1936

Bizkaiko Foru aldundia eta Markina-Xemeingo udala, Urberuagako gerra babeslekuarekin orain zer?

Posted on Actualizado enn

2015eko abenduaren 26 an Urberuagan, La Francesa eraikina zegoen lekuan agertu zen gerra babeslekua estali zuten.

Urberuagan BI-633 errepidea zabaltzeko lanen ondorioz, La Francesa eraikina zegoen lekuan 2015eko abenduaren bukaeran egin ziren lanen ondorioz agertutako zulo baten berria jaso genuen. Gerra garaian Urberuagako bainuetxearen inguruko eraikinek izandako garrantziaz jabeturik zonalde honekiko dokumentazio lanak martxan zeudela, gerrako babesleku hau bistaratu zen.

Honen berri eman genuen 2016ko urtarrilaren 9an eta gure kezka azaldu, gerra babesleku hau agertu bezain pronto estali zutelako. Gaiak inguruko herritarrengan izan zuen interesa eta piztutako oihartzuna ikusirik (Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza, sare sozialak…) Bizkaiko Foru aldundira eta Markina-Xemeingo udalera gutun bera bidali genuen.

Jasotako erantzunek gure harridura pizten dute. Gutunean eskatu bezala, irtenbide integral bat beharrezkoa dela uste dugu. Memoria historikoak, bere bidea egin eta egia eta oroimenaren bidean aurrera egin dezan ardura dugun erakunde eta elkarte guztien elkarlana beharrezkotzat joz.  Ondare publikoa, herritarrena den heinean, bertatik bertara bizi behar izan zutenen oroimenean.

2016.03.14an Markina-Xemeingo udalak Ahaztuen Oroimena elkarteari bidalitako erantzuna.
2016.01.31an Bizkaiko Foru aldundiko Garraioak, Mugikortasua eta Lurraldearen kohesio.Sustatz sailera bidalitako gutuna eta honen erantzuna 2016.02.29an

Beraz,

  • Ondare publikoa, arduraz babestea eta arduradun diren erakundeen arteko komunikazio eta esku hartze koordinatua beharrezkoa dela uste dugu.
  • Urberuagako babeslekua, errepidea hobetzeko lanen ondorioz estalita, ahanzturara kondenatu beharrean bistaratzea eskatzen jarraitzen dugu. Ardura duten erakundeei horretarako eman  behar diren urratsak garatzera konprometitu daitezen eskatuz.
  • Urberuaga eta babes leku hau, Eusko Jaurlaritzaren Memoriaren Ibilbideak: Gerra zibilaren memoriarekin lotutako espazioen zerrendan txertatzea eskatzen dugu.

Hiru gudari Zelaiteburuko hobian, duintasunez, demokrazia eta askatasunaren aldeko borrokalariak

Posted on Actualizado enn

Oroimenak sustrai sakonak ditu, eta denbora iragan arren, 80 urte igaro arren, herritarren memoriari esker, egia azaleratu ohi da. Ez errepresioak ez diktadura luzeak ez zuen lortu mendian hobietan lurperatutako gudariak baztertuta ahazturan galtzea.

Zelaietaburun, lubakian lurperatutako hiru gudarien lehen gorpuzkina. 2016.03.05
Paco Etxeberria atzo Zelaietaburun 2.gudariaren gorpuzkina aztertzen.
DSC_6554-4_500
Hirugarren gudariaren gorpuzkinak atzo Zelaietaburun

Joan den martxoaren 5ean, Zelaietaburu (Etxebarria) egindako exhumazioan gudari baten gorpuzkinak berreskuratzea lortu zen. Orain, bere aldamenean beste bi pertsonaren gorpuzkinak aurkitu dira.

Zelaietaburun erresistentzia gunea antolatu zuten gudariek. Muino hau, 1936ko irailaren azken egunetan altxamenduarekin bat egindako indar faxisten aurkakoen borrokarako gunea izan zen. Bertatik saiatu ziren aurre egiten, etsaiak inguruok hartzea ekidin asmoz.

Zelaietaburutik ikus zezaketen nola beraien kideak erortzen ziren Belarretan, Ziardamendin, San Migelen (Aiastia), Morkaikon edo Lapion eta Urkaregin. Udaran, Gipuzkoa ekialdetik mendebaldera okupatzea lortu zuten gisan, Bizkaiko mugara iristen ari ziren golpea eman zuten militarren aldeko indar frankistak.

