Astigarraga
Sabina Arruabarrena Oiarzabal
Astigarragakoa izan arren Markinakoa ere bada ein batean. 1928an jaio zen Astigarragako palazan dagoen Markosenean, eta gaur egun ere bertan bizi da.
Lau neba arrebaz osatutako familiatik gazteena da Sabina; bi neska eta bi mutil izan zituzten gurasoek, lauetatik bi mutilak errefuxiatu eta gudari Eusko Gudarostean eta bi arrebak iheslari, Markinan errefuxiatuak.
Esan daiteke, kasualitatez iritsi zela Markinara Sabina. Kasualitatez edo halabearrez. Izan ere, Pilar Barrutia Markinarra Astigarragan neskame zelako, haren erreferentzia medio iritsi ziren Markinara faxisten erasotik ihesi.
Ormetxeko Pilarrek eta senideek faxisten altxamenduari ihesi Markinara joatea erabaki zuten, erreteguardiara, oraindik frentea iritsi gabe zegoela, eta harekin batera Sabina Arrubabarrenaren izeba Mª Lucia Arruabarrena eta beste senide batzuk.
Sabinaren etxekoak Astigarragan harrapatu zituen ezustean altxamenduak, ihes egiteko gauzak prestatzen zeudela, tiro hots artean, Sabinak eta bera ahizpa Luisak Donostiara ihes egin, trena hartu eta babeserako bidea hartu zuten.
Elgoibar helmuga, Bizkaian babes hartu zuten, aurrez ihes egindako senideekin batera, Erdiko kalean zeuden koinatarekin eta nebarekin. Gurasoak geratu ziren bakar bakarrik Markosenean.
Dozena bat lagun bizi izan ziren, Erdiko kaleko etxe baten hirugarren solairuan, eta berak, 8 urte baino ez zituela eguneroko martxan olgetan aurre egiten saiatu zen.
Karmengo elizan zeuden milizianoek emandako esnegaina ogiartean jarrita jatordu ederrak egiten zituzten, eta baita baserrietatik ekarritako elikagaiekin. Ez zuten goserik pasatu.
Erdiko kaleko kanpantorrearen azpian zegoen babeslekuan bizi izan zituen unerik latzenak Markinan egon zeneko denboran, kanpai hotsen abisuaz, korrika babesten ziren, andre nagusien larritasun eta errezu artean; behin hegazkinak pasata berriz ateratzen ziren ohiko martxara.
Erdiko kaleko etxeko teilatuak jasotako kainoikada baten ondorioz, Arretxinara joan behar izan zuten, eta han egon ziren denbora tarte luzez, behin gerra bukatuta Astigarragara itzuli arte. Etxekoek ez zuten ordura arte beraien berririk izan.
Esta entrada fue publicada en Markina, Orokorra, Testigantzak y etiquetada como 1936, 1937, ahaztuen oroimena, Astigarraga, gerra zibila, Markina, Sabina Arruabarrena, testigantzak.