1936ko gerra: Argazki Erakusketa Markina-Xemeingo denda eta tabernetan.
Markinaldeko sektorea deitu zioten gure ingurua barne hartzen zuen 1936ko gerra sektoreari. Testuinguru honetan ateratako argazki edo eta gerra haren gertaerek gure inguruarekin lotura duten argazki bilduma bat osatu dugu, irail osoan zehar ikusgai egongo delarik. Argazkiak, zuri beltzean eta jatorrizko, zein garaiari dagokion bezala, kalitate eta neurri ezberdinekoak izango dira.
Erakusketa, gune ezberdinek osatuko dute. Hain zuzen, Markina-Xemeingo hogei komertzio eta tabernetan ikusgai egongo dira, erakusleiho bakoitzerako egokitutako panel banatan.
Erakusketa bisitatu eta argazkiak ikusteko, irailaren 1etik 30era egongo da ikusgai. Establezimendu bakoitzaren ordutegian (panela barruan badago) eta edozein ordutan erakusleihoan kokatuta badago.
Egitasmo honen barne, neurri handiko argazki bat erantsiko da Markina-Xemeingo Zehar kaleko erakusleihoan (Kukubiltxu arropa denda aurrean) gertaera haien memoria bizirik izan asmoz, argazki hau iraunkor mantenduz.
Honekin batera, erakusketa osatu asmoz, 2014-2016 artean, Zelaietaburuko (Etxebarria) memoria gunean egindako lan eta deshobiraketen inguruko argazkiak Uhagon Kultur Gunean erakusgai egongo dira.
1936ko gerra eta haren ondorioez jabetu eta memoria ariketa kolektibo hau aurrera eramateko, herritarrengandik gertukoak diren, egunerokoak diren, espazioak erabili nahi izan ditugu.
Erakusketa honekin, gertukoak izan arren ezezagunak diren hainbat argazki erakusgai jarri nahi dira. Bestetik erakusketa honek gertuko komertzioa indartzeko helburua ere badu bere baitan, herriko komertzioa, memoriarako espazio biurtuz.
Argazki erakusketa hau Markina-Xemeingo udalaren laguntzarekin eta “Hemen Be Bai” merkataritza elkartearekin elkarlanean antolatu dugu; 2017 urte hasieratik lanean jardun duen Lan Taldearen jarduerarekin batera, eta 2017ko irailaren 9an gerra garaian erantzukizun zibiletan aritzeagatik errepresaliak jasandakoei Udalak egingo duen adierazpen eta eskainiko zaien aitortza eta omenaldi ekitaldiaren parte da.