1936ko irailaren 25ean iritsi ziren tropa frankistak San Migelera (Aiastia) Elgoibar okupatu ondoren eta handik hiru egunera sartuko ziren Zelaietaburu eta Urkaregiko mendatearen gainean. 1936ko irailaren 29rako Bizkaiko muga zapaltzea lortu zuten; hala ere, borrokan jarraitu zuten miliziano eta gudariek eta urriaren 4ra arte behintzat jarraitu zuten tiro hots eta artilleria soinuek. 1936ko urriaren 4an gerra lerroa, frontea, egonkortu zen eta fronteko posizioek egonkor iraun zuen arik eta 1937ko apirilaren 25ean ebakuazio agindua eman eta demokraziaren aldeko borrokalariek erretaguardiako posizioak indartzera erretiratu ziren arte.

Jose Mari San Martin_500
Jose Mari San Martin Odria. Soarte
Pilar San Martin Odria. Soarte baserrian jaioa, atzo Zelaietaburun.

Testigantzen bidez jaso ahal izan dugu gertatutakoa. Bi familietako neba arrebek, honen berri izan dute etxean. Batetik, umetatik entzun eta ikusitakoa Soarte baserriko Pilar eta Jose Mari San Martin neba arreben kasuan. Pilar, atzo bigarren eta hirugarren gudarien gorpuzkinak hobitik ateratzeko lanetan egon zen, eskaini zitzaien omenaldian parte hartuz.

Beraien aitak kontatutakoa entzun zuten Ignazio eta Santi Retolaza anaiek. Ignaziori kontatu zion behin aitak, Iruiturritk behera zetozela, “han harikaitz haietan hiru hildako ikusi nituen” .

P1260176_2_500
Santi eta Ignazio Retolaza Mendikute anaiak. Elgoibarren testigantza jasotako unean

Haien testigantzak beharrezkoak izan dira Ahaztuen Oroimenarentzat, ikerketa abiatu eta hiru gudarien gorpuzkinak berreskuratzeko.

Hiru gudariak lurperatuta aurkitzen diren lubakia 1936ko irailaren azken egunetan egindakoa bada ere, hobi bezala 1937ko apirilean erabili zutela uste da. Alegia, hiru gudariak borrokaldi hauetako batean hildakoak edo atxilotu eta ondoren fusilatutakoak lirateke, beraien kideek 1936ko irailean egin eta erabilitako lubakian frankistek lurperatuak.

Bigarren gudariaren hortz eskubilak

Kontuan hartu behar dugu, garai horretan, 1937ko apirilean, bigarren hamabostaldian, zenbait borroka izan zirela “Markinako sektorea” deiturikoan; demokrazia eta askatasunaren alde borrokan azken unera arte eutsi zioten. Molak 1937k martxoaren azkenetan Bizkaiari errenditu zedin ohartarazi arren, gudari eta milizianoek borrokatzea erabaki zuten eta 1937ko apirilaren 19-24 tarteko egunetan azken ofentsiba burutu zuten. Ordurako baina, frankistak ondo antolatuta zeuden, tartean egun batzuk lehenago iritsitako italiar soldaduekin osatutako Flechas Negras Brigada misto faxista Urkaregiko gainaren iguruetan zen. Borrokaldi hartan, Euskitze Aiste inguruetatik zehar, Garro etxeetatik gora, Kortatxiki inguruetara arte, Zelaietaburu ondora arte sartzea lortu zuten.

Atzo, bi gudarien gorpuzkinak berreskuratu ahal izan ziren. Gorpuzkinak oso egoera txarrean bazeuden ere Aranzadiko kideek haiek aztertuko dituzte orain. Desobiraketa hauetan aurkitutako objetuen artean, lehenengo gudariak txanpon bat zeukan eta hortz ordeak. Bigarren gudariak, urrezko hortzak eta bi hortzetako eskubila zituen, horrez gain, gerrikoaren zatiak ere agertu ziren. 

Bertaratutako jende guztiarekin batera, hiru gudari hauei eta inguru hauetan zein gainontzeko fronteetan askatasuna eta demokraziaren alde borrokatu zuten guztiei omenaldi xume bat eskeini genien. 

Bizi osoan gertaera hauen zama eraman dutenek, lekukoek atzo arnasa hartu zuten, beraien memorian txertatutakoa zer zen jakin ahal izan zuten, eta Santik esan bezala, zeregina bukatutzat eman zuten. Orain, zientzilarien lanak jarraituko du, gorpuzkinak laborategian aztertuz atera daitezkeen emaitzen esperoan. Ahaztuen Oroimena elkarteko kideoi, poz handia emango liguke, eta garrantsitsua era berean, gizarte justuago baten alde borrokatu zuten hiru gurdari hauek, beraien etxera bueltan eramateko aukera izango bagenu. Desagertutzat eman zituzten hiru etxeetako senideekin elkartu asmoz.

