Ongarai baserria Trabakua

Martzel Garitagoitia Arriaga, Ongarain zegoela (Ermuan) hegazkinak lurra jo zuenekoa

Posted on Actualizado enn

Mallabiako Geria auzoko Goikoetxe baserrikoa da Martzel, bertan jaio zen eta bizitzaren amaierak bertan harrapatzea nahi du.
Garai batean, bere familia bezain kuttun eta maitea izan zuen Ongarai baserriko familia, izan ere, Ermuako etxe honetan jardun zuen morroi, gerra garai bete betetan

P1200150_10Baserri handia zen Ongarai, eremuz zabala eta lanaldi bukaezinekoa. Ortuari, fruitu, esne eta abarren ekoizpen eta salmentan murgildu ziren Ongarain, frenteak behar zituenak hornitzen.
Egonkortuta zegoen gerra lerroa, frentea, egun batetik bestera hautsi zen, (1937 apirila), faxista, moro eta erreketeak aurrera egin ahala izua, beldurra eta zalantza nagusituz joan ziren.

Ongarai baserrikoek ezkutatzea erabaki zuten, baserrian morroi gaztea bakarrik utziz. Martzel, bera bakarrik, Ongarain, gerra betean, estualdia pasatu eta gerra lerroa edo frentea zeharkatu eta Gereagako (Geria) jaiotetxera joatea erabaki zuen.

Trabakuan zehar egin zuen topo frankisten erasoaren abanguardiarekin, Gernika bonbardatu zuten egunean, 1936ko apirilaren 26an, Martzelek 15 urte bete zituen egun berean. Moroak ziren aurrean eta haien esku erori zen, ia ia, bertan hil zuten.
Ofizialaren aginduei esker, heriotzetik libre, gidari lanak egitera behartu zuten, eta Trabakuatik, errepublikaren defendatzaileek faxistei jaurtitako tiro artean, Goikoetxera gidatu behar izan zituen faxistak.

Ermuan eroritako Bf_109 hegazkin alemaniarra
Messerschmitt Bf_109 hegazkin alemaniarraren itxurakoa zen Martzelek Artamendiko sagaztian erortzen ikusi zuen hegazkina

Egun batzuetara, Ongaraira itzuli zen Martzel, baserri lanetara. Artotzan lanean zegoela, alemaniarren gerra hegazkin baten larrialdiko lurreratzea suertatu zitzaion pare parean, ustez tiro batez depositua zulatu zioten hegazkin faxista alemaniarrak Ermuako egungo hilerria eta Mallabiako Artamendi arteko eremuan lur hartu behar izan zuen. Bertara hurbildu ziren Marzel eta Ongaraiko ugazaba eta orduan Aizto haundi batez atera zen hegazkinetik pilotua, beldurrez, baina nolabait elkar ulertzea lortu eta piltotuari lagundu behar izan zioten, hegazkina idiekin jeitsiz. Gero, Berrizen, faxisten beste bi motoredun hegazkin bonba jaurtitzaile bat ikusi ahal izan zuten, hura ere hautsia.

Hegazkin alemaniarra erori zen lekua. Ermu eta Mallabiako mugan. Atzealdean Urko
Hegazkin alemaniarra erori zen lekua. Ermua eta Mallabiako mugan. Atzealdean Urko

Estuazunak ez ziren bukatu Martzelentzat, ezbeharrik handiena, gogorrena, gerra lerroa aurrera joan eta gerora suertatu zitzaien. Jaiotetxe inguruan esku bonba bat aurkitu zuen bere arreba Tomasak. Hura manipulatzen saiatu ziren, eta lehen saiakeran eztandarik egin ez bazuen ere, Tomasak esku bonba hartu zuen berriro, eta orduan bai jaurti zuenean eztanda egin zuen. Eztandaren ondorioz, zati batek sabel aldean jo zuen Tomasa, zauritxo bat eraginez. Etxekoak medikuaren bila joan arren, goizalde hartan hil zen Tomasa Garitagoitia, etxeko arreba txikia, 7 urterekin.