Munitibar: Memoria gara

Posted on

Gaurko eitaldian, Memoria osoa aldarrikatu dugu, Munitibarko udalarekin batera. 1937-04-26 goizean Arbatzegi eta Gerrikaitzen aurka faxistek burututako aire erasoaren 85.urteurrenean. 25 hildako eta beste horrenbeste zauritu izendatu ahal izan ditugu gaur gaurkoz. Ekitaldi honekin haien oroimenean zor diegun justizia aldarrikatu dugu erreparazioaren bidean lore eskaintza eta aitortza eginez. Haietako zenbait herritarrak ziren, beste batzuk errefuxiatuak, erretiradan zihosxen gudari eta milizianoak besteak. Zenbait hildako, ortuetan hobiratu zituzten hobi komunetan; Memoria Lekuak izango dira pertsona haien duintasunari abegikor.

Hildako batzuk, hobi komunetak lurperatu zituzten:

1.go HOBIA- gaur egungo haurren jolasgunean:

Emilia Larrinaga Guenetxea (Mallabia)

Jose Mari Ostolaza Sarasua (Mallabi)

Julene Ostolaza Larrinaga (Ermua)

Ezezaguna 1.

Ezezaguna 2.

Ezezaguna 3.

Ezezaguna 4.

2.HOBIA- Zubialde baserriko ortuan:

Matea Bilbao Jaio, Zubialdea (Munitibar)

Pedro Intxausti Aboitiz, Errota (Munitibar)

Maria Intxausti Kareaga (Barakaldokoa)

Angela Otaduy Gallastegi (Munitibar)

Miliziano ezezaguna

Baliteke beste pertsona bat (milizianoa) lurperatuta izana

3.HOBIA- Bengolan, miliziano ezezaguna hobiratu zuten hegazkin bonbak utzitako zuloan.

Azkenik, Justa Mendibe Arteach, Motaun (Munitibar) eta Isabel Elorza Etxaniz (Eibar) Munitibarko hilerrian hobiratu zituzten.

Errigoitiko talaiatik, Gernikako bonbardaketa basatiaren lekukotza.

Posted on Actualizado enn

Margari Barainka, testigantza jasotzeko unean (2022ko apirila)

1922.urteko urtarrilean jaioa, ehun urte bete berri ditu Errigoitiko Margarita Barainkak. Ispasterkoa zen Fermin bere aita, eta Errigoitiko Madalenbeko baserriko Luzia Etxebarriakin ezkondu eta bertan bizi izan ziren, Margari izan zen familia honen lehen ondorengoa.

Errigoitiko udaletxearen etxabean zegoen nesken eskolan gerra aurretik ikasi bazuen, beti gazteleraz aritu behar zen irakasle euskaldunik izan ez zuelako. Sarri joaten zen Gernikara, astelehen gehienetan bai behintzat. Baita aldiro Bilbora ere, ama Bilboko jatetxe baten sukaldari aritua zenez, trenak eskaintzen zieten aukeraz baliatuz txangoak egiten zituzten Bizkaiko hiriburura.

Errigoitiko udaletxea. Argazkia: Indalecio Ojanguren. Gurre GIpuzkoa. AGG-GAO_OA01863

15 urte zituen Margarik Gernika suntsitu zutenean. 1937ko apirilaren 26an Gernikako aire erasoa izan aurretik Margarik ez zuen gerraren gordintasunik nozitu. Baina astelehen horretako goizean, matxino faxisten alde borrokatu zuten hegazkin alemaniarrek Gerrikaitz eta Arbazegi (Munitibar, gaur egun) erasotu eta suntsitu zuten goiz horretan, etxetik ikusi zituen hegazkinak Oiz aldetik etorriaz Errigoiti parera arte heltzen zirela, itzulia hartzera.

Ikusitakoarekin bere ama mesfidati zen, Gernika bonbardatuko zutelakoan ziren, beldur ziren. Gernikako azokara bera bakarrik jaistea erabaki zuen amak, han, parean suertatu zitzaion arratsaldeko laurak inguruan hasi zen erasoa. Hiru orduz estolda estu batean babestuta, gauez lortu zuen amak etxera itzultzea.

1937ko apirilaren 26ko Gernikaren aurkako bonbardaketaren ondorengo argazkia

Tartean etxekoak estu eta larri, eta larriago hurrengo egunetan frentea eta borrokak Errigoitira iritsi zirenean, etxetik alde beharrean, izkutatuta, tirokatuta, etxaldea trintxeraz josia, …

Margariren bere nahia izan da gerrateko pasarteak kontatzea, berea izan da testigantza eskaintzeko iniziatiba. Ikusitakoa, entzundakoa eta bizitakoa kontatu digu, bere memoria irekiaz Margarik bere lekukotza eskaini digu.

Memoriak ez gaituelako iraganean ainguratzen, oroitze kolektiboak etorkizun hobeago batera bideratzen gaituelako, eredugarria zara. Eskerrik asko Margari.