Zelaietaburun gudari baten gorpuzkinak berreskuratu ziren atzo

Posted on Actualizado enn

Atzo Zelaiteburun, Etxebarrian, gudari baten gorpuzkinak berreskuratu ahal izan ziren Aranzadi Zientzia elkartearekin batera egindako lanetan. Ingurune hau garbitzen jardun genuen lehenengo, Ahaztuen Oroimen 1936 elkarteko kideak herritarren laguntzaz, ingurua ezagutu eta gertatutakoa argitu nahian.

Zelaietaburun, eta inguruko tontorretan 1936ko irailaren azken egunetan hartu zituzten posizioak borrokalari antrifrankistek, Elgoibar inguruetatik sartzen ari ziren faxisten aurka. Erresistentzia antifaxistak eutsi arren faxistak irailaren 25 iluntzean iritsi ziren San Migel gaina hartzera, eta 1936ko irailaren bukaerarako sartu ziren Zelaietaburun, Urkaregin eta Kalamuan.

Asko izan ziren demokraziaren eta askatasunaren alde borrokatu zutenak, eta askok galdu zuten bizia. Hainbat testigantzek, Zelaietaburun gertatutakoa ulertzen eta argitzen lagundu digute, eta kasu honetan, batez ere Soarte baserriko Pilar eta Jose Mari neba arrebek.

Ez da batere ohikoa gudari hau bezala lubakietan lurperatuak aurkitzea. Atzo berreskuratutako gorpuzkinak zoritxarrez egoera txarrean daude, orain Aranzadiko kideek agertutakoa jaso eta aztertu egingo dute. Hala ere, gorpuzkinen artean hortz orde bat agertu zen, eta bala zorro edo munizio kantitate handia.

Gain hau, 1936ko iraileko gertaeren ondoren frankisten kokapena izan zen hurrengo hilabeteetan, gerra frontea egonkor mantendu zenean. 1937ko apirilean, miliziano eta gudariek azken eraso bat buru zuten lerro hori apurtu eta etsaiari aurre egiteko. Inguru hauetaraino sartzea lortu zuten, frankisten lerroak gainditu eta sartzea, horregatik baliteke borrokaldi horrek, lubaki honetan lurperatutako gorpuzkinekin lotura izatea. Ikerketak aurrera jarraitu arren, haien duintasuna, haien memoria gure historia da.

Luis Ortiz Alfau, Izquierda Republicanako miliziano ohia Zelaietaburuko lubaki honetan egiten ari ziren lanetara etorri zen. 100 urte urrian beteko ditu eta hainbat frentetan borrokatu zuen gerra garaian. Agertutako gorpuzkinei egin zitzaien lore eskaintzan parte hartu zuen.

Atzokoan, herritar asko hurbildu ziren Zelaietaburura. Hobitik ateratzeko lanetan Elgoibar 1936, Aranzadi, Etxebarriko udaleko alkatea eta zinegotziez gain, Josu Erkoreka, Monika Hernando, Julen Arzuaga eta Arnaldo Otegi ere beran egon ziren.

Bihar Zelaietaburun Aranzadiko kideekin batera jardungo dugu

Posted on Actualizado enn

bertaratzekoZelaietaburuko garbiketa lanetan sakondu eta agertutako gorpuzkinak hobitik ateratzeko lanak aurrera eramango ditu bihar goizean Aranzadik. Bertara hurbiltzeko Urkaregiko gainetik Arnoateko bidea hartu eta bidean bertan kotxea utzi behar da. Puntu honetatik oinez igo gaiteke.

Eguraldiaren aurreikuspena oso ona ez bada ere, ager litezkeen borrokalari antifrankistaren gorpuzkinak errekuperatzeko ahalegina egingo da.

Luis Ortiz Alfau tertulian gertatutakoa kontatzearen garrantziaz: hitzaldia ikusgai

Posted on Actualizado enn

Bere testigantza jaso ondoren, Luis Ortiz Alfauri gonbidapena luzatu genion. Inongo zalantza izpirik gabe baietza eman zuen: hemen nauzue behar duzuenerako.

Udazkenean 100 urte beteko ditu Luisek eta aurreko astean, Uhagonen tertulian ikusi ahal izan zen moduan pertsona kementsua, osasuntsua  indartsua eta umoretsua da. Gogoz etorri zen, iritsi bezain laister enkargu bat eman zigun: esan denei etortzeko, bizitzaren azken txanpa honetan dena kontatu nahi dut.

