Eusebio Gaubeka Gibelondo

Aranzadik Ziardamendiko bi gudari identifikatzea lortu du

Posted on

Sin títuloZiardamendin, 2012an Aranzadi Zientzia elkarteak burututako lanen ondoren, lau gudariren gorpuak aurkitu ziren. Inguruko borroken ondoren, golpisten aurka borrokan hildako gudarien hobi komunak zehatz mehatz non zeuden hobekien trasmititutako lekua da Ziardamendi.

Ez dago argi zenbat gudari eta milizianok galdu zuten bizia 1936ko irailaren azken egunetan Ziardamendin. 1936ko San Migel egunean hemeretzi hildako hobiratu zirela Ziardamendin eta inguruan diote bertakoek. Borroka horretako lekuko izandako batzuk 1982an Ziardamendiko hobi komun batean lurperatutako gudariak (Paulino Beraza Madariaga, Felipe Elorriaga Larrea, Blas Larrazabal Inunciaga, Juan Zabala Loza, Ambrosio Etxebarria Uriarte eta Jose Chinchurreta Zamacona) Derioko hilerrian hobiratu zituzten. 1936ko irailaren 25ean izan zen borroka Ziardamendin, eta  aurrekoez gain, egun horretan hildakoen zerrenda luzeagoa da: Eusebio Gaubeka Gibelondo, Felix Arbulu Bilbao, Imanol Etxebarria Lahuerta, Juan Agirre Bilbao, Jose Azueta Mendiolea, Marcelino Gandarias Salbidea, Miguel Palacio Gomez, Pedro Rodriguez Puig, Sabin Atutxa Olabarri…hemeretzi inguru.

San Migel auzoan jasotako testigantzek bizi bizirik mantendu dituzte, 1936ko irailaren azken egunetan gertatutako borroken nondik norakoak. Horrela, Elgoibar 1936 elkarteak eta Ahaztuen Oroimena Elkarteak elkarlanean, Aranzadik bideratuta hobitik ateratzeko lanek emaitzak utzi dituzte. 2012ko ekainetan lau gudari zeuden hobia lokalizatu ahal izan zen eta bertan aurkitutako gorpuak aztertu ditu Aranzadik.

Prosezu osoaren bukaera gisa, txosten bat osatu du Aranzadi Zientzia elkarteak, non lau gudarietatik bi identifikatu ahal izan ditu: Sabin Atutxa Olabarri eta Eusebio Gaubeka Gibelondo. Txosten horren atal garrantzitsuenak aukeratu ditugu eta ondorengo agirian aurkezten dizkizuegu.

Gure aldetik, eskerrak eman nahi dizkiegu, Ziardamendiko gora behera guztietan parte aktibo izan diren norbanako eta eragileei. Deialdiekin bat eginez, testigantzak jasotzen lagunduz, ekitaldietan parte hartuz… Inor ahaztu gabe, eskerrik asko bereziki, Aranzadi, Elgoibar 1936 eta Joseba Felix Tobar Arbulu.