Jose Mari Agirre Salaberria

Posted on Actualizado enn

Gaur aurkeztu dugu «Egixarretik Mauthausenera» Jose Mari Agirre Salaberria (1919-03-25, Etxebarria- 2009-09-06, Palma) Egixarren jaio eta Irunen hazitako herritarraren inguruko ekimen sorta. 1936ko gerraren ondorioz erbesteratu eta ondoren miliziano jardun zuen; gerora, zorigaiztoko 4 urte pasarazi zizkioten, Nazien kontrolpeko kontzentrazio esparruan, Mauthausenen. 1945ean askatasuna eskuratu ostean, bizitza berrantolatu eta azken urteetan Palman (Balear uharteak) bizi izan zen non bere errelatua, memoria hurrengo belaunaldiei transmititzen jardun zuen, besteak beste eskoletan. Naziek ezarritako sistema txikitzaileak ezin izan zuen Jose Mariren duintasuna deuseztazu. Etxebarrin merezitako omenaldia eskaini nahi diogu haren oroimenaren erreparazioan lagundu asmoz.

Jose Mari Agirre Salaberriari omenaldia: Egixarretik//embedr.flickr.com/assets/client-code.js

Ihauteriak mozorrorik gabe

Posted on Actualizado enn

Ukranian pairatzen duten gerra gordina bizi-bizi dagoen egun hauetan, 85 urte bete dira Markina-Xemeinek inoiz bizi izandako gerra erasorik bortitzenetik.

IHAUTERI-Aratoste ospakizun igandea, 1937ko otsailaren 7a, bonbardaketa basati baten kronika.

1937. urtean Xemein eta Markinako herritarrek ezin izan zuten errotuen zeukaten ospakizun eta ohiturarik kutunenaz gozatu. Alderantziz; jai, mozorro eta ospakizunak izan beharrean izua, leherketa, sute eta kalteak pairatu zituzten 1937ko ihauteri igandean.

Guda lerroa gure inguruko baserri eta mendietan finkatu zen garaian egunerokoa zen Xemein, Markina eta Etxebarria bonbardatzeko faxisten ekimena. Eguna joan, eguna etorri, matxinoen artileria edo airezko iharduerek zibilen bizitoki ziren herrietara zuzentzen zituzten obus, kainoi edo hegazkinetatik jaurtitako lehergaiak. Kronika desberdinen arabera Markina eta ingurukoak gerratean gehien bonbardatutako herriak izan zirela agertzen digute. (Xabier Irujok egindako «Atlas de bombardeos en Euskadi (1936-1937)» Gogora Institutua)

Egunero hamarka bonba erortzen baziren, kontakizun eta kronika desberdinen arabera 1937ko ihauteri igande goizean Markinan eroritakoak 104 izan ziren eta, hori gutxi balitz, beste 2 gauez bota zituzten, goizaldeko ordu batetan.

Erasoen aurkako babesleku sare bat antolatua zegoenez, jaurtitako bonba kopuru handia izan arren ez omen zen heriotzarik izan. Heriotzarik ez, baina kalte materialak oso handiak izan ziren.

Ukraniako zentzugabeko gerratik iristen zaizkigun albiste eta irudi bortitzen testuinguru honetan, 1937ko bonbardaketen inguruko datu eta irudi berriak eskuratu ditugunez, gaur egungo gerren bidegabekeria salatzeaz gain, bere egunean gertatutakoa hobeto ezagutu eta inon ez errepikatzea nahi eta aldarrikatzen dugu.

Xabier Herrero Acosta historialariarekin burutu dugun elkarlanari esker, urrats berriak eman ditugu ikerketan, 1937ko ihauteri igandeko kalteen argazkiak eta sortutako suteak itzaltzeko asmoan gerrate guztian bertara etorritako egun bakar honetan Bilboko Suhiltzaileak egindako informeen bitartez argibide garrantzitsuak jaso ditugu.

Orain badakigu herrian eroritako bonba kopurua, erasoa, Urkaregi inguruan kokatutako artileriak burutu zuela, leherketek apurketez gain suteak sortu zituztela, sute horien eraginez leherketan kaltetu gabeko etxe bat erabat kaltetu zela (Guenkalea 12ko Vega Hotela), herritarrek ordubatak inguruak laguntza eskatu zutela Bilboko suhiltzaileen zerbitzura, ….