Anitxuko Jose Larruskainen senideekin hizketan
P1250299_250
Jose Larruskain Xemeindarra. Capitan Casero, Izquierda Republicanako milizianoa

Eta horrela egin zuen, aurkezpenetarako tarterik utzi gabe, barruan zuen guztia kontatu nahi zuen, eta bere bizitzaren hainbat pasarte kontatu zituen. Memoria pribilegiatuak detaile txikienak ere gogorarazi zituen, latzak batzuk: gerra fronteak, batailoi kideak, Gernikako bonbardaketa, Gurs, gosea, espetxea, torturak eta azkenik Langile Batailoi Disziplinarioa.

Hala ere, bizitzaren unerik gogorrenetariko bat ondoren etorri zitzaion. Hain zuzen frankismoan, desafecto bezala izendatu baitzuten erregimenaren aldekoek, errepublikar baten semea izan eta Izquierda Republicanako batailoian izena eman eta borrokatzeagatik.

Une bereziak izan ziren tertulian, bertan izan baitziren Luisekin batera, Capitan Casero batailoiko kide izandakoen bi familia kide. Hoietako bat, Xemeindarra zen, Luisen arabera, gogoan du Larruskain abizena, eta nola inoiz bata bestearen aldamenean lo egitea nola egokitu zitzaien ere kontatu zuen. Jose Larruskain, Anitxukoa zen eta tertulian parte hartu zuten bere senideek.

Capitan Casero, Izqierda Republicanako komandante zen Gonzalo Pereiroren bilobarekin hizketan hitzaldiaren ondoren

Gonzalo Pereiro Capitan Casero batailoiko komandantea zen. Lehen lerroko erretaguardian zegoela, bala galdu batek Gonzalo Pereiro Fernandez batailoiko komandantea hil zuen. Gonzalo Pereiro Ondarroako irakaslea izan zen, IRO (Izquierda Republicana Ondarresa) elkarte politikoaren lehendakaria eta Centro Republicanoko ordezkaria Ondarroako Errepublikaren Defentsarako Batzordean eta honen anaia batailoi bereko ofiziala izan zen. Ilusioa nabarmena zen bien aupegietan; bai Alfredo Pereirorentzat, zein Luisentzat una berezia izan zen. Tertuliak aukera eman zien komandantearen inguruan jarduteko baina ordu bete ez da nahikoa.

Hizketaldi oso interesgarria eskaini zuen Luisek, baina horrela egin zuten bertaratu eta galderak egin zituzten herritarrek ere. Ekitaldian nabari zen bertaratutakoen parte hartzeko gogoa, jakin mina asetzeko galderak egin zizkioten Luisi eta hark gustora erantzun.
Esker oneko hitzak izan zituen haientzat, eta baita memoria historikoa garatuz bere ekarpena egiten duten elkarte eta instituzio zein kazetarientzat.

Zelaieta Buru, gerra leku izandakoa berreskuratze bidean

Posted on Actualizado enn

Urkaregi Txikiko gain honetatik aurrez aurre Ziardamendi. Barrenean Soarte eta Urkaregi

Zelaieta Buruko lanek aurrera jarraitzen dute eta Urkaregi Txiki gainaren inguruko haitzen eremua garbitzen jardun dugu beste behin aurreko asteburuan. Auzolanean lan talde paregabeaz gain garbitu ederra eman ahal izan diogu gerra leku honi.

Zelaieta Buru, frankisten aurka erresistentzia leku izan zen. Miliziano eta gudariek batez ere 1936ko irailaren 21etik 29ra arte erabilitakoa. Faxistek Ziardamendi-San Migel-Morkaiko lerroa gainditu eta hurrengo egun gutxitara arte eutsi zioten leku honetan errepublika eta demokrazioaren aldeko borrokalariek.
Gerra leku honek, ikuspegi ederra eskaintzen du; batek baino gehiagok estu biziko zituen gain honetatik begira Ziardamendi zein Morkaiko eta inguruetako gertaera latzak, Urkaregiko gaina faxisten esku geratzen ari zela jabetuz.

