Argitu gabe geratu da Zumetako milizianoaren nondik norakoa
Urriaren 20an eta hurrengo asteko 29an Aranzadi zientzia elkartekoek gogor jardun zuten Zumeta baserriko lurretan (San Migelen) hobia lokalizatzeko prospekzio lanetan.
Antonino Garagarza (1943), Zumetakoak, txiki txikitatik jaso zuen bere gurasoengandik eta batez ere bera aitarengandik, 1936ko irailaren azken egunetan gertatutakoaren berri zehatza. Duela bi urte, Ahaztuen Oroimena elkartearekin harremanetan jarri zen, duela urte asko jasotakoaren garrantziaz ohartuta. Beharrezko gestioak eta ikerketa lanek egin ondoren iritsi ahal izan da urriko lan hauetara.
Frentea gerturatzen ari zen egunak ziren. Faxistak, 1936ko irailaren 21ean iritsi ziren Elgoibarrera. Ordurako, miliziano, anarkista eta boluntariaok San Migel inguruan kokatuta zeuden kolpistek aurrera jarrai ez zezaten. Zumetatik gertu, Belartondo inguruan zegoen posizio horietako bat. Elgoibartik zetozen erasoetatik babesteko, Belartondo barrenetik, Zumetako lurretatik gora eta behera ibiltzen ziren borrokalariak, lur tontor txikiak ematen zien babes, ezkutalekutik.
Kainoika batek, Belartondo ingurua jo zuen, 1936ko irailaren 21-24 artean; bertan harrapatu zuen miliziano hau. Ondorengo egunak nahasiak eta zailak izan ziren: Faxistek, errepidez, zein mendiz mendi eraso zuten. San Migel gaina hartu zuten, Morkaiko eta Ziardamendiko gertaerekin.
Borroka horietan hildako miliziano eta gudariak irailaren 29an lurperatu zituzten, Elgoibarko udalak emandako aginduz. Zumetan, Antonioren aita bertan zen milizianoa lurpertu zutenean. Argi eta garbi gorde zuen bere oroimenean gertaera hura, eta ez zuen zalantzarik izan bere semeari gertatutakoaren trasmizioa egiteko.
Hala ere, lurraren mugimenduek, lur jauziek eta denborak, aldaerak sortzen ditu. Antonioren zehaztasunek eta Aranzadikoen lan ikaragarriak ezin izan du milizianoaren hobia aurkitzeko fruiturik izan. Guzti honek, egia argitzeari bide eman dio, bederen.
Esta entrada fue publicada en Frentea-posizioak, Hildakoak-zaurituak y etiquetada como 1936, ahaztuen oroimena, Aranzadi, Aranzadi ZIentzia Elkartea, Elgoibar, Miliciano, milizia, san migel, Zumeta.