Suhiltzaileen txotenaren arabera hau da zerbitzuaren kontakizuna:

  • 12:55, herritar baten telefono deiak zerbitzua eskatzen du. Herritar baten deia ez da nahikoa lan eremutik kanpo dagoen Bilboko suhiltzaileen zerbitzu bat abian jartzeko.
  • 13:20, Markina Errepublikako Defentsarako Batzordearen Idazkariaren eskaera jasotzen dute eta zerbitzua berehala martxan jartzen da.
  • Hasiera baten bi kamioi eta 8 suhiltzaile abiatzen dira zerbitzua eskaintzera.
  • Bilboko suhiltzaile parkean gestioak burutzen dituzte Markinara abiatutako suhiltzaileek utzitako hutsunea betetzeko.
  • 14:15, aipatutako Idazkariak bigarren zerbitzu bat eskatzen du, sutea beste etxe batera zabaldu delako.
  • 14:20, bigarren zerbitzua Markinarako bidean jartzen da. Kamioi bat eta 12 suhiltzaileko taldea da bideratzen dena. Guztira 3 ibilgailu eta 20 pertsonen dotazioa.
  • Suteak Erdiko kalean, Karmengo Plazan, Zelaiko ibilbidean eta Guenkalean kokatzen dira.
  • Ondorengoen etxeak erre ziren: Carlos Salazar, Antxustegin alarguna, Ramon Arrarte, Juan Vega (Bustingorri), Bernardo Amoroto, Clara eta Cecilia Arregi eta Trotiagaren alarguna.
  • Antxustegi alarguna eta Juan Vegaren etxeen jabea Gaytan de Ayala zen eta Arregi ahizpen etxea Felix Alkortarena zen.
  • Suteari aurre egiteko 4 mangera erabili zituzten, guztira 250 metro mangera.
  • Hasi eta 5 ordura sutea menperatzea lortu zuten eta geroago erabat itzali.
  • Biharamuneko 12:45etan ibilgailu bat Bilbora itzuli zela.
  • Otsailaren 8ko goizeko 5etan itzuli zen dotazio guztia, Bilbotik atera eta 15 ordu eta 40 minutura.
  • Informean dotazioan parte hartutako suhiltzaile guztien izenak eta identifikazioak agertzen dira.

Artikulu honen hasieran azaldu dugunez, faxisten bonben erasoen ohiko helburua herriguneak ziren. Hau esanda honakoa argitu nahi dugu: gure frontean kokatutako errepublikazaleen artileriak ez zuen matxinoen menpe zeuden herrietara iristeko ahalmenik, ez Elgoibarrera, ezta Mendarora, … soilik Mendexan kokatutako artileriak Ondarroa izan zezakeen helburu. Bestalde matxinoen artileria zuten kokapen guztietatik (Mutrikuko Alkolea, Tontorramendi, Urkaregi, …) irismen eremuan zeuden Markina, Xemein eta Etxebarriako herri guneak. Irismen ahal hori, kalte handiekin, beldurrarekin eta herritarren zauri eta heriotzekin nozitu zuten herritarrek.

Ziortza-Bolibarren erakusketa

Posted on Actualizado enn

Ziortza-Bolibarren egon gara; Zelaietaburu eta 1936ko gerraren testuinguruko argazki ezberdinekin osatutako erakusketari amaiera ematen. Uztailean irekiera eman genion Simon Bolivar museoan eta gaur arte bistari ezberdinak hartu ditu: herritarrak, erromesak… Memoriak bizirik dirau, horren erakusle gaur bisitaldian jasotako sorpresa polita: Antonio Perez Gollo (Jaen, 1912- 2003) miliziano andaluziarraren gerra garaiko argazkiak haren iloba Minerva Sierra markinarraren eskutik. Eskerrik asko horrelako keinuak zein erakusketa antolatzeko aukera eman diguzien guztioi, bereziki Ziortza-Bolibarko udalari, Simon Bolivar museoari eta erakusketara gerturatutako guztiei

Memoria lekuak: Isiltasunak dioena

Posted on Actualizado enn

Izenak izana dakarrela esan ohi da. 1936an izandako gerrak, hainbat herritarrei izena eta izana deuseztatu zien, heriotzera eramanez. Gehienetan, gerra frontean hil ziren haietaz mintzatu da memorioa historikoa. Frontera eraman edo joan ziren haietan. Hala ere, jakin badakigu, 1936ko gerra hark, frontean hil zituenez gain, herritar gehiago hil zirela, edo eta gerra zein ondorengo frankismoak, eragin, errepresio eta giza eskubide urraketa gehiago eragin zituela.

Memoria historiko kolektibo eta oso bat osatu nahian, Etxebarrin, gerrak hil zituen herritarrak gogora ekarri, omendu eta haiei gertatutakoa transmititu nahi dugu “memoria lekuak” ekimen honekin. Urteetako isiltasunari, izen abizenak eta lekuak jartzeko beharra mahai gaineratu nahi dugu, ez al du ba isiltasunak zerbait esan nahi? Zer dio isiltzen denak Isiltzen denean? Gure hitzak Esan berriz esan Ez daitezela ahaztu Ez daitezela gal… eta bide horretatik, herri inguruan, gure eguneroko bidean, gerrak hil zituen zenbait herritarren memoria lekuak sortu nahi ditugu. Herri gunean kokatuko ditugun izenez gain, hildako herritarren zerrenda aurkeztu nahi dugu; haiek ere beraien memoria lekua izan dezaten. Honekin batera, aipatu nahi dugu, unean unean burutzen ari garen ikerketek aurrerago izen gehiago ekar ditzaketela, eta zerrenda hau beraz, irekia geratzen dela.