Zelaieta Buru, gerra lekua berreskuratzen argazkiak

Kalamuan desagertutako osaben bidean ahaztuen oroimena Galiziatik

Posted on Actualizado enn

_DSC0200_500Duela pare bat hilabete, ustekabeko dei bat jaso genuen. Galiziar familia bat, Markina-Xemeingo kaleetan zebilen hilerriaren bila edo-eta gerra zibilaren inguruko bertoko liburuak erosteko liburudenda baten bila. Eguerdi eguerdian herritar baten laguntzaz Ahaztuen Oroimeneko kideokin harremanetan jarri ziren. Telefono deia: Kalamuan hildako eta desagertutako osaba biren bila zebilen Galiziar familia bat zegoen Markinan, kalean, “zerbaiten” bila. Bazkalorduko mahaitik jeiki eta bat egin genuen ziztu bizian.

Ustekabea sinestezina zen, egoera bitxia eta zorionekoa. Poza nabarmentzen zen, bai familiako kideen artean eta bertan ginenon artean.

Aguete Lino neba arrebak Marinen jaio ziren, Pontevedran, arrantzale giroko herritxoan. Manuel eta Antonio anaiak II. Errepublika garaian Euskal Herrira abiatu ziren lanera. Manuel, Bilboko portuko Hercules alturako itsasontzian ibili zen lanean. Antonio berriz, Pasaian, bizilekua Errenterian zuelarik.

3479_oGerra zibilak eztanda egin zuenean, Manuel eta Antonio Aguetek, Celta batailoi anarkistan borrokatu zuten eta ordutik ez dago beraien berririk. Artxiboen arabera, jasotako dokumentazioaren arabera, 1936ko abenduaren 26an hil ziren, baina bakarrik Manuel Aguete Linoren berri ematen dute agiriek. Manuel, Max inguruan borrokan hil zenean, Celta batailoi anarkistako bigarren konpainiako tenientea zen. Antonioren berri Serafin Dopazo Agueteren bidez jaso ahal izan dugu, eta datu gutxiago badira ere, CNT ren ingurura batu ziren galiziar jatorriko itsasgizonez eratutako Celta batailoian borrokatuko zuen, San Esteban eguneko borrokaldian.

12_1936_Abendua_02Gaurko egunez, 1936an, San Esteban eguneko borroka, ezaguna da herritarren memorian. 1936ko abenduaren 26an borrokaldi gogorra izan zen Max inguruetan. Kalamuako tontorrean zeuden faxisen aurka jardun baizuten miliziano eta gudariek.
Celta batailoi anarkista Maxeko posizioetan kokatuta zegoela hil ziren Antonio Aguete Lino eta Manuel Aguete Lino.

Urteak isiltasunean igaro behar izan dituzte beraien arrebek. Etxekoek ez zituzten gabonak ospatzen; zer zuten ba ospatzeko zorigaiztoko data honetan? Manuel eta Antonioren arrebek, ez zieten ezer kontatu beraien semeei, eta orain ulertu dute guztia, orain badakite zergatik ez ziren existitzen ospakizunak gabonetan Aguetetarrenean.

Hil ziren hiru arrebak ere. Buru gaixotasuna gehitu zitzaion Consueloren zahartzaroari; bapatean borrokan hildako bere bi nebez hitz egiten hasi zen. Ilobek, orduan, azken arrebaren azkenetan jaso zuten hildako osaba bien heriotza eta haien memoria leuna.

Memoria hori, orain, Serafin Dopazo Aguetek bere osabei gertatutakoa argitu eta beraien ibilbidea ezagutzeko lekukoa hartu du, Ahaztuen Oroimena 1936 elkartearekin batera, ilusio handiz aurrera eramango duguna.

Dende Galiza cara a Kalamua, en busca de dous familiares desaparecidos

Posted on Actualizado enn

_DSC0200_500Ocorreu fai a penas dous meses cando recibimos una chamada que nos deixou abraiados. Procedentes de Galiza, una familia atopábase en Markina-Xemein en busca de información sobre a desaparición duns familiares. Para ilo, foron o cemiterio e a unha librería, na procura de datos nos que se reflectisen os acontecementos locais ocorridos na guerra civil. Axudados por un veciño, a la polo medio día, puxéronse en contacto con nós, con Ahaztuen Oroimena. A chamada que recibimos dicía: “Nas rúas de Markina-Xemein, indagando por dous tíos mortos e desaparecidos en Kalamua, unha familia que ven dende Galiza esta na procura de información, por pequena que esta sexa”. Axiña, co prato aínda na mesa, levantámonos e sen dubidalo, corremos onde eles.
A situación parecía un soño, unha sorpresa moi curiosa e feliz. A ledicia palpábase no ambiente, tanto nos familiares, como en nos mesmos. Leer el resto de esta entrada »