horren arrazoia da Berriatua Lekeitio sektorean kokatu zutela agintari militarrek, eta 1936ko gerrari buruzko liburu guztietan Berriatuko fronteari buruz hitz egin beharrean Lekeitioko frontea aipatzen dela. Beraz, Berriatuan gertatuak hobeto kokatzeko, ezinbestekoa izan da Lekeitioko frontea ere aztertzea. Berrezarkuntza garaia eta II Errepublika ere ikertu ditugu, gerrako jazoerak behar bezala ulertzeko eta testuinguruan kokatzeko.
Liburu honetan, beraz, XIX.mendearen bukaeratik gerra ostera arteko urteetan ikuspuntu sozial, politiko eta ekonomikotik Berriatuan gertatu zirenak aurkezten ditugu.
Patxi Juaristi Larrinaga
Zumetako hobian, lanak aurrera doaz
Aurreko astean, lehen prospekzio lanek ez zuten esperotako emaitzik eman. Aranzadiko taldea Zumeta baserriko lurretan izan zen egun guztian; lehen bizi esku tresnekin hobia ireki arren, makinaria handiagoen beharra izan zuten aurrera jarraitzeko.
Horretarako prestatutako txakur baten laguntza ere erabili zuten oraingoan. Hala ere, lana bertan bera utzi behar izan zuten eta aste honetan jarraituko dute.
Eskerrik beroenak lan hauetarako ezinbesteko laguntza eman duten guztiei, eta nola ez Aranzadiko kideei eta Antonio Garagarza Zumetakoari.
Hobi horretan lur emandako borrokalaria 1936ko irailaren azken asteetan eta batez ere 1936ko iraialaren 21etik 25era izandako borrokaldien ondorioz hil zela uste da; zehatzago, kanoikada baten ondorioz.
“Diario de un gudari en el frente de Euskadi” , Jaime Urkijoren ibilbidea
Rosa Luxenburgo batailoi ezaguna askotan izan dugu izpide. Urberuagako balnearioa zuten koartel nagusia, 1936ko abenduan iritsi zirenetik. Hasiera bateko komunistekiko mesfidantza eta beldurra, borrokalari haiekiko miresmenera eta ondorengo urteetako gomuta biurtu dira inguruko herrietan. Nagusi asko eta askok, beraien memorian gordetzen duten izen horietako bat da.
Kristobal Errandonea zen inguruetako Rosa Luxemburgo batailoiaren arduradun nagusia, (Cashero, Urkijok idatzitako memoria agirietan) eta Jaime Urkijo haren laguntzailea.
Urkijok, bai Urberuagan, bai Maxen zein Kalamuan eta Ilo-Aldapan bizitakoak (besteak beste) jasotzen dituen memoria liburuak idatzi zituen gerra pasa eta urteetara; Inguru hauetako gora beherak bere memorien parte eta ibilbidearen zati bat baino ez dira.
Jaime Urkijoren seme Antoine Urkijok Kalamua, Max eta inguruetara egindako bisitaren berri eman genizuen. Baita, bere aitak gerra gertaerak bizi eta urteak geroago idatzitako hiru memoria liburuen berri (zonalde honetako kontuak jasotzen dituena tartean, “Guerra en Euzkadi. Desde Bilbao hasta Markina”) Antoinek, Ahaztuen Oroimena elkarteari utziak.
Memoria agiri hoiek oinarri hartuta, liburu interesgarri bat argitaratuko du José Ángel Fernándezek Intxorta kultur elkartearen bitartez, Jaime Urkijoren ibilbidea bilduz.
“Diario de un gudari en el frente de Euskadi”
Urriaren 20an aurkeztuko da, 19:30etan Oreretako Mikelazulon.
Bertan izango dira, Kontxita Urkijo (idazlearen arreba), Julen Mendoza (Oreretako alkatea), Alberto J. Sampedro (Ixile) eta José ÁngelFernández (Aingeru) liburuaren egile eta koordinatzaileak.
Jaime Urkijoren memoriak
Gerra frentea iritsi eta gutxira, 1936ko gabonetan iritsi ziren Rosa Luxenburgo batailoiko milizianoak gure ingurura eta Urberuagako balnearioan ezarri zuten beraien kuartel nagusia Avellaneda eta San Andres batailoi abertzaleekin batera.
Kristobal Errandonea komandantea (Cashero, Urkijok idatzitako memoria agirietan) zen inguruetako aipatu batailoiaren arduradun nagusia, eta Jaime Urkijo haren laguntzailea.
Gure artean izan zen Antoine Urkijo matxoan. Jaime Urkijoren semeak bere aitak gerra gertaerak bizi eta urteak geroago idatzitako hiru memoria liburuak utzi dizkio Ahaztuen Oroimena elkarteari (bertoko kontuak jasotzen dituena tartean, “Guerra en Euzkadi. Desde Bilbao hasta Markina”).
Guretzat oso aberasgarria da memoria paper hauetan idatzitakoa, hainbeste gertaera eta kokapen leku ezagunetakoak direlako. Gure elkartearen helburuen artean 1936ko kolpe militarra, gerra eta ondorengo errepresioaren berri jaso, eta gertatutakoaren egia historikoa idazten laguntzeaz gain, jasotakoa zabaldu nahi dugu. Azpian duzuen loturaren bitartez Jaime Urkijoren memorien lehen atala (gure zonaldeari dagokiona) jaso eta irakur dezakezue. Memoria hauek zabaltzean trasmizioa gauzatzeaz gain, informazio gehiago lortzera iritsi nahiko genuke.
Horregatik, memoria hauetan aipatutakoarekin erlazionatutako zerbait edo bertan aipatzen denaren berri izan ezkero, gertaera horien inguruko informazioa jaso eta gurekin harremanetan jartzea gustatuko gustatuko litzaiguke.
Jaime Urkijo eta Rosa Luxemburgoren inguruan, Itxorta kultur elkartearen bitartez liburu bat argitaratzear da.
- ← Anterior
- 1
- …
- 3
- 4
- 5
- Siguiente →

Gutiérrezek eta José Luis Valenciagak parte hartu dute besteak beste.
Urriaren 20an eta hurrengo asteko 29an Aranzadi zientzia elkartekoek gogor jardun zuten Zumeta baserriko lurretan (San Migelen) hobia lokalizatzeko prospekzio lanetan.
Kainoika batek, Belartondo ingurua jo zuen, 1936ko irailaren 21-24 artean; bertan harrapatu zuen miliziano hau. Ondorengo egunak nahasiak eta zailak izan ziren: Faxistek, errepidez, zein mendiz mendi eraso zuten. San Migel gaina hartu zuten, Morkaiko eta Ziardamendiko gertaerekin.
Esan daiteke, kasualitatez iritsi zela Markinara Sabina. Kasualitatez edo halabearrez. Izan ere, Pilar Barrutia Markinarra Astigarragan neskame zelako, haren erreferentzia medio iritsi ziren Markinara faxisten erasotik ihesi.